Eguna: 9-17

  • 2015-9-17. Udal Musika Bandaren eta Julian Barrenetxea Abesbatzaren egoitza berria inauguratu zuten Soreasu kulturgunean.
  • 2013-9-17. Hiri Antolamendurako Plangintza Orokorra behin betiko onartu zuten, ez ohiko Udalbatzarrean, EH Bilduren eta EAJren aldeko botoekin eta Hamaikabaten kontrakoarekin.
  • 2011-9-17. Emakumeen Txokoa inauguratu zuten, Izarraitz pilotalekuko beheko solairuan.
  • 1992-9-17. Cho Oyu (8.201 metro) mendiko gailurra zapaldu zuten Josu Bereziartuak eta Amaia Aranzabalek.
  • 1964-9-17. Espainiako Telefonia Nazionaleko idazkari nagusi Francisco Martin de Nicolas y Osmak idatzi zuen, esanez herrian zentral automatikoa jartzeko. Hark zioen derrigorrezkoa egiten zitzaiola eraikin bat egitea ahalik eta azkarren Santa Ana enparantzatxoko etxean, Erdi kalera eta Eliz kalera bistak zituena, eta horretarako proiektu teknikoa bidali zuela. Bestalde, zentrala Espainiako Estatuarena izanik, esan zuen ez zuela zergarik ordainduko, eta aipaturiko etxean obrak egiteko baimena eskatu zuen. Udalaren aldetik baimena eman zioten.
  • 1900-9-17. Bautista Uranga eta Konpainia enpresari ordaindu egin zioten Harzubiko zubiaren eta San Agustin eta Mantekape arkupeetan egindako asfaltatze lana.
  • 1894-9-17. Horretarako izendatutako batzordeak jakinarazi zuen Ortiz de Ainza maisuarekin harremanetan jarri ondoren bigarren maila heziketa ikastetxea Harzubia errebaleko 3. zenbakidun Arregiren alargun eta semeen etxeko lehen solairuan egokitzea erabakirik zuela, urteko 175 pezetako errenta izanik, eta herriak eta maisuak erdira ordainduz. Horretarako beste zenbait gauza jarri beharko zituzten bertan: elektrika instalazioa, mahaiak, aulkiak, arbela eta abar. Batzordeak eginiko lan guztia ontzat harturik Udalaren aldetik, erretoreari eskerrak ematea erabaki zuten, baita igande eskola zuzentzen zuten emakumeei ere, mahaiak, aulkiak eta arbel bat eskaini zutelako ikastetxe berrirako.
  • 1883-9-17. Inazio Ibero alkateak kexak jaso zituela adierazi zuen, eta oiloak kaleetan ibiltzea debekatzeko eskatu ziola jendeak. Kontuan izanik garai hartako gehiegikeria, neurria hartzea egokia izan zitekeela esan zuen, arrazoizko kexak zirelakoan. Azpeitia bezalako herri garrantzitsuaren kulturari maila batean eraso egiten ziola zioen alkateak eta, bando baten bidez, urriaren 1etik aurrera oiloak kaleetan ibiltzea debekatzea erabaki zuten.
  • 1883-9-17. Alkateak jakinarazi zuen egokia izan zitekeela ordenantzaren 41. artikulua betearaztea -gutxienez, urtean behin herritar guztiek etxeko tximinia garbitu zezatela agintzen zuen-, kontuan izanik hura zela nekazariek lastoa eta belarra etxeratzen zituzten garaia, suteren bat izateko arrisku berezia sorturik. Bando baten bidez, aipaturiko artikulua betetzeko agintzea erabaki zuten.
  • 1883-9-17. Alkatea eta Azilona zinegotzia aukeratu zituzten, Azkoitian Isabel II.a Espainiako erreginari begirunea agertzeko -egun berean han zen erregina-.
  • 1823-9-17. Herriko Osasun Junta bildu zen, hilaren 15ean koarentena betetzeko agindua eman zieten pertsona batzuk kalean zirelako. Bakoitzari bi pezeta eskatzea erabaki zuten, hurrengo goizean bertan ordaindu beharrekoa, egun batez kartzelan egon nahi ez bazuten behintzat.
  • 1823-9-17. Benito Irazusta sendagileari San Miguel ermita ikusi eta ahal zen azkarren iritzia agertzeko eskatu zioten, lazareto bat martxan jartzeko asmoz.
  • 1701-9-17. Parrokiko korurako eskailerari buruz alkateak jasotako iritziak kontuan izanik, Miguel Esnaolari zilarrezko sei erreal gutxiago ordaintzea erabaki zuten, akats batzuk zituelako -Esnaolak egin zuen obra-.
  • 1653-9-17. Alkateak jakinarazi zuen Azpeitian eta Azkoitian, Diputazioaren aginduz, 250 soldadu irlandar sartu zirela, eta bi herrien artean Loiolan eginiko bileran Diputazioaren aurrean euren kexa agertzea erabaki zutela. Horretarako, herriaren aldetik Martin Eleizalde kapitaina izendatu zuten ordezkari, eta azkoitiarren aldetik Cristobal Idiakez kapitaina.
  • 1589-9-17. Igandea zen eta, ohiko arma ariketa egitean, Joan Argarain hil egin zen, ongien tiroa botatzen zutenen artean lehiaketa ospatzean. Dena bertan behera utzi zuten.
  • 1565-9-17. Erreginaren etorrerara Tolosara joan ziren herriko 93 soldaduri ordainketa egitea erabaki zuten.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan