Eguna: 9-4

  • 2020-9-4. Udalak omenaldia egin zion Kandido Arrueri bere 100. urtebetzean.
  • 2011-9-4. Angel Alberdi eta Atanasi Unanue, Arauntza baserrikoak, omendu zituzten Legazpiko Artzain Egunean.
  • 2003-9-4. Habea plataformako lau ordezkariak udalbatzarretik kanporatu egin zituzten. Boto baliogabeak kontuan hartuta Habeari legozkiokeen lau udal ordezkariak udalbatza aretoko mahaiko zinegotzien eserlekuetan eseri ziren eta ez eurentzako espreski jarritako beste mahai batean. Ondorioz, Julian Eizmendi alkatearen eta Habeakoen artean eztabaida sortu zen.
  • 1987-9-4. Urola trenari buruz hitz egiteko, eta Azpeitiko Udalaren deialdia jasota, Zumarraga, Urretxu, Azkoitia, Azpeitia eta Zestoako alkateak bildu ziren herrian.
  • 1934-9-4. Joxe Alzuru alkateak zuzendurik bildu ziren Ziriako Agirre, Antonino Olaizola eta Joxe Mari Aramendi tenienteak, eta Luis Goenaga, Demetrio Egiguren, Frantzisko Arregi, Joxe Antonio Arruti, Joxe Mari Sorozabal, Emeterio Alberdi, Markos Urbistondo, Manuel Olaizola eta Miguel Irureta zinegotziak. Agirrek galdetu zuen ea noren aginduz bildu ziren, eta Alzuruk erantzun zion gobernadoreak eginiko eskaerari erantzunez elkartu zirela, eta bere talde politikoarekin hitz egin ondoren hartu zuela alkatetza. Agirrek, orduan, Kontzertu Ekonomikoa defenditu nahirik izan zen Joxe Antonio Oiarzabal alkatearekin bat eginik zela adierazi zuen, eta bere talde nazionalistaren izenean protesta egiten zuela Alzuru alkatetzan zelako; gauza bera egin zuen, Euzko Nekazarien Bazkuna elkartearen izenean Olaizolak, eta Agirrerekin batera batzarra utzi zuten bi taldekoek. Gehiengoa osatu ezinik, Alzuru alkateak ezerezean utzi zuen batzarra.
  • 1899-9-4. Izarraizko Azketa iturrian auzolanean konponketak egiteko zementua eta janari eta edari zatikoak eskatu zituzten. Erantzuna alkatearen gain utzi zuten.
  • 1899-9-4. Uranga zinegotziak proposatu zuen, beste zenbait herritan bezala, Jesusen Bihotz Sakratuaren plaka bat jartzea eraikin publikoetan. Alberdik erantzun zion ekintza politikoa zela eta ez zuela ontzat hartzen. Alkateak batzarra amaitutzat eman zuen, Urangaren proposamena gobernadore zibilaren jakinean utziko zuela esanez.
  • 1882-9-4. Alkateak adierazi zuen derrigorrezkoa egiten zela kontuan izatea ardoaren zergarekin lortzen zen diru kopuruak urte hartan izango zuen jaitsiera, sagar asko jaso zelako. Aurrekontua behar bezala osatu nahirik, azaroaren 1etik saltzen zen hektolitro sagardo bakoitzari pezeta bateko zerga ezartzea erabaki zuten.
  • 1882-9-4. Izarraitz auzoko Joxe Antonio Alberdik eta beste bakar batzuek 40 zatiko ogi eta ardo eskatu zituzten, Korostietako putzu handia -auzoko ganadu gehienek ura edaten zuten tokia- garbitzen ari zirenen artean banatzeko, eta udaltzain baten bidez albistea pasatzea inguruko baserritarrei, lan hori egiteko eskatuz. Horrela egitea erabaki zen.
  • 1844-9-4. Genaro Perez Villamil margolari erromantikoa herriratu zen.
  • 1809-9-4. Herriko lurraldeak erosi nahirik egin zituzten txostenen berri eman zuten. Batzuek dirua eskaini zuten eskura, eta beste batzuek herriari aurreratu zioten diruaren truk eskatuz. Errazti maisuari lurraldeak zatitu zitzan eskatzea erabaki zuten, bakoitzaren balioa agertuz, ondoren enkantean jartzeko eta eskaintza onenak egiten zituztenei saltzeko.
  • 1740-9-4. Herri Batzar nagusian irakurri zituzten Diputazioak eta komandante jeneralak idatzitako gutunak, eskatuz prest egon zitezela herriak probintziko itsasertzean ingelesek egin zitzaketen sartzeei aurre egiteko. Gutunak zioenez, erabaki zuten 18 urtetik 60 urtera bitarteko gizonezko ezkongabeen zerrenda egitea eta herrian aurki zitezkeen arma guztien berri jakitea.
  • 1682-9-4. Zestoatik mosketeak ekartzen eta bihurtzen egindako gastuak ordaintzea erabaki zuten. Herriko konpainiak Loiolako Etxe Santuan erregearen armarriak jartzeko erabili zituen.
  • 1654-9-4. Alkateak jakinarazi zuen herria eta Azkoitia bitartean lapurrak zebiltzala. Beldurrez zeuden biztanleak batetik bestera ibiltzeko, eta derrigorrezkoa izan zen neurriak hartzea. Herri Batzarrera deitzea erabaki zuten hilaren 8rako, goizeko bederatzietarako.
  • 1643-9-4. Kontuan izanik Juan Goitiaren etxeetan -une hartan Inazio Mendizabalek zituen- herriko harresiaren horma lurreratu zutela, herriaren izenean gestioak egitea agindu zioten fidelari, berriro beste bat altxatzeko.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan