Eguna: 9-13

  • 2013-9-13. 'Azpeitiko ondarea unitate didaktikoetan' proiektuaren lehen liburuxka ('Azpeitia ezagutzen') aurkeztu zuten udaletxean. Olaz Aranguren (testuak) eta Iban Izagirre (ilustrazioak) izan ziren edukien egileak.
  • 2011-9-13. Herritar bat hil zen Lasaon, traktorearekin istripua izanda. Hildakoa Ignazio Rezabal zen, 78 urtekoa, Zabalia-Berri (Munatxo) baserrikoa.
  • 1939-9-13. Harzubiko kaleari 'Avenida de don Felix Ortiz y San Pelayo' deitura ematea erabaki zuten.
  • 1869-9-13. Agustin Etxaniz Madrilen zegoen eta adierazi zuen iluntze hartan iritsiko zirela Karitateko Alabak herrira, eta alkateak jakinarazten zuela errukietxeko juntak batzordea izendatu zuela, ongi-etorria eman nahirik Zumarragako trenaren geltokira joateko. Udalaren aldetik beste batzorde bat izendatzea erabaki zuten, bertara joateko.
  • 1858-9-13. Parrokiko apaizen izenean, Joxe Manuel Abaliak adierazi zuen ezinezkoa zela eurentzat igande eta jaiegunetan zortzietako meza San Agustin elizan ematea -bikario nagusiak horretarako baimena eman bazuen ere-, apaiz gutxi zirelako. Udalak baimena eman zuenean, berriro harremanetan jartzea erabaki zuen.
  • 1834-9-13. Herritarrek egoera larria zuten, gerraren hasieratik laguntza bereziak eskaini behar izan baitzituzten eta, azkenik, guztien gain Rodil jeneralak ezarritako milioi bateko isuna baitzuten. Isuna ordaintzeko 200.000 erreal biltzea lortu zuten, baina oraindik beste 300.000 erreal ordaintzeko zituzten, eta Rodilek bere menpean zituen Joxe Inazio Lapeira erregidorea, Joxe Inazio Agirrezabalaga, Ramon Ibero eta Santiago Uralde. Horiek askatu asmoz, herriak probintziari protesta gogorra egitea erabaki zuen, herri behartsu honentzat laguntza eskatuz.
  • 1834-9-13. Beste Herri Batzar bat egin zuten egun berean, herria agintaririk gabe zela ikustean, eta bertan izanik herrian gelditu zen erregidoreetako bat (Fermin Agirrezabalaga), fidelaren teniente bat (Blas Antonio Arrieta) eta lurraldeko diputatuak (Gabriel Cabredo eta Frantzisko Andres Landa), Agirrezabalagari alkatetzarako gonbitea luzatu zioten. Joxe Antonio Zabala beste erregidoreari eta Roke Artetxe sindikoari ere deitu zieten eta, horrela, herrian sei agintariko taldea osatu zuten.
  • 1800-9-13. Korrejidoreak Kontseilu Nagusiak emandako Espainiako erregearen agindua bidali zuela idatzi zuen, Ugartemendia eta Landa perituek aukeratutako herriaren lurraldeak enkantean jartzeko baimena emanez 60.000 errealera bitartean. Hortik lortutako dirua zuhaitz landareak hazten zituztenei zor zitzaiena ordaintzeko erabiliko zuten, edo lurraldeak emanez, bestela. Herri Batzar nagusia egitea erabaki zuten, guztiaren berri hilaren 14an emateko, goizeko hamarretan.
  • 1800-9-13. Frontoia egiteko lurrak kendu zizkietenez Juan de Dios Alzagari eta Rosa Abarrategiri, Higinio Frantzisko Elorza herriko perituari eskatu zioten herriaren lurraldeetan neurri bereko zatia aukeratzeko lehenenarentzat eta bi mila erreal balioko lurrak bigarrenarentzat.
  • 1782-9-13. Parrokiko sakristiarako kaxoiak egiteko Frantzisko Iberok jarritako baldintzak onartu zituzten.
  • 1767-9-13. Probintziko eta atzerriko burdinolen arteko merkataritza indartu nahirik eta, trukean herriari beharrezkoa egiten zitzaion janaria lortzeko, garbi ikusi zuten derrigorrezkoa egiten zela bide egokiak izatea. Hala, Udalari ahalmena eman zioten inguruko herrietako agintariekin harremanetan jartzeko -batez ere, Azkoitiko, Zestoako, Debako eta Errezilgo agintariekin-, bakoitzak berari tokatzen zitzaion mailan ahalegin guztia egin zezan lurraldean. Frantzisko Ibero maisuari iritzia agertzeko eskatu zioten.
  • 1761-9-13. Urte hartan sagar gutxi izan zelako, sagar neurri bakoitzari sei errealeko prezioa ematea erabaki zuten. Horren araberako prezioa, berriz, sagardoari.
  • 1641-9-13. Idatzi baten bidez bere sentimendua agertu zuen Pedro Idiakezek, inolako agindurik gabe zurgin batzuek zuhaitzak ebaki zituztelako herriaren basoetan, pentsatuz Beasainen zeukan bere Igartzaola etxerako zirela. Herriari kalteak ordaintzeko zer egin zezakeen erabakitzeko eskatu zion. Idiakezi berari Orbegozo eta Zamora aldean, errekatik gora, 300 zuhaitz landa zitzala eskatzea erabaki zuten, ohiturari jarraituz bi hosto izatean herriari emateko.
  • 1589-9-13. Joan Oiarzabal kapitaina hil zen. Maria Martinez 'Otola'-ren semea zen.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan