Eguna: 9-3

  • 2017-9-3. Artzain aipagarrienari egindako omenaldia jaso zuen Premietxeberri baserriak Legazpiko Artzain Egunean.
  • 2005-9-3. Xabin Aranagak beteranoen Munduko Txapelketako maratoia irabazi zuen, 2.34.30 denborarekin. 35-40 urte bitartekoan mailan irabazi zuen. Beteranoen atletismo txapelketa Donostian jokatu zuten.
  • 1923-9-3. Udal guztiei Probintziako Batzordeak bidaltzen zien ofizioaren berri eman zuten, azaroaren 2ko Espainiako loteriarekin batera egingo zen zozketan parte hartzeko eskatuz, Azpeititik Loiolako Santutegira bitarteko etorbidea egiteko diru laguntza biltzeko. Ehun billete erostea erabaki zuten, 1.500 pezeta ordainduz.
  • 1894-9-3. Bigarren mailako heziketa eskolako irakasle Luis Ortiz Ainzak adierazi zuen hilaren 15ean hasteko asmoan zela ikastaroa. Horretarako osaturik zen batzordeari behar ziren gestio guztiak egiteko eskatzea erabaki zuten, lokalerako materiala eta abar prestatzeko.
  • 1893-9-3. Euskal Jaiak hasi ziren, Abbadiek antolaturik.
  • 1890-9-3. Alkateak adierazi zuen herrian ura zabaltzeko hodieria berriztatze lanen errematea egin zutela, eta lanak Amadeo Delanuetek hartu zituen beregain.
  • 1860-9-3. Gobernadoreak idatzitako ofizio baten berri eman zuen alkateak, eta Espainiako erregeek probintzian egingo zuten bidea adierazten zen bertan. Era berean, guztia prestatzeko herriko arduradunak izendatu zituen: besteak beste, Aszensio Inazio Altuna alkatea, Agustin Iturriaga eta Frantzisko Palacios. Herriak, bestalde, ostatua eta jaialdiak antolatzeko batzordea izendatu zuen, eta Meltxor Oiartzun alkatearen bigarren tenienteak eta Joxe Mari Azpiroz eta Andres Kabredo erregidoreek osatu zuten.
  • 1837-9-3. Diputazioak agindu zuen, gutun baten bidez, alkate berria izendatzeko. Kontuan izanik udalean beharrezkoa egiten zela alkatea izatea herriari zerbitzu egokia eskaintzeko eta, azkenaldian aukeratu zirenekin gertatu bezala, Diputazioak alkatea ontzat ez hartzean denboraldi luze bat galdu zitekeela, agintaritza eskura zezakeen herritarren zerrenda bat Diputazioari bidaltzea erabaki zuten, kasu hartan Diputazioak berak aukera zezan iruditzen zitzaiona. Bide batez, Diputazioari hauxe adieraztea erabaki zuten: ordena errealak ez zuela derrigortzen taberna edo ostatua zuen herritar bat alde batera uztea alkatea aukeratzeko unean. Aipaturiko zerrenda egin zuten, 26 pertsonak osatutakoa.
  • 1834-9-3. Herritar bereziekin bildu ziren agintariak, baina kontuan izanik Ordiziara joateko deitu ziola Arma komandanteak alkateari egun hartan bertan. Bitartean, janari eta edari eskaerak jaso zituen herriak troparen aldetik alkatetza lanak egin zituen Joxe Inazio Lapeira. Fidelak esan zuen egokia izan zitekeela orduan herri barruan bizi ziren herritar guztiak biltzea, bestela erabakia hartzea ezinezkoa egingo zelakoan.
  • 1791-9-3. Santa Krutz ermitaren egoerari buruz Ibero erregidoreak aurkeztu zuen txostena aztertu zuten, eta ermiten profanatzeari buruzko batzordeko kide Joan Bautista Alzagari eta Joxe Antonio Altuberi pasatzea erabaki zuten, beharrezko neurriak har zitzaten.
  • 1709-9-3. Herri Batzar nagusian adierazi zuten herriaren banderapean Espainiako erregearen zerbitzura boluntario moduan soldadu joateko prest zirenek, bakoitzari ematen zizkioten bost dobloiren gain eskatzen zutela eguneko soldata bat. Irteteko eguna heldu bitartean, egunean hiru erreal eta erdi ematea erabaki zuten.
  • 1701-9-3. Domingo Zelaiaran eta Frantzisko Uzkudun apaizek adierazi zuten, parrokiko apaizen izenean,, zetozen eguberrietarako ehun ezkutuko limosna ematea erabaki zutela, 'Bataio' kaperako obrak ordaintzeko laguntza moduan.
  • 1331-9-3. Alfonso XI.a erregeak herriaren pribilegioak konfirmatu zituen Segovian (Espainia).

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan