Hamarkada: 1870

  • 1878-1-28. Julian Elorza jaio zen.
  • 1876-12-28. Joxe Gurrutxagaren La Azpeitiana fabrikako 80 akzioren zozketa egin zuten, haietako hamar bueltatzeko.
  • 1876-12-21. Herriak azokara etortzen ziren saltzaileei zergak kobratzea erabaki zuen. Toki estalietan metro kuadroko bi erreal eta estali gabekoetan erreal bat. Herriko saltzaileei, berriz, besteen erdia kobratzea onartu zuten.
  • 1876-9-21. Herriak eginiko eskaerari erantzunez, Agustin Iturriagak eta Baltasar Ansolak txostena aurkeztu zuten, herriak martxan jarri nahi zuen bigarren mailako hezkuntzari buruzkoa, Oñatiko Unibertsitateko irakaslea izan zen Joxe Domingo Gerrikagoitiarekin harremanak izan ondoren. Urriaren 1etik herrian katedra izango zela agindu zuten, eta herriaren aldetik hiru mila erreal ordainduko zizkiotela lehen urtean, herritar ikasle bakoitzaren aldetik hamar erreal jasoko zirela hilean irakasgai bakoitzeko (kanpokoek hamasei erreal hilean irakasgai bakoitzeko). Urtea amaitzean ikusi beharko zuten herritarren laguntza txikiagoa izan zitekeen, baina irakasleak urtean sei mila erreal jasotzen zituela gutxi gorabehera. Eginiko gestioak ontzat hartu zituen herriak, eta bere berri irakasleari ematea erabaki zuten.
  • 1876-8-24. Lehen mailako eskola zuzentzen zuen Leontzio Bentura maisuak eta laguntzaile bat eskatu zuen, eskolan 165 mutiko baitzituen. Udalak laguntzaile egokia topatzeko gestioak egitea erabaki zuen.
  • 1876-7-13. Azken gerra karlistan sortutako gastuei aurre egiteko Joxe Manuel Larrañagak, Agustin Iturriagak, Bernardo Iturriagak eta Joxe Mari Arregik 1872ko abenduan aurreratutako dirua itzultzea erabaki zen, baina herria interesak ordaintzekotan geratu zen.
  • 1876-3-16. Gobernadoreak eginiko eskaerari erantzunez, bakearen aldeko jaiak ospatzea erabaki zuten hil honen 20, 21 eta 22an.
  • 1876-3-9. 1873ko abuztuaren 13an gauzain postuan ziren berak lehengo lanean jartzea erabaki zuten, orduan zirenak kenduta.
  • 1876-3-7. Udal liberala osatu zuten, eta Grazian Zelaia jarri zen alkatetzan.
  • 1876-2-20. Alfonso XII.a Espainiako erregea iritsi zen herrira.
  • 1876-2-15. Loiolan Moriones eta Loma jeneralak bildu ziren.
  • 1876-2-2. Jesusen Lagundiko erlijio botoak egin zituen Anaia Frantzisko Garatek.
  • 1876-1-8. Lizarraga karlista jenerala iritsi zen herrira.
  • 1876-1-3. Azken udal karlista osatu zuten herrian, Joxe Inazio Beristain alkate zela.
  • 1875-11-21. San Agustin eliza egokitzea 9.720,80 erreal kostatu zela adierazi zuten, eta alkateak zioen herrian horretarako egindako diru bilketan 4.468,18 erreal osatu zituztela eta gainontzekoa Udalak ordaintzea erabaki zuela.
  • 1875-6-14. Diputazioan hilaren 12an egindako idatziaren berri eman zuten. Bertan, erregeak bi egun lehenago ezagutzera emandako dekretua gogoratu zuten. Dekretu horrek honako hau zioen: aita santuak agindutako Jesusen Bihotz Sakratuaren sagaraketa hil honen 16an egingo zela eliza guztietan. Hurrengo asteazkenean, parrokiko elizkizunetara korporazioan joatea erabaki zuten, bertara ohiko agintariak gonbidatuz.
  • 1875-6-10. San Agustingo eliza zabaldu zuten berriro, elizkizunetarako.
  • 1875-6-9. Parrokiko apaizak adierazi zuen hurrengo eguneko elizkizuna San Agustingo elizan goizeko bederatzietan izango zela. Zortzi eta erditan Udala biltzea erabaki zuten, korporazioan zain egoteko giltzarekin elizako sarreran. Ondoren erretoreari eskainiko zioten giltza. Korrejidoreari eta herrian zen komandanteari gonbitea pasatzea erabaki zuten.
  • 1875-6-4. Kale desberdinetako pertsonei pattarra saltzeko baimena eman zieten.
  • 1875-6-1. San Agustingo elizako obrak, hilaren 10ean amaitzear zeudenez, kultuari zabaltzea erabaki zuten. Udalak ordaindutako elizkizuna egingo zen eta herria korporazioan joango zen elizara. Pertsona bat izendatu zuten erretoreari guztiaren berri emateko.
  • 1875-4-20. San Agustingo elizan obrak egitea erabaki zuten.
  • 1875-4-5. Elosiaga auzoko elizaren egoera ikustea erabaki zuten, azken neguko urak kalteak sortu zituelako.
  • 1874-12-29. Erruekietxeko juntako Juan Bautista Altubek adierazi zuen bertan zirenei lana eskaintzeko gogoa zuela eta, kaleetako garbitasunari buruz kexak zeudenez, aurrez langintza horretarako herriak izendaturik zuenari kalterik egin gabe behartsuek egin zezaketela herriaren garbitasuna, gutxienez hirutik biko zatian, orduko itxura hobetuz. Altuberen proposamena ontzat hartu zuten.
  • 1874-11-29. Herritar bereziekin Joxe Inazio Galdos erretoreak San Agustin elizari buruz idatzitakoa aztertu zuten, ondoren erabakiak hartzeko. Beharrezkoak ziren obrak ikusi eta aurrekontua egitea onartu zuten eta, denbora galdu gabe, ahal zen azkarren gauzak aurrera eman nahirik batzordea izendatu zuten; Joxe Bixente Elorza, Pedro Inazio Odria, Bixente Arregi, Inazio Ibero, Atanasio Mari Larraar eta Lukas Etxeberriak osatu zuten.
  • 1874-11-23. Joxe Inazio Galdos parrokiko erretoreak Udalari gutun baten bidez esan zion eskuetan zuela alkateak bidali zion San Agustin elizako giltza, baina jakinaraziz nolako egoeran zegoen eliza, baita sakristia ere. Hala, esan zion beharrezkoa zela obra batzuk egitea zerbait egokitzeko, elizkizunak bertan antolatzen hasi aurrez. Herriak berak zeukan komentuaren jabetza. Azkenean Udalak eskatu zuen egokitze lanak aurrera eramateko, edo herritarrek horretarako egin zitzaketen eskaintzak onartzen zirela, batez ere dirua aurreratuz inolako interesik kobratu gabe. Udalak hilaren 29rako Herri Batzar nagusia egiteko deialdia egitea erabaki zuen, arratsaldeko hiru eta erdirako.
  • 1874-11-16. Herriko tertzio taldeen kapitain Ramon Azpiroz, Lukas Etxeberria eta Anselmo Kanposek euren taldeak nolabait uniformatzeko laguntza eskatu zuten, gastu handirik egin gabe; beste herrietako taldeek, herriak ordaindurik, blusa batzuk zituztela jakin zuten. Udalak blusa horietakoak erosteko batzordea izendatzea erabaki zuen.
  • 1874-11-16. Azpeitian zen artileriako komandanteak herriari San Agustin komentuko giltza eman zion, eta Udalak erretorearen eskuetara pasatzea erabaki zuen, ahal zen azkarren beharreko lanak egin eta komentuko elizan elizkizunak izan zitezen.
  • 1874-10-8. Batzar berezia ospatu zuten, hilaren 6an Malkorra bolbora fabrikan gertatutako ezbeharrean hildakoen sendien egoera larriari buruz hitz egiteko, eta herrian diru bilketa egitea erabaki zuten. Diputazioak gogoa agertu zuenez, probintzian gauza bera egitea erabaki zuten. Hori egiteko batzordea izendatzea erabaki zuten eta, batzorde hori herriko kaleetako etxebizitza guztietara joan zedin, zerrenda osatu zuten. Auzoetarako ere beste batzorde bat edo gehiago izendatu zituzten baserrietara joateko, dirua edo fruituak eman zitzaten laguntza horretarako. Hilaren 18tik, igandetik, parrokietako sarreratan ere eskaera egitea erabaki zuten.
  • 1874-10-6. Malkorra bolbora fabrikan izugarrizko eztanda izan zen arratsaldean.
  • 1874-8-3. Diputazioak jakinarazi zuen errukietxeari laguntzeko herriak ezarri nahi zituen zergak ontzat hartu zituela: urtean hiru mila erreal pattarrari, bi erreal txakolin arroa bakoitzari, erreal bana sagardoa eta petrolioari eta bi marai libra haragiari. Hurrengo egunetik kobratzen hastea erabaki zuten, eta herriko denda eta biltegi guztietan zenbat genero zegoen jakitera irten ziren.
  • 1874-7-21. Azpeitiko gauzainen arautegia onartu zuten.
  • 1874-7-21. Loiola auzoko biztanle batzuek Udalari gogorarazi zioten bertakoek bakarrik zutela San Inazioren irudia prozesioetan eramateko ohitura. Agintariek hori horrela Loiolara egiten ziren prozesioetan bakarrik zela erantzutea erabaki zuten. Baina horrek inolako loturarik ez zuela eta beste edozein auzoetako biztanleek baino eskubide gehiago ez zituztela esan zieten.
  • 1874-5-11. Ukuiluan kaleetako zaborrak ezin zituela jaso esan zuen Inazio Joxe Segurola garbitzaileak. Zaborrak komentuko ukuiluan edo beste nonbaiten biltzeko eskatu zion Udalari. Momentuan, behintzat, eskatutako tokia emateko asmorik ez zuen agertu Udalak.
  • 1874-1-23. Urrestillako sendagile postua bete nahian, honen berri adieraztea erabaki zuten.
  • 1874-1-12. Herriak agindutako bando bakoitzeko pregonariari erreal bat ordaintzea erabaki zuten.
  • 1874-1-9. Irakurtzen eta idazten zekiten zinegotzi guztiak hilean behin agintaritza lanetan txandatu zitezen, Diputazioak emandako aginduaren berri eman zuten.
  • 1873-9-7. Carlos VII.a Espainiako erregea iritsi zen Loiolara.
  • 1873-8-18. Udal berria izendatu zuten karlistek, eta hil bakoitzean alkatea txandatuko zuten.
  • 1873-8-17. Lizarraga jenerala herrian sartu zen, eta kanpaiak jo zituzten.
  • 1873-8-13. Herriko hiru agintari ez beste guztiak kanpoan ziren eta horientzat laguntzaile batzuk topatzeko batzarra egin zuten. Batzarrera herritar berezienak edo agintaritzarako gai izan zitezkeenak deitu zituzten, eta ondoren batzordea izendatu zuten. Juan Bautista Altube, Agustin Erentxun, Miguel Castiella, Inazio Mari Fernandez eta Nikolas Goia bildu ziren batzar horretan, baina herrian ziren hiru agintariak ez ziren azaldu.
  • 1873-5-5. Diputazioak Udalari emandako baimenaren berri adierazi zuten. Biztanleei kontribuzio bat ezartzeko edo diru prestamen bat har zezan baimena eman zion Udalari. Prestamenak ondorenean aurreratu beharko zituen haragi eta ardo zatikoak ordaintzeko ziren, lehen ere zor handiak zituenez.
  • 1873-4-7. Herriaren defentsarako gotorlekuak amaitu zirela adierazi zuten. Beraz, karlisten ahaleginei aurre egiteko boluntarioek zaindutako udaletxea indartu zuten: arkuetako batean itxitura jarririk eta dorrea zerbait altxatuz, etsaiaren mugimenduak urrutira ikusteko eran. Horrez gain, errukietxearen ondoko pasabidean bezala, Enparan eta Harzubiko zubietan hormak altxatu zirela jakinarazi zuten. Herriko kartzelan ez ezik, Santo Domingo komentuan zen kuartela eta Vista Alegre kasinoak ere indartu zituzten, beraiek defenditzeko.
  • 1873-2-27. Azken Karlistadan herriaren ondasun guztiak lur jota gelditu zirela esan zuen alkateak. Auzo bakoitzean ordezkariak izendatzea erabaki zuten, behar hainbat ganadu prestatuta izateko herrira zetozen soldaduei janaria eskaintzeko. Alkatearen lehen deialdia jasotzean ganadua hiltegira ekartzeko prest izan behar zuten ordezkariek, eta herria gai izatean kobratuko zuten egindako lana; bitartean diruzainak emango zieten beharrezko agiria.
  • 1873-2-22. Herrian zen militar komandanteak adierazi zuen Joxe Mari Azpiroz eta Meltxor Oiarzunen etxeen artean eta jabetasuna zuten etxea botatzea egokia zela herriaren defentsarako. Herriak horrela egitea erabaki zuen, arerioak enparantza nagusira sartzeko oztopoa aurki zezan.
  • 1873-1-30. San Agustin komentuko goialdetik guardian zegoenak tiro batez jota, Amuko zubi inguruan Martin Bikendi hil zen.
  • 1872-12-9. Hilaren 5ean etxea erre zitzaion Joxe Inazio Bereziartuari, eta baimena eskatu zuen dirua biltzeko. Baimenaz gain, Udalak 320 erreal eman zizkion.
  • 1872-12-5. Sebastian donearen plazan sute ikaragarria izan zen, Joxe Inazio Bereziartua nekazariaren etxean.
  • 1872-11-18. Meliton Izeta zinegotziak Espainiako Gobernuko Bizkortze ministroari liburutegi itxurazko bat eskatzea proposatu zion; mutikoen eskolako maisu Leontzio Benturak zuzentzeko eta, egokia izango zenez, maila guztietan kultura lantzeko. Udalak proposamena ontzat jo eta eskaera egitea erabaki zuen.
  • 1872-10-7. Soraluzeko Euskalduna arma fabrikako zuzendariek, idatzi baten bidez, herriak erositako 54 Remington fusilak ordaintzeko eskatu zuten; guztira 16.200 erreal. Erantzun zieten une hartan ezinezkoa egiten zitzaiola Azpeitiko herriari ordaintzea, karlisten altxamendua izanik gastu handiak egin zituztelako.
  • 1872-9-9. Parrokiko erretorearen teniente Isidoro Bengoetxeak idatziz eskatu zuen San Agustin komentuari buruzko agiriak ikusteko baimena, hilaren 7an Gasteizko Epaitegi Eklesiastikoak emandako agindua bete zezan. Udalak erabaki zuen Espainiako Estatuak herriari komentua eskaintzean eginiko agiriaren kopia bat ematea, baita beste zenbait gairi buruzkoak ere.
  • 1872-9-9. Alkateak jakinarazi zuen nola jarri zuten La Azpeitiana arma fabrikan herriak zituen akzioak saltzeko iragarkia, eta nahi zutenek proposamenak egin zitzaten aukera eman zutela, gutxienez bi mila erreal izendatuz, baina inork ez zuela horrelakorik egin. Azkenean, Meliton Izeta prezio horretan bereganatzeko interesaturik zela jakitean, hari ematea erabaki zuten.
  • 1872-9-2. Diputazioak idatzi baten bitartez adierazi zuen ulertzen zuela herriaren jokaera Remington fusilak erosteko garaian, herritar boluntarioak armatzea derrigorrezkoa egin zitzaiolako, eta ontzat hartzen zuela eginikoa. Bestalde, uztailaren 17an bidalitako gutunean esaten zuen bezala, erdia Diputazioak berak ordainduko zuela adierazi zuen, kontuan izanik fusil bakoitzaren prezioa 290 errealekoa zela.
  • 1872-9-2. Alkateak jakinarazi zuen nola jarri zen harremanetan parrokiko erretorearekin, San Agustin komentuan ziren gauza sakratuak jasotzeko eskatzeko, berehala obrak egiten hastekoak zirelako bertan. Erretoreak erantzun zuen apezpikuarekin hitz egin beharko zuela lehenik. Baina ikusirik denbora igaro ondoren ez zuela beste erantzunik agertu, Apezpikutzara gaiari buruz idaztea egokia iruditzen zitzaiola adierazi zuen alkateak, eta horrela egitea erabaki zuten.
  • 1872-9-2. Diputazioak emandako baimena kontuan izanik, La Azpeitiana arma fabrikan herriak zituen lau akzioak saltzea erabaki zuten, herriko boluntarioak armatzeko handik erositako armak ordainduz horrela. Herriari jakinarazi zioten hartutako erabaki hori, inork akzioak erosi nahi balitu ere (bi mila errealean bakoitza), eta horretarako hurrengo igandera bitarteko epea eman zuten.
  • 1872-8-19. Pilotalekuaren ondoan eta Abitainen berriro iturria egin zuten, eta herritar guztientzat zabaldu zela adierazi zuten.
  • 1872-8-12. Diputazioak adierazi zuen herriko boluntario foralak armatzeko 54 Remington fusil ordaintzeko baimenik ez zuela eta Probintziako Batzar Nagusiek kontribuzioa kobratzean erdia ordaintzea erabakita zutela. Herriak arma horiek Tolosako batzarrean Diputazioak ordainduko zituela erabaki zelako erosi zituela erantzun zuen.
  • 1872-8-12. Probintzian agertu zen bandido taldea ahalik eta azkarren ezereztatzeko aholkuak eman zituen Gipuzkoako Diputazioak. Garrantzitsuena taldekideren bat ikustean kanpaiak jotzea zen, haien aurka egiteko 18 urtetik 55era bitarteko herritar guztiak udaletxean biltzeko. Agindua betetzen ez zuen edozein alkatek edo udalek hiru mila pezetako isuna ordaindu beharko zuten, eta biztanleek hirurehun pezetakoa.
  • 1872-7-22. Udalak Loiolako ateak zabaltzeko baimena lortu arren elizkizunak bertan ospatzeko, herriko apaizek ez zuten parte hartzerik nahi. Udalak erabaki zuen herritarrei idatzi bat bidaltzea, apaizen jokaera salatuz, eta nahi zuten guztientzat Loiolako eliza eta kapera hiru egunetan zehar zabalik izango zela jakinarazi zuen.
  • 1872-7-15. Pozik entzun zuten herriko agintarien aldetik Diputazioak bidalitako gutuna. Gutunean Gipuzkoako Batzar Bereziak hartutako erabakia jaso zuten; hau da, ezerezean uzten ziren baimenik gabe probintzian sortu ziren kongregazio eta elkarteak.
  • 1872-7-15. Herrietan erasoan hasteko prest talde armatuak zirela jakin zuten, eta alkateak adierazi zuen zinegotzi eta herritar zintzoak bildu ondoren armak hartzea erabaki zutela. Horretarako gobernadore militarrari idatzi zioten, Remington fusilak eta kartutxoak Donostiatik ekartzeko baimena eskatzeko. 54 fusil Soraluzeko fabrikatik herrira ekarri zituzten, eta Gobernuko parketik beste bi mila kartutxo. Diputazioari egindako gastua jakinaraztea erabaki zuten, batzar bereziak onartu bezala honek erdia ordaintzeko.
  • 1872-6-17. Maiatzaren 17an Tolosan eginiko Gipuzkoako batzar berezian hartutako erabakiaren berri emateko idatzi zuen Diputazioak. Bertan jakinarazi zuten altxatuen aldera pasatu zen apaizak edo bere elizatik falta izan zenak ezingo zuela berriro herriko edo Gipuzkoako elizara bihurtu bere lanarekin jarraitzeko egoera berri horretan. Ustekabeko ekintza batekin edo erregearen aginduarekin bueltatzeko aukera izango balu ere, hamar mila erreal ordaindu beharko zituen errebelamenduaren gastuei aurre egiteko. Agindua bera zen probintzia edo udal soldaduak jasotzen zituztenentzat, eta alkateak zaindu beharko zuen agindu hori betetzea, bestela bi mila errealeko isuna ordaindu beharko zuen. Horrekin batera, altxamendua hasi aurretik edo izan zen bitartean alde egin zuten apaizen eta era horretan kobratzen zutenen zerrenda lehenbailehen bidaltzea eskatu zuen Diputazioak. Guztiari erantzutea erabaki zuten.
  • 1872-6-6. Udal berria osatu zuten, Joxe Manuel Larrañaga alkate zela.
  • 1872-5-1. Juan Mari Etxaniz, Pedro Zabala Antxieta, Joxe Mari Uranga eta Hilarion Orbea bildu ziren. Lehenak adierazi zuen, aurreko egunean Orbea eta biak bakarrik bildu zirenez, bien artean hartutako erabakien berri emateko beste guztiei deitzea erabaki zuela. Besteen onespena lortu nahi zuten. Larrialdi horretan, etortzen ziren etsaiei aurre egiteko inolako indarrik gabe zeudenez, aurrez hartutako erabakia betetzen ahalegintzea erabaki zuten. Herriaren lasaitasuna zaintzen jarraituko zuten Etxanizek eta Orbeak.
  • 1872-4-30. Joxe Manuel Larrañaga alkatea, inolako agindurik eman gabe, herritar boluntarioekin batera herritik kanporatu zutela ikusita, idazkariak zioen egokia eta beharrekoa iruditu zitzaiola Ramon Erzilla udaltzainaren bidez deialdia egitea Udala osatzen zuten beste guztiei, betiere herrian zirenek bilera bat egiteko neurriak hartzeko, herria agintaritza gabe ez uztearren. Juan Mari Etxaniz eta Hilarion Orbea bakarrik bildu ziren, gainontzeko gehienek alkatearekin batera herritik alde egin baitzuten, eta biek erabaki zuten udaletxean gelditzea behar zen laguntza eskaintzeko, batez ere herrian bakea izan zedin.
  • 1872-4-22. Gobernadoreak orden publikoa zaintzeko herritarren milizia taldeak osatzeko agindu zion dio alkateari, telegrafo linea ez hautsi eta etsaiak menperatzeko armadari lagundu asmoz. Herriak erabaki zuen indar herritarra martxan zela erantzutea.
  • 1872-4-22. Unean herritarren artean zen egonezina ikusirik -Landeta alderako bidea hartu baitzuten gazte batzuek armatuta, Carlos VII.aren izenean altxamendu bat sortzeko asmoz-, horrela jokatuz ondorio gogorrak ekartzen zituztenez bai beraientzat, bai sendiarentzat eta bai probintziarentzat, udaletxean etengabeko batzorde bat egotea erabaki zuten gerta zitekeenari erantzun azkarra emateko, eta batez ere orden publikoa eta lasaitasuna izateko herrian; bide batez, goi agintariek emandako agindu guztiak betetzeko. Batzorde horretan, txandatzen joango ziren zinegotzi guztiak, batzuk lanean ziren bitartean besteek atsedena hartzeko.
  • 1872-4-1. Alkateak zera adierazi zuen: nola jaso zuen Agustin Jauregi erretoreordearen gutun bat asteazken santuan, esanez gehiegizkoa zela sagrarioko giltza alkateari eskaintzeko Ostegun Santu eguneko ohitura; ondoren, eskatzen zuen ez zedila alkatea igo giltza jasotzera, beste urteetan bezala, erabakita baitzuen eskaintzarik ez egitea. Alkatearen erantzuna izan zen betidanik ezagutzen zen ohitura jarraitzea eta, herritarren sentimenduak zauritu gabe, ohiko tokira igotzea giltza jasotzera, baldin eta Jauregik berak pulpitutik eta herriaren aurrean adierazten ez bazuen urteetan ezagututako ohitura elizaren aldetik debekaturik zegoela. Aho batez ontzat hartu zuen Udalak alkatearen jokaera.
  • 1872-3-11. Elizbarrutiko arduradunaren eskaeraren berri eman zuten: Udalak San Agustin elizako giltzak ematea erretoreari, baina idatzi baten bidez berari aurkeztea erabaki zuten; herriak zeukan eskubidea giltzak berekin izateko, komentuaren jabea zelako.
  • 1872-3-11. Apezpikuari Agustin Jauregi erretoreordearentzat zigor bat eskatzea onartu zuten, orduan herritarren artean nabaria zen urduritasuna nolabait mozteko.
  • 1872-2-13. Agustin Jauregiren eskaerari erantzunez, eta nahiz eta Gasteizko apezpikutzak agindu San Agustingo giltzak berari ematea, Udalak agindua ez betetzea erabaki zuen, Joxe Manuel Larrañaga alkatearen iritzia jarraituz.
  • 1872-2-5. Ramon Erzilla udaltzainari jubilazioa eskatzeko aholkua eman zioten, bizi zen artean eta egun bakoitzeko sei erreal emango ziotela aginduz. Izan ere, bere betebeharrari uko egin zion, San Agustin komentuko giltzak Agustin Jauregi erretoreordeari emanez Udalaren baimenik gabe. Udaltzaina defenditu zutenak ere agertu ziren, Jauregirena negarrez joan zela adieraziz giltzak itzultzeko eskatuz, baina honek ez zizkiola eman azalduz.
  • 1872-2-5. Inauterietan enparantza itxi eta bertan zezenak jolasteko gestioak egin zitzan batzorde bat izendatu zuten.
  • 1872-1-8. 1871n herrian 209 jaiotza eta 178 hildako izan zirela adierazi zuten.
  • 1871-12-4. Alkateak gogorarazi zuen Ziriako Barrena izendatu zuela kontrabandoa zaintzeko. Baina pattarra eta likorea saltzeko debekua altxatu zutenez, Udalak erabaki zuen postu hori bertan behera uztea, jada behar ez zelako.
  • 1871-10-30. Pedro Joxe Uranga gozogilearen neskameari aurkitutako kontrabandoaren berri eman zuten, eta herriaren aldetik neurriak hartu zituzten.
  • 1871-10-16. Diputazioak herriari baimena eman zion armak erosteko boluntario taldea egokitzeko eta, nahi izanez gero, La Azpeitiana arma fabrikan zituen bi mila errealeko hiru zedula saltzeko.
  • 1871-9-25. Alkateak herritar ordena maitaleekin horiei armak emateko unean egindako bileraren berri eman zuen, esanez talde egokia osatu zutela, gauza guztien gainetik lasaitasuna egon zedin herrian, eta horrela jokatu zutela. Aurretik, hilaren 9an, gobernadoreari armak zabaltzeko baimena eskatu ziotela esan zuen alkateak. Zinegotzi batzuek esan zuten hobe zela ahal zen azkarren beraiei armak ematea, herriaren aldetik gastuak ordainduz, beste herrietan egin zen bezala. Diputazioari baimena eskatzea erabaki zuten, gastuok egiteko eta behar izanez gero La Azpeitiana arma fabrikan herriak zituen bi mila errealeko hiru zedulak salduz.
  • 1871-8-28. Diputazioak bidali zuen ofizio baten berri adierazi zuten. Bertan, Loiola auzoko biztanle batzuek Mutrikun ospatutako Batzar Nagusiei egindako eskaera ontzat hartu zuten. Beraz, Loiolako Santutegian igande eta jaiegunetan mezak emango zituzten. Udalak eliza ireki eta ixteko ordutegia izendatu beharko zuen hala.
  • 1871-8-28. Azkenaldian zurrumurruak zeuden matxinada karlista izan zitekeela-eta. Azken urtean gertatutako ekintza tristeak berritu ez zitezen, herria defenditzeko armak hartu edo ez erabakitzeko herritar "zintzo" eta ordena publikoaren zaleekin harremanetan jartzea erabaki zuten.
  • 1871-7-28. Hilaren 25ean sinatutako idatzi baten bidez, parrokiko apaizek herriko festetan ez zirela Loiolara joango adierazi zuten, elizkizunak ospatzeko bertako kapera zabalik izango zela adierazten ez zitzaien bitartean. Udalak maiatzean errogatibetan eta meza santuan izan zirela gogoratuz erantzutea erabaki zuen eta, bestalde, herria ohiko elizkizun gabe uzten bazuten herritarren haserrea bere gain hartu beharko zutela. Erantzun idatzi horren kopia bat herritarrek irakurtzeko zintzilikatu zuten herrian, eta bertan nahi zuten guztientzat Loiolako Santutegia San Inazio festetan zabalik izango zela adierazi zuten.
  • 1871-7-24. Herritar batzuek San Inazioren irudia parrokitik Loiolara prozesioan eramateko euren burua eskaini zuten. Gainera, adierazi zuten bakoitzari herriak ohikoa zen libra ogia eta pinterdi bat ardo eman gabe egingo zutela. Baina herriak Elosiaga auzoko biztanleei eskaintza hitzez eginda zuen, eta lehentasuna azken horiei ematea erabaki zuten.
  • 1871-7-24. Herriko zenbait kaletan pattarra salduko zutenen zerrenda osatu zuen Udalak, eta haiek baino ez zituen baimendu horretarako.
  • 1871-5-22. Pedro Inazio Odriak baldintzak eta aurrekontua prestatu zituen San Agustingo patioan haur eskola egiteko. Enkantean jartzea erabaki zuten.
  • 1871-5-8. Herriari, pattarra, likoreak eta izpiritu edariak ez ezik, Nuarben ardoa esklusiboki saltzea debekatu zion Diputazioak, gutunez. Horretarako erabakia hartu zenean, kontribuzio gehien ordaintzen zuten bi herritar besterik ez ziren bildu agintariekin.
  • 1871-5-8. Haurtzaro eskolara agertzen zirenak gero eta gehiago zirela ikusirik, gela handiagoa egitea erabaki zuten biztanleentzat, beharrekoa zela konturatu zirelako. Pedro Odria perituari agindu zioten egin zitekeena aurkezteko, batez ere San Agustingo patioan.
  • 1871-4-20. Kontrabandoari aurre egin nahirik, Diputazioari baimena eskatzea erabaki zuten, urte honetan eta ondorengoan pattarra, likoreak, eta antzeko edariak saltzeko ordaindu beharreko zergak jasotzeko. Baita ardoa saltzeko ere Nuarbe auzoan. Garbi zuten edari horiek azken urteetan zergak ordaindu gabe saltzen zirela.
  • 1871-4-10. Martxoaren 21ean emandako dekretuak Espainiak eskainitako propietateak berriro bere eskuetara pasatzen zirela jakinarazi zuen, baldin eskaera eginiko erabilpena ez bazuten. San Agustin eta Santo Domingo komentuek agindutako erabilpena zutela erantzutea erabaki zuen herriak. Alkateak eman zuen iritzia ontzat harturik, ordea, San Agustin ez aipatzea onartu zuten, oraindik ez baitzen ezer egin bertan.
  • 1871-3-6. Komunikazioetako zuzendari nagusiak adierazi zuen sortua zela eguneroko posta zerbitzua Zumarraga, Azkoitia eta Azpeitiaren artean. Eskaera eginiko Basilio Fernandezek karroz egingo zuen goizetan. Udalak ordutegiak izendatu zituen: goizeko bostetan irten beharko zuen Azpeititik, zortzietan iritsiz Zumarragara. Bertatik, hamar eta erditan irten eta hamabi eta erditarako herrira iritsi.
  • 1871-2-13. Inauterietan Udalak ordaindu beharreko jaialdirik ez ospatzea erabaki zuten, garrantzi handiagoko lanak zituelako.
  • 1870-11-17. Espainiako erregetzarako Aostako Dukea izendatu zutela esanez gobernadore militarrak eta zibilak hilaren 16an eta 17an bidalitako telegramak irakurri zituzten. Erabakia Gorteak hartu zuen, 191 botorekin. Udalak pozik hartu zuen albistea. Hala, Espainiako bandera udaletxeko balkoian jartzea erabaki zuten, eta kanpaiak jotzea goizez eta arratsaldez parrokian eta Loiolan. Errukietxean ziren behartsuen artean janari berezia banatu zuten: nahiko ogi eta ardo. Egun osoan zehar, herriko kaleetan txistulariak ibiltzea erabaki zuten.
  • 1870-9-1. Alkatetza lanak egiten ari zen Juan Mari Etxaniz eta zera adierazi zuen: hilaren 29an herrian izan zen altxamenduan parte hartu zutenek ez zituztela armak lortu parroki inguruko arma fabrikatik -hasiera batean hala pentsatu zuten-, baizik eta parrokitik bertatik atera eta zabaldu zirela armekin; korurako eskaileraren leihoetatik jaso zituzten armak, seguruenik koruaren atzeko gelan egon zirelako ezkutaturik. Ondorengoa ere adierazi zuen Etxanizek: hurrengo egunean ez zirela parrokira bertako apaizak agertu, baina bai Joxe Bixente Oñatea eta Tomas Agirrezabalaga, Tomas Uria, Frantzisko Goenaga eta Hermenegildo Amezua kapilaua, huts eginik erretoreorde Agustin Jauregi, Joxe Inazio Elorza, Joxe Inazio Galdos, Frantzisko Lapeira, Remigio Abarrategik eta Joxe Inazio Aldalur organojoleak. Beraz, zioen ez zela kantatutako mezarik eta organorik izan, koruko eskailerarako sarrera barrutik itxita baitzen. Etxanizek, abuztuaren 31n, Joxe Inazio Elorza eta Frantzisko Lapeira agertu zirela adierazi zuen, baina orduan ere zuten ospatu kantatutako mezarik, ezta organorik entzun ere ohi bezala. Azkenik hartu zituen neurrien berri eman zuen, eta ontzat iruditu zitzaizkien gainontzeko agintariei.
  • 1870-8-29. Bizi zen egoera politikoa kontuan izanda eta herriari tokatzen zitzaizkion beharreko zerbitzuak eskaini nahirik, derrigorrezkoa ikusi zuten agintari guztiak udaletxean izatea aginduak emateko, eta horrela egitea erabaki zuten.
  • 1870-8-29. Herriko gazte karlisten altxamendua izan zen.
  • 1870-8-28. Agustin Jauregi erretoreordeak sekulako sermoia egin zuen; herriko gazte karlistak suspertu zituen.
  • 1870-4-11. Pedro Parodi maisutzatik kendu zuten, Espainiako Konstituzioari zin egiterik ez zuelako nahi izan. Herriak Heziketa Publikoko probintziako Juntari, herriko eskolako maisu postua hutsik zela eta ahalik eta azkarren norbait izendatu zezan adieraztea erabaki zuen.
  • 1870-3-14. Herriko lehen haurren eskola zabaldu zuten. Joxe Joakin Senperena eta haren emaztea ziren maisuak.
  • 1870-1-31. Joxe Mari Azpiroz eta Pedro Inazio Odria perituei Oiartzun edo Legorreta dorrean arkuak atera zitezkeen ikusteko eskatu zieten, era horretan enparantza nagusiaren hiru alderdi arkuz osatuta gelditu zitezen.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan