Eguna: 9-14

  • 2018-9-14. 'Ametsen harria', Azpeitia-AnnapurnaII 1986 espedizioaren memoria berreskuratzea helburu zuen ikus-entzunezkoa, aurkeztu zuten Soreasu antzokian.
  • 2012-9-14. Grebaren harira hasitako itxialdia utzi zuten Corrugados Azpeitiako langileek.
  • 2002-9-14. Itsasi Dantza Taldeak bere 25. urteko jarduna eta ibilbidea jasotzen duen liburua eta bideoa aurkeztu zituen, Aitonenako aretoan.
  • 1965-9-14. Ikastetxe berriak izan behar zuen erabileraren proposamena kontuan izanik, Anaia Maristek herria utzi zutela esan zuen alkateak, eta harremanetan jarri zirela zenbait erlijioso erkidegorekin. Azkenean Betharram erlijiosoek eginiko eskaintzen berri eman zuen, eta bozketa baten bidez erabaki zuten haiei eskaintzea ikastetxe berria.
  • 1939-9-14. Gestora Batzordea sortu zuten herrian, gobernadoreak gutun bidez aurreko batzordea ezerezean uztea agindu zuelako. Gobernadoreak izendatu zuen batzorde berria hau zen: alkate Inazio Egaña, lehen teniente Urbano Azkue, bigarren teniente Manuel Mozo, sindiko Joan Joxe Iriarte, eta gainontzekoak Joxe Bikendi, Nikolas Uzin, Joxe Aizpuru, Inazio Martinez, Bonifazio Azkue, Zeferino Garmendia, Martzelino Agirrezabalaga, Balendin Larrañaga eta Andres Lapazaran.
  • 1915-9-14. Igaraterako bidean, 'Urkamendi' edo 'Makaztialdea' deituriko zelaian eta soroan aurkitutako ur iturriez jabetzea erabaki zuen herriak, Joxe Zubiaurreri 250 pezeta ordainduta.
  • 1908-9-14. Alkateak jakinarazi hilaren 11ko gauean herriko %10 bonbilla itzali egin zirela, baita 13ko gauean ere. Ondorioz, Udalak erabaki zuen Eladio Manuel Odriozola kontratistari 50 pezetako isuna ezartzea lehen gauean gertatutakoagatik, eta 25 pezetakoa bigarrengoagatik.
  • 1891-9-14. Izarraitz auzoko arduradunak ogi eta ardo 80 zatiko eta 24 kartutxo dinamita eskatu zituen, Bustinzuriko errebaletik Urreta baserrira bitarteko bidean konponketak egiteko, eta horrela erabaki zuen Udalak.
  • 1891-9-14. Alkateak adierazi zuen une hartan herriak zituen ordenantzak ikusi ondoren akats handiak aurkitu zituela, derrigorrezkoa izanik berri batzuk ahalik eta azkarren egitea. Idazkariari guztia prestatzeko agindu zioten, ondoren ontzat hartzeko aurkez zitzan.
  • 1823-9-14. Pasaian izurritea zela esanez Diputazioak bidali zuen albistea kontuan hartuta, herrian guardiak jartzea erabaki zuten.
  • 1800-9-14. Herri Batzar nagusian prezioa jarritako herriaren lurraldeak saltzea erabaki zuten, erregearen aginduak adierazitako eran.
  • 1799-9-14. Herriak saldu zituen lur zatien berri eman zuten, kontuan izanik ordura arte 124.000 errealen balioa baino gehiago saldu zituztela eta erosleak eskriturak sinatzen ari zirela. Korrejidoreari eginiko guztiaren berri ematea erabaki zuten, eskritura horiek egiteko baimena eskatuz, kontuan izanik aurrez emandako prezioan baino gutxiagoan saldu beharko zituztela bakarren batzuk.
  • 1668-9-14. Dirurik gabe zegoenez herria eta, bere lurraldean abarrak ebakitzeko gaztainondoak izanik, lehen igandean Liazasoro, Larraarburu eta Lizundia inguruetan ziren gaztainondoak enkantean jartzea erabaki zuten, gehien ordaindu nahi zuenari emanez.
  • 1636-9-14. Hiru egunerako herritik irten behar zuen konpainiarentzat ostatua aurkitzeko langintza eman zioten Pedro Antxietari, berehala irteteko aginduarekin, lehenik Asteasura -aurreneko gaua bertan igaroko zuten konpainiak- eta hurrengo egunean Oiartzunera. Hurrengo egunez, asteazken goizean goiz jende guztia Loiolara joan zedila agintzea erabaki zuten, San Inaziori laguntza eskatzeko. Parrokiko apaizei prozesioan joateko eskatu zieten, eta erretoreari sermoi egokia egiteko, konpainian joango zirenak agurtuz. Konpainiak janaria beharko zuela kontuan izanda, Juan Martin Aginaga batzarrera deitu zuten, eta bere lurraldeko edonori behiren bat edo ahariren bat kendu ahal izateko ahalmen osoa eman zion herriak. Aharia 26 marai libra eta behia hamalau libra ordaintzen ziren.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan