Hamarkada: 1780

  • 1789-10-6. Herri Batzar nagusian ikusi zuten egokia zela azoka izatea herrian, Tolosak, Segurak eta Bergarak zeukaten moduan, benetan ona izango zelako herritar guztientzat -janaria eta aleak salduko ziren bertan-. Astean behin azoka egitea erabaki zuten -asteartez-, erabakia hartu aurretik guztien iritziak jaso ondoren. Gaztelako Erret Kontseilu Nagusian baimena lortzeko, agintariei gestioak egiteko ahalmena eman zieten.
  • 1789-10-2. Bolivian hil zen Sebastian Segurola Matxain gobernadore azpeitiarra.
  • 1789-8-27. Egun horretan eta hurrengo egunean herriak zuen ohitura ona gogoratu zuten: Udala San Agustin komentuan ospatzen ziren elizkizunetara korporazioan joatea. Herriko korrejidoreari gonbitea pasatzea erabaki zuten.
  • 1789-8-9. Mateo Iparragirrek eta haren lagunek adierazi zuten Azkoitiko Gorritxo harrobian ziren hiru harri ekarriko zituztela parrokiko atarirako. Inazio Bixente Erraztik emandako baldintzetan eta herriak 3.700 erreal ordainduta ekarriko zituztela ere jakinarazi zuten. Eskaintza onartu egin zuten.
  • 1789-7-21. Eskribauak adierazi zuen Juan Bautista Alzagaren eskutik Carlos IV.a erregearen erretratua jaso zuela udaletxeko areto nagusian zintzilikatzeko, aurrez Felipe V.arena egon zen tokian.
  • 1789-7-21. Iruñeko apezpikuari hondamenean ziren ermitak profanatzeko eskaera egin zioten, eta ondoren gestioak egiteko Alzaga eta Altube izendatu zituzten, baina ez zen inolako ondoriorik jaso. Eta, beraz, aipaturikoei berriro gestioak egiteko gogoraztea erabaki zuten.
  • 1789-3-28. Loiolatik Genovako harrian eginiko Sortzez Garbiaren irudi bat ekartzea erabaki zuten, herriaren goiko sarrera nagusiaren gainean jartzeko, aurrez zegoenak nahiko itxura txarra baitzuen.
  • 1789-2-15. Eskuzta zelaian ibai aldera paretak egitea erabaki zuten eta herriaren irteeratik Eskuztara bitarteko bidea egokitzea.
  • 1789-2-6. Kaleetako farolak zainduko zituenaren soldata erabaki zuten: urtean 70 dukat eta 10 erreal.
  • 1789-1-7. Kanpora saltzen zutelako, ogia egitea debekatu zieten emakume batzuei.
  • 1789-1-7. Herrian eginiko ogia kanpora saltzea debekatu zuten.
  • 1788-12-31. Frantzisko Iberorekin adostasun batera iritsi ondoren, Joseph Antonio Amenabar eta bere anaiek bidalitako hamabost mila errealen agiria sinatzeko eta parrokian egindako obrak jarraituz ordainketak egiteko, guztiaren berri ondorengo agintariei ematea erabaki zuten.
  • 1788-12-28. Parrokiaren atariari buruz Joxe Antonio Arzadun maisuak prestatutako itxura aztertu zuten. Gaia alkatearen eskuetan uztea erabaki zuten, honek lana hasi aurretik kontuan izan zezan parrokiaren alderdi ekonomikoa. Azpeitiko Udala osatuko zuten agintari berriei guztiaren berri jakinaraztea onartu zuten.
  • 1788-12-28. Floridablancako (Espainia) konteari idaztea erabaki zuten, esanez nolatan ari zen herria parrokiaren sarrera berria egiten Ventura Rodriguez maisuak emandako itxurari jarraituz. Meritu handiko obra zen, San Fernando Akademiako Antonio Ponz idazkariak ager zezakeen bezala, esanez jakinean zela bera ahalegintzen zela alderdi artistikoa bultzatzen eta, erregutuz, elizaren sarrerako nagusiko ate gainean medailoi bat jartzeko iritzia eman zezala. Bestalde, adierazi zioten aipaturiko akademiara bidalitako gutunean esaten zela guztiaren berri eman zezakeela Pedro Michel maisuak, San Sebastianen irudia egiten lanean izan zelako herrian.
  • 1788-12-23. Parrokiko atarian egin nahi zituzten obren planoa aurkeztu zuen Joxe Antonio Arzadun arkitektuak. Lanak egiteko beharrekoa ikusi zuten inguruko etxeak edo euren zatiak hartzea, eta jabeei horrela adieraztea erabaki zuten. Errazti diputatuari eskatu zioten, bestalde, Igeldoko harrobietan harri egokia aurkitzeko, parrokiko aterpeko lurrean lauza egokia jartzeko, datorren udaberrian egin zitekeena eta aurrez behar ziren eskriturak sinatuta.
  • 1788-10-16. Hilaren 14an parrokiko atariko estalpean utzitako haur bat aurkitu zuten, eta ume hura emakume bati eman ziotela esan zuen alkateak. Herriak erabaki zuen udaberrira bitartean behintzat, umea hazteko laguntza ematea.
  • 1788-10-14. Utzitako haur bat aurkitu zuten parrokiko aterpean -mutiko bat-.
  • 1788-10-6. Parrokiko atariko obrei buruz hitz egin zuten. Amaitu bitartean aurretik eginikoarekin jarraitzea erabaki zuten eta, horretarako, materialak inguratu behar zirela ahalik eta azkarren.
  • 1788-8-21. Frantzisko Xabier Mariategi lizentziatuak, herriak eskatuta, Bustinzuri etxeko dolareez emandako iritziaren berri jakinarazi zuten. San Agustin komentuak Joakin Antonio Mendizabal lizentziatuari salduak zizkion dolareak.
  • 1788-8-5. Juan Paskual Txurruka lizentziatuak -Onura Planaren epaileak- Araz edo Otos auzoko parrokiaz zenbait xehetasun adierazi zituen.
  • 1788-8-5. Hilaren lehen egunean Loiolara prozesioa egin eta bertan meza santua ospatu ondoren, ohiturari jarraituz parrokiko apaizei eskerrak agertzea erabaki zuten.
  • 1788-6-19. Parrokiko atarirako harria garraiatuta zegoenez, eskribauari eskatu zioten Frantzisko Ibero maisuari albistea pasatzea, harria lantzeko agindua eman zezan eta behar zen hondarra ekarri eta lanean has zedin.
  • 1788-6-1. Inazio Bixente Errazti maisuak egindako txostenenean zioenez, parroki aurreko obrak egiteko behar zen harria nahiko ongi ateratzen zen Izarraitzeko harrobian, eta bera lantzen has zitekeen. Haren ustez, bertan lanean jarri zituen sei edo zazpi peoik eta hiru harginek osatutako taldeak, hamar edo hamalau harginek atera eta landu zezaketen hainbat harri prestatuko zuen. Lanean hasteko herriak baimena ematea, materialen garraioa egitea, hondarra, harria, egurra teila eta abar gelditzen zen. Eskribauari, aurrez parrokiko etxezain izan zen Frantzisko Iberori, lanak bertan behera utzi zirenean, parrokirako bildu ziren materialak non ziren galdetzea erabaki zuten, harginek altxatutako tailerra hondatu egin baitzen eta erremintak Loiolara eraman baitziren.
  • 1788-5-30. Lamiosena zubiaren pilareak konpontzea erabaki zuten, Errazti harginak jakinarazten zuelako urak eraginda nahiko hondatuta zeudela.
  • 1788-5-4. Herriko basoetan jasotzen zen ganaduarentzako hosto berdearen banaketa azken urteetan nola egin zen adierazi zuten. Hosto berdea muga gabe jasotzeko basoen zatiketa egindakoan, zati bakoitza hartzen zuenari bertan sor zitezkeen kalteak ordaintzea derrigorrezkoa egingo zitzaiola kontuan eduki behar zela erabaki zuten. Udazkenera bitartean jaso zezakeen hostoa muga gabe, eta emandako zatia eurentzat izango zen ondorengo urteetan ere, udazkenetik udaberrira bertan gerta zitezkeen kalteei aurre egiten bazieten behintzat, eta herriaren mendi zaindariek kalteak egin zituztenak aurkitzen ez bazituzten.
  • 1788-5-2. Labeen etxe bat egitea derrigorrezkoa zela jabeturik, eta Juan Arzadunek prestaturik zeukan itxura gogoan izanik, harekin harremanetan jartzea erabaki zuten. Lurralde bat erosteko ideia aurrera eramateko behar ziren gestioak egitea erabaki zuten.
  • 1788-3-26. Frantzisko Ibero maisuak eginiko proposamena ontzat hartuta, kolore gorrixka zuen harria aurkitu bitartean Aranagako harrobia garbitzea erabaki zuten, parroki atarirako harria ateratzeko, aurrez obra berean agertzen zenarekin ezkontzeko.
  • 1788-3-22. Parroki atarirako harria atera eta lantzeko harginek egindako proposamenen ondorioz Frantzisko Ibero maisuari ematea erabaki zuten. Bestalde, lan horiek egiteko, zenbait gauza edukitzeko toki egokia derrigorrezkoa zela ikusirik, Manuel Erkiziari Zuola etxearen ukuilua eskatzea erabaki zuten.
  • 1788-3-2. Errazti diputatuak parroki atarirako harria atera eta lantzeko prestatu zituen baldintzak onartu zituzten.
  • 1788-2-8. Sendagilearen urteko soldatak 650 dukatekoa izan beharko zuela adierazten zuen agindu errealaren berri eman zuten. Herriaren eskaera onartuz lortu zuten agindua.
  • 1788-1-31. Urte batzuetan eta diru beharrez geldituta egon zen parrokiko obrari berriro heltzeko Frantzisko Ibero maisuarekin harremanetan jartzea erabaki zuten.
  • 1787-8-19. Herritarren artean Ondasun Planari buruz iritziak jaso zituzten; batik bat, apaizek jaso behar zuten soldataz. Baina, era guztietako iritziak agertzen zirenez, batzordea izendatu zuten gaia aztertzeko.
  • 1787-8-13. 1526an herria eta apaizen artean iritsitako konkordia apaizen Ondasun Planari erantsi behar zitzaiola erabaki zuten, eta erretoreak adierazi zuen bere kontura ordezkari bat edo bi izateko zuen betebeharra.
  • 1787-8-10. Parrokiko erretoreak Ondasun Plana proposatu zuen. Bertan, parrokiak jaunartzen zuten 2.700 arima zituela jakitera eman zuen. Herri osoak 4.706 arima zituen, eta hirutik bat baino gutxiago Urrestillak.
  • 1787-8-3. Gesalagako zubia egiteko herriak eskainitako 250 dukaten erdia Zestoako herriak eskatu zituen, eta zubia amaitu ondoren Azpeitiak emandako laguntzaren berri adierazten zuen piramidea jarri ondoren bigarren erdia ordainduko zela erantzutea erabaki zuten. Horrelako langintzak aurrera eramatean agindu errealak horixe agintzen zuen.
  • 1787-5-14. Herriko teilerian adreilua egiteko ere lur egokirik ez zegoela adierazi zuen bertan lanean zegoenak eta Alzaga etxearen lurrak itxurazkoa zirela. Baina bertatik garraioa egitea asko kostatuko zela ikusirik, teileriaren inguruan lur onik ba ote zen begiratzea erabaki zuten.
  • 1787-2-25. Parrokiko patroi Granadako Dukea herrira zetorrela-eta, bere ospeari egokitzen zitzaion ongietorria eta erakustaldiak egiteko prestaketak egitea erabaki zuten; Azkoitiko mugara irten zuten agintariek.
  • 1787-2-10. Behar bezalako lurrik ez zuela aurkitzen eta teilak egiten zituen kexa jaso ondoren, hori horrela zen jakitea erabaki zuten.
  • 1787-1-17. Ikatz asko beharko zuela adierazi zion herriari Inazio Zabalo Zuazolak, hurrengo hilaren amaierarako, Urrestillan, zementazio altzairu fabrika bat martxan jartzeko asmoa zuelako. Espainiako erregearen baimena zuen horretarako.
  • 1786-12-30. Parrokiko obrak jarraitzea pentsa zitekeela agertzea erabaki zuten agintari berriei. Horrela, lan egokia iruditu zitzaien behar zen harria harrobietan ateratzen hastea.
  • 1786-11-7. Herritar guztien zerrenda osatu nahirik, garbi adierazi zuten bakoitzaren aurrekoak herrikoak bertakoak izan ziren edo ez, eta beste zenbait datu interesgarri ere bai. Guztiak nolabait auzoetan banatu zituzten; agintarien artean banatu zituzten auzo horiek.
  • 1786-8-22. Herriak azkeneko bederatzi urtean zuhaitz landaketan egindako gastuen berri adierazi zuten.
  • 1786-8-12. Joseph Antonio Gesalaga maisuak Joxe Etxeberriak parrokiko sakristian egindako lanak ikusi ondoren, txostena aurkeztu zuen. Bertan, aurrekontuan adierazitako 5.540 errealez gain, 1.327'50 errealeko kostua zuten hobekuntzak egin zirela esan zuen. Ordaintzea erabaki zuten.
  • 1786-7-28. Parrokiko sakristiako kaxoiak egin zituenez Joxe Lazkano maisuak, herriak haren lana ikusteko maisu bat izendatzea eskatu zuen, eta Frantzisko Ibero maisuarekin harremanetan jarri eta, honek bere iritzia idatziz eman ondoren, Udalak Joxe Antonio Gesalaga -Deban bizi zen- izendatu zuen sakristiako kaxoiak ikusteko.
  • 1786-7-28. Joxe Etxeberria irudigileak ere bere lanaren ordainketa eskatu zuen; izan ere, sakristian ziren kaxoien bizkarraldeko aingeruen buruak egin zituen. Gauzak garbi jakin nahirik aurrez alkatetzan ziren Joxe Iturriaga, Joxe Joakin Enparan eta Frantzisko Ibero maisuarekin harremanetan jartzea erabaki zen.
  • 1786-7-28. Parrokiko erretoreari ondorengo San Inazio festetarako Udalak Loiolara prozesioan joatea erabakita zuela esanez idaztea erabaki zuten. Prozesioan abuztuaren lehen egunean joango ziren, eta meza santua ospatuko zuten santua jaiotako etxearen ondoko elizatxoan.
  • 1786-7-26. Herri Batzarrean San Inazio egunez alardea egitea erabaki zuten, kalean prozesioari lagunduz, baita parrokiko apaizei bigarren egunean Loiolan meza nagusia emateko eskatzea ere; aurretik bertara prozesioa egingo zuten, lehen jesuitak kanporatu artean egin ohi zen bezala.
  • 1786-5-17. Herriaren dorrea erortzeko moduan zegoela ikusita, arrisku handiena agertzen zuen tokiraino botatzea enkantean jartzea erabaki zuten.
  • 1786-5-17. San Inazio beatifikatzean herriak egin zuen botoaz hitz egin zuten, bezpera eta egunean urteko elizkizunetara korporazioan joateaz. Eta botoaren kopia bat egitea erabaki zuten, baita Iruñeko apezpikuaren onarpen idatziarena ere, ondoren abokatuen iritzia jasotzeko.
  • 1786-5-17. Herriko diruzainari herriaren bandera berria egitea agindu zioten, momentukoa erabat apurturik zegoelako.
  • 1786-5-15. Herri Batzarrean San Inazio bezperan eta egunean elizkizunetara korporazioan joateko botoari buruz hitz egin zuten, eta Inazio beatifikatu zen unean eginiko botoa indarrean zen edo ez jakiteko behar ziren gestioak egiteko ahalmena ematea erabaki zen unean ziren agintariei. Guztiaren berri garbi jakitean beste udalbatzar batean hartuko zen erabakia.
  • 1786-5-15. Urteko alardea edo arma erakusketa formaltasun txikiarekin egiten zela adierazi zuten, neurriak hartu nahirik. Egiten zen bakoitzean gutxienez 150 gizaseme egotea beharrezkoa zen. Herriko biztanleen zerrenda egitea egokia zela esan zieten orduko agintariei, txandaka deitzean agertzeko eta ordezkoak bidaltzeko, izenda zezaketen isunarekin. Bestalde, alardean gorde beharreko ordena erabaki zuten: lehen lerroetan agintaritza eskura zezaketen herritarrak izango ziren, eta haien ondoren herritar kapera bereziak eta, azkenik, horien ondoren kapera gabeak, baina odol garbitasuna aurkeztu zutenak eta kanpotik herriratu eta oraindik horrelakorik egin ez zutenak.
  • 1786-4-28. Herriak sukaldeetarako eginiko egur banaketan gertatutako eztabaidak nolatan sortu ziren jakitea eskatu zioten alkateari, behar ziren neurriak hartzeko ondoren.
  • 1786-4-28. Egoki ikusi zen parroki atariko obrak jarraitzea, baina aurrez derrigorrezkoa zela elizaren beharrei erantzutea. Horrela, lehenik elizaren diru alderdia aztertzea erabaki zuten, behar horiek erantzun eta gelditzen denaren berri jakiteko.
  • 1786-1-31. Aurreko urtean Madrilen lortutako herriko armarriaren zertifikatua artxiboan gordetzea erabaki zuten.
  • 1786-1-24. Herritar guztien ongarri izan zitekeela irudituta, olioa, bakailaoa eta koipea askatasun osoan saltzeko baimena eman zuten; alegia, nahi zuenak zuen salmenta egiteko baimena.
  • 1785-12-28. Alkateak korrejidoreak idatzitako gutun bat aurkeztu zuen: erreinuko herri guztietan debekatu egin zituzten zezenak hiltzen ziren jaialdiak. Publikoarentzat laguntza sortzen zutenetan baino ez zuten segituko ohitura, baina azken horiek kontseiluak aztertuko zituen antolatzeko eskaera egiten zenean.
  • 1785-7-25. Udalak idatzitako gutunari erantzunez, Joxe Joakin Bazasabalek, parrokiko gainontzeko apaizen izenean, euren gogoa aurreko urteetan bezala San Inazio bezperan Loiolan konpletak kantatu eta abuztuaren lehen egunean prozesioan Loiolara joan eta meza nagusia ospatzea zela adierazi zuen. Agintariek horrela egitea erabaki zuten.
  • 1785-7-25. Erabakia betetzeko abuztuaren 1erako biztanle guztiei deitzea erabaki zuten udaltzainen bidez, prozesiora ager zitezen alardea eta arma erakusketa egiteko euren armak zituztela. Zortzi errealeko isuna ezarri zuten horrela egiten ez zuenarentzat.
  • 1785-7-10. Parrokiko apaizei saninazioetan egiten ziren elizkizunak gogoratuz eta ohi bezala parte hartzera gonbidatuz idaztea erabaki zuten. Adierazi zieten 1610ean onartu zutela apaizek eta agintariek uztailaren 31 jai hartzea, eta egun horren aurreko bezperetan partaide izatea gainontzeko elizkizunetan bezala. Geroago, 1669an, bi alderdien erabakia izan zela jakinarazi zieten, uztailaren 30ean Loiolako Etxe Santura joan eta 'Konpletak' abestea, abuztuaren lehen egunez prozesioan bertara azaltzea bezala. 1767ra bitartean horrela egin zela esango zieten, ekaitz gogor batek ohitura moztu zuen arte. Orduan, zirudienez lasaitasuna iritsia zen, eta bien artean ohitura hura suspertu nahi zela adierazi zieten.
  • 1785-5-20. Teileri inguruan behar bezalako lurrik ez zegoela esanez kexa agertu zuten teilariek. Teilak eta adreiluak egiteko, inguruko lurraldeetan begiratzeko eskatzea erabaki zuen Udalak, ondoren neurriak hartzeko.
  • 1785-3-9. Herrian eta Urrestillan ogia egiten zuten emakumeei 17 ontza eta librako ogiak zer preziotan saldu beharko zituzten agintzea erabaki zuten, beste agindu bat eman bitartean.
  • 1785-1-19. Goiazko Udalari, bertako udaletxerako, herriko teilarian egindako mila teila ematea erabaki zuten.
  • 1785-1-19. Era guztietako gurdiak herriko pasealekuetan ibiltzea debekatu zuten, zortzi errealeko isuna jarriz.
  • 1784-11-17. Korrejidoreak herriari kaleetan 24 farol jartzeko baimenari eman zion. Neguan gauez pizteko ziren, herritarren mesederako, kontuan hartu baitzuten euritsua dela herria eta oztopoak sortzen zirela. Guztiaa, Frantzisko Ibero maisuak osatutako aurrekontuaren barne, 3.888 erreal ziren. Beste 2.132 erreal urtean, kontuan izanik olioa, garbiketa eta zaintzea.
  • 1784-8-11. Errukietxeko administrariek aurreko egunez egindako herritar kongresuaz txostena aurkeztu zuten. Bertan, Juan Bautista Alzaga, bere aita Miguel zenaren hutsunea betetzeko administrari izendatu zutela esan zuten.
  • 1784-8-10. Errukietxeko herritarren kongresua ospatu zuten.
  • 1784-2-21. Egibartxo baserriak agertzen zuen hondamena neurtzeko Frantzisko Ibero maisua izendatu zuten.
  • 1784-2-21. Herri barruan 24 farol jartzeko behar ziren gestioak egitea erabaki zuten.
  • 1784-1-25. Teilagintza lanean ikas zezaten, herriko hiru gazte aukeratzea erabaki zuten.
  • 1784-1-22. Urri ziren artoa eta garia herrian eta 40.000 errealen generoa erosteko erabakia hartu zuten agintariek.
  • 1784-1-22. Herrian saltzen zen ardoa, mistela eta pattar pitxar bakoitzeko lau maraiko zerga zuen jarrita herriak, biltzen zen dirua errukietxeari emateko. Zergak luzapena izan zezan, agintariek aurrez bezala baimen erreala lortzea erabaki zuten.
  • 1784-1-22. Gramatika irakasle bat herriratzea onartu zuten, hari ordainketa egiteko edariei bi maraiko zerga gehituz, aurrez erregearen baimena lortuta.
  • 1784-1-22. Herriko txistulariari herriko enparantza edo beste zenbait tokitan diru bilketa egitea debekatu zioten, baina herritik kanpo egin zezakeela ere jakinaraziz; esate baterako, Loiolako atarian Pedro donearen egunean edo Inazio donearen bederatziurrenean ere toki berean.
  • 1784-1-11. Frantzisko Ibero maisuak aurkeztutako eran, bide berria egitea erabaki zuten herriaren barreneko sarreratik Eskuzta zelaira arte. Aurrez zegoen bidea behar bezainbeste zabalduz, batez ere, uholdeak izaten zirenerako arriskutsua zegoelako.
  • 1784-1-11. Eskuzta zelaian ermita bat eraikitzea erabaki zuten, ondoren bertan irudi bat jarriz.
  • 1783-12-13. Eguberrietan herria argitu nahirik, San Agustin eta Santo Domingo komentuetako fraideei idaztea erabaki zuten, hiru gauetan komentuak argitzeko eskatuz.
  • 1783-11-20. Madrilgo gortean zen Pedro Etxanizi, herriaren izenean Gaztelako Kontseilu Nagusiari eskaera aurkezteko ahalmena ematea erabaki zuten, San Millango markesak Enparan eta Soreasu errotetan zituen zatiak eskuratzeko -20.000 erreal osatzen zituzten guztira- eta herriarentzat baimena lor zezan Saño eta Enparan-saroe basoak saltzeko.
  • 1783-10-28. San Millango markesak idatzitako gutunaren berri jakinarazi zuten. Lukas Otaegiri lurraldearen trukaketa egiteko ahalmen osoa eman ziola zioen. Alkateari eta Ibero erregidoreari, Otaegirekin harremanetan jarri eta trukaketa egiteko baimena ematea erabaki zuen herriak.
  • 1783-10-12. Zestoako herriaren eskaerari erantzunez, herriak erabaki zuen 250 dukat ematea Gesalagako zubia egiteko.
  • 1783-9-12. Herriak maisuak izendatu zituen Iturriagatxo etxea ikusi eta kalteak neurtzeko, suteak hartu baitzuen.
  • 1783-9-5. Zabala Azpillaga baserrian izandako suteari buruz hitz egin zuten. Orduko erregidore Frantzisko Inazio Orendaina zen baserria, eta bertan izandako kalteak neurtzeko Domingo Errazti eta Pedro Joseph Zubelzu izendatu zituzten.
  • 1783-7-15. Hil honen 5ean, San Inazio bezperan parrokian ospatzen ziren bezperetara eta egunean bertan ospatzen zen elizkizunera, Udala korporazioan joateko hartutako erabakia ezerezean uztea onartu zuten.
  • 1783-7-5. Udala osatzen zuten guztiak San Inazio festetan, bezperetara, elizkizunetara eta meza nagusietara bezperan arratsaldez eta egunez korporazioan joatea erabaki zuten.
  • 1783-5-12. Biasteriko herriak idatzi zuen gutun baten berri eman zuten. Bertan zera zioten: inoiz ez zirela bertarako herriko ardo hornikuntza egiten zutenak kargatzera hara joan, nahiz eta ardo egokiak izan. Hornitzaileak harrotu egin ziren, eta Biasteriko ardoa ekartzen zutela eta ezinezkoa egiten zaiola jakinarazi. Gertatzen zena jakin ondoren, erantzutea erabaki zuten.
  • 1783-4-29. Bando baten bidez, ogia egiten zuten emakume guztiei hamasei ontzako librako ogia egin zezatela adierazi zieten, bakoitza lau laurdenean saltzeko, eta nahastu gabe Arabako garia hemen bertakoarekin.
  • 1783-4-27. Pedro Saizek, ikusirik ardo oparoa oso gutxi saltzen zuela, ardo txikia saltzeko baimena eskatu zuen. Baimena eman aurrez hornitzaileekin harremanetan jartzea erabaki zuen Udalak.
  • 1783-3-30. Frantzisko Ibero maisuak Zestoarako bidean egiteko agindu zituen lan batzuk alferrikakoak zirela agertzean, horrela zen edo ez jakiteko Juan Inazio Zulaika lizentziatuak batzordea izendatzea erabaki zuten.
  • 1783-3-14. Zestoara bitarteko bidea egokitu nahian, peritu bat izendatu zuten, hark ikus zezan noren lurraldeak behar ziren, ondoren haien jabeekin harremanetan jartzeko.
  • 1783-3-2. Olioa, bakailaoa eta koipearen hornikuntza aparte egiten zirenez, debekatu egin zuten salmetak edonork egitea, 200 dukateko multa ezarriz lehendabizikoan, bikoiztuz bigarrenean, eta agintarien esku utziz bigarren aldiz aginduaren aurka egiten zuenaren kasua.
  • 1783-1-6. Emakume arrain saltzaile denek, salgai jarri behar zuten arrain guztia arrandegian aurkeztea ezinbestekoa zutela agindu zuten -etxean gorderik ezertxo ere utzi gabe-. Salaketaren bat izaten bazen, etxean aurkitu zitekeen arraina galdu eta lau maraiko isuna eta egun bateko kartzela ezarriko zieten. Aurkitu zitekeen arraina, errukietxerako izango zen.
  • 1782-12-31. Agintarien aukeraketa egitean hitza eta botoa zuten herritar denak ez ziren biltzen azken urteetan, erregeak -1695eko ekainaren 13an- agertzen ez zenari hogei dukateko isuna jartzeko agindua eman bazuen ere. Hurrengo egunean egingo zen aukeraketan ahalik eta gehien bildu zitezen, erregearen zedulak agintzen zuen hogei dukateko isuna kobratzea erabaki zuten. Bandoa eman zuten aurretik.
  • 1782-12-15. Azaroaren 12an Kontseiluak emandako erret ordenari erantzuna ematea erabaki zuten. Zor handiak zituenez, erantzuna izan zen banku 'nazionala' sortzea Azpeitiko herriari ezinezkoa egiten zitzaiola.
  • 1782-11-30. Miserikordiaren estatutuei buruzko albisteak eman zituen Valladolideko (Espainia) Chancilleria Errealak, eta bertako juntak 1778ko apirilaren 25ean estatutu edo ordenantzak osatu zituela zioen. Kontseilura bidali zituen urte bereko uztailaren 13an eta, azaroaren 7an emandako dekretuaren bidez, onartuak izan ziren.
  • 1782-11-17. Ahuntzek zuhaizti eta landutako soroetan nolako kalteak egiten zituzten ikusi ondoren, ahuntz bakoitzeko probintziak ezarritako lau errealeko zerga zortzira altxatzea erabaki zuten batzarrean, behar ez zen tokian harrapatzen zen bakoitzean ordaindu beharrekoa, Gaztelako Kontseiluari aurrez baimena eskatuz erabakia aurrera eramateko.
  • 1782-10-7. Bixente Bergaretxerekin eskritura sinatu zuten, Frantzisko Ibero maisuak emandako itxuran sakristiako kaxoiak egiteko.
  • 1782-10-5. Frantzisko Ibero maisuak emandako iritzia ontzat harturik, Frantzisko Iturberekin eskritura sinatzea erabaki zuten, parrokiko aldare nagusiko Andre Mariaren nitxoan obrak egiteko.
  • 1782-10-5. Maladarrategi etxearen jabe Joxe Ezeizak bere etxearen izena aldatzeko eskatu zuen, handik aurrera Mardura deitzeko. Udalak onartu egin zuen.
  • 1782-9-15. Frantzisko Ibero maisuari parrokiko sakristiarako kaxoien planoa egiteko eta baldintzak prestatzeko eskatzea erabaki zuten, eta hilaren 29an errematea egiteko.
  • 1782-9-13. Parrokiko sakristiarako kaxoiak egiteko Frantzisko Iberok jarritako baldintzak onartu zituzten.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan