Hamarkada: 1790

  • 1799-10-23. Inazio Ibero maisuak eskatu zuen gerraren zergak ordaintzeko herriari aurreratuta zizkion 60.000 errealen ordez Larraar aldeko lurraldea emateko trukean -bere balioa 22.631 errealekoa zen-, eta gainontzekoa une hartan Udalak ordaintzeko. Proposamena ontzat hartzea erabaki zuten -gehiago eskainiz beste eroslerik agertzen ez bazen-, baina almodenak jarraitzen zuela.
  • 1799-10-13. Herri Batzar nagusian ordura arte herriak saldu zituen lurrei eta baratzei buruz hitz egin zuten, kontuan izanik haien balioa 165.795 errealekoa eta hamalau maraikoa izan zela. Guztia gogoan izanik, agintariei eskriturak sinatzeko ahalmena eman zieten, erosleek ematen zuten diruarekin herriak zituen zorrak ordainduz.
  • 1799-10-13. Diruzain bat izendatzea egoki ikusi zuten, salmenten diruak kobratzeko eta zorrak ordaintzeko. Altuna eta Maiora erregidoreei eman zieten horretarako ahalmena.
  • 1799-10-13. Errukietxea zaindu eta indartzeko hartu beharreko neurriez eztabaidatu zuten udaletxean. Alzagak unean errukietxearen diru kontuak azaldu zituen, eta bertan ziren behartsuei behar bezala erantzuteko ezinean zela jakitera eman zuen. Beraz, herriaren eskuetan zen Pedro Altuna Arostegiren memoria erabiltzea erabaki zuten, baita herrian zeuden beste memoria batzuk ere.
  • 1799-9-14. Herriak saldu zituen lur zatien berri eman zuten, kontuan izanik ordura arte 124.000 errealen balioa baino gehiago saldu zituztela eta erosleak eskriturak sinatzen ari zirela. Korrejidoreari eginiko guztiaren berri ematea erabaki zuten, eskritura horiek egiteko baimena eskatuz, kontuan izanik aurrez emandako prezioan baino gutxiagoan saldu beharko zituztela bakarren batzuk.
  • 1799-3-25. Korrejidorearen gutunari erantzunez, herriak Kontseiluari orduan zituen zor handiei aurre egiteko bere lurraldeak saldu beharra zuela eta baimenaren zain zela gogoraztea erabaki zen.
  • 1799-3-3. Herriak zituen zorrak ordaintzeko, Kontseiluari herriak bere lurraldeak saltzeko baimena eskatzea erabaki zuten.
  • 1798-12-5. Korrejidoreak izendatutako perituek herriaren lurraldeak tasatu ondoren, 613.437 errealen balioa eman zien. Izan ere, Udalak lur horiek saltzeko asmoa zuen zorrak ordaintzeko. Baina korrejidoreak proposamen berria egin zuen: tasatu berriak ziren lurrak saldu beharrean, Enparango eta Soreasuko errotetan herriak zituen zatiak saltzea, horien balioa 600.000 errealekoa baitzen.
  • 1798-7-8. San Inazio festetan, Loiolan ospatuko ziren elizkizunez bertan ziren Urdaxko Premostraten-seen buruarekin eginiko gestioen berri adierazi zuten.
  • 1798-5-28. Oilolarreko bidearen konponketa auzolanean egiteko, arduradun bat izendatu zuen Udalak. Soldata ordainduko zioten ofizial batek eta egunean laurden bat eta libra bat ogia agindu zieten harginek osatuko zuten taldea.
  • 1797-9-8. Egunetik egunera garestitzen ari zen olioa -108 eta 110 erreal ordaintzen ari ziren-, baina bazirudien gehiago garestitzeko bidean zela. Ezinezkoa bihurtuko zenez herritarren olioa biltzea, Diputazioari, olioaren prezioak behera egiten ez zuen bitartean, koipea eta gantza jateko erabiltzeko baimena emateko erregutzea erabaki zuten.
  • 1797-8-6. Herri Batzarrean Udalak bere lurraldeak saltzeko zituen zalantzak adierazi zituen. Azken apirilaren 30ean egindako batzarrean erabaki zuten 500.000 errealen balioan saltzea lurrak, baina herria lurralde jabetza gabe geldi zitekeen. Gaia eztabaidatu ondoren, 200.000 errealen balioan saltzea erabaki zuten, eta herriak zituen baratzak erosteko erabiltzaileei erosotasuna emango zieten. Era berean, erabaki zuten ahalik eta soldata txikiena ordaintzea herriak. Bazasabal diputatuak protesta egin zuen hartutako erabakiaz.
  • 1797-7-26. San Inazio bigarren egunerako prozesiorako armak erabiltzen abilezia zutenei goizeko zazpietarako ohikoa zen bezala jantzita udaletxera azaltzeko albistea pasatzea erabaki zuten. Hogei errealeko isuna zuten azaltzen ez zirenek, eta erreal bana emango zieten azaldutakoei.
  • 1797-7-23. Herri Batzar nagusian jakinarazi zuten ekainaren 26an Madrilen emandako erreal probisio baten berri. Bertan herriari bi azoka mota izateko ahalmena eman zioten; bat astean behin egiteko eta bestea hilean behin, lehenena janarientzat eta bigarrena ganaduentzat. Astekoa astearteetan izatea erabaki zuten, eta hilerokoa hilaren hirugarren asteazkenean.
  • 1797-6-26. Probisio erreala eman zioten herriari bi azoka ospatzeko, bat astean behin ale eta generoentzat eta bestea hilean behin ganaduarentzat.
  • 1797-6-21. Parrokia dirurik gabe zegoela esan zuten, nahiz eta herritar batek 22.000 erreal eman obrak egiteko. San Juan egunean egingo zen batzarrean gaiari buruz hitz egitea erabaki zuten.
  • 1797-6-12. Andres Landa maisuak eginiko Urrestillako parrokiko erretaula nagusia maisuen aldetik ikusi eta onartu zuten. Eskriturak San Martin ermitan sinatu zituzten.
  • 1797-6-7. Herrian ospatu ziren Gipuzkoako Batzar Nagusietarako udaltzainei jantzi berriak egitea erabaki zuten.
  • 1797-6-5. Herri Batzarrak honako hau aktan idatzita uztea erabaki zuen: bai Gipuzkoako Batzar Nagusietara eta bai freskagarriak eskaintzean, herriak agintaritza eskuratzeko, gai ziren herritar guztiak gonbidatu behar zirela.
  • 1797-6-3. Ohiko eran Donostiako Udalari idaztea erabaki zuten, bere klarineroak bidal zitzan herrira hemen Gipuzkoako Batzar Nagusiak ospatzen zirenean.
  • 1797-2-19. Diru beharrean zela, parrokiko atariko lanak geldituta zeudela adierazi zuen batzordeak. Baina gero herritar batzuk agertu ziren 22.000 erreal aurreratzeko prest eta urte baten barruan bueltan jasotzekotan. Eskaintza onartzea erabaki zuten.
  • 1797-1-22. Parrokiaren atariko lanak jarraitzea erabaki zuten, eta horretarako behar zen dirua aurkitu behar zela.
  • 1796-10-1. Frantziskanetako lekaimeak herrira itzuli ziren, komentuan konponketak egin ondoren.
  • 1796-9-11. Jakinean izanik norbaitzuek ibaia erre nahi izan zutela bertara karea botaz Amuko presaren inguruan, arrainak galtzeko asmoz seguruenik, errudunak aurkitu eta zigortzea erabaki zuten.
  • 1796-7-19. Aurreko urtean plaza ixteko barrera frantziarrek erre zutenez, Zestoako herriari idaztea erabaki zuten hiru egunerako bereak uzteko eskatzeko.
  • 1796-5-18. Parrokiko kanpai bat apurturik zegoen, eta Eizmendiko ermitakoa ekarri zuten bere ordez jartzeko. Honek zarata desberdina ateratzen zuenez, hautsitako kanpaia funditu eta Santa Kruz ermitarako beste bat egin ote zitekeen jakiteko, besteena nolabait nahasturik, herriko kanpai egilearekin harremanetan jartzeko batzordea izandatu zuten.
  • 1796-5-8. Aurreko egunetan deia egin bazen ere, udalbatzar nagusira hamar biztanle besterik ez ziren agertu eta bertan behera uztea erabaki zuten. Erremedio bat aurkitu nahirik, Kontseilu Nagusiari alkatearentzat ahalmena eskatzea erabaki zuten, hutsune bakoitzean biztanle bakoitzari 60 errealeko isuna ezartzeko.
  • 1796-4-16. Parroki atariko obrekin jarraitzea erabaki zuten, elizaren errentak erabiliz horretarako.
  • 1796-1-31. Udalbatzar nagusian, Urrestillako zirujau Joxe Manuel Bidaurre eta herriko zirujau Jaxinto Egia eta Nikolas Villarri zenbateko eskupekoa eman erabakitzea agintarien esku utzi zuten. 1794. urtean herrian gaixo asko izan zelako, zirujau haiek aparteko lana egin behar izan zuten.
  • 1796-1-13. Herrira inguratzen ziren gizonezko armatuen aurka -gaua Urrestillan eta beste zenbait auzoetako baserrietan igarotzen zuten- Diputazioari, idatzi baten bidez neurriak har zitzan eskatzea erabaki zuten.
  • 1795-8-29. Aramendi erregidoreari urte hasieran parrokiko hilobietan, mojen komentuan eta beste zenbait lekutan gorpuak desegiteko egindako bi karobiren gastuak ordaintzea erabaki zuten.
  • 1795-8-15. Herriko errukietxearen egoera larria zen, beharrei erantzuteko ondasunik lortu ezinean baitziren, eta herrian saldutako ardo pitxar bakoitzari bi laurdeneko zerga jartzea erabaki zuten. Lor zitekeena hobeto zaintzeko ardoa aurrez bertan ziren tabernetara eta Urrestillakoara saltzen zuten. Bide batez, edonork ardoa saltzea debekatu zuten.
  • 1795-7-26. Herri Batzarrera biztanle gutxi agertu zirela ikusita -nahiz eta udaltzainen bidez albistea zabaldu-, herritar batzuek isuna ordaindu artean horiek ezertarako ere kontuan ez hartzea erabaki zen.
  • 1795-6-7. Urdapilleta alkateak adierazi zuen bere emaztearen Gorostiola etxean frantziar soldaduak sartu zirela eta zoru, ate, leiho eta eskailerako egur guztiak eta apaingarri guztiak erre zizkiotela. Kalteak tasatu ondoren, zortzi mila errealeko kalteak sortu zizkioten. Derrama osokoa zenez, Enparan inguruan egurra ebakitzeko baimena eskatu zuen. Udalak baiezkoa eman zion.
  • 1795-5-24. Herrian zegoen tropak labeetarako behar zuen egurrari buruz agertu zituen kexak gogoan izanik eta herritarren artean kalte handiak sor zitzaketen neurriak hartu aurretik, alkatea eta Enparani lurraldeko alkateekin eta Gerra Komisarioarekin biltzeko eskatzea erabaki zuen herriak, herria bera gehiegi behartu gabe erabaki batzuk hartzeko.
  • 1795-5-20. Frantziako armadari egurra eta beste zenbait gauzaren garraioa egiten zuten mandazainei ordaintzeko eta herritarren beharrei erantzuteko, Donostian erositako 200 kintale bakailao eta 400 anega gatz zituzten, lurraldeko sei herrien artean bana zitezkeenak. Beduara iritsita zeuden mandazainei idaztea erabaki zuten, zortzi egunen barruan zenbat behar zuten idatziz jakinarazteko eskatuz. Erdia dirutan eta beste erdia errezibuen bidez ordainduko zieten.
  • 1795-5-8. Frantzisko Ibero maisua hil zen.
  • 1795-5-3. Udalbatzar nagusian, Larroche jeneralak bakoitzaren jabetzak eta iritzi erlijiosoak zaintzeko hartu zituen neurriak entzun ondoren, jeneralari herritar guztien izenean esker ona agertzeko alkatea eta Enparan izendatu zituen herriak.
  • 1795-3-3. Danborra joz eta pregonariaren ahotsez kaleko ertz eta ohiko kantoi guztietan, herrian edo Urrestillan bizi zen edonork ardoa eta pattarra saltzea debekaturik zegoela adieraztea erabaki zuten. Olioa ere ezin zen saldu lizentziarik gabe. Aginduaren aurka zenari genero guztia kenduko zioten. Agindu hori eman zuten, behartsuen babeserako sortuta zen ospitalak bere langintzan jarrai zezan. Ospitalaren bizitza, genero horiekin eskuratzen zuten zergan oinarritzen zen, batik bat.
  • 1795-3-3. Larroche jeneralak eta Crouzet gerra komandanteak eginiko eskaerari buruz hitz egin zuten, Frantziako armadaren ospitaleko arropak garbitzeko emakumeak aurkitzea izanik gai nagusia. Baina zailtasun handiak sortu zirela adierazi zuten, gaixotasun bat nagusitu zelako ospitalean bertan eta herrian lan horiek egin zitzakeen jendea gaixotu egin zelako. Frantziako buruei hauxe adieraztea erabaki zuten: herriak ez zuela inolako ordainketa egiterik emakumeei, eta ager zezatela idatziz zenbat ordain zezaketen egun bakoitzeko, ondoren herriak gestio batzuk egin zitzan.
  • 1795-3-2. Ohiko eran, sukaldeetarako egurra banatzea erabaki zuten herritarren artean, lehentasuna emanez agintariei, agintaritza eskuratzeko eskubidea zutenekin jarraituz, apaizekin ere bai, eta gainontzekoekin bukatuz.
  • 1795-3-2. Frantziako Gerra komisarioak emandako agindua betetzea erabaki zuten. Hala, Xabier Basazabalena zen Komuntzoko hariztia ebaki egin zuten, eta abarrak eta enborrak Frantziako tropari eman zizkioten.
  • 1795-3-2. Parrokiko apaizen eskaerari erantzunez, Elola kaperan obra batzuk egitea onartu zuten, orduan gertatzen ziren hildako ugariei hilobiak egokitzeko.
  • 1795-2-24. Ikusita Frantziako armadak nolako egur eta ikatz beharra zuen Barrenola burdinolatik, bertan zen ikatz guztia ekartzea erabaki zuten. Pedro Martin Larrunbide zen burdinolaren jabea, eta Tolosako Udalaren aginduz konfiskatuta zen Granaderos deituriko taldeko komandantearen aginduz.
  • 1795-2-24. Herrian izugarrizko gaixo piloa izanik eta sendagilerik gabe egotean, sendagile bat herriratzeko ahalik eta azkarren gestioak egitea erabaki zuten.
  • 1795-2-20. Ospitalean gaixo asko zenez, herriak laguntzeko pertsonak aurkitzeko ahaleginak egitea erabaki zuen, batez ere Frantziako armadakoan, kutsadura arriskua nabaria zelako. Elizari ere errogatibak egiteko eskatzea erabaki zuten.
  • 1795-2-18. Ikusirik lekaimeen komentuan asko eta asko lurrean behar bezalako zulorik egin gabe hilobiratzen zituztela, horrek kutsadura gogorra sor zezakeen dudarik gabe, eta hildakoen zuloetan karea botatzeko pare bat karobi egitea erabaki zuten.
  • 1794-8-26. Herrian zehar berrehun frantziar soldadu pasatu ziren, eta Loiolako elizan topatutako guztia bereganatu egin zuten. Herrian frantziar soldadu asko izango ziren 1795eko uztailaren amaiera aldera arte.
  • 1794-8-5. Hiria aurreko egunetik frantziarren menpean zen albistea jaso zuten Donostiatik. Eta Diputazioari probintzian izan zitezkeen Frantziako indarren aurka nola jokatu behar zen jakiteko bere aginduak eskatzea erabaki zuten.
  • 1794-8-4. Frantziskanen komentuko lekaimeek herritik alde egin zuten. Altzolara joan ziren.
  • 1794-7-22. San Agustin komentuko arkupeetan egin zuten erregearen zerbitzura joan behar zuten soldaduen zozketa. Bi konpainia osatu zituzten -bakoitza 80 lagunekoa-, eta beste talde bat 37 lagunekoa.
  • 1794-6-22. Herriko bi konpainia osatzeko, kapitainak, tenienteak eta sarjentuak izendatu zituzten San Agustin komentuko arkupean. Lehen tertzioko kapitain Felipe Neri Etxaleku aukeratu zuten, Frantzisko Agustin Etxeberria teniente, Joxe Joakin Arzelus alferiz, Juan Joxe Etxeberria lehen sarjentu eta Joxe Anzuaga bigarrengoa. Beste tertziorako, berriz, Manuel Mari Altuna kapitain, Joxe Mari Azurmendi teniente eta Inazio Abarrategi alferiz.
  • 1794-6-14. Frantzisko Ibero maisuak jakinarazi zuen parroki atarirako atera eta garraiatzen zen harria aurrez pentsatu baino bi bider gehiago kostatuko zela. Horrela gauzak, Azkoitiko herriari idaztea erabaki zuten, baimena eskatzeko berriro Aranaga harrobitik harria ateratzeko.
  • 1794-5-17. Lehen tertzioko kapitainaren gutuna jaso zuten. Bere konpainiarekin Irunen zegoela zioen gutunean, eta soldadu guztien zerrenda bidali zuen. Guztiaren berri gordetzea erabaki zuten.
  • 1794-5-10. Herritar bat 12.000 erreal aurreratzeko prest zegoela jakinarazi zuten, beste batzuek izandako baldintzetan, mometuko gerra eta herriak ordaindu beharko zituen zerbitzuei aurre egiteko. Eskainitakoa hartzea erabaki zuten.
  • 1794-4-30. Oiartzunen zen Manuel Mari Altunak, herriak bidali zuen konpainian bakar batzuk falta zirela esanez idatzi zuen. Herriak boluntario batzuk aurkitzeko gestioak egitea erabaki zuen hark, eta kostu hura aurrez joan ez ziren haiek ordaindu zuten.
  • 1794-4-30. Altunak, beste gutun batean, hirugarren tertzioko hamabi soldaduk ihes egitean sortutako gastuen berri eman zuen. Berriro bihurtu behar izan zuten txandarekin bete zezaten, eta herriak ordaindu behar izan zituen gastuak.
  • 1794-4-30. Bigarren tertzioa osatuz mugara joan behar zutenei albistea pasatzea erabaki zuten, maiatzaren 6an goizeko hamarretan udaletxera ager zitezen. Eta esan zieten prest egon behar zutela lehen tertzioari maiatzaren 30ean txanda egiteko, Irunen.
  • 1794-3-12. Parroki atariko obrak jarraitzea erabaki zuten, kontuan izanik aleen urritasuna eta herriko langileek zeukaten beharra, lana emanik horrela, eta haien sendiei laguntza berezia.
  • 1794-2-22. Elizaren bidez herriak ikatza egiteko mendiak salgai zituela aditzera ematea erabaki zuten.
  • 1794-2-15. Bi urtean zehar herritik Lasao auzora bitarteko bidea egoki edukitzeko, Sebastian Agirrek egin zuen proposamena onartu zuten, urtean 45 dukat ordainduz.
  • 1794-2-8. Herriari 245 soldadu prestatzea tokatu zitzaiola jakinarazi zioten Diputazioari, eta bere konpainiak osatzeko, bi lehenak 82 lagunek osatuko zituztela eta hirugarrena 81 lagunek.
  • 1794-1-3. Loiola eta Urrestillako pasabideetan igarotzen ziren gurdiek kalte handiak egiten zituztela-eta, bando bidez neurriak hartzea erabaki zuten, bost errealeko isuna jarriz gurdiarekin igarotzen zenari.
  • 1793-12-19. Xabier Zuazolak bidalitako gutunean zioen beronek zuzentzen zuen konpainiak erregeak emandako ogia baino ez zeukala, ez zuela inola ere erregeak eta probintziak agindutako eguneroko soldata jaso eta bazuela Azpeitiko herriak laguntza emango zion itxaropena. Hori jakinda, Azpeitiko Udalak eskribauari agindu zion diruzainari esateko hirurehun pesuko balea presta zezala Zuazolari igortzeko.
  • 1793-12-7. Aspaldian baratza eta soroetan -batez ere, gauez- izandako lapurretak zirela-eta bandoa ateratzea erabaki zuten. Bandoan gauez herritik kanpo ateratzea debekatu zieten biztanle guztiei, ezinbesteko zerbaitetarako ez bazen. Agindua betetzen ez zuenari eta lapurretaren bat izango balitz, haren erantzukizuna egotziko zioten.
  • 1793-12-3. Mugarantz atera zen taldearen kapitain Xabier Inazio Zuazolak gutun baten bidez adierazi zuen ezin izan zuela konpainia osatu, eta hori osa zedin beharrezkoa zela herriak neurriak hartzea. Hori zela-eta, Diputazioari galdetzea erabaki zuten ea zenbat lagunekoak izan behar ziren konpainiak; 80 lagunekoak, Diputazioak lehendik erabakia zuen bezala, edota 90 lagunekoak, Errenteriko Batzar Nagusian erabakita bezala.
  • 1793-10-18. Probintziaren eskaerari erantzunez, Irunera bidalitako hargin eta zurginek emandako informazioaren berri eman zuten: euren soldata mozturik gelditu zela zioten -batez ere eguraldi txarrak izatean marea igotzean-, eta galera handiak sortu zirela. Probintziari kexa bidaltzea erabaki zuten, ahal izanik neurriak hartzeko eskatuz.
  • 1793-8-25. Udalak Diputaziora bidaltzeko txostena prestatu zuen. Bertan, bataloi bat Loiolako Ikastetxera sartzeak ekar zitzakeen kalteak azaldu zituen.
  • 1793-7-29. Parrokiko erretoreari eta Urrestillako bikarioari elizetan prozesioetara ahalik eta biztanle gehien joateko deialdia egiteko erregutzea erabaki zuten. Prozesiora, ohikoa zen bezala, jantzi beltza zutela eta armak zituztela azaldu beharko zuten. Eta bi konpainietako gazteei -armak erabiltzeko trebezia zuten-, lerroan jarri eta ohoreak eginda tiroak botatzea agindu zieten.
  • 1793-7-25. Bere konpainiarekin herritik kanpo zen Antonio Urdapilleta, eta San Inazio bezperan bere soldaduekin bi edo hiru bat egunerako herriratzeko probintziari baimena eskatuz idatzi bat zuzentzeko eskatu zuen. Herriak erabaki zuen horrela egitea, abuztuaren lehen eguneko prozesioari ospe handia emango baitzion soldadu konpainiak parte hartzea.
  • 1793-7-21. Herriak, Azkoitiarekin batera, mugara ahalik eta azkarren 29 boluntario bidaltzeko gestioak egiten jarraitzea erabaki zuten.
  • 1793-7-10. Gipuzkoako Juntan ziren herriko ordezkariek idatzi zuten, probintziaren akordio baten berri emateko eta gerrarako boluntario talde bat osatzeko eskatuz. Herriak erabaki zuen bando bat ematea eta erretoreari elizan deialdi bat egiteko eskatzea. Gauza bera egin zuten Urrestillan eta OƱatz, Eizmendi, Elosiaga eta Olazko ermitetan, Loiolako eliza eta Matxinbentakoan.
  • 1793-6-23. Xabier Inazio Zuazolak idatzitako gutuna erantzun zuten. Bertan hau erantzun zioten: txamarra, beharrezkoa zuten soldaduei bakarrik ematea, eta oinetakoak, berriz, guztiei.
  • 1793-6-23. Urdapilletak idatzi zuen -Irunen zegoen-, bidalitako 25 burusiez gain beste sei bidaltzeko esanez, eta erantzutea erabaki zuten, behar zituenak erosteko. Bide batez, haren konpainiako soldaduek beste bi hilabetean bertan jarraitu nahiko ote zuten galdetzea erabaki zuten, uztailaren 12tik aurrera. Horrela jarraituko zutela jakinez gero, bigarren tertzioari abisatuko zioten, beraiekin soldaduei buruzko konponketa lanak egiteko.
  • 1793-6-7. Diputazioak bidalitako albiste batean, Frantziarekin merkataritza egitea debekatu zuten, unean zegoen gerra kontuan hartuta.
  • 1793-5-24. Gerrarako Diputazioak herria baimenduz erantzun zuen, bigarren konpainiaren ariketak astean bi egunera murrizteko, jaiegunik ez bazen behintzat. Baita ordezkariak ontzat hartzeko ere hil honetan. Guztiaren berri bigarren eta hirugarren tertzioko kapitainei jakinaraztea erabaki zuten, bigarren tertzioko soldaduei bezala hil hori amaitzean ez zela ordezkaririk onartuko.
  • 1793-5-20. Orain artean soldaduei egunean erreal bat, ogia eta ardoa ematen egin zituen gastuen berri adierazi zioten Diputazioari, eta herritarrei armak erabiltzen erakusteko egiten ari ziren gastu handien berri ere bai, argi eta garbi azalduz horretarako nahikoak izango zirela astean bi, kontuan izanik batez ere herri batzutan igande eta jaiegunetan bakarrik egiten zirela ariketak. Diputazioaren erantzuna jaso bitartean, guztia bertan behera uztea erabaki zuten.
  • 1793-5-20. Bigarren eta hirugarren tertzioetako kapitainek adierazi zuten soldadu herritarrak armak egoki erabiltzen ikasitakoan ordezkariak aurkezten zituztela askotan, alferrik izanik horrela ariketa lanak, jende berria agertzen baitzen egunero. Herriari eskatu zioten nolabait murriztea ordezkariek aurkezteko epea, eta erabaki zuten armak erabiltzeko zazpi egunetan ikasketak egin ondoren ez zela ordezkaririk onartuko.
  • 1793-5-20. Jendea biltzeko ahaleginak egin arren, ezinezkoa egiten zitzaiola adierazi zuen Manuel Altuna hirugarren tertzioko kapitainak, eta herriak neurriak hartu beharko zituela. Neurri bereziak hartzeko alkateari ahalmena ematea erabaki zuten.
  • 1793-5-15. Gaztelako (Espainia) Kontseilu Nagusiak bidalitako agindu errealaren berri eman zuten, errogatibak egiteko erregearen asmoak betetzeko laguntza eskatuz. Apaizei albistea pasatzea erabaki zuten, hilaren 19an errogatiba, meza eta prozesioa egiteko kaleetan.
  • 1793-5-12. Mugara irten behar zuen herriko bigarren tertziorako 50 fusil bakarrik gelditzen zirela Diputazioari jakinaraztea erabaki zuten. Baionetak bazituzten, baina kartutxoen tresnarik ez. Mantak, koltxoiak eta beste beharreko gauzak berak lortzea eskatu zioten.
  • 1793-5-9. Konpainia osatzen zutenei egin beharreko ordainketa, honakoa izatea erabaki zuten Herri Batzarrean: 30 erreal kapitainari, 26 tenienteari, 20 alferizari, zortzi sarjentuari, lau sarjentu bigarrenari eta kabo lehenenari, hiru erreal kabo bigarrenari, eta erreal bat soldaduari egun bakoitzean.
  • 1793-4-20. Tolosatik ekarritako ehun fusil pisu handikoak zirenez, zerbait arinagoak erosi nahi zituzten eta herriaren ordezkari bat Soraluzera bidaltzea erabaki zuten, fusilak ahalik eta azkarren ordainduko zirela aginduz.
  • 1793-4-11. Diputazioak agindutako soldadu zerbitzua eskaintzeko, ezkongabeen artean zozketa egin zuten. Guztiak hiru txandatan banatu zituzten: Nuarbe auzotik 30, Araz auzotik 23, Elosiaga eta Mendizabal auzoetatik 47, Gurunaga auzotik 31 eta herriko kaleetatik 21.
  • 1793-4-8. Une batetik bestera Diputazioak jakinaraziko zuen zenbat soldadu ezkongabe aukeratu behar zituen herriak. Auzoetan zerrendak osatzen ibili zirenei deialdia egin eta zozketan lekuko izateko sei pertsona aukeratzeko agindu zieten.
  • 1792-11-14. Milizianoen ostatu bihurtu zen Loiolako Ikastetxea.
  • 1791-9-3. Santa Krutz ermitaren egoerari buruz Ibero erregidoreak aurkeztu zuen txostena aztertu zuten, eta ermiten profanatzeari buruzko batzordeko kide Joan Bautista Alzagari eta Joxe Antonio Altuberi pasatzea erabaki zuten, beharrezko neurriak har zitzaten.
  • 1791-4-12. Herriko kaleetan argia jartzeko arautegia onartu zuten. Juan Bautista txistularia izendatu zuten farolen zaintzaile.
  • 1791-4-3. Herritarrak kexu ziren Urretxutik kartak ekartzen zituena erabat atzeratzen zelako, geldialdi handiak egiten baitzituen Azkoitian. Ondorioz, neurriak hartzea erabaki zuten.
  • 1791-3-5. San Fernando Erret Akademiako Antonio Ponz idazkariari gutun bat bidaltzea erabaki zuten, parrokiko ate nagusiaren proposamen bat aurkez zezan, horretarako neurriak bidalita.
  • 1791-2-10. San Agustin komentuari, Bustinzuriko dolareak ordaintzea erabaki zuten, Isabel Astinak -hil zenean- bere esku utzi baitzituen.
  • 1791-2-3. Urrestillako parrokiko erretaula nagusia egiteko eskritura onartu zuten.
  • 1791-1-11. Orduan parrokian egiten ari ziren arkua amaitu ondoren, gainontzeko lanetan etenaldia egitea erabaki zuten.
  • 1790-12-29. Parrokiko estalpea egiten aritu ziren langileen zerrenda ikusi ondoren, batzuk guztia kobratzeko zeudela konturatu ziren. Beraz, Herri Batzar nagusian guztiaren berri ematea erabaki zuten, haiei zor zietena ordaintzeko zentsuan dirua hartu edo ez jakiteko eta obrarekin aurrera jarraitzeko.
  • 1790-12-22. Kontuan izanik diru gutxi zuela orduan parrokiak eta bere atarian egiten ari ziren obrak geldituz gero kalte handiak sor zitezkeela bertako langileentzat -egindako guztia, gainera, oraindik asko kobratu gabe ziren-, herriak obrarekin aurrera jarraitzea erabaki zuen, eta garia erosteko zeukan dirutik ahal zuen guztia aurreratu zuen.
  • 1790-9-22. Matxinbentako Loinazko San Martin eliza bedeinkatu zuten.
  • 1790-8-21. San Inazio bezperan eta egunean eraikinak argitzeaz Santo Domingo eta San Agustin komentuekin herriak gutun bidez izandako harremanak ikusita eta elkarrekin hartutako erabakiak gogoan izanda, bi komentuei urte horretan hartutako erabakiak bete ez zituztelako herriaren sentimendua azaltzeko gutuna idaztea erabaki zuten.
  • 1790-6-23. Herriak egin zuen eskaerari erantzunez, hil honen 16an Gaztelako Kontseilu Nagusiak emandako baimenaren berri eman zuten. Bertan esaten zenez, sei laurdeneko zerga ezarri behar zioten pitxar ardoari eta laukoa pattarra eta mistelari. Almodenan jartzea erabaki zuten zerga horiek kobratzea.
  • 1790-6-23. Kontuan izanik unean zen egoera larria, urte horretako herriko festetan zezenketarik ez ospatzea, herri bazkaririk ez egitea eta enparantza ez ixtea erabaki zuten. Horren ordez, eta alkatearen esanetara, dantza saioak eskaintzea eta beste zenbait jolas antolatzea erabaki zuten.
  • 1790-6-20. Apezpikutzako bikario magusiak baimena eman zuen Urrestillako elizako erretaula nagusi berria egiteko, aurrez Juan Apaeztegik eginikoa ez baitzen biztanleen gogokoa.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan