Hamarkada: 1640

  • 1649-7-9. Diputazioak Frantzian eta Baionatik hamar bat lekoa, 14.000 soldadu eta 1.500 zaldidun zirela albistea eman zuen. Eta ezinezkoa bazen ere jakitea zer asmorekin bildu ziren, herritar eta biztanle guztiak armak eta munizioak eskuetan zituztela, behar zen tokira irteteko prest egotea beharrezkoa zela adierazi zuten. Hurrengo igandean, hilak 11, berria parrokien bidez zabaltzea erabaki zen, baita hil honen 18an arma erakusketa egitea ere. 500 maraiko isuna eta zortzi eguneko kartzela zigorra ezarri zen agindua betetzen ez zuenarentzat.
  • 1649-7-3. Atxaga etxean aurkitutako mutikoa gurasoek aurkitu bitartean, herriaren kontura haztea erabaki zuten. Alkateari erregutu zioten gurasoak aurkitzeko ahalegin guztiak egitea; izan ere, bataiatu gabe hiltzeko arriskuan utzi zuten haurra eta "ongi merezia" zeukaten zigor berezia.
  • 1649-6-25. Alzaga dorreetxearen eskailera azpian ume bat aurkitu zuten goizean, bataiatua zen edo ez adierazten zuen paperik gabe. Emaginak ikusi ondoren, sei edo zapi eguneko mutikoa zela jakin zuten.
  • 1649-6-23. Diputazioak albiste bat eman zuen: Andaluzian (Espainia) eta Portugalen izurritea zela. Probintzia arriskuan zegoen horrela, eta guardiak egitea erabaki zuten ospitalean, Enparanen eta Madalenan.
  • 1649-6-23. Parrokiko etxezainari agintzea erabaki zuten Pedro Likona maisuaren oinordekoei ordaintzeko, honek parrokian egin zituen lanak oraindik ordaindu gabe zeudelako.
  • 1649-5-9. Parrokiko patroiari buruzko auzia jarraitzeko udalbatzar nagusian mozioa aurkeztu zuen alkateak. Guztien baiezkoa jaso zuen, eta horretarako urtean 600 dukat gordetzea onartu zen, erdia herriaren aldetik eta beste erdia boluntario eskaintzen zenarekin.
  • 1649-1-29. Domingo Aranguren eta Juan Arzadun apaizak egindako eskaera kontuan izanik, herriak Elolaren kaperako kaperau izendatu zituen.
  • 1648-12-18. Azkoitian egindako Gipuzkoako Batzar Nagusien bileran esandakoaren berri eman zuten. Batzarrean apaizen semeak herriko agintari ez aukeratzea erabaki zuten. Erabakia garaia iristen zenean kontuan izatea eta albistearen berri lehen Herri Batzar Nagusian ematea erabaki zuten.
  • 1648-12-11. Fidelak adierazi zuen Malkorra errotarako bidea egoera larrian zegoela, gurdiak pasatu ezinda, eta hori zela-eta ezinbestekotzat jotzen zuela errotaren jabeek zubia konpontzea. Alkateak eta Larraar erregidoreak zubiaren egoera ikustea erabaki zuten, horren arabera errotaren jabeei zubi berria eginarazteko edo ez.
  • 1648-10-30. Lehen igandean agintarien baimenik gabe burdin gurpilak zituzten gurdiak ibiltzea debekatuta zegoela parrokien bidez adieraztea erabaki zuten.
  • 1648-10-16. Juan Larraar erregidoreari agindu zioten unean Azkoitian zen Diputaziora joateko eta Martin Eleizalde kapitainarekin harremanetan jartzeko; izan ere, probintziaren izenean erregeari aurkezteko egindako txostenaren hasieran idatzi zuen nola joan ziren tolosarrak Hondarribiko herriari laguntzera, bera kapitain zenean, eta ondoren berrehun gipuzkoar aipatzen zituen, xehetasun gehiago eman gabe. Hari esan zioten 77 soldadu azpeitiar sartu zirela Hondarribian, Iñigo Lopez Ondarra kapitain zutela eta, txostenean tolosarrak aipatzen zituen bitartean, azpeitiarrak alde batera utzi zituela.
  • 1648-8-30. Hildako animaliak ibaira botatzen zirela-eta kexak jaso zituzten, ibaiak ur gutxi baitzuen eta ura kutsatu eta gaitzen bat sortzeko arriskua baitzegoen. Hildako animaliak ibaira botatzea debekatuta zela herrian zabaltzea erabaki zuten, bostehun maraiko isunaren azpian. Hildako animaliak erre edo lurperatu egin beharko zirela adierazi zuten.
  • 1648-7-6. Martin Abaria maisuak Urrestillako elizarentzat eginiko moldaketa ontzat hartu zuten. Domingo Eizmendi, Martin Irarrietagozoa eta Juan Zaldua maisu harginek euren iritzia azaldu zuten eta zer gehitu behar zen jakinarazi zuten.
  • 1648-3-22. Olazko ermitan eginiko batzar berezian, Espainiako erregeari Kataluniako kanpainarako 200 soldaduz osatutako taldea eskaintzea erabaki zela esan zuten; haien soldata, gehienbat, probintziak ordaindu zuen. Herriak biztanleen artean 3.000 erreal banatzea eta ahal zen azkarren kobraketa egitea erabaki zuen.
  • 1648-2-26. Kataluniako gerrarako erregeak egin zuen soldadu eskaera zela-eta, Diputazioak adierazi zuen Olazko Andre Mariaren ermitan ahalik eta azkarren batzar berezi bat egitea komenigarria zela. Batzarra prestatzeko, eta ohikoa zuen bezala, aurrez Azkoitiko ordezkariekin bilera egitea erabaki zuten, biek bat egin eta, ondoren, batzar berezian iritzi berak agertzeko.
  • 1648-2-23. Erregeak Kataluniarako eskatzen zuen jendeari buruz hitz egiteko bilerara herritar asko ez ziren joan, eta beste deialdi bat hilaren 26rako egitea erabaki zuten, agertzen ez zirenak zigortuak izango zirela jakinaraziz.
  • 1648-1-3. Martin Oronoz arma egileak garbitu eta konpondutako herriko armak gorde zituzten ospitaleko gela batean, behar ziren unean behar bezala izan zitezen.
  • 1647-12-20. Valentzian (Herrialde Katalanak) eta inguruko herrietan izurritea zela-eta guardiak egitea erabaki zuten Bustinzuriko gurutzean, Enparan zubian eta Madalenako ermitan. Horrez gain, eskribauari herritarren zerrenda egiteko eskatu zioten. Ospitaleko zaindariei eta ostatu nagusiei ere kanpotarrik ez hartzeko eskatu zieten. Urrestillan eta Nuarben ere neurriak hartzeko agindu zieten Julian Roteta eta Inazio Gaztanondori.
  • 1647-11-8. Katalina Lerizi haur utzi bat hazteko eman zioten, baina herrian zabaldu zen hark ez zuela nahiko esne izango horretarako. Hala, Martin Atxaran erregidoreari agindu zioten, Maia sendagilearekin bat eginik, egia zen edo ez jakitea, ondoren behar ziren neurriak hartzeko herriaren aldetik.
  • 1647-11-8. Herriko fidelak adierazi zuen Enparango zubiaren aldeko herriko sarrera gainean zegoen Andre Mariaren margotutako koadroa erori zutela eta bera zintzilikaturik zegoen tokia txukundu beharra zegoela. Andre Mariaren beste koadro bat jartzea erabaki zuten, tokia behar bezala egokitu ondoren.
  • 1647-8-18. Frantzisko de Tejada fraideak -San Agustin komentuko priorea zen-, herria santuaren eguneko elizkizunera gonbidatu zuen. Agintariek patroi bezala elizkizunetara agertzea erabaki zuten, eta bazkarirako zahagi bat ardo, ahari on bat eta anega bat ogi laguntza bezala ematea ere erabaki zuten.
  • 1647-6-5. San Agustin komentuaren eta herriaren arteko auzian herriak irabazi zuen. Hala idatzi zuen auziko lekuko zen Martin Elizaldek. Herritar bereziei deitzea erabaki zuten, berehala etor zitezen. Elizaren atarian sententzia irakurri zuten kanpaiak jo ostean. Herritar asko bildu zen une batetik bestera, eta prozesioa egin zuten herriko kale eta errebaletan. Elizara itzultzean meza santua ospatu zuten eta zezen batzuk ateratzea erabaki zen.
  • 1647-3-9. Bederatzi urterako kontratua eginik zuen Joseph Iturralde txistularia ihes eginda zen herritik, eta Udalak atxilotu eta herriko kartzelara ekartzea erabaki zuen.
  • 1646-11-4. Herriak San Agustin monastegiarekin zituen auziei buruz hitz egin zuten Herri Batzar nagusian. Martin Elizalde eta Pedro Arriaranek zeukaten herriaren ordezkaritza auzietan, eta haiek agertu zuten guztiaren berri.
  • 1646-10-12. Aurreko igandean Bustinzuriko gurutzearen ondoan utzitako haur bat aurkitu zutela esan zuten eta, alkatearen aldetik ahaleginak egin baziren ere, ezinezkoa izan zela haren gurasoen berri jakitea. Katalina Larizi eman zioten azkenean haurra, hazteko, eta herriaren aldetik hilean hemezortzi erreal ordainduko zizkioten.
  • 1646-10-12. Leihoetatik ura kalera botatzea debekatu zuten, bostehun maraiko isunpean.
  • 1646-8-23. Inazio Garagarza San Agustin komentuko prioreak herria santuaren eguneko elizkizunetara gonbidatu zuen. Agintariek joatea erabaki zuten eta, ohikoa zen bezala, aulki apartekoak jarri zituzten elizan agintarientzat. Baina ez zuten bazkari eta jaialdirik ospatu, herria komentukoekin auzian baitzen.
  • 1646-7-29. Kataluniara joango ziren bederatzi boluntarioak aurkeztu zituzten, eta bakoitzari zilarrezko zortzi erreal ordaintzea erabaki zuten; erdia orduan eta beste erdia bertaratzean.
  • 1646-7-20. Herri Batzarrean Diputazioak bidalitako gutunaren berri eman zuten. Diputazioak frantziarren aurka Lleidako (Herrialde Katalanak) plazara irteteko 400 soldadu eskaini zituen eta soldaduak prestatzeko eskatzen zuen. Herriak, dirua zuenez, bederatzi boluntario topatzea erabaki zuten, behar zena ordainduz.
  • 1646-6-28. Sevillatik (Espainia) Frantzisko Beitiak Elolaren memoriako zilarrezko 1.600 erreal bidali zituen, eta banatzea erabaki zuten, testamenduan aginduta bezala.
  • 1646-4-12. Azken uholdeek Soreasu errotaren presan egin zituzten kalteak konpontzea erabaki zuten.
  • 1646-3-23. Priorearekin harremanetan jarri ondoren, baldin alkatea agertzen ez bazen, Ostegun Santu egunean giltza fidelari emango ziola berak esan zuela jakinarazi zuten.
  • 1646-3-20. Aurreko urteko agintariei San Agustin komentuko prioreak adierazitakoari buruz hitz egin zieten; hau da, Ostegun Santuan Jauna ezkutatutako unean alkateak jasotzen ez bazuen bertako giltza, ez ziotela bera fidelari eskainiko aurreko urteetan bezala. Prioreari fidelari giltza eman beharko ziola jakinaraztea erabaki zuten.
  • 1646-3-19. San Agustin komentuari buruzko auzian eginiko gastuen berri eman zuen alkateak, baita Valladolideko (Espainia) Chancilleria Errealean eginikoan ere.
  • 1646-1-16. Ospitaleko etxezain Domingo Kortaberriak eginiko eskaerari buruz abokatu batek emandako iritziaren berri adierazi zuen alkateak: 140 dukat ematekoa. 1631ean, enparantza nagusia zabaltzeko lanak ordaintzeko herriko agintariek 200 dukat hartu zituztelako zentsuan ospitaleko kaxatik. Ordaindu aurretik eta gertatzen zenaren berri jakiteko urte horretan agintaritzan zirenekin harremanetan jartzea erabaki zuten.
  • 1646-1-6. Garizumako ostiraletan, urte batzuk aurreragotik galdu zen ohitura bat gogoratu zuten udalbatzarrean: Konpletak abestu eta sermoia, eta ondoren Miserere kantatzen zuten Vera Cruz deituriko kofradiaren aldarean. Galdutako ohitura berritu nahian, parrokiko apaizekin harremanetan jartzea erabaki zen, haiei elizkizunak indartzea erregutuz, batez ere orduan igarotzen ari ziren une garratzak gogoan izanik.
  • 1645-3-30. Buztanzuriko Gurutzearen ondoan aurkitutako utzitako haurra hazten ari zen Katalina Lariz andrea, eta honi ordainketa egin zioten.
  • 1645-2-3. Herriak Joanes Arangurenek Sevillatik (Espainia) bidalitako zilarrezko 6.000 erreal zituen, Nikolas Saez Elolaren memoriak sortutako interesak ziren, eta haren kaperako sei apaizen artean banatzea erabaki zuten. Berehala deitu zieten sei apaizei, hartzeko zutenaren berri eman eta ordainketa egiteko.
  • 1645-1-6. Gutxienez 300 libra bolbora erostea erabaki zuten, eta Domingo Tolosari erosketa egitera Donostiara joateko agindu zioten.
  • 1644-11-27. Borboiko Isabel erreginaren hiletak egiteko zenbait erabaki hartu zituen herriak.
  • 1644-11-16. Herriak landarategiei buruz erabaki interesgarriak hartu zituen.
  • 1644-11-13. Herriko dorreak nolako konponketa behar zuen zioen alkateak, teilatua benetan gaizki zuelako eta euria egitean kalte handiak izaten zituelako. Teilatua egokitzeko izendaturiko batzordeari guztiaren berri ematea erabaki zuten.
  • 1644-10-9. Herritar bereziekin egin zuten batzarra, eta enparantzan herria egiten ari zen dorrea zer egoeratan zegoen azaldu zuen Pedro Barreda korrejidoreak. Ordularia eta kanpaia jarri nahi zituzten bertan, eta horrela erabaki zuten agintari eta herritarrek. Aurretik zegoen dorre zaharra ere konpondu egin zuten, bide batez, arriskua gaindituz. Gaia eztabaidatu ondoren, batzarrean zeudenek proposamenak egin zituzten horretarako, euren artean 1.459 erreal osatuz. Laguntza handiagoa bildu nahirik, herritarren artean hurrengo egunetan Portu, Inazio Eizagirre, Antonio Altuna eta Juan Oñaz eskribaua izendatu zituzten eurekin harremanetan jartzeko.
  • 1644-9-30. Kontuan izanik San Miguel egunean agintari aukeraketan istiluak sortu zirela ondasun gabeko herritarrengandik, horien aurka neurriak hartzea erabaki zuten, euren ondasunen berri adierazten zuten agiriak aurkezteko eskatuz.
  • 1644-4-14. Herriak Bustinzuri errebalean aurkitutako utzitako ume bat hazteko ordainketa egin zuen.
  • 1644-4-6. Enparantzari beharrezko zabalera emateko, Juan Larralderen etxea eta haren kontra zen Juan Ilarrazarenak lurreratzea derrigorrezkoa zen. Alcañices eta Oropesako (Espainia) markesari eta Matias Inazio Zuazola eta Loiolari idaztea erabaki zuten, Loiola etxearen jarraipenari buruzko auzia zutelako.
  • 1644-3-13. Parrokiko dorreko ordularia amaitua zuen Santiago Marigortak, eta hari ehun dukat zor zizkiotela adierazi zuten, apaizen aginduz ordu erdiak adierazteko lanak egin zituelako. Ordainketa egitea erabaki zuten, baina apaizei albistea pasatuz, herriari aurrez ezer esan gabe, ez zutelako horrela jokatzeko eskubiderik.
  • 1644-3-10. Santo Domingo komentuari baimena eman zioten 40 dukaten egurra ebakitzeko.
  • 1644-2-18. Azken uholdeek Barrenola burdinolako presa erabat apurtu zutelako, Juan Egurzari herriaren basoetan egurra ebakitzeko baimena eman zioten.
  • 1644-2-18. Enparan errotako presak ere kalte handiak izan zituela adierazi zuten.
  • 1644-2-12. Hiru urtean zehar herriko ospitalean lana egiteko eskritura sinatu zuten Domingo Odriozolarekin eta honen emazte Agustina Mujikarekin.
  • 1644-2-12. Juan Larraari enparantza zabaltzeko bota zituzten etxeen tokia behar bezala harriztatuta gelditu zen begiratzeko eskatu zioten.
  • 1644-1-17. Diputazioak erregeari probintziak agindutako soldaduak prest izan zitezela aginduz bidalitako gutun bat jaso eta alkateak deituta udalbatzar nagusia ospatu zuten. Aginduan bakoitzari libra bat bolbora, metxa eta beruna emango zizkiotela aipatu zuten. Bederatzi soldadu prestatu behar zituen herriak bi konpainiatan joango ziren 220 laguneko taldea osatzeko. Eta agintariei ahalik eta azkarren haien aukeraketa egiteko eskatu zieten, bakoitzari 50 dukat eskainiz jazkia eta arma erosteko; erregeak agindu bezala, boluntario joango ziren. Herritarrak izan beharrean, beste nonahikoak izan zitezkeen bederatzi soldadu haiek.
  • 1644-1-12. Erreginaren hilketa funtzioetan, herriak 30.216 erreal gastatu zituela esan zen.
  • 1644-1-4. Sagardoa saltzen jarri aurretik egiten zen zozketarako orduan, 27 saltzaile bakarrik agertu ziren.
  • 1643-12-23. Aurreko Udalak herri barruan hiru taberna izatea erabakita zuen, beste bat Urrestillan eta beste bat Nuarbe auzoan 1644ko San Miguel egunera bitartean. Alondegian emango zuten Nafarroako ardo guztiaren berri pitxar bakoitzeko bi maraiko zerga kobratzeko -gauza bera eginik ardo zuriarekin edo Ribadabiako ardoarekin, Kanarietako edo Andaluziako (Espainia) txakolinarekin-, Joseph Goenaga izendatu zuen herriak guztiaren berri jasotzeko, urtean 150 erreal ordainduz.
  • 1643-12-18. Pedro Egurza eta Juan Larraar izendatu zituzten Azpeitian zeuden sagardo -hutsa zein urarekin nahasturikoa- upelen berri emateko. Horiek kontatu ondoren, salgai jartzeko zozketa egiteko txandak izendatu zituzten.
  • 1643-12-4. Parrokiko administrari gisa Udalak Santiago Marigorta erlojulariarekin eskritura sinatzea erabaki zuen, honek parrokiako dorrerako ordularia egin zezan ehun dukaten ordainetan.
  • 1643-11-6. Herri Batzarrean herritarren aldetik aukeratu zituzten Martin Bazan Larralde lizentziatua, Miguel Egurza eta Joan Oñaz agintariekin bildu ziren -Martin Zabalia herritar arkitektua ere han zen-, eta herri dorre berria egiteari buruz hitz zuten, ordularia eta kanpaia zituela. Aurrean zeukaten arkitektuak berak emandako itxura. Azkenik, elgoibartar Santiago Marigorta erlojulariari deitzea erabaki zuten, eta eskriturak sinatzea ahalik eta azkarren, obrak hasteko.
  • 1643-11-1. Herriko dorrea egiteari buruz zenbait erabaki hartu zituzten Herri Batzar nagusian.
  • 1643-10-30. Herriak plaza publikoan zuen dorreaz denbora luzez hitz egin ondoren, herriko sarrera nagusian, Mateo Zabaliak emandako itxura eta altueran, herria apain zezakeela-eta berria egiteko beharrezkoak ziren obrak egitea erabaki zuten, goialdean kanpaia jarriz, eta plaza aldetik eta errebaletik ikus zitekeen ordulari bat ipiniz.
  • 1643-10-14. Herriarentzat egokia zela pentsatuz, momentuan honoko taberna hauek bakarrik zabaltzea erabaki zuten: Eliz kalean, Juan Larraar eta haren emazteak bakarrik eta ez beste inork; Errebalean, Ana Larraar Ozakak. Erdi kalean eta Enparan kalean irekiko zituzten tabernei buruzko erabakia hurrengo ostiraleko batzarrerako utzi zuten.
  • 1643-9-29. Felipe IV.a Espainiako erregeak ontzat hartutako ordenantzak eman zituzten ezagutzera, urteroko agintari aukeraketa egiteko.
  • 1643-9-4. Kontuan izanik Juan Goitiaren etxeetan -une hartan Inazio Mendizabalek zituen- herriko harresiaren horma lurreratu zutela, herriaren izenean gestioak egitea agindu zioten fidelari, berriro beste bat altxatzeko.
  • 1643-1-23. Herrian tabernak gutxitzea egokia iruditu zitzaien agintariei, eta neurria hartzeko herritar guztiak otsailaren 2an, goizeko zortzietako bilerara deitu zituzten. Bilerara agertzen ez zenarentzat 300 maraiko isuna jarri zuten.
  • 1642-11-9. Alkateak Herri Batzarrean jakinarazi zuen herriak Arlizetako basoak saldu zituela, ikatz zama bakoitza erreal eta erdian -bertan egongo ziren alde handirik gabe 4.300 zama-. Haritzak, pagoak eta lizarrak zutik eta herriarentzat utzi zituzten.
  • 1642-11-7. Herritarrentzat egokia zela jabetuz eta kontuan izanik sagar gutxi izan zela urte hartan, sagardo zaharrak saltzea erabaki zuten, urtekoak salgai jarri aurrez.
  • 1642-10-31. Fidelak adierazi zuen herrian sekulako ardo falta zegoela, nafar hornitzaileek ohikoa zuten moduan ez zutelako ekartzen, eta herriak erabaki zuen herritar mandazain batzuei Errioxara (Espainia) edo beste nonbaitera joateagatik ordaintzea.
  • 1642-10-25. Kontuan izanik nahiko ardo gutxi ekartzen zutela herrira, sagardoa zutenek ez zituztela salgai jartzen prezioa altxatuko zela pentsatuz, eta ordu arte sagardo ona hamabi maraiko prezioan saldu zela jabetuz, prezio berean saltzeko agintzea erabaki zuten. Zoketa egin eta txandak ezarri zituzten.
  • 1642-7-18. Jakinik Eizmendi auzoko ermitako seroraren etxebizitzako ate ondoan haur utzi bat aurkitu zuten gauean, zigorra ezartzeko norena izan zitekeen jakiteko gestioak egitea eskatu zioten alkateari. Eta herriak, bataiatu ondoren, haurrari laguntza eman zion.
  • 1642-6-22. Alkateak jakinarazi zuen Azkoitiko alkatearekin bildu zela eskatzen zituzten 500 soldaduri buruz hitz egiteko. Gai hori Gipuzkoako batzar batean erabakitzea adostu zuten.
  • 1642-6-3. Diputazioak bidalitako gutun baten bidez, erregeak eginiko eskaeraren berri eman zuten. Bertan, probintzia osoko 500 soldaduren zerbitzua eskatu zuen erregeak. Gai garrantzitsua zenez, Azkoitiko ordezkariari bilera baterako deia luzatzea erabaki zuten. Bilera Loiolan egingo zen, Azkoitiko ordezkariak nahi zuen ordu eta lekuan. Horrela iritzi bateratu bat agertuko zioten Diputazioari.
  • 1642-1-30. Herriak olioaren hornikuntza egiten ari zirenekin auzia zuen, eta ahalik eta azkarren pare bat abokaturen iritziak jasotzea erabaki zuten.
  • 1642-1-10. Korrejidorearen idatzi baten aurrean, herritar eta biztanle guztiei zituzten armen berri herriko eskribauaren aurrean aitor zezaten dei egitea erabaki zuten, agindua betetzen ez zutenak bizia galtzeko arriskuarekin. Ohikoa zen bezala, agindua elizaren bidez -bai herriko parrokian eta bai Urrestillakoan- jakinaraztea erabaki zuten.
  • 1642-1-2. Juan Oñazek saltzen zituen txakolinak ikustea erabaki zuten agintariek, inguruko herrietan merkeagoak eta hobeak saltzen zirelako eta, gainera, bertan eginak. Udalak saltzaileekin urte osorako tratua egin zuen.
  • 1641-11-22. Herriko kale guztietako biztanle bakoitzak bere etxearen aurrea garbitzeko agindu zuten, berrehun maraiko isunaren azpian eta udaltzainaren esanetara.
  • 1641-11-3. Udalbatzarrean ahotsa eta botoa izanik, orduan agertu ez ziren kaparetasuna zuten herritarrei 400 maraiko isuna ezartzea erabaki zuten.
  • 1641-9-13. Idatzi baten bidez bere sentimendua agertu zuen Pedro Idiakezek, inolako agindurik gabe zurgin batzuek zuhaitzak ebaki zituztelako herriaren basoetan, pentsatuz Beasainen zeukan bere Igartzaola etxerako zirela. Herriari kalteak ordaintzeko zer egin zezakeen erabakitzeko eskatu zion. Idiakezi berari Orbegozo eta Zamora aldean, errekatik gora, 300 zuhaitz landa zitzala eskatzea erabaki zuten, ohiturari jarraituz bi hosto izatean herriari emateko.
  • 1641-8-16. Herriaren lurralde zatiak lantzeko baimena eman zieten Juan Lopez Eizagirreri eta Juan Gurrutxagari, Eizagirre eta Pagaola baserrikoei.
  • 1641-7-22. Herri Batzar nagusira etorri gabe gelditu zirenei ezarritako mila maraiko isunari buruz hitz egin eta berrehun maraira gutxitzea erabaki zuten, ikusita nolako beharrak zituzten herritarrek, nahiz eta Inazio Agirrek garbi adierazi ezarritakoa kendu egin behar zitzaiela.
  • 1641-7-22. Saninazioak ospatzeko Arantzazuko komentuko musikariak ekartzea eta prozesioetan ezpata dantzak egitea erabaki zuten, beste ekintzen artean.
  • 1641-6-28. Juan Martinez Etxeberriari parrokirako egin zuen zilarrezko gurutzea ordaindu zioten.
  • 1641-5-10. Juan Garai herriratzean ospatutako zezenketaren gastuak onartu zituzten.
  • 1641-5-2. Juan Garai jenerala hurrengo egunean herriratuko zen albistea jaso zuten. Beste herrietan ongi-etorri berezia egin ziotela adierazi zuten. Beraz, Gipuzkoako herri berezienetakoa izanik, besteen mailan edo gaindituz ongi-etorria egitea erabaki zuten. Bidera irten eta Lorentzo Agirre idazkariak parrokiaren ondoan utzitako etxe nagusira iritsitakoan ongi-etorria egin zieten hari eta laguntzaileei. Herriaren kontura bazkaria ere eskaini zieten.
  • 1641-4-28. Herriaren diru kontuen berri eman zuten: 20.000 errealetik gorako zorrak zituen unean, probintziari ordaindu beharrekoa atzeraturik eta beste obligazio batzuk medio. Ondoren, neurriak hartu behar zirela jakinarazi zuten.
  • 1641-4-13. Juan Martinez Etxeberria zilarginak parrokirako zilarrezko gurutzea prestaturik zuen eta hori aztertzeko batzordea izendatu zuten.
  • 1641-4-13. Landetako ermita guztiz eroria zegoenez, eta kontuan izanik aurrez Urrekasoro baserrian zegoena unean hutsik zegoela, hori bota eta material baliagarriak Landetakoa altxatzeko erabiltzea onartu zuten.
  • 1641-4-4. Martin Perez Goiazi idaztea erabaki zuten, Vera Cruz kofradiak bandera bat behar zuelako Ostegun Santuko prozesiorako. Sevillan (Espainia) ziren herritarrei, gehiegi kostatu gabeko bandera beltz bat (gurutze berdea erdian zuela) egitea eta ahalik eta azkarren bidaltzea eskatu zieten.
  • 1641-2-28. Jabetuz herriko artxiboan paper, liburu eta arma asko falta zirela, eskomiku bat ekartzea erabaki zuten.
  • 1641-2-28. Bideak konpontzeko erabaki egoki bat hartzeko burdinoletako jabe eta olagizonekin harremanetan jartzea erabaki zuten.
  • 1641-2-28. Aurrez emandako agindua betetzea agindu zioten Pedro Jauregiri: mila haritz eta gaztainondo landatzea. 150 erreal ordaindu zizkioten.
  • 1641-2-28. Parrokiko elizako ondasunen inbentarioa egitea erabaki zuten.
  • 1641-2-12. Bide nagusi, zubi eta pontoietan gurdiekin ibiltzea debekatu zuten, nahiko arriskutsuak zirelako oinez edo zaldian ibiltzeko. Bestela, gurdia galdu eta zigorra jasoko zuten.
  • 1640-12-7. Lezora irten behar zuen konpainiaren kapitain gisa Mateo Larretxe alkatea izendatu zuten. Alferez moduan Domingo Kortaberria, sarjentu Julian Roteta eta diruzain Bautista Eizagirre.
  • 1640-12-7. Hurrengo egunean, Sortzez Garbiaren egunean, parrokien bidez jakinarazi zieten herritarrei euren armak eskuetan prest egon behar zutela guztiek, eta hurrengo egunetik aurrera egingo zutela konpainiari laguntza emateko diru bilketa.
  • 1640-12-7. Pazko hirugarrenean soldaduen zerrenda osatuko zutenez, zerrendako herritarrei armak hartuta agertzeko eskatu zieten. Agertzen ez zenak mila maraiko isuna eta zortzi eguneko kartzela zigorra izango zituen.
  • 1640-12-7. Abenduaren 3an Mandiolatza inguruan aurkitutako haur utzia herriaren kontura haztea erabaki zuten.
  • 1640-12-3. Gauean, Mandiolatza etxearen inguruan utzitako hiru bat hilabeteko umea aurkitu zuten.
  • 1640-11-25. Herri Batzar nagusian alkateak Gipuzkoako azken batzar nagusiak hartutako erabakiaren berri eman zuen: herriko konpainiak Lezora irtetea urtarrilaren 15ean, han geldituz hilaren bukaera arte. Horretaz gain, alkateak zioen kontuan eduki behar zirela gastuak eta aurkitu egin beharko zirela armak; izan ere, herrian arma gutxi zeuden, aurretik joandako soldaduek ez zituztelako guztiak itzuli. Aho batez erabaki zuten kapitain ohi Domingo Lopez Arandiari kontuak eskatzea, baita harekin agintean egon zirenei ere; ondorengoei ere gauza bera egin zieten, herriak zituen armekin zer gertatu zen jakiteko.
  • 1640-11-25. Herritik irtengo zuen konpainia 80 lagunez osatutakoa izatea erabaki zuten, eta zilarrezko erreal bat eman zioten kide bakoitzari.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan