Eguna: 9-27

  • 2016-9-27. Angel Otaegiren hilketaren ardura argitzeko kereila kriminala jarri zuen haren familiak Azpeitiko epaitegian, nuarbetarraren heriotzaren 41. urteurrenean.
  • 1975-9-27. Francoren erregimenak Angel Otaegi nuarbetarra fusilatu zuen. ETAko kidea zen Otaegi.
  • 1897-9-27. Zinegotzi baten proposamena onartuz, azken saninazioetako zezenketen Meliton Catalan espresariari 125 pezetako isuna ezartzea erabaki zuten.
  • 1869-9-27. Kontuan izanik erabat geldirik zela herriak Joan Bautista Altuberen aurka jarritako auzia, herriaren lurraldeak eginiko eskriturei buruzko gestioak indartzea erabaki zuten, horretarako ahalmena emanez Joan Mari Etxaniz eta Hilario Orbea erregidoreei.
  • 1858-9-27. Ilunabarrean Frantziako enperadoreak eta haren emazteak Loiolara bisita egin zuten.
  • 1852-9-27. Diputazioak jakinarazi zuen hil hartako 23an sinatutako gutun baten bidez Erraztitik Salbatorera bitarteko errepidea zabalik zela. Udalak albistea ohiko tokian zintzilikatzea erabaki zuen, guztiek jakiteko.
  • 1834-9-27. Inazio Mari Zabala Elizalde alkateak txosten bat aurkeztu zuen, bere dimisioa ontzat hartzeko eskatuz, eta zioen ordezko moduan hartu zuela kargua aldi hartan Lapeira eta beste erregidoreak herrian zirenean, eta horrela egin behar zuela iruditzen zitzaiolako. Ez zitzaion, gainera, ongi iruditzen hamalau erreal kobratuz alkatetzan izatea, ondorengoentzat ere bide bat izan zitekeelako zerbait eskatzeko. Alkatetzan zen bitartean kobratzen zuena bere baserriak izan zitzakeen galerak ordaintzeko jasotako dirua zela erantzun zioten.
  • 1695-9-27. Herriak Espainiako erregearen probisio bat lortu zuela jakinarazi zuten, eta bertan agintzen zela botoa eta hitza zuten herritar guztiek udalbatzarretara agertu behar zutela -bestela, hogei dukateko isuna ordaindu beharko zuten-. Orduko eta ondorengo agintariei agindua behar bezala betearazteko eskatzea erabaki zuten.
  • 1677-9-27. Nikolas Brustin margolariarekin Urrestillako parrokirako tratua egin zuten, San Sebastian, San Frantzisko eta Kristo Gurutzatuaren margoak egiteko. Azken horren alboan izango ziren San Juan eta bi Mariak.
  • 1581-9-27. Pedro Arriarenek sortutako San Agustin monastegian ohoreak izan nahi zituen haren ondorengo Esteban Arriaranek, armarria bertan jarri eta patroi izateko. Ondorengoa argi idatzita uztea erabaki zuten: herria ahalegindu zela monastegi librea izan zedin, horretarako bertako priore eta sortzailearen ama Marina Arregirekin harremanetan jarririk. Gestioak egiten jarraituta, korrejidoreari laguntza eskatzea erabaki zuten.
  • 1580-9-27. Sebastian Legarda maisuarekin tratua egin zuen herriak. Urtean sei dukat emango zizkion, lurralde galtzada guztiak egoki edukiko zituelako hamar urtean, egin beharreko konponketak eginda.
  • 1571-9-27. Urte bukaeran Goenaga-txikia atarian utzitako ume bat agertu zela adierazi zuten.
  • 1571-9-27. Apezpikuari parrokiko sakristiaren itxura bidaltzea erabaki zuten, aurrez pentsatutakoa baino handiagoa zelako.
  • 1571-9-27. Sagardoari buruz erabaki zuten urik ez botatzea. Azken urteetan bota zuten; dena dela, baimenduta zegoen, eguraldi txarrak izan zirelako eta sagar gutxi jaso zutelako. Saldu beharreko sagardoari ura botatzea lapurreta zela jabetu ziren, eta horrela egiten zuenari bi mila maraiko isuna jartzea eta sagardo guztia kentzea onartu zuten.
  • 1564-9-27. Martin Beristain maisuari 25 erreal ordaindu zizkioten, Eskuztako gurutzea egin zuelako.
  • 1540-9-27. Jesusen Lagundia sortzea onartu zuen Bulda eman zuten.
  • 1535-9-27. Tunisian eta Goletan Espainiako erregeak izandako garaipena ospatzeko kalean zezenak atera zituzten, eta ordaindu egin zioten Pedro Ruiz Agirre eta Leizeaga baserriko jabeari. Bi aldiz atera zituzten eta, hil egingo zirela irudituta, erosi eta Joan Egibarri saltzea erabaki zuten.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan