Hamarkada: 1530

  • 1539-2-2. Erromatik bere anaia Martin Garziari idatzi zion Loiolako Inaziok. Artean jakin gabe zen aurreko urteko azaroan hil zela Martin.
  • 1538-6-26. Parrokiko elizan ziren agintarientzako aulkiei buruz Loiolako Juan Borjak emandako baimenak auziaren bidea jarraitzen bazuen ere, aulki horiek Epistola aldean eta Loiolako jaunaren parean jartzea erabaki zuten. Udalak hari erantzutea erabaki zuen, gutxienez 30.000 dukat ordaindu beharko zituelako eta agintariek toki bereziagoa merezi zutelako.
  • 1537-12-21. Pedro Irigoienek eskritura bidez Ibar-luze kapera sortu zuen parrokian.
  • 1537-6-25. Loiolako Inazio apaiz egin zen.
  • 1537-5-21. Juan Martinez Alzagak bere alaba Frantziskari utzitako ondasunen artean, Obiaga baserria izendatu zuten.
  • 1535-9-27. Tunisian eta Goletan Espainiako erregeak izandako garaipena ospatzeko kalean zezenak atera zituzten, eta ordaindu egin zioten Pedro Ruiz Agirre eta Leizeaga baserriko jabeari. Bi aldiz atera zituzten eta, hil egingo zirela irudituta, erosi eta Joan Egibarri saltzea erabaki zuten.
  • 1535-5-3. Loiolako Inaziok sermoia eskaini zuen Elosiagako elizan.
  • 1535-3-31. Harzubiko zubiaren konponketa ordaindu zuten.
  • 1534-9-24. Enparango zubiaren konponketak ordaindu zituen herriak. Izan ere, zimenduak jaten zituen urak bere pilareetan.
  • 1534-8-15. Loiolako Inaziok lagunak bildu zituen bere inguruan eta urratsak egin zituen Montmartren egindako botoarekin bere konpainia sortzeko.
  • 1534-4-17. Herriaren mugaren inguruan gurutzeak jartzeko agindua zuten apaizei ordaindu zieten, ekaitz egunetan otoitzak ere eskaintzen zituztelako.
  • 1534-3-19. Tenerifeko (Espainia) San Cristobal de la Lagunan Joxe Antxieta jaio zen, urrestildar Juan Lopez Antxieta eta Mencia Diaz Clavijoren semea.
  • 1533-9-12. Bere erreinuetara enperadoreak eginiko bisitaldia ospatzeko, Juan Odriak jolasteko utzitako zezena ordaindu zuten. Errezildik ekarritako beste zezen bat ere ordaindu zuten, baita plazan barrerak jartzen egindako gastuak ere.
  • 1533-5-18. Konkordia eskritura sinatu zuten Frantziskanetako lekaimeek, Martin Garzia Oñaz Loiolako jaunak, Andres Loiola parrokiko erretoreak eta beste hamabi apaizek, herritar biztanle berezienak lekuko zirela.
  • 1533-4-9. Parrokiko ordularia zerbait gorago aldatzea erabaki zuten.
  • 1532-3-19. Izurrite gogorra ezagutu zuen herriak azkenaldian, eta aurreko urteko irailaren 7tik 29ra bitartean gorpuak hilobiratzen ibilitakoei ordainketak egin zizkieten. Hamar gorpu hilobiratu zituen Martin Goidik, San Miguel egunera bitartean bost Joanes nafarrak, bost gorpu Juan Zabalak, hil zen arte. Beste hamairu bat hil ziren San Miguel egunetik abenduaren 11 bitartean.
  • 1532-3-19. Hiltzera kondenaturik zegoen Juan Zuhule, eta epaia betetzera herriratu zen borreroari ordainketa egin zioten.
  • 1531-11-11. Joan Alzaga hil zen. Parrokiko kaperaren sortzailea izan zen eta bere abizena du kaperak.
  • 1531-9-18. Aurreko hilean eta garai hartan herrian izurritea zela jakinarazi zuten, baita herriak ordainketak egiten zituela ere, txaboletan itxirik zirenei janariak emateko. Gorpuak hilobiratzen zituztenei ere lana ordaindu zieten.
  • 1531-9-18. Herrian ziren berrehun bat emakume libre edo ezkongabek herriari ez ziotela ezer ordaintzen esan zuten, eta gauza publikoez aprobetxatu egiten zirela. Bakoitzari erreal erdiko zerga bat ezartzea erabaki zuten.
  • 1531-6-24. Juan Alzagak egin zuen testamenduaren bidez, 'Alzaga' kapera sortu zuten parrokian.
  • 1531-3-20. Madalenan preso ziren sorginak Donostiara eramatea ordaindu zuten, beraiekin bidean eginiko janariak ere kontutan izanik. Madalenan bertan eta gauez beraiek zaintzen egon zirenei ere soldata bat ordaindu zieten.
  • 1531-1-24. Juan Alzagak testamentua egin zuen, parrokian bere abizeneko kapera sortuz.
  • 1530-12-24. Juan Akemendi eskribauaren aurrean, Eskribauen Kofradia sortu zuten herrian.
  • 1530-4-15. Garcia Lopez Antxieta erailaren laugarren mailako sendikoekin Loiolako jaunak eta herritar berezienek eskritura sinatu zuten, Pedro Oñaz eta Juan Martinez Lasao hiltzaileen alde, garbi utziz Ostiral Santua zelako eman zietela barkamena.
  • 1530-4-7. Alkateak adierazi zuen utzitako hiru haur herriaren kontura hazten ari zirela, eta haietako baten aita Zarate deituriko bat zela, erabat behartsua.
  • 1530-4-7. Soreasu eta Enparan errotek sortzen zituzten irabazi eta gastuen kontuak emateko, hiru hilabetetik behin lan hori errejidoreek hartzea erabaki zuten, txandatuz urte osoan zehar.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan