Hamarkada: 1570

  • 1579-12-8. Antzinako ohitura zen biztanleen zerrenda egitea herrian, eta berriro egitea erabaki zuten, azkenaldian ez baitzen halakorik egin. Hiru zerrenda desberdinetan egitea onartu zuten. Zerrenda batean herrian jaioak eta kaparetasuna zutenek jarriko zituzten, jarraian probintzian jaioak eta kaparetasuna zeukatenak. Bigarren zerrendan, beste probintzia baten jaioak, baina kaparetasuna aurkezturik zutenak. Eta hirugarren zerrendan, berriz, atzerritik herriratutakoak, eta eskribauari agindu zioten zerrendakideez nahi zuen berri jakitea.
  • 1579-9-21. Parrokian obrak egin zituztenez, elizak altuera txikiena zuen aldera pasatu zuten aldare nagusia, eta herriak erabaki zuen bertan ziren aulkiak egoki eta eroso banatzea, inolako kalterik jaso ez zezaten.
  • 1579-8-30. Altxamendua izan zen eta Behobiara joan zen jendea.
  • 1579-6-25. Parrokiko elizan ziren hilobiei buruz iskanbilak sortu ziren, bakarren batzuk altuera handiagoa zutelako. Guztiak berdintzea erabaki zuten.
  • 1579-6-25. Parrokiko aldare nagusia eta aulkiak mugitu egin behar izan ziren obrak egiteko. Aulkiak obretan erabili egingo zituztenez, aulki berriak egitea erabaki zuten.
  • 1579-6-25. Korrejidorea bere txanda betetzen herrian zegoenez, kanpoko jende asko azaldu zen eta ostatu eta tabernetan arazoak zituzten guztiak behar bezala hartzeko. Baina herriaren izen ona mantentzeko etortzen ziren guztiak ongi hartzea egokia ikusten zuten, eta alkateari eta fidelari agindu zieten ostatu, taberna eta okindegietara bisitak egitea, etortzen ziren guztiak behar bezala hartzeko aginduz.
  • 1579-6-10. Kale eta galtzadatan gurpiletan burdina zeukaten gurdiak ibiltzea debekatu zuten, obretarako harria herrestan ematea izan ezik, eta agindua betetzen ez zuenak lanean ziren idiak galduko zituela.
  • 1579-4-8. San Agustin komentuak eta herriak Santo Domingo komentuarekin zeukaten auzia Valladolideko (Espainia) Auzitegira eramatea erabaki zuten.
  • 1579-2-19. Esaten zenez, azken bi urteetan ez zen organojolerik ez parrokian, ez Elola kaperan.
  • 1579-2-19. Bolibar maisuarekin eginiko eskritura kontuan izanik, parrokian egindako obrak aztertzea erabaki zuten.
  • 1578-12-9. Potosi (Bolivia) hirian hil zen Juan Ibañez Garagarza azpeitiarrak herriko behartsuentzat utzitako ondoretasunari buruz hitz egin zuten agintariek.
  • 1578-5-28. Pedro Oiarzabal ezkondu zen eta zituen ondasunen artean bi esklabu agertu ziren. Haietako bat 'Isabel' deituriko neskatxa zen, eta haren balioa ehun dukatik gorakoa zela adierazi zuten. Baliteke Oiarzabalek bi esklabu horiek Sevillatik (Espainia) herriratzea, garaian merkataritza hiria baitzen dudarik gabe, eta azpeitiar asko hurbiltzen zen tokia.
  • 1577-10-5. Eskribauari agindu zioten Erarrizagako arrantzaleari, San Joan eta Miguel Oñaz eta Joan Martinez Odriari -herrira etorriak ziren bertan bizitzera, horretarako euren ofizioak utzita-, ikusita ibaian arrantzan jarduten zutela, adieraztea euren ofizioetan lana egiteko, ogibidetzat arrantza hartu gabe, eta sare debekatuak ez erabiltzeko. Bostehun maraiko isuna eta bi eguneko kartzela jaso zezaketela jakinarazi behar zieten.
  • 1577-10-5. Joan Goitiari Abitain inguruko lur zati bat erosi zion herriak, 25 dukat ordainduta, parrokiko elizatik eta sakristiatik ateratzen zituzten zaborrak jasotzeko.
  • 1577-9-25. Kontuan izanik garai hartan herriak zor handiak zituela, herritarren artean diru bilketarik egin gabe neurriak hartu nahirik eta gogoan izanik Nafarroako ardoa saltzen zuten emakumeek hiru marai jasotzen zituztela pitxar bakoitzeko azken urte askotan zehar, bakoitzari, saltzen zuen zama bakoitzeko, erreal eta erdi eskatzea erabaki zuten.
  • 1577-8-14. Akemendi lizentziatuak adierazi zuen herriko biztanlegoa gehitzen ari zela, eta oraindik ere gehiago handitzeko derrigorrezkoa zela eraikin publikoak, batez ere burdinolak eta errotak bultzatzea. Beraz, berak egin bezala, horrelakoak jartzeko askatasuna ematea eskatu zuen, horiek jartzeak kalteren bat egiten bazuten ere. Akamendi lizentziatuak herriaren baimenarekin errota jarri zuen martxan.
  • 1577-6-7. Fernando Loiola parrokiko erretorea hil zen. Haren postua betetzeko egokia iruditu zitzaien Pedro Zuola batxilerra, eta berau Juan Borjari eskatzea erabaki zuten. Martin Garzia Loiola izendatu zuten gestioak egiteko.
  • 1577-5-27. Martin Garzia Loiola lekuko izanik, Akemendi lizentziatua, Frantzisko Iñiguez Alzaga eta Frantzisko Iarza, Loiolan zegoen Jesusen Lagundiko Probintzialarena joan eta hari ongi-etorria egitea erabaki zuten, herriak kristau doktrina eta prediku beharra zuela jakinaraziz.
  • 1576-3-11. Amuko zubi berria aztertu zuten, ordainketa egin aurretik.
  • 1576-2-7. Antzi baserrira bizitzera aldatu eta Juan Martinez Zandategik erregidore kargua utzi zuen herriko udaletxean.
  • 1576-2-7. Herrian bizi ziren kanpoko emakumeen berri eman zuten, eta haiei buruz neurri batzuk hartu zituzten ondoren.
  • 1575-11-29. Herrian txerriak inolako ordenarik gabe hazten zituzten etxe barruetan eta ukuiluan -bai herri barruan eta bai errebaletan-, eta horrek eragina izan zezakeen denen osasunean. Hori zela-eta, guztiei agindu zieten abenduaren 8a baino lehen txerri guztiak hiltzeko. Denek hala ez eginez gero, hil egingo zituztela esan zuten, bakoitzaren jabeari lau errealeko isuna jarrita.
  • 1575-10-11. Ura nahastutako sagardorik ez saltzea agindu zuten.
  • 1575-8-29. Beste zerbait agindu bitartean, ura nahastutako sagardoa saltzea debekatu zuten.
  • 1575-5-12. Alondegia zabaldu nahirik, Bartome Aizpururen etxea erosi zuen herriak.
  • 1575-3-19. Parrokian kaperautza bat sortuta testamendua egin ondoren hil zen, Sevillan (Espainia), Pedro Gerrenzuri.
  • 1575-2-21. Herriko ospitalearena zen Keixeta baserria saltzea erabaki zuen herriak.
  • 1574-9-29. Alde batean jarri ziren bozeramaile izan nahi zutenak eta beste aldean, berriz, hautagai zirenak -azken horiek zortzi besterik ez ziren-. Lehenengoen artean inolako aukeraketa beharrik ez zen izan, eta zortzien izenak txarroan sartu zituzten, karguen zozketa egiteko.
  • 1574-6-27. Juan Antxieta irudigileak Zumaiako parrokiko erretaula nagusia egiteko kontratua sinatu zuen.
  • 1574-3-15. Sebastian eta Juan Lopez Urnietak herritar bezala hartzea nahi zutela esanez eskaera egin zuten, herrian erosi zituzten etxeen eskriturak aurkeztuz horretarako. Baiezkoa eman zieten.
  • 1574-3-15. Elizaren bidez deialdia egitea erabaki zuten: biztanle guztiek ager zitezela beraiekin zituzten txerrien berri ematera. Bestela, edonork izango zuela aukera nonahi aurkitzen zuen txerria hil eta bereganatzeko eta, gainera, dukat bateko isuna ezarriko ziotela jabeari.
  • 1574-3-15. Miguel Bolibar herriratu zen, Armentia anaiak parrokian eginiko lanak aztertzera, Udalaren eskaerari erantzunez.
  • 1573-11-5. Elolak sortutako Gramatika katedra irakaslerik gabe zela deklaratzea erabaki zuten, Joan Ormaetxea orduko maisua "eroturik" zegoela-eta.
  • 1573-10-3. Parrokian Ebanjelio aldeko horma bat erori egin zen, eta nola geratu zen jakitea erabaki zuten.
  • 1573-8-4. Gauean etxetik kanpo inor ez ibiltzeko ordenantza berri bat onartu zuten. Ondorioz, egun horretatik aurrera, San Miguel egunera bitartean hamarretatik aurrera kalean ibiltzea debekatu zuten, eta San Miguel egunetik maiatzeko bazko eguna bitartean, berriz, bederatzietatik aurrera ibiltzea debekatu. Norbaitek emandako agindua ez betez, hiru errealeko isuna eta lau eguneko kartzela jasoko zuen eta, gainera, etxe, baratza, sagasti edo soroetan egin zezakeen kaltea ordaindu beharko zuen.
  • 1573-7-21. Frantziskanen monastegian egindako lanak 1.230 dukatetan tasatu zituzten.
  • 1573-3-16. Parroki atzeko iturria egitea ordaindu zioten Martin Armentia maisuari, baita Urrestillan egin beharko zuena ere.
  • 1573-2-6. Urrestillan herri iturria bere askarekin egiteko tokia aukeratu zuten.
  • 1573-1-15. Garizumako egun batzuetan Zuola batxilerrari erromantze erako sermoiak egitea eskatzea erabaki zuten.
  • 1572-12-30. Elolaren Gramatika katedrako Vazquez irakasleak lana utzi zuen eta Juan Ibargoenek postua hartzeko gogoa erakutsi zuen. Azterketa egin ondoren hura izendatu zuten.
  • 1572-10-3. Udaletxean obrak egiten ari zirenez, herriratzear zen korrejidorearentzat etxe bat aurkitzea erabaki zuten. Bustinzuri hartu zuten, hilean bi dukat ordainduz.
  • 1572-9-29. Herriko agintari aukeraketa egitean, ordainketa handienak egiten zituzten herritar guztien izenak zozketan sartzea erabaki zuten, batzarra ospatzean bertan aurkitu edo ez, eta agindua betetzeko betebeharra zegoen, berrehun dukateko isunaren azpian.
  • 1572-8-15. Ana Antxieta aukeratu zuten herriko Frantziskanen komentuko abadesa. Maria Lopez Enparan, Maria Miguel Tolosa, Maria Perez Antxieta, Ana Antxieta eta Maria Artazubiagak aurretik kargu bera izan zuten.
  • 1572-4-25. Zestoan izan zen Gipuzkoako Batzar Nagusietan zeuden herriko ordezkariek edo prokuradoreak bertan erret dekretu bat irakurri zela adierazi zuten, probintziako kapitain general eta Hondarribiko alkate, Nafarroako erretorde Barpasiano Gonzaga izendatu zela esanez. Bide batez, erregearen zedula hori ontzat hartu behar al zen galdetu zuten. Herriak baiezkoa adierazi zien, erretoreordeari probintziak zeuzkan pribilegioak gordetzeko eskatuz, eta bertan bizi zedin nahi zuenean.
  • 1572-1-23. Gallai inguruan itsasontziak egiteko egur baliagarria zegoen, eta herriak erabaki zuen Bilbon adieraztea bere errematea.
  • 1571-10-26. Maria Alzagak Aitola baserria berriztatzeko -erre egin zen- Garrai inguruan egurra ebakitzeko baimena eskatu zuen. Herriak baimena eman zion, ateratzen zuena ordaintzeko baldintzarekin.
  • 1571-10-2. Pedro eta Martin Armentia maisuek eliza nagusiaren proiektua aurkeztu zuten, eta hiru nabe zituena hobea zela zioten.
  • 1571-9-27. Urte bukaeran Goenaga-txikia atarian utzitako ume bat agertu zela adierazi zuten.
  • 1571-9-27. Apezpikuari parrokiko sakristiaren itxura bidaltzea erabaki zuten, aurrez pentsatutakoa baino handiagoa zelako.
  • 1571-9-27. Sagardoari buruz erabaki zuten urik ez botatzea. Azken urteetan bota zuten; dena dela, baimenduta zegoen, eguraldi txarrak izan zirelako eta sagar gutxi jaso zutelako. Saldu beharreko sagardoari ura botatzea lapurreta zela jabetu ziren, eta horrela egiten zuenari bi mila maraiko isuna jartzea eta sagardo guztia kentzea onartu zuten.
  • 1571-8-19. Amuko presa egitea errematean hartu zuen Martin Beristain harginak, 260 dukatean.
  • 1571-7-20. Haur utzi bat bataiatu eta hazteko hazama bati ematea erabaki zuten, urtean ohiko hamabi dukat ordainduz.
  • 1571-7-14. Udala, parrokiko erretorea, etxezaina eta patroia bildu ziren parrokiko sakristi berrian egin nahi zuten kaperaz hitz egiteko. Bileran kapera berriak Zurbaboren kaperako hormarekin bat eginda joan beharko zuela erabaki zuten, baita kaperari kalterik ez zitzaiola egingo ere. Beste aldean, Elola kaperarekin bat eginda, Martin Agirrek zeukan lur zatia hartzea erabaki zuten, sakristia handitzeko.
  • 1571-6-22. Gorputz egunean Eskritura Sakratuan oinarritutako antzerkia egin zutenez, Juan Egurzak laguntza eskatu zuen, lana antzeztu zutenek eginiko gastuei aurre egiteko. Udalak 132 erreal ematea erabaki zuen.
  • 1571-6-22. Urak eraman egin zuen Amuko zubia, eta Armentia maisu harginei iritzia eskatu zieten.
  • 1571-6-22. Baratzetan eta soroetan gauez egindako lapurretak sortutako iskanbilak zirela-eta, isunen bidez lortutako dirua zaintzailearentzat izatea erabaki zuten. Horrez gain, gaizkileek sei egunetan kartzelaratuta egon beharko zuten.
  • 1571-6-22. Urbieta zubian konponketa lanak egitea erabaki zuten.
  • 1571-5-31. Amador Alzagak jakinarazi zuen Donostian izan zela inkisidoreari Gorputz egunean antzerki bat egiteko baimena eskatuz. Baiezko erantzuna jaso zuen. Inkisidoreak beste toki askotan ikusi zuela adierazi zion, eta egokia iritzi ziola.
  • 1571-5-7. Herri barruan ziren herritar batzuek Martin Agirre eta Frantzisko Zuolari zentsu eskritura egiteko ahalmena eman zieten, herritik kanpo bizi zirenekin zituzten auziak ordaintzeko baliagarria izan zedin.
  • 1571-4-5. Parrokiko elizako obrak egiteko apezpikuari baimena eskatzea erabaki zuten.
  • 1570-12-15. Herri Batzar Nagusian adierazi zuten herriak ezin zituela ordaindu gerrateak eragindako bide eta zubi konponketak, eta beste hainbat galerek sortutako zorrak 1.300 dukatekoak zirela basoak saldu ezean. Ondorioz, erregeari baimena eskatzea erabaki zuten, zortziehun dukat zentsuan hartzeko.
  • 1570-11-27. Juan de Alemania flamenkoa udalbatzarrean agertu zen, Elola kaperako organoa konponduko zuela esanez. Herriak tratua egin zuen harekin.
  • 1570-11-27. Gares eta Martzilla edo inguruetatik ekarri beharko zuten ardoaren hornikuntza egiteko, herriak eskritura sinatu zuen mandazain nafarrekin.
  • 1570-10-20. Herriko alondegia handitzea erabaki zuten, Jeronimo Olazabali bere etxearen erdia erosita.
  • 1570-10-20. Parrokiko elizak argizulo bat edo hiru behar zituen eztabaidatu zuten. Azken batean, Pedro eta Martin Armentia maisuen eskuetan utzi zuten erabakia eta, haien iritzia hirukoa egitea zenez, herriaren aldetik ontzat hartu zuten.
  • 1570-8-16. Juan Zuola, Pedro Uranga, Gaspar Urbieta eta Mandiola batxilerrak eta Elolako kaperauak txosten bat aurkeztu zioten herriari. Bertan, dotea eskaintzeko urtean sei emakume gazte baino gehiago ez izendatzea eskatzen zuten, aurreko urtean ere hiru edo lau bakarrik ezkondu baitziren; eta semerik gabe gelditu ziren alargunei dotea itzultzeko ere eskatzen zuten, besteak beste. Herriak, kaperauek emakume ezkongaiak zenbat izan behar zuten aukeratzeko ez zuela inolako eskubiderik erantzutea erabaki zen.
  • 1570-8-16. Herriz kanpo bizi zirenekin sortutako eztabaidak izan ziren, eta Pedro Goiazi agindu zioten Gasteizera joan eta bertan gertatzen zenaren berri ematea, Azpeitiko herriak foru bera baitzuen.
  • 1570-5-29. Norbait Tolosara bidali eta korrejidoreari herrira etortzea eskatzea erabaki zuten, bere ohiko txanda bete zezan.
  • 1570-4-22. Agintaritzan egon nahi zuten herriz kanpo bizi zirenek, eta jarritako auziari buruz hitz egiteko herritarrei deitu zieten. Auzia jarraitzeko gortera norbait bidaltzea erabaki zuten.
  • 1570-3-31. Armentia maisuek parrokirako Anardi inguruko zelai batetan karobi bat erretzeko egurra eta Komuntzo baserriaren azpian aurkitu zuten harria ateratzeko baimena eskatu zuten.
  • 1570-3-18. San Agustin monastegiaren inguruan aurkitutako haurra hazten zuen Maria Eizagirre andreari ordainketa egin zioten.
  • 1570-2-3. Olioa hornitzeko gogoa zuenik agertu ez zenez, nahi zuen guztiak herriratu eta saltzeko baimena ematea erabaki zuten, aurrez agintariek dastatu eta prezioa jarriz.
  • 1570-1-1. Tabernariei eskatu eta ordaintzen zieten bezero guztiei ardoa ematera derrigortuak zirela gogoraraztea erabaki zuten herriko agintariek.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan