Eguna: 9-25

  • 2020-9-25. Beizamako krimenetan oinarritutako 'Korosagasti' filma aurkeztu zuten Soreasu antzokian.
  • 2017-9-25. Basanderiek Azpeitiko Emakume Gazteen Talde Feministak lehen batzarra egin zuen.
  • 2002-9-25. Zinea Kalean-en I. edizioa hasi zen, Azpeitiko Zine Klub taldeak eta Udaleko Kultura Batzordeak antolatuta. Zine Klubak zortzi mm-tan eta hamasei mm-tan egindako zenbait lan ikusteko aukera izan zen Betharrameko frontoi estalian.
  • 1993-9-25. Ikastolako guraso talde batek manifestazioa egin zuen publifikazioaren aurka.
  • 1922-9-25. Herri guztiko etxebizitzetan ur kontadoreak jarri zituztela adierazi zuen alkateak, sei edo zazpitan izan ezik, eta nola irakurri eta zer eratan kobratu behar zen erabakitzeko garaia zela hura. Zerbitzu hori egoki egin zezakeen pertsona bat aukeratzeko ahalmena eman zioten alkateari.
  • 1899-9-25. Hiri Polizia Zaindariaren arautegia ontzat hartu zuten.
  • 1882-9-25. Probintziko Batzorde Iraunkorraren idatzia jaso zuten, eta Eusebio Lopez Tolosako editorea prestatzen ari zen Frantzisko Aizkibelen 'Euskeratik erderara biurtzeko izteguia' erostera bultzatu nahi zituzten udalak. Azpeitiko Udalak ale bat erostea erabaki zuen.
  • 1871-9-25. Alkateak herritar ordena maitaleekin horiei armak emateko unean egindako bileraren berri eman zuen, esanez talde egokia osatu zutela, gauza guztien gainetik lasaitasuna egon zedin herrian, eta horrela jokatu zutela. Aurretik, hilaren 9an, gobernadoreari armak zabaltzeko baimena eskatu ziotela esan zuen alkateak. Zinegotzi batzuek esan zuten hobe zela ahal zen azkarren beraiei armak ematea, herriaren aldetik gastuak ordainduz, beste herrietan egin zen bezala. Diputazioari baimena eskatzea erabaki zuten, gastuok egiteko eta behar izanez gero La Azpeitiana arma fabrikan herriak zituen bi mila errealeko hiru zedulak salduz.
  • 1866-9-25. Amezuak eginiko parrokiko organoa ikusi eta aztertzeko herriak izendaturik zituen Nikolas Ledesma eta Manuel Mari Caballero, eta horiek egina zuten euren lana.
  • 1839-9-25. Herri Batzar nagusian jakinarazi zuten Probintziko politiko nagusiak Udalari hitzez eginiko galdera, herritarrek armak izan zitzaten arma batzuk nahi ote zituen esanez. Ehun fusil eskatzea erabaki zuten, behar izanez gero herriak bere konfiantzako biztanleen eskuetan jar zitzan orden publiko egokia egon zedin herrian eta, pertsonak ez ezik, euren ondasunak zaintzeko.
  • 1821-9-25. Joan Bautista Altube erregidoreak jakinarazi zuen San Inazioren zilarrezko irudia Gasteiztik herrira ekarri zutela eta dagoeneko parrokian zegoela, emandako agindua beterik hala.
  • 1752-9-25. Ferrol hiriko (Galizia) erreal fabriketara lanera joandako 11 zurginekin egin zituzten gastuen berri eman zuten -Donostiara eginiko bidaia eta bertan egin zuten denboraldia itsasontzian sartu bitartean-.
  • 1657-9-25. San Agustin komentuari honek behar zuen egurra ebakitzeko baimena ematea erabaki zuten, herriarekin eginik zuen eskritura kontuan izanik baina Larrar basoan ebakuntzarik egin gabe.
  • 1652-9-25. Behin eta berriz herriaren kontuak ikusi ondoren, eta aurreko urtean alkatetzan izan zen Inazio Agirre udaletxera deiturik, bere garaiko gastu batzuen berri eman zezan, herriaren erabakien aurkako gastu bakar batzuk egin zituen, Joseph Goenaga eskribauak prestatutako txostenak zioenez. San Miguel egunean herritarren aurrean guztiaren berri adieraztekotan gelditu zen.
  • 1577-9-25. Kontuan izanik garai hartan herriak zor handiak zituela, herritarren artean diru bilketarik egin gabe neurriak hartu nahirik eta gogoan izanik Nafarroako ardoa saltzen zuten emakumeek hiru marai jasotzen zituztela pitxar bakoitzeko azken urte askotan zehar, bakoitzari, saltzen zuen zama bakoitzeko, erreal eta erdi eskatzea erabaki zuten.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan