Hamarkada: 1680

  • 1689-12-25. Inazio Urkieta eta Lasalde, parrokiko erretorearekin harremanetan jartzea erabaki zuten, honi eskatuz denbora galdu gabe elizako koru azpian margoak eta pinturak eginarazteko. Bera zen Martin Garatetxea maisuaren alargunaren ordezkoa eta hark zuen eginbehar hori, eskrituran agertzen zen moduan. Herriko fidelari guztia zaintzeko agindu zioten.
  • 1689-11-11. Kontuan izanik herriko dendariek eta beste zenbait herritarrek janariak eta edariak erosten zituztela partikularki, ondoren salgai jartzeko inolako preziorik eman gabe herriak -berak zituen ordenantza eta erregeak emandako pribilegioak alde batera utzirik; horietan agintzen zenez, azokan salgai jarri behar ziren, herritar guztiek erosotasuna izan zezaten erosketak egiteko, eta horrela ez bazen egiten denentzat kalteak sortzen ziren-, neurriak hartu nahirik abokatu batekin harremanetan jartzea erabaki zuten, gaiari buruz bere iritzia jakiteko. Bitartean, eta pregonariaren bitartez, adierazi zuten herriko kaleetan eta enparantzan janariak eta edariak saltzeko asmoan herriratzen ziren guztiek inolako salketarik egin gabe generoak aurrez herriko alondegiko plazara eraman beharko zituztela, eta bertan eduki, gainera, gutxienez ordubete batean, edonork izan zezan erosteko aukera.
  • 1689-9-23. Iruñeko apezpikuak, herriak idatzitako gutun bati erantzunez, jakinarazi zuen ezinezkoa egiten zitzaiola gauean dantzatzen zituzten gizonezkoen eta emakumeen eskumikua altxatzea. Horren berri herriari ematea erabaki zuten, San Miguel ondoren egingo zen lehen Herri Batzarrean.
  • 1689-8-10. Parroki atzeko iturriko ura zikindu egiten zela-eta kexak izan ziren, eta inguruan harria ateratzea eta lurra mugitzea debekatzea erabaki zuten.
  • 1689-7-8. Zenbait pertsonek ibai eta erreketan tresna debekatuak erabiliz arrantzarako edo ibaira karea botatzen zutelako kalteak egiten zituzten herriko ordenantzen aurka. Izendatuta ziren isunak kobratzea erabaki zuten, inolako aitzakiarik gabe. Era berean, murgilean arrantza egiten zuenari 500 maraiko isuna eta zortzi eguneko kartzela ezartzea ere onartu zuten.
  • 1689-7-8. Izarraizko izoztegia eta erretena ikusten hiru egun egin zituen Domingo Longa harginari egindako lana ordaindu zioten.
  • 1689-6-3. Anardiko Juan Larraar zurgin maisuak eta Inazio Etxabe harginak osatutako txostenaren berri eman zuten. Bertan, hondamenean ziren etxeei buruzko euren iritzia agertzen zen. Etxe horien jabeei albistea ematea erabaki zuten eta hogei egunen barruan konponketa lanak egin zitzatela agindu zieten.
  • 1689-5-11. Herriko teilerian egiten ziren teila eta adreiluen prezioak finkatu ziren. Mila teilengatik ez zen zilarrezko 34 erreal baino gehiago eskatuko eta 24 baino gehiago ere ez adreiluagatik.
  • 1689-4-16. Maiatzaren 23an Espainiako erreginaren hileta elizkizuna ospatzea erabaki zuten, bezperan kanpaiak joz.
  • 1689-4-11. Espainiako erregeak emandako zedula gogoan izanik, herriak, lehen deialdiari erantzuteko, biztanle guztiak euren arma eta munizioekin prest zeudela adieraztea erabaki zuen.
  • 1689-3-21. Baldintza batzuek medio, baimena eman zioten Inazio Basazabali bere etxearen atzean dolareak egiteko, harresiaren inguruan pasabidea utzita. Herriak egindako zion mesedea ordaindu egin beharko zuen, 150 haritz landatuz eta bi hostoaldi egitean eskainiz.
  • 1689-3-13. Alkateak jakinarazi zuen Loiolako Erret Ikastetxe erretore eta erlijiosoek herria gonbidatzeko asmoa zutela obraren lehen harria jartzean, eta Udalak erabaki zuen ehun mosketarirekin osatutako taldea osatzea, ekintza horretara joan eta salba bat bota zezaten.
  • 1689-3-4. Alondegitik pasatu eta zergak ordaindu gabe salmentak egiten zituztenei herriaren aldetik isuna ezarri eta beraien aurkako auzia jarriko zietela adieraztea erabaki zuten.
  • 1689-2-11. Diputazioak, frantziarrek bakea moztuko zuten beldurrez biztanle guztiak prest egoteko albistea pasatu zutenean, herritar eta biztanle guztiei elizaren bidez jakinaraztea erabaki zuen. Lehen deialdian, berehala agertuko beharko zuten herritar eta biztanleek, bestela 1.000 maraiko isuna izango zuten jatorrizko herritarrek eta 500ekoa biztanleek, zigor handiagoak eta kartzela izango zuten managaitzak. 18tik 60 urte bitartekoek prest egon beharko zuten euren arma, libera, bolbora eta abarrekin.
  • 1689-2-11. Torileko burdinsarea egiteko, bere burdinolan lantzen ari zen 25 kintale burdin gordetzeko eskatu zioten Frantzisko Bikuñari.
  • 1689-1-5. Inazio Basazabal eta Zurbanorekin konponketa egin zuen Udalak, torila edo zezentokia egin zezaten.
  • 1689-1-5. Amue eta Soreasuko presatan ibaiko hondarra ateratzeko baimena eman zioten Loiolako erretore Frantzisko Aleson aitari, ikastetxeko eta elizako obrak egiteko.
  • 1688-10-15. Herriko zenbait etxe hondamenean eta arriskuan izanik, Juan Apaeztegi eta Lorentzo Eleizalde erregidoreei txostena prestatzeko agindu zieten, Juan Larraar zurginarekin eta Inazio Etxabe harginarekin harremanetan jarrita.
  • 1688-7-23. Pedro Odriozola eta Mateo Etxaniz maisuei lau egunen barruan Izarraizko izoztegian eta txabolan lanean hasteko eta zortzi egunen barruan amaitzeko adieraztea erabaki zuten. Berrehun errealeko isuna izendatu zuten bakoitzarentzat, lana egiten ez bazuten.
  • 1688-7-11. Izarraizko izoztegian eta inguruko etxe txikian egin behar ziren konponketa lanak aurrera eramatea erabaki zuten. Lehenik izoztegiak behar zuen erretena egingo zuten, eta ondoren beste guztia.
  • 1688-7-8. Parrokiko organoan egin zituen konponketa lanak ordaindu zizkioten Joseph Etxeberria oñatiar organo-egileari.
  • 1688-6-9. Elur hornitzaile Joseph Abarrategi kexatu egin zen, Izarraizko izoztegian ura gelditzen zelako. Horren ondorioz, hark ez zuen izango biderik kanporatzeko elurra urtzean. Beraz, bide hori ahalik eta azkarren egokitzea eskatzen zuen. Izoztegia ikusi eta neurriak hartzea erabaki zuten.
  • 1688-6-9. Arrantzarako sareak zituzten guztiei agindu zieten sareak ikusteko udaletxera eramateko ostegun goizeko bederatzietarako. Agindua betetzen ez zuenak bi mila maraiko isuna eta zortzi eguneko kartzela zigorra bete beharko zuen. Parrokietatik egin zituzten deialdiak.
  • 1688-4-23. Iturbide eta Urruzuno baserrietan maiztertzan ziren Juan Perez Egibar eta Pedro Olazabalen eskaerari erantzunez, Sistiaga aldean eta Igerate eta Lete baserrien artean lau anega gari eman zitzazkeen lurraldea erabiltzeko baimena eman zieten.
  • 1688-3-31. Udaletxean obra batzuk egitea erabaki zuten.
  • 1688-3-28. Loiolako obretako lehen harria jarri zuten.
  • 1687-12-14. Kontuan izanik nahiko ekonomia egoera larrian zela parrokia bertako erretaula nagusirako irudiak ordaintzeko, Errege egunean diru bilketa egitea erabaki zuten herritarren artean; Eguberri bigarren egunez horrela adierazi zuten, parrokien bidez.
  • 1687-12-14. Jabeturik nahiko egoera larrian zirela herri barruko eraikin batzuk, neurriak hartzeko asmoz Anardiko Juan Larraar maisu zurgina eta Esteban Alzaga maisu hargina izendatu zituzten, ikusi eta iritzia ager zezaten. Batez ere, Tomas Leiariztiren etxea, Juan Frantzisko Morenorena eta Garagartza etxearen ondoan zirenen berri eman beharko zuten Erdi kaleari zegokionez, eta Agustin Osaren etxearen, Joxepa Asurza bizi zen 'Dorre' izenekoaren eta Baltasar Odriozola zen etxearen berri Eliz kalean.
  • 1687-10-24. Maria Inazia Goiazen administrari Lorentzo Eleizaldek egurra ebakitzeko baimena eskatu zuen, Eleizaldetxo baserrian konponketa lanak egiteko. Udalak baimena eman zion.
  • 1687-8-23. Alkateari Erdi kaleko etxeen artean ziren karkabak garbiaraztea agindu zioten. Etxebizitzetako biztanleek ordainduko zuten garbiketa.
  • 1687-8-15. Herri Batzar nagusira herritar gehiengo bat ez zenez joan, ezerezean uztea erabaki zuten. Hilaren 24rako, iganderako, deitu zuten, eta 500 maraiko multa ezarri agertzen ez zenarentzat.
  • 1687-8-14. Elurraren hornikuntza egiten zuen Joseph Abarrategik adierazi zuen izoztegia teilatu gabe zela oraindik eta, ura sartzen zenez, elurra alferrik galtzen zela. Hamabost egunetan bertan ziren maisuei lana amaitzeko eskatzea erabaki zuten.
  • 1687-7-11. Juan Apaeztegi eta Martin Olaiozola arkitektuak eta erregidoreak, parrokiko korurako eskailerako plano bat aurkeztu zuten, eta huraxe egitea erabaki zen. Baina osorik egiteko dirurik ez zegoen eta denboraldi batean dirurik izateko ere itxaropenik ez zen; beraz, lehen zatia bakarrik egitea onartu zuten, eta gainontzekoa gerorako uztea.
  • 1687-6-30. Bixente Bardusain Tuterako maisu pintorearekin parrokiko erretaula nagusiko mihiseak margotzeko kontratua egin zuten.
  • 1687-6-13. Parrokiko erretaula nagusiaren azterketa egin zuten. Azterketan, Martin Olaizola maisuak eginiko lanari akats batzuk aurkitu zizkioten.
  • 1687-3-8. Inazio Arzadun parrokiko organo-joleak aurkeztu zuen kexaren aurrean -organoa erabat nahastua zegoela esanez-, hari erantzutea erabaki zuten, orduan Tolosan zegoen organo egileari albistea pasatu eta ahalik eta azkarren herrira hurbil zedin.
  • 1687-2-21. Enparan kaleko bere etxearen atzean Inazio Basazabalek dolareak egin nahi zituen tokia ikusteko (aurrez labea zegoen inguruan), Juan Apaeztegi izendatu zuen herriak, Esteban Alzaga hargin maisuarekin batera.
  • 1686-11-10. Herriko elur hornikuntza egiten zuen Joseph Abarrategik eta eskatu zuen bere eskuetan izoztegia jartzea estalirik eta behar zituen tresnak ere bai, negua aurreraturik zelako eta elurra jasotzeko unea iritsirik. Garai hartan estali gabe zegoen izoztegia eta alferrikakoa zen elurra bertaratzea, berehala galdu egingo zelako. Gainontzeko beharreko tresnarik gabe zegoen, nahiz eta eskriturak zioen herriak egokitu beharrekoak zirela horiek guztiak. Eskaeraren aurrean, Bixente Korta maisuaren fiadore Mateo Etxaniz eta Pedro Odriozolari adierazi zieten derrigorrezkoa egiten zitzaiela herriarekin eginik zuten eskritura berehala betetzea edo kalteak euren gain hartu beharko zituztela.
  • 1686-10-8. Alkateak jakinarazi zuen, albistea eman zuen arren, ez zutela Izarraizko izoztegian lana egiten jarraitu Matea Etxanizek eta Pedro Odiolak, eta neurriak hartzea egokia izango zela. Herriko fidelari agindu zioten jasotako guztia haiei eskatzeko.
  • 1686-9-28. Forua herriko Juan Agirre maisu harginarekin tratua egin zuten parrokiko erretaula nagusiaren oinarria egiteko.
  • 1686-9-15. Herri Batzar nagusian Esteban Alzaga erregidoreak esan zuen amaitu zuela izoztegiko hormak egitea, errentan jartzeko garaia zela, eta herriak hala nahi izanez gero berak hartuko zuela bederatzi urterako, urte bakoitzean mila erreal emanez eta libra elurra hiru maraiko prezioan saltzekotan. Abokatuen iritzia jasotzea erabaki zuten, herriak aurrez Joan Ariznabarretarekin egina zuelako hornikuntzarako tratua.
  • 1686-8-15. Mandiolatza, Berrasoeta eta Elizalde etxeen jabeek Agurtza, Agirre eta Zabala etxeen inguruan eta Izarraitzen zituzten lurraldeak banatzen zituzten mugan harriak falta zirela adierazi zuten, eta herriak berriak jartzeko eskatu zuten. Ikusi ondoren, horrela egitea erabaki zen.
  • 1686-3-29. San Agustingo priorearen eskaerari erantzunez, kanpai bat funditzea erabaki zuten, herriak ordainduta. Eskritura egin zen parrokiko kanpaia egitera herrira etorri zen lagunarekin.
  • 1686-1-23. Herriko bideak ez ezik, Zestoarekin bat egiten zuena konpontzea beharrezkoa egiten zela ikusita, lehen astelehenean bertan lanari hastea erabaki zuten eta, horren berri emanez, garraioak egiteko eran zirenei. Langileei egun bakoitzeko libra bat ogi, sardina bat eta behar hainbat sagardo eman zizkien fidelak.
  • 1686-1-23. Juan Etxeberria maisu zurginari Enparan errotan konponketa lanak egiteko agindu zioten.
  • 1685-11-9. Tomas Leiarizti maisuarekin Izarraizko izoztegirako karobia erretzeko tratua egin zuen herriak. Hamalau marai ordaindu zizkioten kare anega bakoitzeko, herriak berak jarririk behar zuen egurra eta behar zuen tokian.
  • 1685-10-14. Herri Batzar nagusian haragiari eta olioari ezarriko zizkioten zerga berriak hurrengo egunetik aurrera eskatzea erabaki zuten.
  • 1685-10-14. Herriak lor zezakeen lehen diruarekin Izarraizko izoztegiaren hormak egitea erabaki zuten, Esteban Alzaga erregidorearen esanetara.
  • 1685-10-14. Agintarien aukeraketa egitean, ahotsa eta botoa zuten guztiei agindu zieten hamabost egunen barruan euren ondasunen berri aurkezteko agintarien aurrean.
  • 1685-10-11. Esteban Alzaga erregidoreak jakinarazi zuen herriak izendatutako maisuekin ikusi zuela Izarraizko izoztegiaren zuloa, Bautista Azpillagak egina, eta eskriturek adierazten zuten bezala aurkitu zuela.
  • 1685-10-5. Izarraitzen egiten ari ziren izoztegian zeuden harginek adierazi zuten amaitzear zutela lana. Esteban Alzaga erregidoreari agindu zioten lanak ikusteko, Joan Apaeztegi eta Tomas Laiarizti maisuekin batera.
  • 1685-9-29. Tomas Leiarizti, Bautista Azpillaga eta haien lagunekin harremanetan jarririk, alkateari eskatu zioten Izarraizko izoztegiko hormak eginaraztea haiei, herriarekiko zorretan zeudelako.
  • 1685-8-15. Azkoitian zen Diputazioak hilaren 20rako Basarteko Santa Krutz ermitan Batzar berezia ospatzeko deialdia egin zuen, Frantziaren aurkako gerraren zurrumurruak zabaldu baitziren.
  • 1685-8-15. Urte horretako zezenketa bukatu ondoren, Izarraitz mendira askatutako zezena Tomas Asurzari saltzea erabaki zuten, zilarrezko 50 errealean, eta gutxienez 1686ko azarora bitartean mendi berean edukitzeko beharra zuen.
  • 1685-8-5. Loiola etxearen lurraldeak mugatzeko Alcañicesko markesarekin eginiko gestioen berri eman zuten. Markesak zioen bere ordezkari Juan Larraar parrokiko apaiza izendatu zuela. Larraarekin harremanetan jartzeko herriak Joseph Iturriaga izendatu zuen.
  • 1685-8-5. Herri Batzar nagusian agintariei Izarraitzen egiten ari ziren izoztegia aztertzeko eskatu zieten, lanean ziren harginak eskrituran adierazitako harria jartzen ari ziren edo ez jakiteko. Bestalde, lanen amaiera erabat atzeratu zenez, ahalik eta azkarren bukatzeko behar ziren langileak jartzea erabaki zuten.
  • 1685-7-29. Kanpoko sagardo asko saltzen zen herrian eta baserrietan inolako baimenik gabe. Hori sagardoa egiten zutenentzat kaltegarria zenez, bostehun maraiko isuna ezartzea erabaki zuten.
  • 1685-7-15. Herritar bereziekin egindako batzarrean adierazi zuten Sistiaga aldean Azkoitia eta herriaren arteko lurraldea banatzen zituzten mugarriak ikusi zituztela, eta bi herrien ordezkariek eskritura sinatu zuten. Lehenena eta zaharrena onartu zituzten.
  • 1685-7-15. Tomas Ibargurenek Madrildik idatzi zuen gutunaren berri eman zuten. Eskutitzean jakinarazi zen herriak erregearen baimena zuela beste hamar urtean ardoari zerga ezartzeko.
  • 1685-6-29. Inazio Etxabe harginari, aurrez agindu zuen bezala, Landetako zubia hilabete barruan amaitu behar zuela gogoraztea erabaki zuten.
  • 1685-6-15. Harakinak ahariaren tokian ardia saldu zuela jakin zuten. Alkateari harakina zigortzea eskatu zioten.
  • 1685-5-25. Getarian ospatutako Gipuzkoako Batzar Nagusiaren agindua beteta, Izpiritu Santuaren Bazko bigarrenean alardea egitea erabaki zuten. 18 urtetik 60ra bitarteko gizasemeak deitu zituzten enparantzara, arratsaldeko ordubietarako. 500 maraiko isuna ezarri zuten herritarrentzat eta 200ekoa biztanleentzat.
  • 1685-5-25. Bernardino Azpillagak eta Juan Etxeberriak nahastu gabeko sagardoa kanpotik ekartzeko baimena eskatu zuten, gero, herrikoak amaitutakoan, saltzeko. Baina herriak ezezkoa ematea erabaki zuen eta, bide batez, kanpoko sagardoa ekarri eta saltzen zuenari 50 dukateko isuna ezarriko ziotela jakinarazi zuten.
  • 1685-5-1. Alarde nagusia igandean egitea erabaki zuten. 18 urtetik 60ra bitarteko herritar eta biztanleei dei egin zieten. Agertzen ez zenak, 500 maraiko isuna ordaindu behar zuen.
  • 1685-3-17. Apezpikuaren baimena lortuta, parrokiko elizako behea lauzatzea erabaki zuten.
  • 1685-2-25. Alcantara ordenako zalduntxo Martin Eleizaldek idatziz agertu zion herriari ahalegindu zela bere bizitzan herriak emandako agindu guztiak ahalik eta ongien betetzen, baina ezinezkoa egiten zitzaiola berdin jarraitzea 74 urte zituelako orduan eta nahiko gaixo zegoelako. Bide batez, eskuartean zituen lanak aurrera eramateko bere ordez beste bat izendatzeko eskatu zuen. Herriak onartu egin zuen eskaera eta eskerrak emanez, orduko alkate Frantzisko Mendizabal izendatu zuen Eleizaldek zituen lanez jabetzeko.
  • 1685-2-25. Alcañices eta Oropesa Markesarekin herriak Loiola etxearen lurraldeei buruz zituen tirabirez erabakiak hartzeko, udalbatzar nagusira deitzea erabaki zuten.
  • 1685-2-23. Juan Apaeztegi arkitektuari eskatu zioten zer konponketa lan egin behar ziren Elormendiko San Pedro ermitan.
  • 1685-2-23. Oñazko San Juan, Urrestillako San Martin, Egimendiko San Pedro, Elosiagako Andre Maria, Elormendiko San Pedro, Olazko Andre Maria, Madalena, Santa Kruz eta San Miguel ermitetako serorak eskaini zituzten doteak jasotzea eskatu zioten parrokiko etxezainari.
  • 1685-2-23. Bederatzi urtean zehar kaleetako lauzadura, Enparan Harzubia eta Ondarre zubiak zaindu eta egoki edukitzeko kontratua egin zuen herriak Tomas Bikendi harriztatzailearekin, urtean 20 dukat ordainduz.
  • 1685-2-17. Alondegian eta udaletxean konponketa lanak egiteko, Tomas Asurza erregidoreari agindu zioten Tomas Korta kapitainari gordeta zuen dirutik 50 erreal eskatzeko.
  • 1685-1-2. Ikusirik Nikolas Saez Elolak sortutako memoriari erantzuteko kaperau bat behar zela, lortu nahi zutenek eskaerak egin zitzaten herritarrei jakinaraztea erabaki zuten.
  • 1684-10-27. Armarik gabe ziren herritar guztiei bi hilabeteren barruan ezpatak, mosketeak eta alkabuzak erosi beharko zituztela adieraztea erabaki zuten. Bestela, emandako epea amaitzean zigortuak izango ziren.
  • 1684-10-15. Errenterian izandako batzar nagusiek emandako agindua bete nahirik, azken alardea egitean armarik gabe agertu zirenei adierazi zieten hamabost egun baino lehen erosi beharko zituztela.
  • 1684-10-13. Ahalmena eman zioten herriko fielari herriaren izenean Izarraitzen izoztegia egiteko obrak bere gain hartu zituzten hargin eta zurginekin beharrezko gestioak egin zitzan, sinatutako eskrituran aipaturiko baldintzak bete zitzaten.
  • 1684-9-28. Parrokiko pulpituen kaperak egin eta urreztatzen ari zen Juan Apaeztegi maisua, eta hari bost mila erreal ordaintzea erabaki zuten.
  • 1684-7-30. Gaztelako Kontseilu Nagusiari ardoari, behi haragiari eta ahariari bi maraiko zerga ezartzeko baimena lortzeko eskaera zuzentzea erabaki zuten.
  • 1684-4-18. Juan Oñazek bere etxea korrejidoreari uzteko bete ezinezko baldintzak jarri zizkion, eta herriko sendagile Andres Zuolari berea eskatzea erabaki zuten.
  • 1684-4-9. Korrejidorea bere ohiko txanda betetzera herrira zetorrela jakinda, eta kontuan izanik, unean behintzat, herriak ez zuela etxe egokirik harentzat eta sendiarentzat, Juan Oñazekin bere etxeari buruz hitz egitea erabaki zuten.
  • 1684-3-19. Arkitektuek eginiko txostenak agertzen zuenez, parroki atariko estalpea erortzeko arriskuan agertzen zen Elola kaperaren aldean, eta berehala konponketa lanak egitea erabaki zuen herriak.
  • 1684-3-14. Tolosan ospatutako batzarrean erabakita bezala, bederatzi soldadu Hondarribiko presondegira bidaltzea onartu zuten.
  • 1684-2-13. Hazteko idi eta behiak herriaren lau sarreretan barrena sartzea debekatu zuten, eta, haiek galduz gero, zigorra ezarri zuten. Herri barruan zituztenek, berriz, ondorengo hamabost egunen barruan kanporatu beharko zituzten, zigor beraren azpian.
  • 1684-1-20. Juan Apaeztegi eta Agustin Eizagirre maisuei Izarraitz gainean egin nahi zen izoztegia egiteko lekua aukeratzeko eskatu zieten, proposamen bat eta gutxi gorabeherako aurrekontu bat egiteko eskatuz.
  • 1684-1-20. Diputazioaren gutunaren eta erregeak probintziari bidalitako zedula baten berri eman zuten, konpainia bat prestatzeko eskatuz. Agintariek udalbatzarrera gaiari buruz iritziak jasotzeko herritar bereziei deitzea erabaki zuten. Horrela egin ondoren, Diputazioari erantzutea onartu zuten, kontuan izanik probintziak Frantziarekin muga egiten zuela eta bera eta erregea gipuzkoarrak defenditzeko prest zirela.
  • 1684-1-20. Bi herrien artean eta Sistiaga aldean ziren mugak ikusteko, Azkoitiko herriari ordezkariak izendatzea eskatuz idaztea erabaki zuten.
  • 1684-1-20. Nekazaritza lanean erabiltzeko herriak eskaintzen zituen lurren eta baimenen zerrenda onartu zuten.
  • 1683-12-8. Diputazioaren gutun batekin batera erregearen zedula jaso zuten udaletxean. Zedula horretan probintziko herrietan, bailaretan eta toki guztietan Jaunari eskerrak emateko eta jai egunak antolatzeko eskatu zuten, erregearen osaba enperadoreak turkiarren aurka lortutako garaipena ospatzeko asmoz. Udalak herritar guztiei deialdia egin zien abenduaren 19an (igandean) prozesioa eta meza nagusia egiteko, eta 'Te Deum' abesteko. Elizkizuneko sermoia egiteko San Agustin komentuko priorea aukeratu zuten. Larunbat eta igande gauean suzko erroberak botako zituzten, eta horretarako Juan Apeztegiari Soraluzen sutautsa prestatzen zuenarekin harremanetan jartzeko eskatu zioten. Astelehenean, berriz, zezenketa, maskara dantzak eta abar egitea erabaki zuten.
  • 1683-10-1. Meaz kargatutako gurdiak herriko kaleetan pasatzea debekatu zuten, erreal bateko isunpean.
  • 1683-8-26. Juan Apaeztegi eta Martin Olaizola maisuekin parrokiko erretaula nagusia egiteko eskritura sinatu zuten.
  • 1683-8-24. Merkatalontzietan etor zitekeen ganadua erosi edo trukatzea debekatu zuten, gehienak gaixorik iristen zirelako.
  • 1683-8-14. Madalenako ermita konponketa beharrean zen eta Teresa Elordi bertako serorak eskainitako dotearekin gastuak ordaintzea erabaki zuten.
  • 1683-7-25. San Agustin komentuaren sarrerako estalpea harriztatzea erabaki zuten, landutako harri egokia erabiliz.
  • 1683-7-7. Herri Batzar nagusian, agintariei ahalmena eman zieten Apezpikutzako Bisitariarengandik baimena lortu eta parrokiko erretaula nagusia egiteko Juan Apaeztegia eta Martin Olazola maisu arkitektuekin eskritura sinatzeko.
  • 1683-6-21. Herritar bereziekin egindako batzarrean eta San Agustin komentuko priore Diego Arias fraideak eginiko eskaerari erantzunez, honako hau erabaki zuen herriak: komentuko elizan hiltzen ziren fraideak Zutabeko Kristo Santuaren aldare aurrean hilobiratzea. Baina han hilobiratzeko derrigorrezko baldintza bat zuten: hilobirik ez izatea eta lauzarik ez jartzea.
  • 1683-5-25. Apezpikuak parrokiko erretaula nagusia egiteko baimena eman zuen.
  • 1683-5-3. Herriaren eta jesuiten artean kapitulazio eskritura sinatu zuten.
  • 1683-4-9. Joseph Iturriagak Basajaundegi basoan erabili zituen Frantziako ikazkinek eginiko kalteak neurtzeko, herriak batzordea izendatu zuen.
  • 1683-4-1. Bixente Ferrerekin kontratua egin zuten, lau urtean pregonari eta danborrari zerbitzua eskaintzeko. Urtean 30 dukat ordainduko zizkioten, eta bi urtetik behin alkandora, oinetakoak, galtzerdiak eta abar emango.
  • 1683-3-23. Carlos II.a Espainiako erregeak Loiolako patronatua ontzat hartu zuen.
  • 1683-2-19. Diego Blanesek Sevillatik (Espainia) Elolaren ondasunak sortutako interesak bidali zituen, eta bere kaperauen artean banatu zituen herriak.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan