Hamarkada: 1650

  • 1658-2-9. Urrestillako parrokiko etxezain Inazio Gaztañaondok bere izenean eta bertako biztanleen izenean Azpeitiko alkatearen jokaera salatu zuen, honek etxezaintzarako aukeraketa egin behar zeneko bileran egon nahi zuelako. Ozaeta Gallastegi eskribauaren aurrean egin zuen kexaren aurkezpena, esanez Azpeitiko alkateak horrelako aukeraketa egin behar zenean ez zuela zerikusirik, eta ondoren kopia bat alkateari ematea eskatu zuen.
  • 1657-9-25. San Agustin komentuari honek behar zuen egurra ebakitzeko baimena ematea erabaki zuten, herriarekin eginik zuen eskritura kontuan izanik baina Larrar basoan ebakuntzarik egin gabe.
  • 1657-9-16. Herri Batzar nagusian alkateak esan zuen San Agustin komentuko prioreak eraikin berria egitea proposatu zuela, unean zena zantar zegoelako, eta gaiari buruz erabakiren bat hartzeko egin zuela deialdia. Herriak eginiko eskritura irakurri eta gero, agintariei erabaki bat hartzeko ahalmena eman zieten, komentuari buruz eginda zeuden agiri guztiak aztertu ondoren.
  • 1657-5-24. Gipuzkoako azken Batzar Nagusietan mazero ibili zirenei ordaindu egin zieten.
  • 1656-11-3. Herritarrak haserrea zeuden, sagardorik ez zutelako salgai jarri nahi bera zutenek. Hori gogoan izanik, Udalak Martin Erkizia eta Lorentzo Iruretari deitu zien, eta agindu zien sagardoa zutenen zerrenda osatzeko berehala, zozketa baten ondoren salgai jar zezaten txandak izendatuz.
  • 1656-8-25. Enparan zubia egiten ari zen Joan Ansola hargin maisua eta bere lanerako egurra eskatu zuen. Herriak behar zuena ematea erabaki zuen.
  • 1656-8-11. Domingo Betelu zirujauak, herrian bertan ezkondu zenez eta maila ona zuenez, herritar egin nahi zuela jakinarazi zuen eta behar zen informazio eskaera egiteko azaldu zuen. Herriko eskribauari Bidanian eta behar zen tokietan bere berri jakiteko egin beharrekoa egiteko agindu zioten.
  • 1656-7-24. Joan Ansola maisuak adierazi zuen derrigorrezkoa zela zimendu berriak ateratzea parrokiko elizako sei pilareak egiteko, lehengo zaharrak behar bezalakoak ez baitziren. Eskribauaren aurrean eskritura sinatzea erabaki zuten, bere iritzia idatzirik gera zedin.
  • 1656-6-16. Ibarluze etxearen lurraldean baserri bat egiteko egurra eskatu zuen Inazio Atxaranek, eta baimena eman zioten.
  • 1656-6-2. Urrestillako parrokiko etxezainaren eskaera onartu zuten: Susparainera herriaren basoetako egurra eramatea ordaintzea.
  • 1656-5-26. Inazio Atxaran izendatu zuten herriari tokatzen zitzaizkion zazpi soldadu Tolosara eramateko. Bueltan beharreko agiria ekarriko zuen.
  • 1656-5-14. Gipuzkoak 160 soldadu eskaini zuenez eta haietako zazpi herriari tokatzen zitzaizkiola kontuan izanik, mendiak erosi zituenekin harremanetan jartzea erabaki zuten edo, bestela, dirua zentsuan hartzea.
  • 1656-4-17. Unean Enparan zubiak agertzen zuen hondamena parrokiko obrak egiten zituzten maisuei kontsultatzea erabaki zuten, euren iritzia jasotzeko.
  • 1656-4-17. Malardategi zubia botatzea erabaki zuten, hemendik jaso zitekeen materialak Enparan zubirako ez zuelako balio.
  • 1656-4-7. Gipuzkoako Batzar Nagusiak herrian ospatuko zirela kontuan izanik, Julian Roteta eta Pedro Antxieta errejidoreei sei zezen inguratzea eskatu zieten maiatzaren 8an egingo zen zezenketarako.
  • 1656-3-31. Pedro Larrea maisuak adierazi zuen Elolaren Ikastetxea prest zuela, eskatutakoa baino material gehiago jarri bazituen ere, eta herriak erabaki zuen maisu bat izendatzeko azterketa egitea.
  • 1656-3-27. Eskribauak adierazi zuen, alkatearen aginduz eta fraide eta herritarren aurrean inolako iskanbilarik gabe, nolatan jarri zuten Juan Apaeztegia eta bere ofizialek herriko armarria San Agustin komentuaren sarrerako ate gainean, urreztatu eta margotu ondoren.
  • 1656-3-7. Parrokiko obra handiak berehala hasteko asmoarekin herriratu zen Joan Ansola maisuak eginiko eskaerari erantzunez, herriak hari 500 dukat ematea erabaki zuen.
  • 1656-2-27. Aurreko urtean alkate izan zen Inazio Agirre jaunari auzia jarria zioten herriko agustindarrek, horien komentuan lapurreta egin zuen preso batek ihes egin zuenean. Ondorengo alkateak adierazi zuen egokia iruditzen zitzaiola Agirre jaunaren alde herriak ahaleginak egitea, honen erruz ez baitzuen ihes egin, baizik eta kartzelako alkaiderik ez zegoelako orduan herrian. Gaiari buruz Ozaeta eta Gallastegi lizentziatuek emandako iritzia irakurri zuten ondoren, eta zera jakinarazi zuten: ez zela egokia herriak parte hartzea eta bere laguntza eskaintzea. Alkateak adierazi zuen orduan unean bi preso nahiko zaindu beharrekoak bazirela herriko kartzelan eta derrigorrezkoa egiten zela alkaide bat izendatzea ahalik eta azkarren, bere gain beste auzi bat inork jarri baino lehen. Postua hartu nahi zuenarentzat, elizaren bidez deialdia egitea erabaki zuten. Bitartean, Iñigo Alzaga fidela eta Pedro Antxieta erregidorea saiatu ziren herriak nola joka zezakeen jakiten.
  • 1656-2-18. Bidaniko San Bartolome elizan hilaren 21ean izango zen batzar berezia zela-eta, erabaki zuten erregeari erregutuz adieraztea oraingoz behintzat probintziari soldadu gehiago ez eskatzeko.
  • 1656-2-11. Sagardo saltzaileek pitxarra 12 maraiko prezioan ez zutelako saldu nahi, 14ra altxatu zuten agintariek urte guztirako.
  • 1656-2-5. Parrokiko obrak jarraitzeko eta zazpi urteren barruan amaitzekotan, eskritura egin zuten Joan Ansola maisu hargin eibartartarrarekin. Lehenengo, mila erreal eman zizkioten bere sendiarekin herrira etor zedin. Eta martxoaren lehen egunerako langileak ekarri eta beste 500 dukat eman zizkioten.
  • 1656-1-24. Ikusita herrian izango ziren batzar nagusietara zetozen musikari batzuk herritarrek euren etxeetan ez zituztela hartu nahi, fidelari haientzat ostatua aurkitzeko agindu zioten, herriak ordainduz.
  • 1656-1-8. Inazio Sarasuak 184 dukat ordainduz, Soreasu errota hartu zuen, urtebeterako.
  • 1656-1-4. Herriak parrokiko obra handia egiteko hitzarmena egina zuen Joan Ansola maisuarekin. Eibarren eta Elgoibarren iritziak jaso ondoren, ezagutzera eman zuten Ansolak lanerako zuen trebetasuna. Ondoren, maisuarekin eskritura egitea erabaki zuten agintariek.
  • 1656-1-4. Bostehun maraiko multa jarri zioten Nuarbeko tabernari Martin Etxanizi, aurrez agintarien aldetik ikusi eta salneurria jarri gabeko ardoa saldu zuelako. Gainera, debekatu egin zioten aurrerantzean berdin jokatzea.
  • 1656-1-4. Maiatzean herrian ospatuko zituzten Gipuzkoako Batzar Nagusietarako guztia prestatuta eduki nahian, herriak elizkizunetarako predikariak aukeratu zituen: Frantzisko Zelaiaran lizentziatua eta erretorea Andre Mariaren sermoia egiteko; Miguel Otaola fraide herritarra, Felipe eta Santiago deunen sermoirako; hirugarren egunean, Gurutze eguna ospatzeko, herriko Santo Domingo komentuko Juan Troconiz fraidea; eta azken egunerako, San Inazioren ospakizunerako, Domingo Goiaz fraide herritarra.
  • 1656-1-4. Joan Ansola maisuari udalbatzarrera sartzeko baimena eman zioten, eta honek adierazi zuen parrokiko lanak egiteko eskritura sinatzeko asmoan etorri zela. 1.000 erreal eskatu zituen bere etxebizitza herrian egokiturik izan zezan martxoaren aurrenerako. Eskribauari berehala paper guztiak presta zitzan agindu zioten, hurrengo egunean bertan egin zezan.
  • 1656-1-2. Eskritura baten bidez eta 228 dukat ordainduz, Enparango errota Frantzisko Arbeztainek hartu zuen urtebeterako.
  • 1655-10-22. Alkateak, fidelak eta Pedro Antxieta erregidoreak jakinarazi zuten prestaturik zeukatela parrokian egin beharreko lanen zerrenda, eta herrietako hargin maisuei albisteak pasatu zien, gutunekin batera. Lehen almodena egun bezala izendatu zuten aurtengo Santu Guztien eguna eta errematea egiteko, berriz, azaroaren 3a.
  • 1655-10-15. Batzordea izendatu zuten parrokiko elizan egin behar ziren lanak ikusi ondoren errematean jartzeko. Bi mila dukat eskaini zituzten orduan, eta beste laurehun, berriz, urtero, obra guztia ordaindu bitartean. Sei pilare altxatu, gangak estali eta beste zenbait lan aurrera eramatea erabaki zuten.
  • 1654-10-23. Joan Anzia erregidoreak Erdi kaleko etxeen aurreko espaloietan arriskua zela jakinarazi zuen -batez ere, Eliz kale aldera zirenetan-, eta etxeen arteko karkabak zikin zeudela, gaixotasunak sortzeko arriskua izanik. Etxebizitza bakoitzeko biztanleei hamabost egunen barruan garbitzeko agindu zieten eta, bestela, herriak berak egingo zuela esan zieten, gero haiei ordainaraziz.
  • 1654-9-8. Herri Batzar nagusian esan zuten Azpeitia eta Azkoitia artean lapur asko zebilela, arriskuan izanik biztanleak. Herritar edonori herriko lurraldean lapurra harrapatu eta kartzelara ekartzeko ahalmena ematea erabaki zuten; herriaren aldetik, gainera, 50 erreal ordainduz.
  • 1654-9-4. Alkateak jakinarazi zuen herria eta Azkoitia bitartean lapurrak zebiltzala. Beldurrez zeuden biztanleak batetik bestera ibiltzeko, eta derrigorrezkoa izan zen neurriak hartzea. Herri Batzarrera deitzea erabaki zuten hilaren 8rako, goizeko bederatzietarako.
  • 1654-8-29. Zelaiaran parrokiko erretorearekin sortutako eztabaida nolabait moztu nahirik eta herritarren artean bakea izan zedin, Udalak Andre Mariaren Natibitate eguneko elizkizuna San Agustin komentuko elizan ospatzea erabaki zuen.
  • 1654-8-28. Herriak Andre Mariaren Natibitate eguneko sermoia San Agustin komentuko prioreak parrokian egitea erabakia zuen. Erabakia jakinarazteko udaltzaina bidali zuten. Alkateak udaltzainaren bidez jakin zuen Zelaiaran erretoreak erabakia ez zuela entzun ere nahi izan, bazkaltzen ari zela erantzunez. Pedro Beltran Oiarzabal eta Joseph Roteta erregidoreak bidaltzea erabaki zuten, eta gainontzeko agintariak udaletxean gelditu ziren. Horiek ere itzultzean adierazi zuten erretoreak, beste nonbaiten zela esanez, ez zuela ezer entzun nahi izan. Berriro joan ziren bi lagunak; oraingoan atea jo gabe erretorearen etxe barnera sartzeko baimena zuten gainontzeko agintariengandik, eta itzulitakoan erretoreak beste herritar batzuekin karta jokoan zela eta bizkarra emanez entzun zituela jakinarazi zuten. Gertatuaren berri herritar bereziei ematea erabaki zuten, batzarrean.
  • 1654-8-2. Herri Batzarrean alkateak herriaren ekonomia egoera larria jakinarazi zuen, eta saldutako basoak kobratzeko izendatuta ziren Iñigo Alzaga eta Martin Eleizaldek, oraingoz Diputazioaren gastuak ordaintzeko 400 erreal aurreratzea erabaki zuten.
  • 1654-5-24. Harategia ikusi ondoren, egunez ateak zabalik edukitzea erabaki zuten zerbitzua eskaintzeko, eta kale batetik besterako pasabidea utzirik jendearentzat.
  • 1654-5-17. Mendiak erosi zituztenei ordainketa zati bat eskatzea erabaki zuten, herriari tokatzen zitzaizkion soldaduei ordaintzeko.
  • 1654-5-17. Harategiko obrak ikusteko batzordea izendatu zuten, ondoren ordainketa egiteko horrela irudituz gero.
  • 1654-4-2. Herriko erretore eta apaizek eginiko salaketaren ondoren, apezpikuaren bikarioak parrokiko etxezainari bertan egiten ziren obrei buruzko kontuak eskatu zizkion. Herriak Juan Ruiz Bikuña izendatzea erabaki zuen bere izenean, bikarioaren aurrean ager zezan betidanik gaiari buruz informatzeko izan zuen eskubidea.
  • 1654-2-27. Alkateak korrejidorearen aginduaren berri eman zuen; hau da, herria egiten ari zen harategia berehala gelditu behar zela, maisu batek proiektu bat egin eta aurrekontuaren berri eman bitartean. Eta aurrez enkantean jarri behar zela, edonork aukera izan zezan langintza hori egiteko. Agindua betetzea erabaki zuen herriak.
  • 1654-2-6. Herritar bereziei deitu zieten udalbatzarrera, erregeak eginiko soldadu eskaerari buruz hitz egiteko, eta bertan erabaki zuten otsailaren 10an Bidanian egingo zen batzar berezian herriaren iritzia agertzea, soldadu gehiagorik ez eskainiz erregeari.
  • 1654-1-30. Diputazioak idatzitako gutun bat irakurri zuten, erregeak bidalitakoaren kopia batekin batera, esanez eskatutako soldaduak prest egon zitezela martxoaren lehen egunetan Kataluniara bidean jartzeko. Diputazioak Bidaniko San Bartolome elizara deitu zuen, otsailaren 10ean, batzar berezia egiteko.
  • 1654-1-11. Pregonariak deituta, lehen aldiz, parrokian egin nahi zen obra handia jarri zuten enkantean, herriko plazan, baina ez zuen inork bereganatu.
  • 1654-1-11. Soreasu errota hartu zuen urtebeterako Inazio Arzuagak, 230 dukat ordainduz.
  • 1654-1-10. Maisu harginekin harremanak izan ondoren, parrokian egin behar ziren obra handiak enkantean jartzea erabaki zuten. Hamabost egunean behin egingo zuten enkantea Bazko eguna bitartean, esanez langintza hartzen zuenak sei urteren barruan amaitu beharko zuela: lehen unean mila dukat emango zizkioten eta beste 500 urtean. Herriko parrokian ez ezik, Urrestillakoan ere langintza honen berri adieraztea erabaki zuten, eta Gipuzkoako beste zenbait herrietara albisteak bidali zituzten, maisuek jakin zezaten.
  • 1653-11-25. Alkateak San Agustingo sarrerako atearen gainean egon ohi zen herriaren armarria zergatik kendu zuten jakin izan nahi zuen, eta herriak zeuzkan eskubideak kontuan izanik berriro jartzea derrigorrezkotzat zuela adierazi zuen. Alkatea eta fidelari agindu zieten komentuko priorearekin harremanetan jarri eta armarri berria egiteko, lehengoa zegoen tokian jartzeko.
  • 1653-11-23. Herritarren gogoa parrokia egokitzea eta amaitzea zen, eta Joakin Mendizabal fidelari eta Saloguen lizentziatuari agindu zieten inguruko maisuei deitzeko, horien iritziak jasotzeko.
  • 1653-10-24. Herriko fidelak jakinarazi zuen agindu zioten bezala erakutsi zizkiola Saloguen lizentziatuari Erdi kaleko zoruari buruz eginik zeuden eskriturak eta agiriak, eta hark eman zuela iritzia, harategiak egiteko lurraldea erosteko herriak zer egin behar zuen adieraziz.
  • 1653-10-10. Mari Cruz Azpeitiak laguntza eskatu zuen berak zazpi urte bete bitartean hazi zuen utzitako haurrarentzat, herriko ospitalak hilean eskatzen zituen hiru erreal emateko ezinezkoa egiten zitzaiolako artean lanari heltzea. Horrela egitea erabaki zuten, beste behartsuekin bezala.
  • 1653-9-17. Alkateak jakinarazi zuen Azpeitian eta Azkoitian, Diputazioaren aginduz, 250 soldadu irlandar sartu zirela, eta bi herrien artean Loiolan eginiko bileran Diputazioaren aurrean euren kexa agertzea erabaki zutela. Horretarako, herriaren aldetik Martin Eleizalde kapitaina izendatu zuten ordezkari, eta azkoitiarren aldetik Cristobal Idiakez kapitaina.
  • 1653-9-10. Diputazioak idatzi zuen, esanez izurritea zela Frantziako zenbait tokitan, eta herriak erabaki zuen guardiak jartzea herriaren sarreretan.
  • 1653-8-27. Udaletxean Frantzisko Zelaiaran Ofizio Santuko komisarioa azaldu zen, Frantzisko Goitia erretorea hiltzean apezpikuak haren posturako izendatu zuela esanez.
  • 1653-8-15. Frantzisko Goitia parrokiko erretorea hiltzean Adrian Elordi bere tenientea ordezko izendatzea eskatu zion Udalak Iruñeko apezpikuari.
  • 1653-7-27. Domingo Gerrenzuri eta Joxe Goenaga berme bidez aske utzi zituztela adierazi zuten. Herriak berme horiek erreal probisioak agintzen zuen bezala ordaintzea erabaki zuen. Horretarako zenbait herritar izendatu zituen.
  • 1653-7-5. Alkateak jakinarazi zuen Joseph Goenaga eta Domingo Gerrenzuri atxilotuak prest zirela Valladolidera (Espainia) irteteko Agustin del Castillo alguazilarekin, Loiola sendiaren etxe batzuk lurreratu zirelako herriko enparantzan. Herriari ukitzen zion gaia izanik, bien artean Juan Anziaren eskuetan zen dirutik zilarrezko ehun dukat banatzea erabaki zuten.
  • 1653-6-25. Herrian zen kanpai-egile batekin harremanetan jartzea erabaki zuten, parrokiko bi kanpai hautsiak funditzeko.
  • 1653-6-12. Domingo Lopez Arandia alkatea atxiloturik zeukan Valladolideko (Espainia) Chancilleria Errealeko alguazilak. Haren teniente Inazio Agirre aukeratu zuten alkatetzan hutsunea betetzeko.
  • 1653-6-6. Matias Inazio Zuazolak auzia jarri zien herriko fidel Domingo Gerrenzuri eta Joseph Goenaga erregidoreari, Loiola sendiak enparantzan zituen etxeak bota zituztelako. Herriak batzordea izendatzea erabaki zuen basoak saldutakoan diruak kobratzeko. Horrela, herriaren aldetik bi agintariak defenditu nahi ziren.
  • 1653-6-6. Valladolideko (Espainia) Chancilleria Errealak alkatea atxilotzea aginduta zeukan. Horrek gastu handiak sortuko zizkion berari eta herriak ehun dukat ematea erabaki zuten.
  • 1653-5-27. Soreasu errota enkantean jartzea elizaren bidez jakinaraziko zela erabaki zuten.
  • 1653-5-9. Urrestillako zubia baino gorago zegoen bidea konpontzea erabaki zuten. Gaizki zegoen, eta gurdiak zubitik igarotzen ziren.
  • 1653-3-30. Enparantzan ziren etxeak bota zirelako Alcañicesko (Espainia) markes Matias Inazio Zuazolak herritar bati auzia jarri zion, eta herriak honen defentsa ordaintzea erabaki zuen.
  • 1653-2-14. Hilaren 17an Bidaniko San Bartolome elizan egingo zuten batzar berezian erregeak eginiko soldaduen eskaerari erantzuteko, herriak nolako erabakia agertu behar zuen erabakitzen ahalegindu ziren agintariak, baina nahiko iskanbila sortu zen eta azkenean bozketa bidez hartu zuten erabakia.
  • 1653-2-1. Probintziak Bidaniko San Bartolome elizan hilaren 17an egin zen batzar berezira deitu zuen, eta herriak Iñigo Alzaga alkatea, Martin Eleizalde eta Saloguen lizentziatua izendatu zituen prokuradore Bidanira joateko. Batzarreko gai nagusia erregeak laguntza eske eginiko deialdia izan zen. Herria, berriz, sekulako larrialdian zen orduan.
  • 1653-1-9. Loiola etxean, herriko enparantzako etxeak botatzean egindako gastuen berri adierazi zuten: 799'5 erreal guztira.
  • 1652-9-25. Behin eta berriz herriaren kontuak ikusi ondoren, eta aurreko urtean alkatetzan izan zen Inazio Agirre udaletxera deiturik, bere garaiko gastu batzuen berri eman zezan, herriaren erabakien aurkako gastu bakar batzuk egin zituen, Joseph Goenaga eskribauak prestatutako txostenak zioenez. San Miguel egunean herritarren aurrean guztiaren berri adieraztekotan gelditu zen.
  • 1652-8-22. Probintziak adierazi zuen Zaragoza hirian (Espainia) izurritea zela eta herrietan guardiak egitea egokia zela. Ohiko postuetan guardiak egitea erabaki zuten: Bustinzuriko Gurutzean, Madalenako ermitan eta Enparango zubian.
  • 1652-1-19. Ofizio Santuko Komisaria zen Frantzisko Zelaiaran eta Frantzisko Landa apaizak agertu ziren udalbatzarrean baimena eman ondoren zenbait eskaera egin zizkioten herriari. Eskaeretako bat parrokiko elizaren teilatua konpontzeko izan zen. Hauek kanporatu ondoren hartu zituzten erabakiak herriko agintariek.
  • 1652-1-19. Parrokiko etxezain Inazio Oriari diru kontuen berri emateko eskatu zion herriak.
  • 1652-1-5. Sebastian Lete udaltzainak, herriko dorrean bizi zenez, herriko ordularia zaintzen bera ardura zitekeela-eta eskaera egin zuen. Agintariek baiezkoa eman zioten, egun horretatik hasiz, aurrez Martin Concejok jasotzen zuen soldata berarekin.
  • 1652-1-5. Parrokiko elizarako aulkiak eginak zituen Juan Apaeztegi maisuak, eta elizari haiek ordaintzeko eskatzea erabaki zuten.
  • 1652-1-5. Alkateak jakinarazi zuen -aurrez herriak erabakita bezala eta erregeak probintziari eginiko eskariari erantzunez- Bartzelonarako lau soldadu bidali zituela, 50 dukat ordaindu ondoren.
  • 1651-12-1. Domingo Kortaberriak eta Inazio Agirrek Arrasaten egindako Batzar Nagusian hartutako erabakiaren berri eman zuten: urtean behin eta eguberri bigarren egunez probintziko herri eta bailara guztietan arma erakusketa egitea, biztanle bakoitzak bere arma erakusgai jarriz. Agindua parrokien bidez zabaltzea erabaki zuten eta gisa horretan jakin zuen herritar bakoitzak bere betebehar berriaren berri.
  • 1651-8-18. Batzarrean Antonio Zabala San Agustin komentuko priorea eta Manuel fraide eta haren laguntzailea agertu ziren santuaren egun bezperan eta egunean, ohitura jarraituz, agintariek elizkizunetan eta bazkarian izatea gogoko zutela adieraziz. Bertara azaltzea erabaki zuten, eta zahagi bat ardo, ahari bat, erretako anega bat ogi eta elur zama bat bazkarirako komentura bidaltzea agindu zen.
  • 1651-8-18. Mariana Plazaolak Komuntzo baserrian konponketa lanak egiteko egurra eskatu zuen eta Udalak ebakitzeko baimena eman zion, herriaren lurraldeetan izan ezik.
  • 1651-7-14. Alkateak gogorazi zuen ohiko feria ospatuko zela, herriko patroiaren eguna hurbil baitzen. Mesede handirik sortzen ez bazuten ere herritarren txanponak eskuratzera kanpotar merkatariak etorriko zirela ere jakinarazi zuen. Herriak erabaki zuen kanpotar merkatariei zerga ezartzea egun horietarako, eta ordaintzea nahi ez zuenari ez uztea bere postua herrian izatea.
  • 1651-6-23. Alkateak proposatu zuen San Inazio festetarako zezenak ematen zituzten herritarrekin hitz egitea. Herritar horiek eta agintariek euren kontura zezen bana ematera konprometitu ziren.
  • 1651-2-17. Valladolideko (Espainia) Chancilleriako kaparetasun alkate Pedro Gamarra zoriontzea erabaki zuten, Pedro Arriaga Ormaegiren alabarekin ezkondu zelako.
  • 1651-1-15. Gonbidapen, eskaintza eta osperik gabe meza berriak ematea erabaki zuten.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan