Efemerideak. Hamarkada: 1890
- 1899-12-11. Herriaren argikuntza elektrikoa enkantean jartzeko baldintzak onartu zituzten. Baldintza horietan bost urterako kontratua izango zela eta urtean bi mila pezeta ordainduko zituela herriak jaso zuten. Bestalde, argikuntza zerbitzuak honakoa izan behar zuen: herri barruan eta inguruetan guztira 75 lanpara egon behar ziren pizturik, mugak ondokoak izanik: Harzubian, miserikordiako kaperauaren etxea, eta kartzelako eta epaitegiko eraikina. Arana-Errebalean, larruak lantzen zituenaren etxea; eta Madalenan, ermita bera. Kaleko argikuntzaz gain, udaletxeko ordularira eta bertako bulegoetara, helduen eskolara, marrazki eskolara, alondegira, posta bulegora, suhiltzaileen ur bonba zegoen lokalera, ganadu hiltegira, harategira eta herri epaitegira argia eman beharko zuen. Udalak lanparak alde batetik bestera aldatzeko ahalmena izango zuen aipatutako mugen barruan, instalazio berrietan eginiko gastuak bere gain hartuta.
- 1899-12-11. Argikuntzaren ordutegiari zegokionez, urte osoan ilunabarra baino ordu erdi lehenago piztu behar ziren hurrengo goiza arte, gaueko hamaiketatik bostak arte argiaren indarra erdira jaitsita izanik. San Inazio festetan, aldiz, bezperan, egunez eta bigarrengoz, herriak argikuntza berezia nahi izanez gero, lanpara gehiago izateko aukera emanez, urteko beste bi egunetan bezala.
- 1899-12-11. Urrestildarren txostena Diputazioko presidenteari bidali zioten, eta berak jarriko zuen Azpeitiko Udalaren eskuetan, gaiari buruz xehetasunak emateko eskatuz, erantzunez honek Urrestillako biztanleen artean iritziak jasotzeko, iruditurik gehiengoa ez zegoela txostena sinatzen zutenekin bat eginik. Ez zuten gogoko hartu azpeitiar agintarien proposamena, 1847ko ekainaren 5ean eginik azken bozketa: botoa eman zuten 214 pertsonen artean 127 Urrestilla herri apartekoa izatearen aldekoak agertu ziren eta 87 kontrakoak. Urrestilla, Nuarbe eta Elosiaga aldekoak, Aratz-erreka eta Matxinbenta kontrakoak.
- 1899-10-4. Herriak hala nahi zuelako, Mariaren Sierbak Azpeitian finkatu ziren.
- 1899-10-2. Felipe Landari Nuarbe auzoan argi elektrikoa sartzeko kablea jartzeko baimena eman zioten.
- 1899-10-2. Herritik kanpo zezen-plaza nola egin zitekeen aztertzeko batzordea izendatu zuten. Orbegozok, Iriartek, Azilonak eta Alberdik osatu zuten batzordea.
- 1899-9-25. Hiri Polizia Zaindariaren arautegia ontzat hartu zuten.
- 1899-9-18. Ofizio baten bidez, gobernadoreak onartu egin zuen alkatearen jokaera, ezerezean utzirik eraikin publikoetan Jesusen Bihotz Sakratuaren plakak jartzeko erabakia.
- 1899-9-11. Uranga zinegotziak herriaren eraikinetan Jesusen Bihotz Sakratuaren plakak jartzeko azaldutako mozioaz adierazi zuen Udalaren eginkizuna zela herriko eraikin publikoetan plaka horiek jarri edo ez erabakitzea. Alberdi plakak jartzearen kontra azaldu zen, ekintza politikoa zela adieraziz, eta alkateak gauza bera zioen. Arozena, aldiz, "Azpeitiko herria katolikoa, apostolikoa eta erromatarra" zela-eta plakak jartzearen alde azaldu zen, plaka batzuk jartzeak inolako ondoriorik ekar zezakeenik ez baitzuen uste. Era guztietako iritziak agertzen zirenez, bozketa egin zuten Urangak azaldutako mozioa onartzeko edo ez, eta baiezkoak irabazi zuen -zortzi alde eta bi kontra agertu ziren-, baina alkateak erabakia ezerezean utzi zuen.
- 1899-9-11. Sor Lorentza Sierbetako lekaimeak idatzi zuen, esanez berehala herriratzekotan zela. Alkatea eta lehen tenientea Sor Lorentzarekin bildu ziren, eta Udalak erabaki zuen herrian gelditzeko zer behar zuen jakitea.
- 1899-9-11. Egurtza baserrian sutea izan zenean lanean aritu zirenei emandako ardoa, ogia eta pattarra ordaintzea erabaki zuen Udalak.
- 1899-9-4. Izarraizko Azketa iturrian auzolanean konponketak egiteko zementua eta janari eta edari zatikoak eskatu zituzten. Erantzuna alkatearen gain utzi zuten.
- 1899-9-4. Uranga zinegotziak proposatu zuen, beste zenbait herritan bezala, Jesusen Bihotz Sakratuaren plaka bat jartzea eraikin publikoetan. Alberdik erantzun zion ekintza politikoa zela eta ez zuela ontzat hartzen. Alkateak batzarra amaitutzat eman zuen, Urangaren proposamena gobernadore zibilaren jakinean utziko zuela esanez.
- 1899-8-21. Alkatearen mozioa onartu zuten eta Juan Bikendiri bera bizi zen etxeko balkoietan burdinsarea jartzeko eta etxeko gelara sartutako pilotak jokoan zirenei berehala itzultzeko agintzea erabaki zuten -frontoiaren kontra bizi zen-.
- 1899-6-12. Alejandro Mujika arkitektuari eskatu zioten Azoka plaza estaliaren proiektuak sinatzea.
- 1899-5-1. Udal frontoia luzatzeko Felix Barrenak egindako proiektua onartu zuten.
- 1899-5-1. Azoka plaza estalia Urola ibaiaren gainean egitea erabaki zutenez, gobernadoreari baimena eskatzea onartu zuten.
- 1899-4-17. Udalak Azoka plaza estalia egiteko aurreratu zizkioten proiektuetako bat aukeratu zuen.
- 1899-4-10. Ondorengo bilerarako proiektua eta aurrekontua prestatzea erabaki zuten, herriaren kartzela zaharra egokitzeko, ahalik eta azkarren herriratu zitezen Jesusen Zerbitzariak ordenako lekaimeak.
- 1899-4-10. Urola ibaiaren gainean Azoka plaza estalia egitea aho batez erabaki zuten.
- 1899-3-6. Kartzelak egiteko kobratu zuten zerga bera, herriaren beharrei aurre egiteko, eta aurrerantzean ere kobratzea erabaki zuten: ardoa, 0'02 pezeta litroko, alkohola 0'13 pezeta, olioa 0'02, petrolioa 0'02, garagardoa 0'05, xaboia 0'01 pezeta kiloko eta abar.
- 1899-3-1. Frantzisko Mari Alberdik eginiko eskaerari erantzunez, gobernadoreak hartutako erabakiaren berri eman zuten: hau da, Plaza Nagusian ikuskizun guztiak debekatzea eta, derrigorrezkoa bazen, bertan itxitura jartzea, horrela neurri batean behintzat oztopatuz jendearen pasabidea.
- 1899-3-1. Probintziako udalei Donostiako alkatetzak eginiko deialdiaren berri eman zieten, Udalak zeukan autonomia Gipuzkoako foruen oinarri berezia zela ikusita. Azpeitiko Udalak bilera horretan lekuko izateko hiru ordezkari izendatzea erabaki zuen.
- 1899-2-20. Santos Altolagirrek eta beste herritar batzuek azoka plaza estalia frontoiaren inguruan egiteko eskatu zuten -orduan jardina edo lorategia zen tokian-. Beranduago, Udalak Azoka Plaza non kokatu behar zen erabakiko zuela erantzungo zuen.
- 1899-1-23. Azoka plaza estali bat egiteko helburua agertuz herriaren diru-alderdiari buruz eginiko txostena aurkeztu zuen batzorde batek.
- 1899-1-16. Bartole Uzinek, beste batzuekin elkartuta, Azoka plaza estalia eraikitzeko egindako eskaeraren berri eman zuten, ezinezkoa iruditzen baizitzaion Azpeitiko Udalari beraiek egitea. Udalak, ordea, asmo berak zituen eta proiektu bat eskuartean zuen.
- 1898-11-14. Mariaren Sierbetako zuzendariari esan zioten euretako lau lekaime herriratu nahi izanez gero herriak hurrengo urteko uztailetik aurrerako aurrekontuetan, eurei emango zieten urteko bostehun pezetako laguntza, etxebizitza eta behar zituzten altzariak sartuko zituela.
- 1898-10-10. Errukietxeko juntak eginiko gonbitea onartuz, bertako eskolaren inauguraziora joatea erabaki zuen Udalak -betiere, hala nahi bazuten zinegotziek-.
- 1898-8-8. Zinegotzi batek proposatuta, herriz kanpo zezen-plaza egiteaz hitz egin zuten, eta behar zen azterketa egiteko alkatea eta Orbegozo eta Klemente zinegotziak osatutako batzordea izendatu zuten.
- 1898-2-28. Joxe Mari Iturbide eta Inazio Fernandez Eleizgarairekin harremanetan jarri ondoren, Musika Banda egokitzea erabaki zuten, baldintza batzuk zirela tarteko.
- 1898-2-28. Inolako zerbitzurik eskaintzen ez zuelako Harzubian, errukietxearen aurrean zegoen iturria kentzea erabaki zuten.
- 1898-2-24. Elola kaperako erretaula urreztatzeko kontratua egin zuten Frantzisko Larrañagarekin.
- 1898-2-23. Musika Banda berriro antolatzeko proposamena egin zuten Joxe Mari Iturbidek eta Inazio Fernadez Eleizgaraik.
- 1898-2-23. Inauterietako festetan parte hartu zuten musikariei 30 pezeta ematea erabaki zuten.
- 1898-2-14. Fruktuoso Oiarzabalek eta beste herritar batzuek frontoia egitearen aurkako kexa egin zuten, baina lehenik behintzat, Udalak ez zuen aintzakotzat hartu.
- 1898-2-7. Frontoi berri bat egiteko eskaria egin zuten herritar batzuek. Udalak erantzuna ematea erabaki zuen.
- 1897-11-24. Ramon Jauregik eta haren lagunek egindako eskaera irakurri zuten: Udalaren aldetik idi demak jokatzeko debekua altxatzeko gestioak egitea. Beste herri batzuekin harremanetan jarri ondoren eta ahal izanik haiekin bat eginik, alkateari debekua altxatzeko gestioak egiteko ahalmena eman zioten.
- 1897-11-24. Agustin Jauregi erretoreak idatzitako gutuna irakurri zuten, eta gutunean esaten zen akats bat izan zuela Elolaren kaperako San Agustin komentuko San Gillermoren erretaula eskatzean, haren tokian San Nikolasena eskatu behar zuelako. Hala, lehenenaren tokian bigarrena eramateko baimena ematea erabaki zuten.
- 1897-11-15. Errukietxeko juntak eginiko eskaerari erantzunez, herritarrei hilaren 25ean goizeko hamarretarako batzar nagusia egiteko deia egingo zietela erabaki zen, junta berria aukeratu eta kontuak ikusiko beharko zituen batzordea izendatzeko.
- 1897-11-15. Elolaren kaperan obrak eta zenbait aldaketa egitea onartu zuen Udalak, San Agustin komentuko San Gillermoren aldarea bertara eramanez, aurrez bertan zen San Sebastianen trukean.
- 1897-11-3. Diputazioari 3.989'23 pezeta ordaintzea erabaki zuten. Herriari tokatzen zitzaizkionak ziren epaitegiko gastuei aurre egiteko -1896ko azaroaren 15etik, 1897ko ekainaren 30era bitartekoak-.
- 1897-9-27. Zinegotzi baten proposamena onartuz, azken saninazioetako zezenketen Meliton Catalan espresariari 125 pezetako isuna ezartzea erabaki zuten.
- 1897-9-20. Gutun baten bidez, Probintziko Batzordeak agindu zuen Sistema Metriko Dezimala erabiltzeko sagarra eta sagardo neurketak egitean. Horrela erabaki zuen Udalak, eta herritarrei pregonariaren bidez jakinarazi zien.
- 1897-9-20. Herriko kale garbitzaileen arautegia onartu zuten.
- 1897-8-23. Harzubiko zubiaren inguruko Salete iturria konpontzea erabaki zuten, baina bertako eskailera zubia konponduko zenerako utzi zuten.
- 1897-8-23. Urrestilla egunean bi bider posta zerbitzurik gabe gelditu ez zedin batzordea izendatu zuten, gaia aztertu eta bide egokia aukeratzeko.
- 1897-8-23. Inazio Orbegozo zinegotzia herriko ordezkari izendatu zuten, tranbiaren batzordearen estatutuak gogoan izanda.
- 1897-8-16. Orbegozok, Zumarragatik Zumaiara bitartean jarri nahi zen tranbiaren proiektuaz herritarren artean jasotako iritzien berri jakinarazi zuen. Horrela, bilerara agertu ziren ehun lagunetik kontrako iritzia bik bakarrik agertu zutela esan zuen eta biok oinarririk gabe eman zutela iritzia. Beraz, proiektua aurrera eramateko benetako gogoa nabaritzen zela azaldu zuen. Gauzak horrela, Udalak 272.287 pezeta ordaintzea erabaki zuen, proiektuaren konpromiso osoa hartuta.
- 1897-8-16. Lodosako biztanle Meliton Catalanen izenean idatzi zuen Bartolome Uzinek, herritarrek eta azken saninazioetako zezenketa antolatzaileek azken zezenketako animalia guztiek agindutako pisua osatu zutela esanez, zinegotzi batzuek zezen batek bi libra gutxiago pisatu zituela adierazi bazuten ere. Udalak Uzinek adierazitakoa aintzakotzat ez hartzea erabaki zuen.
- 1897-8-12. Tranbia elektrikoaren proiektua aurrera eramateko sortutako batzordeak beharreko oinarriak adierazi zituen. Oraa ingeniariak egindako aurrekontua 2.430.000 pezetakoa zela jakinarazi zuten, eta horietatik 1.700.000 pezeta akzioetan lortuko zituzten. Estatutuen arabera, Azpeitiko herriak 363.045 pezeta ordaindu beharko zituen, baina herriari gehiegi iruditu zitzaion eta gehienez ere 272.284 pezeta emateko prest agertu zen.
- 1897-8-9. Meliton Catalan zezenketako enpresariari zenbait gauza erantzuteko udaletxera ahalik eta denbora motzenean azaltzea derrigorrezkoa zuela esanez idaztea erabaki zuten. Izan ere, zezenek ez zuten eman beharreko pisurik, eta pisatzeko unean fede txarrez azaldu zen Catalan bera.
- 1897-8-9. Alkatea eta Orbegozo sindikoa tranbia elektrikoaren proiektua ahalik eta azkarren aurkezteko izendatu zituzten, eta horretarako behar ziren gestioak egin zituzten.
- 1897-8-4. Gurasoei semeak eskolara bidaltzeko zuten beharra gogoraztea erabaki zuten. Izan ere, sei urtetik hamahirura bitarteko umeak eskolaratu egiten ziren, eta eskolan hasi aurretik txertoa jartzen zieten. Alkateari eskatu zioten gai horri buruz ahalegin guztia egitea.
- 1897-8-4. Muguruzak San Inazio eguneko bezpera elizkizunera Udala joan gabe gelditu zelako bere protesta adierazi zuen. Eta abuztuaren lehen eguneko prozesiorako lurraldeko diputatu probintzialari egindako gonbitea ez zitzaiola egokia iruditu ere azaldu zuen.
- 1897-7-22. Nuarbeko Hirutasun Santuaren eliza bedeinkatu eta inauguratu zuten.
- 1897-6-16. San Agustin elizan zegoen udal patronatua agertzen zuen harria eskuineko horman jartzea proposatu zuen alkateak. Ez zen ontzat hartu beste agintarien artean.
- 1897-5-26. Zumarragatik Zumaiara bitarteko tranbe elektrikaren batzordeko kidea zen Azkoitiko alkatearen idatzia jaso zuten. Bertan zioenez, Iraetan eginiko bileran ez zen erabaki ikerketa lanak aurrera eramateko zenbat ordaindu beharko zuen herri bakoitzak. Batzorde horretan herriko ordezkari Klementeri eta Orbegozori ahalik eta etekin egokienak lortzen saiatzeko erregutu zieten, gaiari buruz erabakia hartzean.
- 1897-5-19. Zumarragatik Zumaiara bitarteko tranbiaren batzordeak eta Oraa ingeniariak eginiko konbenioa irakurri zuten. Udalak proiektua egiteko tokatzen zitzaion zatia ordainduko zuen edo ez galdetu zuten. Ordaindu beharrekoa erabaki zuten, baita bileraren akta eskatzea ere guztiaren berri jakiteko.
- 1897-5-12. Loiolako zelaian komunak egitea erabaki zuten.
- 1897-5-5. San Agustin elizako sakristiko obrak adjudikatu zituzten.
- 1897-5-5. Loiolako zelaiak postuak zituzten saltzaileen arteko eztabaidak mozteko izendaturiko batzordeak akordiora iritsi zela adierazi zuen. Modesto Amenabarri postu bat eman zioten, beste guztiei bezala. Herriak ontzat hartu zuen eginikoa.
- 1897-2-10. Eibarko Elejalde etxeari kaleetan euskal deiturak jartzeko plakak erostea erabaki zuten.
- 1897-2-3. Musika Bandaren arautegi berriaren bozketa egin eta onartu gabe gelditu ziren.
- 1897-1-27. Urrestillako frontoian konponketa lanak egitea onartu zuten.
- 1896-12-30. Santo Domingo komentuaren lur zati batzuk saldu zituen Udalak, baimenik gabe. Probintziko Ondare administrariak xehetasunak eskatu zituen, Espainiako Estatuaren aldeko abokatuak iritzia agertu aurretik hori egitea derrigorrezkoa iruditzen zitzaielako.
- 1896-12-23. Probintziko Batzordeak herriaren eskaerari erantzunez aurkeztu zuen euskaraz eta gaztelaniaz idatzitako kale eta enparantzen izenak jakinarazi zituzten. Plakak erostea erabaki zuten.
- 1896-12-14. Felix Barrenak adierazi zuen suhiltzaile zerbitzua egokitzea derrigorrezkoa zela. Gaia aztertzeko batzordea sortzea erabaki zuen herriak.
- 1896-12-2. Probintziko Batzordeak eskatuta, kaleek, plazek eta pasealekuek euskaraz eta gaztelaniaz zituzten izenak hari bidaltzea erabaki zuen Udalak.
- 1896-11-18. Herrian zen lurraldeko lehen instantziako Epaitegiak gutun bidez zioen ekin ziola berriro lanari eta herriari bere zerbitzuak eskaintzen zizkiola.
- 1896-11-18. Errepidearekin bat egiten zuen Loiolako zubia Probintziako Batzordeari zabaltzea eskatzea erabaki zuten, zinegotzi baten mozioa onartuz.
- 1896-11-11. Lurraldeko diputatuak bidalitako telegramaren berri eman zuten, esanez lehen instantziako Epaitegia berriro martxan jartzeko dekretu erreala sinaturik zela. Udalak erabaki zuen berri ona ospatzea; suziriak bota zituzten, eta Musika Banda eta sokamuturra kaleratu.
- 1896-11-11. Herritar batzuek Diputazioari egindako eskaera irakurri zuten. Idi demari buruz emandako debekua altxatzeko erregutu zuten, eta Udalak erabaki zuen eskaeraren aldeko idatzi batekin Diputaziora pasatzea.
- 1896-10-21. Juan Bixente Etxeberria, Luis Etxaide, Juan Clemente, Estanislao Etxabe, Silberio Korta, Benantxio Zubimendi, Joxe Manuel Arozena, Esteban Alberdi, Inazio Orbegozo eta Miguel Ugalde bildu ziren Zestoan, Zumarragatik eta Urretxu, Azkoitia, Azpeitia, Zestoa eta Iraetan zehar Zumaiara bitartean jarri nahi zen tranbia elektrikoari buruz hitz egiteko. Aipaturiko herrietako udalei hil hartako 22an goizeko hamarretan Zestoako Bainuetxean egingo zen bilerararako gonbitea luzatzea erabaki zuten, ordezkariak bidal zitzaten. Azpeitiko Udalak Clemente eta Orbegozo tranbiari buruzko bilera hartan partaide izateko aukeratu zituen.
- 1896-10-21. Kartzela zaharreko lehen solairuan beharrezko obrak egitea erabaki zuten, marrazki eskola martxan jartzeko asmoz.
- 1896-10-14. Herriak eginiko eskaerari erantzunez, berriro epaitegia martxan jartzean agindu zuen Diputazioak. Hau gastuaren %50 ordaintzeko prest agertu zen, eta beste erdia herriak ordaintzea erabaki zuen, ahal izanik inguruko herriekin bat eginik. Bide batez, Diputazioari eskatu zioten gestioak egin zitzala ahalik eta azkarren epaitegia martxan jartzeko; azaroaren 1erako edo beranduenez ere 15erako.
- 1896-8-24. Hilaren 21ean sinatutako erreal agindua irakurri zuten. Bertan ezerezean utzitako epaitegiak berriro martxan jarriko zituztela adierazten zen. Udalak erabaki zuen abokatuen batzordeari horren berri pasatzea, gestioak egiteko.
- 1896-8-10. Joakin Sanchez Toca Bergarako lurraldeko gorteetako diputatuak Madrildik idatzi zuen, herriari epaitegia berriro martxan jartzeko baimena eman ziotela adieraziz. Gastuei herriak edo probintziak egin beharko zien aurre. Udalak gaiaren inguruan egin beharreko gestioak egiteko eskatuz idaztea erabaki zuen.
- 1896-8-10. Azken festetan hildako zezenek behar adinako pisurik ez zutela-eta, zinegotzi batek egindako proposamena ontzat hartu eta hurrengo urteetarako honoko baldintza jartzea erabaki zuten: hiltzeko zezenek gutxienez 32 erralde pisatu beharko zuten eta 30 erraldetik beherakoei 125 pezetako isuna ezarriko zieten.
- 1896-8-3. Joxe Manuel Bereziartua Loiola auzoko alkateak Egibar baserritik Juanarro errekara bitartean karela egitea eskatu zuen, behar zen harria auzokoek inguratuko zutela adieraziz.
- 1896-5-11. Loiolarako bidean karelak egitea eta Frantziskanen inguruko bidea konpontzea onartu zuten.
- 1896-5-11. Zinegotzi batzuen proposamena ontzat hartuta, beste herri batzuekin harremanetan jarri eta debekaturik zeuden idi demak jokatzeko baimena eskatzea erabaki zuten. Abeltzantza bultzatzeko egokia iruditzen zitzaien, eta kirolak moralaren aurkako ezer ez zuen iritzia zuten. Bide batez, dirua lortzeko baliagarri izango zen.
- 1896-5-11. Batzorde bat izendatu zuten, indarrean zeuden udal ordenantzak aldatzeko. Alkateak, Muguruzak eta Iberok osatu zuten batzordea.
- 1896-3-11. Kubako gerran zeudenei laguntzeko, 750 pezetako laguntza emanez diru laguntza zerrendari hasiera ematea erabaki zuten.
- 1896-3-4. Udaletxe zaharrean nesken eskola bat jartzeko aurrekontua onartu zuten.
- 1896-2-26. Baserritarrei zakurren zergarik ez kobratzea erabaki zuten, beharrezkoak zituztelako. Luxu bezala txakurrak zituztenei soilik kobratzen zieten zerga.
- 1895-12-11. Erdi kaleko 11. zenbakidun etxearen jabe Sebastian Larrañagak karreran argi elektrikoa jartzea eskatu zuen. Berau jendearentzat Eliz kalerako pasabidea zela kontuan izanik, Udalak erabakia hartu aurretik gaia aztertzea erabaki zuen.
- 1895-12-4. Zinegotzi batek adierazi zuen Loiolako Santutegiaren aurrean bitxi erlijiosoak salgai zituzten saltokiak ez zeudela egoki kokatuta eta, horrez gain, ez zutela inongo zergarik ordaintzen eta komeniko litzatekeela zerbait kobratzea. Neurriak hartu baino lehen, gaia ondo aztertzea erabaki zuen Udalak.
- 1895-11-25. Alkatearen mozioa onartuz eta ibaiak zaindu beharra derrigorrezkoa ikusirik, Manuel Olaizola izendatu zuten ibaiak zaintzeko otsailaren 15a bitartean. Egunean pezeta erdia ordaindu zioten.
- 1895-10-23. Herriari argi elektrikoa emateko proposamena egin zuen Anastasio Belokik, eta aurrez eginikoa ontzat ez hartzea Azpeitiko Udalaren aldetik.
- 1895-8-12. San Inazio gauetan pilotalekuko lorategian argi elektrikoa jartzea ordaindu zuten.
- 1895-8-7. Heziketa Publikoaren Probintziako Juntak agindutakoa betetzea erabaki zuten, eta gestioak egin ziren Nuarben eskola martxan jartzeko.
- 1895-6-16. Juan Abarrategi Errasti jaio zen. Iruñeko Euskal Jai frontoian agertu zen 1912an erremonteko pilotari bezala. Haren erretiroa eskumuturreko lesio batek aurreratu zuen.
- 1895-5-16. Felix Berolegi Orbegozo erremonte pilotaria jaio zen. Erremontearen Urrezko Adinekoa zen, eta pilotakada batzuk jaso ondoren 1925ean erretiratu zen.
- 1895-5-15. Errekalde ingurutik Errezilerako errepidearekin Gazte ondoan bat egingo zuen bidearen enkantea onartu zuten.
- 1895-4-24. Errekalde ingurutik Errezilerako errepidea bitartean bidea egitea erabaki zuten.
- 1895-3-27. Bertako pasabidea itxi gabe uzteko baldintzarekin, Nemesio Altamirari bere harategiaren aurrean -Mantekape arkuaren barruan- zabaltzen zen kortina bat jartzeko baimena eman zioten.
- 1895-3-11. Batzorde baten eskuetara pasatzea erabaki zuten Urrestillako biztanle batzuk bertako frontoian konponketa lanak egiteko eskaria, oso gaizki zegoelako frontoia.
- 1895-3-6. Nuarbetar batzuk egindako eskaerari erantzunez, eta bozketa baten ondoren, bertako eliza berriaren eliza atari gainean eskola bat eraikitzea erabaki zuten.
- 1895-3-6. Herriak idi dematan erabiltzeko erosi zuen harria ordaintzea onartu zuten.
- 1895-2-4. Plaza Txikian euren generoak saltzen zituzten merkatarien arteko iskanbilak amaitutzat eman zituen Udalak, merkatari bakoitzari plazan izango zituen metroak seinalatu ondoren.
- 1895-1-14. Idi dema apustuetarako orduan zegoen harria baino txikiagoa inguratzeko agindu zioten alkateari.
- 1894-12-25. Jaiotza edo Naximentua lehen aldiz ikusgai jarri zuten herrian.
- 1894-12-17. Frantzisko Etxanizek eta beste zenbaitek sinatutako gutuna, Azoka plaza estaliaren gaia zeukan batzordeari pasatzea erabaki zen, azoka plaza Txikian kokatzea eskatzen baitzuten. Horretarako, herriaren kartzela zaharra eta Azpirozen alargunaren etxeetako bat hartzea proposatzen zuten, baita Arregi eta Eleizgarairen baratzak ere, behar izanez gero.
- 1894-12-17. Loiolako Inazio deuna Elizaren Doktore izendatzeko eskaera apezpikuari zuzentzea erabaki zuen Azpeitiko Udalak, Ondarroak eta Gipuzkoako ia herri guztiek -Irunek ezezkoa eman zuen eta Hernialdek ez zuen erantzunik eman- oniritzia emanez sinatutako agiriarekin batera.
- 1894-12-3. Zinegotzi batek eginiko proposamenari jarraiki, Azoka plaza estaliaren egitasmoa aurrera eramango zuen batzordea izendatu zuten.
- 1894-11-19. Idazkariak Loiolako San Inazio Elizaren Doktore izendatzea eskatu zuen, apezpikuari ez ezik probintziko herriei bidaltzeko prestatu zuen idatzia irakurtzean. Onartu egin zuten proposamena, eta berehala zabaltzea erabaki zuten.
- 1894-11-12. Udalean Loiolako Inazio deuna Elizaren Doktore izendatzeko zegoen asmoen berri eman zuten, eta Udalak asmo horrekin bat egiteko gotzainei eta Gipuzkoako herriei txosten bana bidaltzeko erabakia hartu zuen.
- 1894-11-3. Joakin Iriarte Agirrezabal jesuita jaio zen. Irakaslea eta idazlea izan zen, eta haren lanak batez ere 'Razon y F', 'Pensamiento', 'Hispania' eta 'Gregorienum' aldizkarietan argitaratu zituzten.
- 1894-10-8. Joxe Inazio Etxeberria bertsolaria jaio zen, Urrestillan.
- 1894-9-17. Horretarako izendatutako batzordeak jakinarazi zuen Ortiz de Ainza maisuarekin harremanetan jarri ondoren bigarren maila heziketa ikastetxea Harzubia errebaleko 3. zenbakidun Arregiren alargun eta semeen etxeko lehen solairuan egokitzea erabakirik zuela, urteko 175 pezetako errenta izanik, eta herriak eta maisuak erdira ordainduz. Horretarako beste zenbait gauza jarri beharko zituzten bertan: elektrika instalazioa, mahaiak, aulkiak, arbela eta abar. Batzordeak eginiko lan guztia ontzat harturik Udalaren aldetik, erretoreari eskerrak ematea erabaki zuten, baita igande eskola zuzentzen zuten emakumeei ere, mahaiak, aulkiak eta arbel bat eskaini zutelako ikastetxe berrirako.
- 1894-9-3. Bigarren mailako heziketa eskolako irakasle Luis Ortiz Ainzak adierazi zuen hilaren 15ean hasteko asmoan zela ikastaroa. Horretarako osaturik zen batzordeari behar ziren gestio guztiak egiteko eskatzea erabaki zuten, lokalerako materiala eta abar prestatzeko.
- 1894-8-27. Erreinuko senadore Joxe Mari Perez Caballerok hilaren 8an Manuel Eleizgarai lehen tenienteari idatzitako gutunaren berri eman zuten. Bertan, Perezek ezerezean utzitako lurraldeko epaitegiaz egindako gestioen berri eman zuen eta aurrera ere langintza horretan jarraitzeko eskaini zen. Hari eskerrak ematea erabaki zuten.
- 1894-8-15. Felix Barrenari eskatu zioten Amue ingurutik Errekaldera bitarteko bidea egokitzea. Errezilerako errepidearekin bat egin bitartean osatu behar zuten.
- 1894-8-6. Juan Pablo Lojendio mikeleteen buruak idatzi zuen San Inazio bigarren egunez prozesioan parte hartu zuten mikelete bakarren batzuk urrutitik etorri zirela-eta, bi pezeta ordaintzea egokia izan zitekeela esanez. Azpeitiko Udalak mikeleteek San Inaziori eskaintzen zioten ohorea probintziak eginikoa zela esan eta herriari bere eskaera betetzea ezinezkoa zitzaiola esanez erantzutea erabaki zuen.
- 1894-7-2. Ortiz etxearen inguruan edo espaloian dagoen iturria Santa Ana enparantzatxo erdian jartzea erabaki zuten.
- 1894-6-13. Alkatea eta bere bigarren tenientea gelditu ziren parrokirako agintarien aulkien proiektua aurkezteko kargudun.
- 1894-5-28. Herritik trena ahalik eta azkarren pasa zedin, gestioak egiteko batzordea izendatu zuten. Alkateak, Juan Klemente, Juan Joxe Elorza eta Joxe Mari Muguzuzak osatu zuten batzordea.
- 1894-2-19. Sebastian donearen egunean eta inauterietako igande, astelehen eta asteartean aterako zituzten zezenak ordaindu zizkioten Bartolome Uzini.
- 1893-12-18. Joxe Alberdi Pildainek eta Joxe Ramon Juaristik Santo Tomas egunean Kristina enparantzatxoan 2. zenbakia zuen etxearen aurrean dantza taldea bil zedin debekatzeko eskatu zuten idatzi baten bidez. Izan ere, ikuskizun lizuntzat eta bat-batean mozteko modukotzat -txistulariei enparantza Nagusian jotzeko aginduta- jotzen zuten. Alkateari eman zioten iruditzen zitzaion eran jokatzeko ahalmena.
- 1893-12-18. Agustin Jauregi erretorearen gutunaren berri eman zuten. Eskutitzarekin batera parrokiko organoa konpontzeko apezpikuari eginiko baimen eskaera eta Akilino Amezuak eginiko konponketari buruzko Bilboko Santiago basilikako organista Aurelio Vallek eginiko txostena zetozen. Gutunean, konponketa 24.000 pezeta kostatu zela adierazi zuen erretoreak eta Udalak agindutako 10.000 pezetei beste mila pezeta gehitzeko eskatu zion. Agintariek mila pezeta horiek ez ematea erabaki zuten; izan ere, 1892ko abuztuaren 22an 10.000 pezeta eman zituzten.
- 1893-12-18. Eusebio Gurrutxagak herriari bere fabrika eskaini zion, 28.500 pezetatan. Udalak ikusirik fabrika erostea egokia izan zitekeela herritarrei lana emateko, ahal izanez gero erostea erabaki zuen.
- 1893-10-9. Plaza Txikiko 1. zenbakia zuen etxearen eroslerik ez agertzean enkantean jarri ondoren, Udalak erabaki zuen berriro jartzea enkantean, bigarren aldi hartan bederatzi mila pezetan. Azaroaren 14an jarriko zuten salgai.
- 1893-9-18. Amue eta Errekaldera bitartean eginiko bideari buruz obren maisuak eman zuen iritzia ikusita, azken zatia Miguel Agirreri eta Joxe Frantzisko Etxanizi ordaintzea erabaki zuten.
- 1893-9-3. Euskal Jaiak hasi ziren, Abbadiek antolaturik.
- 1893-8-28. Joxe Leon Urkiolak epaitegiaren alde egindako gestioak ez zituela kobratuko esanez idatzitako gutuna irakurri zuten, eta hari eskerrik sutsuenak ematea erabaki zuten.
- 1893-8-21. Batzordea izendatu zuten irailaren 10, 11 eta 12an Abbadie jaunak babestuta herrian ospatuko zituzten Euskal Jolasak ekintzaz erantzuteko. Batzordea parrokiko erretoreak, Joxe Mari Muguruzak, Angel Arresek eta Juan Clementek osatu zuten.
- 1893-8-21. Probintziako Batzordeak lurraldeko epaitegia berriro martxan jartzeko gestioak egiteko prest zela adierazi zuen gutun baten bidez.
- 1893-8-21. Eliz kalean bizi ziren Eugenio Amenabar eta beste batzuek, gauzainek beste kaleetan egin ohi zuten bezala Eliz kalean ere orduak kantatzeko agintzea eskatu zuten. Udalak horixe egitea erabaki zuen.
- 1893-8-7. Juan Bautista Azilona alkateordeak adierazi zuen Isabel infanteak 250 pezeta utzi zituela behartsuentzat herrian izan zenean, eta batzorde bat izendatu zuten diru hori banatzeko. Horrela Agustin Jauregi erretorea, Azilona bera, eta Benantxio Akutain eta Joan Joxe Beobide zinegotziak izendatu zituzten batzorderako.
- 1893-8-7. Alkateak adierazi zuen une egokia zela herriko epaitegirako gestioak egiteko, Gobernuak Aurrekontuetako Legean aldaketak egin baitzituen. Idazkaria Ramon Nocedal lurraldeko diputatuarekin harremanetan jartzea proposatu zuen, batzordeaa osatu eta hura epaitegia zabaltzeko eskatzera Madrilera joateko. Alkatea eta idazkaria aukeratu zituzten batzorde hori osatzeko.
- 1893-7-17. Urrestilla eta Nuarbe auzoetako kontrabandoa zaintzeko, Manuel Odriozola izendatu zuten.
- 1893-7-17. Herriak ardoa, likoreak eta antzeko edariak saltzen zituzten tabernariei agindu zien genero sarrerekin eta irteerekin liburu aparteko bat izatea, egun bakoitzekoa garbi agertzeko.
- 1893-6-26. Probintziako senadore eta diputatuei idaztea erabaki zuten, ahalegin guztiak egin zitzatela eskatuz herriko epaitegia berriro zabaltzeko.
- 1893-6-19. Udalak debekatu egin zuen gomazko pilotak xixtera jokoan erabiltzea udal frontoian, herritar batzuek hala eskatu zutelako.
- 1893-6-12. Plaza Txikiko 1. zenbakiko etxea saltzeko, Udalak enkantea egin zuen hilaren 18an 10:00etan.
- 1893-5-1. Dekretutzat hartu zuten horretarako izendatutako batzordeak prestatutako txostena. Eskaera egin zuten 60 biztanle herritar izendatu zituzten, indarrean zen Udal Legearekin bat. Gainera, zera adierazi zuen Udalak: urtearen edozein garaitan deklara zezakeela herritar eskaera egiten zuen edonork. Deklarazioa bakoitzak bakarka eskatu behar zuen.
- 1893-4-26. Inazio Orbegozok eta Tadeo Zabala Antxietak aurkeztu zuten gutuna batzorde baten eskuetan jarri zuten. Kartari atxikita 60 laguneko zerrenda bidali zuten, eta zerrenda horretan zirenak herritar deklaratzea eskatzen zuten, agirien bidez gutxienez bi urtean herrian bizi zirela adierazten baitzen.
- 1893-4-5. Musika Banda desegitea erabaki zuten, zuzendariaren aginduak alde batera utzi eta kideek tabernetan eta kafetegietan musika jotzeko instrumentuak erabiltzen zituztelako.
- 1893-3-27. Unanueren alargunari Erdi kaleko 24. zenbakiko bere etxean Posta eta Telegrafo bulegoa egotean egindako galerak ordaindu zizkioten.
- 1893-3-8. Errukietxearen ondoan zen pasabidean gurdi edo karroak erabiltzea oztopatu nahian, mugarri handiak jartzea erabaki zuten.
- 1893-1-9. Frontoia erabat aldatu eta Santiago kalea lorategi bihurtzean, ezinezkoa ikusi zuten, aurrez bezala, zezenak bertan jolastea karnabaletan, Sebastian donearen egunez eta karnabal igandean. Eta sokamuturra goizez eta arratsaldez kaleratzea erabaki zuten. Baita karnabal asteartean goizaldean eta arratsaldean ere.
- 1893-1-2. Sebastian donean eta inauterietan kaleratuko ziren sokamuturreko zezenak inguratzea eskatu zioten Tomas Larrañagari.
- 1892-12-19. Gobernadoreak garai batean udaletxe zaharra eta ondoren lurraldeko kartzela izandako eraikina saltzeko baimena eman zion herriari. Baimena lortuta, salmenta indarrean zeuden legeak jarraituz egitea erabaki zuten.
- 1892-12-5. Narrosko (Espainia) markesak gutun baten bidez Azpeitiko herriari lur zat bat eskaini zion, Iturriagatxo harkaitzetik Errekalde arteko bidea egiteko. Eskaintza horri eskerrak ematea erabaki zuten.
- 1892-11-23. Iturriagatxo harkaitzetik Errekaldera bitarteko bidea egiteko enkantea abenduaren 6an egitea erabaki zuten; goizeko hamaiketan egingo zuten.
- 1892-11-22. Joxe Inazio Aldalur parrokiko organo-jolea hil zen.
- 1892-11-14. Amutik Iturriagatxo harkaitza bitarteko bidea enkantean jarri ondoren, alkateak esan zuen Miguel Agirre kontratistak hartu zuela bere gain.
- 1892-11-10. Martin Oiarzabal Oiarzabal idazlea jaio zen.
- 1892-10-10. Alkateak udaletxe zaharra edo kartzelak izandako etxea saltzea proposatu zuen, eta gobernadore zibilari horretarako baimena eskatzea erabaki zuten.
- 1892-10-10. Astearteko eta eguneroko azokak benetan baldintza txarretan egiten zirela ikusita, egoki ikusi zuten Azoka plaza estalia egitea Santo Domingo komentua izandako tokian, eguraldiak zerikusi handia izaten zuelako dirua biltzeko orduan. Hala, hari buruzko aurrekontu berezia egitea erabaki zuten. Sebastian Kamio arkitektuari Azoka plaza estaliaren planoa eskatzea onartu zuten.
- 1892-10-10. Posta eta Telegrafo bulegoa egokitzeko Santo Domingo komentuak egin beharko zituen obrak enkantean jartzea erabaki zuten.
- 1892-10-1. Alkateak jakinarazi zuen ondorengo egunetako batean aukeratuko zutela Loiolan Jesusen Lagundiko jeneral berria, eta egokia zela Azpeitiko herriak esker ona agertzea jesuitei. Bestalde, esan zuen herriko apaizek iganderako prozesioa antolatu zutela Loiolara, eta aho batez erabaki zuten bertan parte hartzea.
- 1892-9-26. Amutik Iturriagatxo baserrira bitarteko bidea egitea enkantean jartzea erabaki zuten.
- 1892-9-12. Gau eskolako batzordeak proposatuta, dibujo lineala eta apaindurakoa erakutsi nahi zuten, eta zuzendaria aurkitu nahirik deialdia egitea erabaki zuten. Zuzendariari urtean 250 pezeta ordainduko zizkiotela jakinarazi zuten, eta ikasleen aldetik hilean pezeta bana kostatuko zen.
- 1892-8-22. Alkateak organoan konponketa lanak egiteko parrokiko erretorearekin izandako harremanen berri adierazi zuen. Udalak herriak hamar mila pezeta horretarako eskaintzea erabaki zuen, eta gainontzekoa elizak osatu beharko zuen.
- 1892-7-22. Herriko epaitegia ezerezean gelditu zen, eta aho batez Madrilera idaztea erabaki zuten, herriak bertako langileen soldatak ordainduko zituela esanez, beste irteerarik aurkitu ezean.
- 1892-7-16. Herriko lehen instantziako Epaitegia ezerezean utzi zuen erreal dekretua eman zuten.
- 1892-6-27. Donostiako Telegrafo zuzendariari idaztea erabaki zuten, Santo Domingoko lokalera telegrafo zentroa aldatzea egokia zela esateko, posta bulegoa herriaren erdian baitzegoen.
- 1892-6-20. Datorren neguan martxan jarri nahi zuten Arte eta Ofizio gau eskola herrian. Eskolaren arautegia prestatzeko eskatu zieten alkateari eta haren bi tenienteei, sindikoarekin batera.
- 1892-6-20. Parrokiko organoa konpontzeko, parrokiko batzordeak eta Udalak tratua egin zuten Akilino Amezuarekin.
- 1892-5-23. Zezilio Ezeizak hartu zuen Harzubi ingurua harriztatzeko lana.
- 1892-5-11. Joxe Manuel Larrañaga alkatea, Inazio Zabala Antxieta, Andres Kabredo, Meliton Izeta, Juan Mari Etxaniz, Pedro Zabala Antxieta, Frantzisko Egiguren, Joxe Mari Uranga eta Hilarion Orbea bildu ziren, Diputazioaren deialdia irakurtzeko, hurrengo egunean Tolosan ospatu zen batzar berezirako prestatzeko. Gaia: probintziaren garaiko erakundeei heldu eta armak hartu zituen karlista taldeak foruen aukera zalantzan jarri zuela.
- 1892-4-11. Alkatea arduratu zen obretarako maisua zen Felix Barrena jaunari Amu, Iturriagatxo eta Errekalde baserrietan Errezilgo errepidearekin bat egin nahi zen neguko pasealekuaren planoa eta aurrekontua eskatzeko.
- 1892-4-4. Frontoiaren inguruko lorategian lanean aritu ziren 24 peoi, bost mandazain eta lau harginen soldatzak ordaindu zituzten.
- 1892-3-14. Herriko behartsuenek lana izan zezaten, pilotalekuko jardineko eta Amuko zubitik Iturriagatxo baserrira arteko obrak hastea erabaki zuen Udalak.
- 1892-3-14. Lurralde kartzelak ordaintzeko, herriari tokatzen zitzaion azken zatia onartu zuten.
- 1892-3-7. Udaletxeko eskailera gainean kupulatxo bat egitea erabaki zuten, eta ondoren inguruko paretak txukundu zituzten.
- 1892-1-25. Herriko langabeziak sortzen zuen migrazioa ikusita -egunetik egunera gehitzen ari zen-, beharreko lanak hastea erabaki zuen herriak, batik bat behartsuen sendiei laguntza eskaini nahian.
- 1892-1-10. Martin Oiarzabal jaio zen. Urduñako Jesuiten Ikastetxean batxilergoa ikasi eta Comillasen (Espainia) egin zituen ondoren apaiz ikasketak. 'Zerurako bidea', 'Jesukristo gure Jaun eta Jainkoaren Bizitza eta Berri Ona', 'Santuen bizitza laburrak', 'El lenguaje vasco y Lati izkuntzaren joskera' dira haren lan batzuk. Orixerekin batera laguntzailea izan zen 'E. Gogoa' aldizkarian.
- 1891-10-5. Irakurri eta ondo aztertu ondoren onartu zituen Udalak ordenantza berriak, agintarien aginduz idazkariak prestatu zituenak.
- 1891-9-14. Izarraitz auzoko arduradunak ogi eta ardo 80 zatiko eta 24 kartutxo dinamita eskatu zituen, Bustinzuriko errebaletik Urreta baserrira bitarteko bidean konponketak egiteko, eta horrela erabaki zuen Udalak.
- 1891-9-14. Alkateak adierazi zuen une hartan herriak zituen ordenantzak ikusi ondoren akats handiak aurkitu zituela, derrigorrezkoa izanik berri batzuk ahalik eta azkarren egitea. Idazkariari guztia prestatzeko agindu zioten, ondoren ontzat hartzeko aurkez zitzan.
- 1891-8-31. Vista Alegre frontoiko enpresak egindako eskariari erantzunez, baimena ematea erabaki zuten ahari apustuak bertan jokatzeko.
- 1891-8-12. Herriko artxiborako apalategi berria egitea erabaki zuten, idazkariaren zuzendaritzapean.
- 1891-8-5. Inazio Mari Artetxek, berea zen Urola Kafetegia gaueko hamaikak bitartean eta egun berezietan hamabiak bitartean zabalik izateko eskatuz idatzitako instantzia gobernadoreak Azpeitiko Udalari bidali zion, erabakia hartzeko eskatuz. Ordenantzek kafetegi eta taberna guztiak gaueko hamarretan itxi behar zirela agintzen zutela, eta Udalari aldaketa egitea ezinezkoa zitzaiola erantzutea erabaki zen, nahiz eta gogoa izan beste ordenantza bat prestatzeko, batak eta besteak nolabait desberdinduz.
- 1891-7-20. Gregorio Lizurume eta beste batzuek egindako eskaerari erantzunez, errukietxeko juntak adierazi zuen herritarren batzar nagusira deitzea ez zela bere eginkizuna eta, beraz, herriko Udalari eskaera zuzentzeko. Udalak, estatutuek horretarako eskubiderik ematen ote zion jakin gabe, Herri Batzar nagusia ospatzeko deialdia egitea erabaki zuen, baina garbi utzi zuen juntaren erantzuna jakin ondoren jokatu zuela horrela.
- 1891-7-20. Pozik jaso zuten jesuiten probintzialaren idatzia, eta egokia iruditu zen elizkizunak ospatzea Loiolan hil honen 29 eta 30ean, goiz eta arratsaldez, 31n Azpeitian eta ondorengo egunean berriro Loiolan.
- 1891-7-13. Herriari San Inazio jaio zeneko IV. mendeurrena uztailaren 31n eta abuztuaren lehen eta bigarren egunean ospatzeak kalteak sortzen zizkion, eta jesuiten Probintzialari idaztea onartu zuten egun horietan antolatu nahi ziren elizkizunak uztailaren 28, 29 eta 30era aldatzea ontzat hartzeko adieraziz.
- 1891-7-13. Gregorio Lizurumek eta beste batzuek aurkeztutako eta aurrez alde batera utzi zen idatzia irakurri zuten berriro. Idatzian errukietxeko junta eraberritzeko Udalari herritarren batzarrerako deia egiteko eskatzen zuten. Baina estatutuek ez zioten Udalari horretarako ahalmena ematen eta Juntari berari eskaera zuzentzea erabaki zuten.
- 1891-6-22. Kontuan izanik garbitokiko hiru inskripzio harriak apurtuta zeudela, marmolezko hiru berri jartzea erabaki zuten, aurrekoek zituzten inskripzio beraiekin.
- 1891-6-15. Herriko urtegiak eta ur banaketa-sarea zaindu beharko zituen lanpostuaren baldintzak eta arautegia onartu zituzten.
- 1891-5-28. Krixpin Beobide frantziskotar fraidea eta euskal idazlea hil zen, Tolosan.
- 1891-4-15. Zumarragatik posta zerbitzua egiten zuen Juan Inazio Arregik eta honi 125 pezeta ordaindu zizkioten, lehen hiru hilabetetako soldata.
- 1891-4-3. Rikardo Beobide Zendoia jaio zen, salesiar erlijiosoa, musikaria eta idazlea. Eleberri laburrak idatzi zituen: 'Bautizado en su sangre', 'El cuadro misterioso', 'Redimidos'... Askotan pertsonaje euskaldunak erabili zituen.
- 1891-3-23. Kontuan hartu zen Udal Legea, herriaren lurraldea hiru zatitan banatzen zuena, probintziako diputatu eta herriko zinegotzien aukeraketarako. Lehen zatia, udaletxean botoak: enparantza nagusia, Santo Domingo kalea, Bustinzuri enparantzatxoa eta Arana, eta Izarraitz, Loiola eta Oñatz auzoak. Bigarren zatia, udaletxe zaharrean botoak: Enparan eta San Inazio kaleak, Iturrikale, Plaza Txikia, San Sebastian eta Santa Ana enparantzatxoak, Monjen errabala, Madalena eta Txaribar, eta Elosiaga auzoa. Hirugarren zatia, eskolako botoak: Santiago kalea, Kristina enparantzatxoa, Harzubi errebala, Urrestilla, Nuarbe, eta Odria, Aratz-Erreka eta Eizagirre auzoak.
- 1891-3-9. Batzorde bat izendatu zuten San Inazio jaio zeneko laugarren mendeurrena ospatzeko egitaraua prestatzeko.
- 1891-3-2. Ura etxeetara banatzeko lanak egiten ari zen Amadeo Delanuet eta hari epea luzatzea erabaki zuten, lana bukatzeko.
- 1890-10-29. Alkatearen mozioa onartuz, Udalak kaleko farol guztiak kentzea erabaki zuen, alferrikakoak baitziren elektrika argia sartu zutenetik.
- 1890-9-3. Alkateak adierazi zuen herrian ura zabaltzeko hodieria berriztatze lanen errematea egin zutela, eta lanak Amadeo Delanuetek hartu zituen beregain.
- 1890-7-7. Herriko garbitokiko sarreretan burdin ateak jartzeko baldintzak onartu zituzten. Burdin ateak egin eta bere tokian jartzea errematera atera zuten.
- 1890-4-28. Udal frontoian burdin eta frontis gainean burdinsarea jarri zuen Juan Joxe Iriarteri lana ordaindu zioten.
- 1890-4-28. Elosiaga auzoko Joxe Mari Iturbe maisu berriak, beste maisuei bezala urtean 60 pezetako laguntza emateko eskatu zuen, eta horrela erabaki zuen Udalak.
- 1890-4-21. Udal frontoiko frontis gainean alanbre galbanizatuko sarea jartzea erabaki zuten.
- 1890-3-3. Pedro Alejandro Rekondo arkitektuak ura herriratzeko eginiko proiektua aurrera eramatea erabaki zuten.
- 1890-2-19. Maltzagatik Zarautzera edo Donostiara egin nahi zuten bide estuko trenbidea egiteko Frantzisko Igartuak aurkeztu zituen oinarriak onartu zituzten. Batzorde bat ere izendatu zuten beste herrietakoekin batera gestioak egiteko.
- 1890-2-19. Musika Bandako kideen eskaerari erantzunez, haiei ematen zizkieten bazkari eta askariak alde batera utziz, bakoitzari bazkariaren ordez bi pezeta eta askariaren ordez 50 xentimo ematea erabaki zuen herriak.
- 1890-1-15. Auzolanean Enparan eta Estradako-erreka bitartean zen bidea egokitzen ari ziren langileei 200 zatiko ematea erabaki zuten, ogia eta ardoa.
