Hamarkada: 1880

  • 1889-12-16. Pedro Alejandro Rekondo arkitektuari Azoka plaza estaliaren planoak eta aurrekontua eskatzea agindu zioten alkateari.
  • 1889-12-16. Alkateak egindako gestioak medio, Anastasio Belokik herriaren argikuntzarako proposamen berria aurkeztu zuen.
  • 1889-12-9. Anastasio Belokik herriko argikuntza egiteko proposamena aurkeztu zuen. Udalak proposamen horretan aldaketa batzuk egiteko eskatu zion.
  • 1889-12-2. Alkateak Urolako trenaren proiektua aurrera zeraman juntarekin Zumarragatik Zumaiara bitarteko kontzesioa ematea hitzartu zuen. Proiektua aurrera eramateko 8.506,17 pezetako aurrekontu berezia prestatzea erabaki zuten eta herriak %1 aurrez ordaintzea.
  • 1889-9-23. Planes eta Flaquer Bartzelonako elektrika etxeak idatzi zuen, esanez herrian elektrika instalazioa egiteko proiektuak aurkeztu zituela. Udalak batzordea izendatzea erabaki zuen gaiari buruz behar ziren gestioak egiteko eta, ahal zela, oztopoak gainditu eta ideia aurrera eramateko.
  • 1889-6-17. Herritar batzuk kexatu egin ziren frontoian adin handikoek gaztetxoei jokatzen uzten ez zietelako, ezta txandaka ere. Horren aurrean, Udalak udaltzaina frontoia zaintzen jartzea erabaki zuen, horrelakorik gerta ez zedin.
  • 1889-6-3. Julian Arzamendi Larrea jaio zen. Erremontean txapeldun handia izatera iritsi zen.
  • 1889-4-27. Manuel Zelaia Zendoia jaio zen. Medikuntzan lizentziatua eta idazlea izan zen. 'Apokalipsis' euskaratu zuen eta 1964an argitaratu.
  • 1889-4-15. Errukietxeko juntak eginiko eskaera onartu zuten: herriko enparantzako pisuak erabiltzeko esklusibotasuna berari ematea diru bat lortzeko.
  • 1889-2-27. Baldintza batzuen bidez, herriaren okindegi erregulatzailea enkantean jartzea erabaki zuen herriak.
  • 1889-1-30. Herriaren elektrika argikuntzarako Juan Bautista Belokik aurkeztu zuen proposamen bakarra, eta harekin egin zuten tratua.
  • 1888-10-29. Egun hartatik aurrera orduekin batera gauzainek 'Alabado sea Dios' kantatzea erabaki zen. Joxe Mari Arregi erregidoreak egin zuen proposamena.
  • 1888-10-15. Errukietxeko juntak baimena eskatu zuen, kapera zerbait handitzeko. Udalak onartu egin zuen.
  • 1888-8-13. Lurraldeko kartzelako obrak egin zituzten eta Udalak lehen zatia ordaintzea erabaki zuen.
  • 1888-7-30. Loiolako eliza kontsakratu zuen Valladolideko (Espainia) artzapezpikuak.
  • 1888-5-16. Teodoro Erentxun margolariari ordaindu egin zioten, Bartzelonako Erakusketa Orokorrera bidaltzeko herriko armarri bat margotu zuelako.
  • 1888-4-30. Valladolideko (Espainia) Unibertsitateko errektoreari bi sexuen eskola oso bat Urrestillan sortzea eskatuz eskaera zuzentzea erabaki zuten, bertako biztanlegoa 500era iristen ez bazen ere.
  • 1888-3-5. Ordainketa bat egin zuen herriak, Urola trenaren memoria bat argitaratzeko.
  • 1888-3-5. Lurraldeko kartzelak egiteko tokia erosteko eskritura sinatzea onartu zuten.
  • 1888-3-5. Batzorde bat izendatu zuten Loiolako jesuitei eskerrak emateko, laguntza berezia eman zietelako behartsuei azken elurtean.
  • 1888-2-6. Loiolako zelaia egokitzeko zenbait herritarrek inolako interesik gabe eskainitako diru laguntza onartu zuten. Udalaren aurrekontuetan asignatu gabe gelditu zen, eta Inazio deunaren jaietarako dena amaitzea nahi zuten.
  • 1888-1-7. Kartzela eta epaitegi berria egiteko lurraldeak erosi zituen herriak.
  • 1887-10-31. Kartzeletarako juntak hartutako erabakia ikusirik, herriak tokatzen zitzaizkion 7.500 pezeta ordaintzea eta beste 7.500 pezeta lurraldeko herrien artean osatzea erabaki zuen, horretarako bakoitzaren ondasunak gogoan izanik.
  • 1887-10-3. Frantziska Iriarteri ordaindu egin zioten Espainiako erregeei ongi-etorria egiteko egindako lana -banderak eta alfonbrak jaso zituen-. Balaguer, Coll eta Ripoll dendako nagusiari ere ordaindu zioten, erregeei emandako freskagarriengatik.
  • 1887-7-30. Erdi kaleari 'San Inazio' deiturazko plakak jarri zizkioten.
  • 1887-7-27. Aho batez erabaki zuten Erdi kaleari 'San Inazio' deitura plaka jartzean, bertako biztanleei balkoietatik eskegita zintzilikatzeko eta musika bandarekin korporazioan udaletxera joateko eskatzea. Ondoren zezen bat aterako zuten kalean.
  • 1887-7-11. Erdi kalearen deitura aldatzea erabaki, eta 'San Inazio' kalea izendatu zuten. Hil honen 30ean ospe handiz plaka jartzea onartu zuten.
  • 1887-7-11. Zinegotzi baten mozioa onartuz, suhiltzaile taldea antolatzeko ikerketa egitea erabaki zuten.
  • 1887-5-25. Enparan eta Santiago kaleak harriztatzeko baldintzak onartu zituzten.
  • 1887-3-7. Posta eta Telegrafoko zuzendariak eginiko idatzia irakurri ondoren, esanez herriko Osasun Juntarekin bilera bat egin nahi zuela -orduan bulegoak Inazio Unanuek Erdi kalean zuen 24. zenbakian zeuden, eta etxea bizitzeko egokia edo ez erabaki nahi zuten bileran-, Udalak erabaki zuen hil hartako 9an bilera hori egitea.
  • 1887-2-23. Ohitura alde batera utziz, esan zuten uko egin ziotela Tomas Arzuaga eta Bernardo Olaizola gauzainek inauteri astearte goizean sokamuturra zuzentzeari. Ondorioz, agintariek bakoitzari bost pezetako isuna ezartzea erabaki zuten.
  • 1887-2-23. Gobernadore Zibilaren agindua beteta, herriko kale guztien izenarekin plakak lortzea erabaki zuten.
  • 1886-11-29. Herrian marrazki linealaren gau eskola zabaldu zuten, Teodoro Erentxunen zuzendaritzapean. Hilean 40 pezeta ordaindu zizkioten.
  • 1886-11-10. Aurreko batzarrean emandako agindua beteta, Zudupe zinegotziak adierazi zuen Ziriako Barrena eta beste batzuek marrazki eskola martxan jartzeko eskaera egin zutela, eta Erentxunek hilean 40 pezetako laguntza eskatu zuela, argiaren gastua eta aulkiak erostea herriak aurre egin beharrekoak izanik. Udalak erabaki zuen azterketa sakonagoa egitea gaiari buruz.
  • 1886-11-3. Ziriako Barrenak, beste herritar batzuekin bat eginik, marrazki eskola herrian martxan jartzeko eskatu zuen, Teodoro Erentxunek irakasle lanetarako zeukan trebetasuna aprobetxatuz. Udalari egokia izan zitekeela iruditu zitzaion, eta Joxe Inazio Zudupe erregidoreari gaia ongi aztertzea agindu zion.
  • 1886-10-25. Garaiko ganaduak zeukan prezioak haragiaren prezioa zerbait jaisteko bidea ematen zuenez, azaroaren 1etik herriko harategian kilo bakoitza pezeta batean saltzea erabaki zuten.
  • 1886-10-11. San Millango markesak musutruk eman zion herriari Enparan kale barreneko lur zati bat, zabalera handiagoa emateko bideari. Eskerrak ematea erabaki zuten.
  • 1886-6-7. Felix Ortiz San Pelaiok Sinfonia Baskongada estreinatu zuen Buenos Aires hirian.
  • 1886-5-24. Karlos Iberok eginiko torilen planoa onartu zuten eta beraiek San Inazio egunerako egitea erabaki.
  • 1886-4-19. Donostiako Epaitegi Kriminalaren eta Espainiako Auzitegi Goreneko presidentearen gutunak jaso ziren. Gutunetan epaitegiak eta kartzelak egitea eskatzen zen Azpeitiaren eta inguruko herrien lurretan. Horrelako eraikinek beharrezkoak zituzten gauza guztiak bete behar zituzten, bai osasun aldetik eta baita segurtasun aldetik ere.
  • 1886-3-15. Urrestillako garbitokia egin zuen Inazio Etxeberriari haren kostuaren erdia ordaintzea erabaki zuten.
  • 1886-2-1. Errukietxeko juntak bertara ura ekartzeko lanak oraindik ez zirela amaitu adierazi zuen, aurrez garbitoki bat egin behar zelako.
  • 1886-1-18. Kaleetako farolak noiz piztu eta itzali behar ziren ardura zedin zinegotzi bat izendatu zuten.
  • 1886-1-11. Urrestillako garbitokia egiteko lanak amaitu zirela adierazi zuten.
  • 1885-11-30. Herriaren aldetik Durangon zegoen Frantziako tropari 1808an eginiko hornikuntza kobratu nahirik, herriak idatzitako gutunari Bizkaiko Diputazioak emandako erantzunaren berri eman zuten: ez zituela ordainduko 86.309,28 erreal, ez zutelako inolako agiririk aurkitzen hornikuntza egin zela adierazten zuenik.
  • 1885-11-30. E. Schill erlojulariak, herriaren aldetik erosi eta Benito Ieregik udaletxean jarritako ordulariari buruz iritzia eman zuen, aurrez aurkitutako akatsak zuzendurik zituela esanez. Udalak ordulariaren bigarren zatia ordaintzea erabaki zuen.
  • 1885-11-2. Benito Ieregi erlojulariak herriaren aginduz udaletxerako egindako ordularia ikusi ondoren, Schillek emandako iritziaren berri eman zuten, eta Udalak Ieregi hautatu zuen, ordaindu aurretik akats batzuk zuzen zitzan.
  • 1885-10-26. Alkateak adierazi zuen Ieregi erlojaria prest zela agindutako ordularia herriaren eskuetan uzteko, eta Udalak erabaki zuen Schill izendatzea berak azter zezan eskrituran aginduta bezala egina zen ala ez.
  • 1885-9-21. Santiago kalea eta Kristina plazatxoa lauzatzean eginiko gastuak ontzat hartu zituzten.
  • 1885-9-21. Harzubia eta Goiko kaleko biztanle batzuek idatzia aurkeztu zuten, herriari errukietxeko juntaren aurrean gestioak egin zitzala eskatuz, soberan zeukaten urarekin iturria jartzeko ondoen iruditzen zitzaien tokian, herritarrentzat ongarria izango zelako. Eskatutako gestioa egitea erabaki zuten.
  • 1885-9-16. Felix Barrenak Urrestillako garbitokiari buruz aurkeztutako aurrekontua aztertu zuten, eta obrari hasiera ematea erabaki, baldintzak prestatu ondoren errematean jarririk.
  • 1885-7-31. Egurrezko zezen-plaza berria inauguratu zuten.
  • 1885-7-30. Vista Alegre Frontoia inauguratu zuten.
  • 1885-5-27. Loiolako obren jarraipenaren lehen harria jartzeko ekintza zela-eta, Pozezko oroimen bat gordetzea erabaki zuten aho batez.
  • 1885-5-20. Loiolako obraren lehen harria jartzea ospatuz, hilaren 24, 25 eta 26an egin nahi zuten hirurrena antolatzeko batzordea izendatu zuten. Santutegiaren kanpoa eta zelaia apaintzea eta hiru egunetan korporazioan joatea erabaki zuten. Azkoitiko Udalari bertako korporazioa pozik hartuko zutela adierazi zioten.
  • 1885-4-27. Alzola ingeniariak gutun baten bidez esan zuen maiatzaren lehen egunetik zeukala asmoa Urola trenari buruz ikerketak egiten hasteko. Herriak erabaki zuen proiektuan interesa zeukaten herri guztiei jakinaraztea hori, lehen zatia hari ordaintzeko dirua eman zezaten.
  • 1885-4-22. Benito Ieregik udaletxerako ordulari bat eskaini zuen 6.300 errealean eta herriak onartu egin zuen.
  • 1885-4-8. Udaletxean ordulari bat jartzeko Benito Ieregik egindako proposamena ikusirik, hari idaztea erabaki zuten, herriratzeko eskatuz, eta gaiari buruz hitz egiteko.
  • 1885-3-23. Zezen-plazako tendidoa enkantean jartzea erabaki zuten.
  • 1885-3-9. Baimena eman zioten Joxe Antonio Legorburu, Vista Alegre deitutako frontoia egiten ari zen elkarteko buruari, obrak egiten ari zen bitartean kaleko espaloia erabili ahal izateko, materialak inguratzeko.
  • 1885-2-23. Frontoi berria egiteko baldintzak ezagutzera ematea erabaki zuten.
  • 1885-2-16. Udalak frontoi berria egiteko baldintzak ezagutzera eman zituen.
  • 1885-2-11. Joxe Inazio Arregi eta beste herritar batzuek Udalari frontoi berria egiteko eskaintza egin zioten, baldin eta herriak 6.000 pezeta aurreratzen bazituen. Baina 30 urte igarotakoan frontoia herriaren eskuetara pasatuko zen. Ez zuten inolako erabakirik hartu.
  • 1885-2-4. Frontoi berria egiteko bi elkarte eta herritarren proposamena jaso zuten agintariek.
  • 1884-11-5. Felix Barrenak zezen-plazarako egindako hesi eta lan berriei buruz zeukan iritzia jakinarazi zuten.
  • 1884-10-15. Zezen-plazan aldaketa batzuk egiteko, Miguel Castiellak proposamena aurkeztu zuen.
  • 1884-8-7. Inazio Perez Arregi jaio zen.
  • 1884-7-5. Joxe Antonio Kanpos 'Ttantto' jaio zen. 1906ra bitartean eskuz jokatu zuen pilotan eta gero erremontean; bietan trebetasuna agertu zuen. Gogoratzekoak izan ziren Kanpos anaiek Uzin anaien aurka jokatutako zenbait partida, tartean 1911ko irailaren lehen egunean Ategorrietako Jai Alai frontoian jokatutakoa, bi ordu eta 25 minutuko partida. Lehenengoek irabazi zuten.
  • 1884-4-23. Karnabal asteartean kaleratutako Nafarroako zezena ordaindu zioten Inazio Ramon Irureri. Jeronimo Uzini, berriz, San Sebastian egunean, karnabal bitarteko igandeetan eta karnabal astearte goizez kaleratutako zezenak ordaindu zizkioten.
  • 1884-3-3. Egunean 7,50 pezeta ematea erabaki zuten Bikendi baserriko Joxe Inazio Unanuerentzat, honen emazte Teresa Lekuonak haur neskatxa bikiak izan zituelako eta haietako bati bularra emateko.
  • 1884-2-11. Zumarragatik Getarira bitarteko errepidearen planoa Diputazioari eskatzea erabaki zuten, Alzola ingeniariak beharrekoa baitzuen aipatutako bi herrien artean trenbidea nondik nora joan zitekeen ikusteko.
  • 1884-1-7. Batzorde bat izendatu zuten Zumarragatik Zumaiara egin nahi zen trenbideak inguruko herrietara nolako mesedeak ekar zitzakeen aztertzeko.
  • 1884-1-6. Loiolako obrak jarraitzeko baimenaren Agindu Erreala eman zuten.
  • 1883-10-29. Joxe Domingo Gerrikagoitiarekin bigarren mailako heziketa eskolako irakasletzako kontratua sinatu zuten.
  • 1883-10-15. Inazio Mari Artetxeri ordaindu egin zioten Isabel II.a Espainiako erregina herrira etorri zenean udaletxean eskainitako freskagarria.
  • 1883-9-26. Joan Joxe Elorzak jakinarazi zuen aurreko astelehenean batzarra alde batera uzteko arrazoia bakarra izan zela: Udalak Isabel II. Espainiako erreginari ongi-etorria eman behar izan ziola.
  • 1883-9-26. Herritarren aldetik interes handia zuen bigarren mailako heziketari buruz hitz egin zuten. Irakasle bat izendatzeko garaia heldu zen, aurrekoak lanpostua uztean. Joxe Domingo Gerrikagoitiak egin zuen proposamena irakurri zuten: ikasgai berak lau urtean emateko prest agertzen zela, gutxienez 1.750 pezeta kobratuta. Aurreko irakaslearekin eginiko agiriak ikusi ondoren, eta derrigorrezkoa ikusirik berehala norbait izendatzea, Gerrikagoitiari hauxe erantzutea erabaki zen: urtean 1.750 pezeta emango zizkiola herriak, eta ikasleei lehengoa kobratuko zietela; gainontzeko baldintzak bera herriratzean erabakitzekotan utzi zuten.
  • 1883-9-17. Inazio Ibero alkateak kexak jaso zituela adierazi zuen, eta oiloak kaleetan ibiltzea debekatzeko eskatu ziola jendeak. Kontuan izanik garai hartako gehiegikeria, neurria hartzea egokia izan zitekeela esan zuen, arrazoizko kexak zirelakoan. Azpeitia bezalako herri garrantzitsuaren kulturari maila batean eraso egiten ziola zioen alkateak eta, bando baten bidez, urriaren 1etik aurrera oiloak kaleetan ibiltzea debekatzea erabaki zuten.
  • 1883-9-17. Alkateak jakinarazi zuen egokia izan zitekeela ordenantzaren 41. artikulua betearaztea -gutxienez, urtean behin herritar guztiek etxeko tximinia garbitu zezatela agintzen zuen-, kontuan izanik hura zela nekazariek lastoa eta belarra etxeratzen zituzten garaia, suteren bat izateko arrisku berezia sorturik. Bando baten bidez, aipaturiko artikulua betetzeko agintzea erabaki zuten.
  • 1883-9-17. Alkatea eta Azilona zinegotzia aukeratu zituzten, Azkoitian Isabel II.a Espainiako erreginari begirunea agertzeko -egun berean han zen erregina-.
  • 1883-9-10. Zinegotzi batzuek adierazi zuten, herriko zenbait okindegitan ibili ondoren, lau librako ogiek 1.800 gramo pisatzen zutela gehienez, 1.968 gramo beharrean. Okin guztiei deitzea erabaki zuten, eurekin harremanetan jarri ondoren, lau libra deituriko ogia 1.968 gramokoa egin zezaten.
  • 1883-8-13. San Inazio hirugarren egunez herritarren artean ospatutako zekorketan parte hartutako toreatzailerik onenaren saria Felipe Iriarteri ordaindu zioten.
  • 1883-7-27. Sebastian Errasti 'Xaxurre' jaio zen, Nuarbe auzoan, Atxaran baserrian.
  • 1883-7-23. Herriko gauzainentzat erositako hiru errebolber, balak eta zorroak ordaintzea erabaki zuten.
  • 1883-7-2. Azpeitiko Udala osatu berria zen eta lehendabiziko batzarra egin zuten. Herrian egun gogoangarria zenez -Gipuzkoako Batzar Nagusiak ospatu zireneko urteurrena baitzen-, aho batez erabaki zuten amaiera gabeko maitasuna agertzea antzinako Batzar Nagusiei, herriaren maila goreneko, jator eta egiazko agerkizunak zirela-eta.
  • 1883-7-2. Kontuan izanik nola saiatu zen eta zenbaterainoko zuzentasunez bete zuen alkatetza Inazio Iberok, Udalak aho batez erabaki zuen eskerrak ematea idatzi baten bidez. Iberok aldetik eskerrak eman zituen, eta onartezinekotzat jo zuen egiten ziotena.
  • 1883-6-6. Gauzainen sarjentuak, lau errebolber, lau txilibitu eta beste hainbeste karraka eskatu zituen, aurreko egun batean bezala irainduak izan ez zitezen. Udalak erostea erabaki zuen.
  • 1883-1-17. Haragiaren merkealdia kontuan izanik, kiloari 1'12 pezetako prezioa ematea erabaki zuten.
  • 1883-1-10. Ontzat hartu zuten Madalena auzunerako behar zen harria atera, landu eta garraiatzearen kontua.
  • 1883-1-10. Kexak azaldu zituzten bidaiariak eta merkantziak garraiatzen zituztenek, Artetxe ostatuaren inguruan eta herriaren barreneko sarreran bidea egoera txarrean zegoelako.
  • 1882-12-13. Herrian errukietxea zabaltzeko Gipuzkoako Diputazioak egindako txostena irakurri zuten. Udal Ogasun Batzordeak adierazi zuen ezinezkoa zela errukietxeari sakrifizio handiagorik eskatzea, ekonomia aldetik nahiko egoera larrian baitzen, eta bere esker ona adierazteko modutzat gehienez bertara joaten ziren gurasorik gabeko ume bakoitzagatik erreal laurden baten jaitsiera egitea proposatu zuen, kontuan izanik bost urtez azpikorik ez zela hartuko bertan. Udalak Diputazioari horixe adieraztea erabaki zuen.
  • 1882-11-27. Ikusirik herriak egiten zuen gastuaren neurrian ez zela lortzen argikuntza, Poliziaren Batzordeak proposatu zuen lehenik, Tolosa, Bergara, Irun, Beasain eta OƱatin nolako argikuntza zuten eta nolako emaitzak lortzen zituzten jakitea, bere kostuaren berri ere jakinik; bigarrenik, datu horiek jaso bitartean, honoko neurriak hartzea: a) kalitate oneko gasolina erabiltzea; b) jakinekoak ziren akatsak zuzenduz, farolak egokitzea. c) ohiko farolak baino gehiago piztea, zerbitzu ona eskaintzeko herritarrei. Udalaren aldetik, horrela egitea erabaki zen.
  • 1882-11-27. Otso bat herriratu zuenari, sari bezala pezeta bat ematea erabaki zuten.
  • 1882-11-8. Poliziaren batzordeak prestatutako herri ordenantzak irakurri eta onartu zituzten, eta Gobernu Zibilera bidaltzea erabaki zuten, honek ere onar zitzan.
  • 1882-10-2. Hurrengo egunetik aurrera haragiaren prezioa merkatzea erabaki zuten, kiloa 1'04 pezetan saltzeko.
  • 1882-9-25. Probintziko Batzorde Iraunkorraren idatzia jaso zuten, eta Eusebio Lopez Tolosako editorea prestatzen ari zen Frantzisko Aizkibelen 'Euskeratik erderara biurtzeko izteguia' erostera bultzatu nahi zituzten udalak. Azpeitiko Udalak ale bat erostea erabaki zuen.
  • 1882-9-4. Alkateak adierazi zuen derrigorrezkoa egiten zela kontuan izatea ardoaren zergarekin lortzen zen diru kopuruak urte hartan izango zuen jaitsiera, sagar asko jaso zelako. Aurrekontua behar bezala osatu nahirik, azaroaren 1etik saltzen zen hektolitro sagardo bakoitzari pezeta bateko zerga ezartzea erabaki zuten.
  • 1882-9-4. Izarraitz auzoko Joxe Antonio Alberdik eta beste bakar batzuek 40 zatiko ogi eta ardo eskatu zituzten, Korostietako putzu handia -auzoko ganadu gehienek ura edaten zuten tokia- garbitzen ari zirenen artean banatzeko, eta udaltzain baten bidez albistea pasatzea inguruko baserritarrei, lan hori egiteko eskatuz. Horrela egitea erabaki zen.
  • 1882-8-14. Inazio Ibero alkate zela, hamazazpi puntuz osatutako bandoa onartu zuten, eta ondoren herritarren jakinerako zabaldu.
  • 1882-7-26. Gobernadoreak lurraldeko Epaitegiko Presidentearen idatzia bidali zuen. Bertan, Miguel Castiellak buru egiten zuen Udala osatzen zutenak prozesatuak izan zirela adierazi zuten, Meliton Izeta izan ezik.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan