Eguna: 9-28

  • 2019-9-28. Maider Etxezabalek Euskal Herriko Lokotx Bilketa Txapelketa irabazi zuen Igantzin (Nafarroa).
  • 2018-9-28. Profesionaletan debuta egin zuen Jon Alberdi pilotariak etxean, Izarraitz frontoian. Jon Ander Albisurekin bikotea osatuta, 22-19 galdu zuen Baiko enpresako aurrelari azpeitiarrak Oinatz Bengoetxearen eta Alvaro Untoriaren aurka.
  • 2010-9-28. Loiolako Liburutegiko 10.000 liburu Deustuko Unibertsitateak Bilbon duen liburutegira eraman zituzten.
  • 2002-9-28. Uztarria Kultur Koordinakundeak 'Imanol Elias' biografia liburua aurkeztu zuen, Mailo Oiarzabalek idatzitakoa. Azpeitiko alkate ohia da Elias, eta antzerkigilea, idazlea eta historiagilea.
  • 1938-9-28. Urrestillako parrokian izandako sutea itzaltzen ahalegindu zirenek eginiko gastuak ordaintzea erabaki zuten.
  • 1932-9-28. Madrazo zinegotziak eginiko proposamena ontzat harturik, ikurrina erostea erabaki zuten, Espainiako banderarekin batera udaletxeko balkoian zintzilikatzeko.
  • 1901-9-28. Euskal Festak hasi zituzten herrian, urriaren 1era arte.
  • 1868-9-28. Nikolas Ledesmak eta Manuel Mari Caballerok parrokirako Amezuak eginiko organoari buruz emandako iritzia aurkeztu zuten, eta kopia bat Joxe Inazio Aldalur organo-joleari pasatzea erabaki.
  • 1824-9-28. Korrejidorearen galdera bati erantzunez, jakinarazi zuten bolatokiak herrian bertan ez ezik, Orendandi eta Eskuztan zeudela -azken hori Mariaren etxe berrian-.
  • 1746-9-28. Inazio Ibero maisuari Azkoitia eta Azpeitia mugan egin zuen San Inazio ermitaren lanagatik erdia ordaindu zioten, bi herrien arteko akordioa gogoan izanik.
  • 1735-9-28. Sebastian Legarda maisuari 3.292 erreal ordaintzea erabaki zuten, Egibar baserritik Juane-larro zubira bitarteko bidean egin zituen lanak ordaintzeko. Martin Agirreri, berriz, Maiordomo baserriari bidea egiteko kendutako lurra ordaindu zioten.
  • 1735-9-28. Perdillegi baserriaren aurrean egiten ari ziren ermita berriaren obrak ordaintzea erabaki zuten.
  • 1686-9-28. Forua herriko Juan Agirre maisu harginarekin tratua egin zuten parrokiko erretaula nagusiaren oinarria egiteko.
  • 1684-9-28. Parrokiko pulpituen kaperak egin eta urreztatzen ari zen Juan Apaeztegi maisua, eta hari bost mila erreal ordaintzea erabaki zuten.
  • 1664-9-28. Enparan etxeari herriak 32.055 marai ordaindu zizkiola esan zuten, bere errotaren zortzi eta erdikoaren erdia erosteko. Beste 16.042 marai ordaindu zizkioten Bikuña etxeari, errota bertan zuen beste hainbesteko zatia erosteko.
  • 1634-9-28. Nikolas Saez Elolak, Pedro Altuna Arostegik eta honen emazte Petronila Ondarrak sortutako memorien patroi moduan sei emakume aukeratu zituen herriak, Elolaren dotea emateko: Katalina Beristain, Katalina Jauregi, Luzia Alzuru, Ana Garmendia, Maria Krutz Mendikobe eta Maria Eizagirre. Altuna-Ondarra doteetako, berriz, Maria Beltran Eraso, Madalena Orbegozo eta Tekla Etxeberria aukeratu zituzten.
  • 1592-9-28. San Agustin komentuko fraideak eta herria alde batetik, eta bestaldetik Pedro Centellas eta Borja parrokikoak eta Marina Arregi zirela sortutako auziak sor zitzakeen kalteei aurre egiteko, batzordea izendatu zuten.
  • 1590-9-28. Miguel Saez Goiazek adierazi zuen bi urte bazirela herriko agintariak gutxitu zirenetik -alkate bat, fidel bat eta bost erregidore aukeratuz, azken horiek zozketa bidez-. Aurretik bi alkate, bi fidel eta sei erregidore ziren, eta denborak erakutsi zuen lehen erabiltitako sistema hobea zela -alkate bakarra izatean eta bera gaixorik izan zenean, eta bere tenienteak alkatetza ez betetzean, gaizkile batzuek ihes egin zutelako-. Ondorengo San Miguel egunean, bi alkate izendatzea erabaki zuten.
  • 1458-9-28. Azpeitiko herriaren lurraldeak mugatzen zituen karta-partida eman zuten.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan