Efemerideak. Hamarkada: 1900
- 1909-11-3. Riff lurraldeko borrokan ziren hamalau herritar soldaduk alkateari idatzi zioten gutunaren berri eman zuten. Laguntza eskatu zioten, eta Udalak haietako bakoitzari 17'50 pezeta bidaltzea erabaki zuen.
- 1909-11-3. Herriko garbitokian egin nahi zituzten konponketa eta egokitze lanen planoak eta aurrekontua onartu zituen Udalak.
- 1909-9-20. Lurraldeko diputatu Manuel Senantek jakinarazi zuen Zumarragatik Zumaiara bitarteko tranbia elektrikoa jartzeko herriak aurreratutako 28.000 pezeta berriro eskuratzeko gestioak egiten ari zela. Pozik hartu zuten albistea.
- 1909-3-29. Frantzisko Mari Alberdiri herriak auzia jartzea erabaki zuten, apustu eta enparantza ixteari buruz agintariak iraindu zituelako.
- 1909-3-15. Zumaiako alkatearen gutuna jaso zuten, zera zioena: ikusgarria izan zela Gipuzkoako udalek eginiko manifestazioa, Diputazioaren jauregi aurrean bilduta denak, eta Zumaiako Udalak bertan izan zirenekin bat egiten zuela.
- 1909-3-10. Errekarte eta Lete baserrietatik Azkoitiko mugara iristen zen bidearen konponketan ari zirenei ogia eta ardoa ematea erabaki zuten.
- 1909-3-10. Elorza alkateordeak Donostiako Udalak deiturik probintziako udalek eginiko bileraren berri eman zuen, zera jakinaraziz: bera eta batzordea osatzen zutenak ahalegindu zirela agertzen orduan arte bezala udal guztiek diputazioarekin bat eginik jarraitu behar zutela; atxikimendu ekintza bat antolatu eta guztiak bat eginik probintziaren jauregira joan ziren.
- 1909-2-24. Manuel Senante lurraldeko diputatuari eskerrak ematea erabaki zuten, telegrama bat bidali zuelako Santo Doimingo komentua herriaren eskuetan uzten zuen legea Madrilen onartu zela esanez.
- 1909-2-15. Urrestillako Eperkua zubitik Maurirako bidea konpontzen ari zirenei ehun zatiko ematea erabaki zuten.
- 1909-2-15. Astearte bakoitzean errukietxeari bi pezeta ematea erabaki zuten, azokara joaten ziren astoen zerga kobratzen ahalegintzen zelako.
- 1909-2-8. Diputazioko presidenteak eta ingeniariek egindako bisitaldiaren ondoren, Santo Domingo eraikineko behe solairuan telefono zentral bat jartzeko Probintziari baimena ematea erabaki zen; Urola ibaiak arkuekin bat egiten zuen ertzean.
- 1909-2-1. Santa Ana enparantzatxoko 6. zenbakia zuen etxearen horman zen Inazio donearen irudi margotua txukuntzea erabaki zuten.
- 1909-1-4. Agintariek zezen-plaza berriro enkantean jartzean, Udalaren inguruko lurralde zati bat enkantetik kentzea erabaki zuten errukietxeari eskaintzeko, honek zabor tokitzat erabil zezan.
- 1909-1-4. Probintziari lokal bat eskaintzea erabaki zuten, herrian telefono zentral bat jar zezan.
- 1908-12-13. Urolako tranbiaren proiektua bertan behera gelditu zen albistea jaso zuten. Proiektu horretan parte-hartzaile ziren herriek aurreratutako dirua itzultzeko eskatzeko akordioa hartu zuten.
- 1908-12-13. Espainiako Kongresuko lurraldeko diputatu Manuel Senanteren telegrama eta gutun baten bidez jakin zuen herriak Santo Domingo komentuaren jabetza herriari eman ziotela.
- 1908-11-9. Lurraldeko diputatu Manuel Senantek gutun baten bidez adierazi zuen hil hartako 5ean aurkeztuko zuela gortean Santo Domingo komentua izandako eraikinaren jabetza herriaren eskuetara pasatzeko proiektua. Tranbiaren proiektuak aurrera egiteko itxura handirik ez zuela ere bazioen, ahalegin guztiak egin zituen arren.
- 1908-10-28. Erdi kaleko 11. zenbakia zuen etxearen azpian Eliz kalerako pasabidea egiteari buruz Joxe Urbistondorekin hitz egiteko herriak batzordea izendatu zuen, eta bertan adierazi zuen konforme zela bere pasabidea zabalik uzteko, baldin eta herriak urtean 75 pezeta ordaintzen bazizkion agindu berria eman bitartean, edo unean 2.500 pezeta ordaintzen bazizkioten, berak sekula ez ixteko konpromisoa hartuz. Bi proposamenak eztabaidatu ondoren, biak alde batera uztea erabaki zuten.
- 1908-9-14. Alkateak jakinarazi hilaren 11ko gauean herriko %10 bonbilla itzali egin zirela, baita 13ko gauean ere. Ondorioz, Udalak erabaki zuen Eladio Manuel Odriozola kontratistari 50 pezetako isuna ezartzea lehen gauean gertatutakoagatik, eta 25 pezetakoa bigarrengoagatik.
- 1908-7-1. La Vascongada Autoen Elkartearen gerenteak egindako eskaerari erantzunez, herriko alondegi zaharra alokatzea erabaki zuten, honoko baldintza hauekin: 1. Lokala alokatzea, adierazitako zerbitzuak iraupena zuen bitartean; hau da, administrazio bulegoak bertan ziren bitartean. 2. Egindako obrak, Barrena zinegotziaren zuzendaritzapean egin beharko zituzten.
- 1908-7-1. Alkatearen mozioa onartu eta Urolako tranbian interesatuta ziren herrietako alkateek sinatutako txostenaren kopia Diputazioko Batzorde Probintzialera pasatzea erabaki zuten. Txostenean Espainiako Gobernuko Bizkortze Ministeriora aurreratutako dirua itzultzeko eskatu zuten, eta Diputazioak herriaren eskaera bultzatzea nahi zuten.
- 1908-6-25. Urolako tranbian interesatutako herrietako alkateek eta Dionisio Soroeta kontzesionariak sinatutako gutunaren berri eman zuten, aurreratutako dirua eskatuz Espainiako Gobernuko Bizkortze Ministeriora, eta ontzat hartu zuten.
- 1908-6-15. Korporazioan joatea erabaki zuten parrokian abestuko zen 'Te Deum' elizkizunera, kontuan izanik bederatzigarren hilean zela haurdun erregina.
- 1908-6-1. Loiolarako errepideari buruz eginiko proiektua aurrera eramateko batzordea izendatu zuten, behar ziren gestioak ahalik eta azkarren egiteko.
- 1908-5-27. Urolaldeko tranbiari buruz eginiko eskariari ezezkoa eman zioten, Espainiako erregearen agindu baten bitartez. Aurreratutako dirua eskuratzea erabaki zuten, gestioak eginik.
- 1908-5-18. Erdi kaleko 11. zenbakia zuen bere etxean obrak egiteko baimena eman zioten Joxe Urbistondori. Jendearen pasabidea moztu gabe egiteko agindu zioten.
- 1908-4-27. Loiolako Ikastetxeko erretore Zesareo Iberok gutun batean zioen Aita Agustin Kardaberaz zenaren hezurrak Loiolan maiatzaren 2rako espero zituztela, eta elizkizun bereziak ospatuko zirela. Gutuna jasotzean, Udala korporazioan joatea erabaki zuten.
- 1908-3-30. Diputazioak bere telefonoa instalatu zuenean, herrian zentral bat jartzeko eskaera egitea erabaki zuten.
- 1908-3-26. Juan Gurrutxaga 'Txokolo' jaio zen -lehen txistua-.
- 1908-2-10. Diputazioaren erabakiarekin bat egitea erabaki zuten; hau da, Gipuzkoari foruak ematea eskatzea.
- 1908-2-10. Zumaiatik Zumarragara jarri nahi zuten tranbiaren proiektua egiteko herriak aurreraturik zituen 28.000 pezetaren interesak eskatzea erabaki zuten.
- 1908-1-27. Enparantza nagusian zezenak ibiltzearen aurka agertu ziren Joxe Uranga eta Frantzisko Mari Alberdi; bertan bizi ziren biak. Agintariek handik aurrera San Sebastian egunean, karnabaletan eta gainontzeko egunetan zezenak Santiago kalean ibiltzea erabaki zuten.
- 1908-1-8. Idi demak jokatzeko zezen-plaza alokatu zuten urtebeterako.
- 1907-12-16. Ganadu hiltegi berriko arautegia onartu zuten, aho batez. Inauguratu ondoren, abereak bertatik kanpo hiltzea debekatu zutela adierazi zuten bando bidez.
- 1907-12-4. Abenduaren 22a, Santo Tomas bigarren eguna, jai eguna zela kontuan izanda, ganadu lehiaketa abenduaren 26ra atzeratzea erabaki zuten.
- 1907-12-4. Denbora aurrera zihoala konturatuta, Gale Barrenari Txaribar ingurutik 1908ko lehen egunean zabalduko zuten hiltegi berrirainoko bidea egokitzeko eskatu zioten.
- 1907-11-25. Diputazioak esan zuen ontzat hartzen zuela herriak proposatutako zerga igoera, eta Udalak erabaki zuen herrian egindako sagardoari litro bakoitzeko bi zentimoko zerga ezartzea.
- 1907-11-18. Ganaduen hiltegiko likidazioa onartu zuten, Manuel Etxabe obraren zuzendariak aurkeztu eta gero. Haren lanaren kontuak ere ordaintzea erabaki zuten.
- 1907-10-2. Ganadu hiltegiko zerga berriak onartu zituzten, baita garagardoari eta sagardoari ezarriko zizkietenak ere.
- 1907-8-5. Autoek herriko kaleak abiada handian igarotzen zituztela-eta kexa ugari jaso zelako, alkatetzak udaltzainei azkenaldian gobernadore zibilak gaiari buruz emandako aholkuak betetzeko agintzea erabaki zuten. Bide batez, herri sarreran abiada murriztea aginduz kartel batzuk ipini zituzten.
- 1907-7-29. Herriko kartzelan ziren sei presok egindako eskaera gogoan izan zuten eta, uztailaren 31n San Inazio eguna ospatzen zenez, sei litro ardo ematea erabaki zuten.
- 1907-7-11. Juan Egiguren Etxabe margolaria jaio zen.
- 1907-7-10. Herritik Zumaiara bitarteko tranbia elektrikoaren obrak bukatzeko luzapena ematen zuen ordena errealaren berri jakin zen.
- 1907-7-10. Zerbitzuan sartzean eman zioten bakoitzari jantzi osoa, katiuskak, bi alkandora, hiru pare galtzerdi, bi zapata pare, musuzapia eta kapela.
- 1907-7-10. Probintziak adierazi zuen alistatu nahi zutenek udal eskribauari agertu behar ziotela nahia, hogei egunen barruan. Helburu hori lortzeko Probintziak berak batailoia osatzen zuen bakoitzari 1.500 erreal ematea eskaini zuen, eta egun bakoitzeko beste erreal bat.
- 1907-4-10. Ganadu hiltegiko obrak Joxe Mari Aldalurri ematea erabaki zuten.
- 1907-4-3. Anastasio Belokik bere lantegian bi pabilioi egiteko baimena eskatu zuen, eta aurkeztu zituen planoak ontzat hartu zituzten.
- 1907-4-3. Azokako postuetatik aparte fruta inportatuak saltzea debekatu zuten, baita birsaltzailei ere.
- 1907-3-18. Katekisten buru Dolores Sopeñaren izenean idatzi zuen Manuel Mari Smith arkitektuak, Olatz auzora zihoazen zenbait bide aldatzeko baimena eskatuz, aurkeztu zuen planoak agertzen zuen eran. Onartu egin zuen Azpeitiko Udalak, baina Olatzen egin behar zituen lanak amaitu ondoren bideak lehen bezala utzi beharko zituela aginduz.
- 1907-3-11. Katekistek Olatzen egin nahi zuten eraikina bere gain hartuta zuen Frantzisko Larrañaga kontratistari eman zioten baimena Loiolarako bidetik bertara bitartean egin zezan eraikin berria; horretarako, baina, aurretik planoak aurkeztu beharko zituen.
- 1907-3-4. Urrestillan Eperkua zubitik Errezilera bitarteko bidea konpontzen ari zirenei 140 zatiko ematea erabaki zuen herriak.
- 1907-3-4. Egindako hutsuneak gogoan izanik, herriari elektrika argia eman zion Eladio Manuel Odriozolari 50 pezetako isuna ezartzea erabaki zuten.
- 1907-2-27. Parrokiko dorrean eginiko lanak sortutako defizitari aurre egiteko, 500 pezeta ematea erabaki zuten, zozketarako 250 txartel erosiz.
- 1907-2-18. Ganadu hiltegia egiteko enkantearen baldintzak onartu zituzten.
- 1907-1-9. Probintziko arkitektuak aurkeztutako hiltegi berriaren planoak onartu zituen Udalak.
- 1907-1-2. Santo Domingo komentua izandakoaren patioan ziren torilak edo zezentokiak botatzea erabaki zuten agintariek.
- 1906-12-15. Akilino Eizagirre 'Zepai' bertsolaria jaio zen, Azpeitian.
- 1906-10-17. Lukas Guridi musikaria jaio zen.
- 1906-9-26. San Jose fabrika erretzean lanean aritu zirenekin eginiko gastuak ordaintzea erabaki zuten.
- 1906-9-12. Ganadu hiltegia non kokatu aztertu zuten berriro eta, herritar berezien iritziak gogoan izanik, parrokiaren atzean Usabiagaren alargunak zeukan lurraldean altxatzea erabaki zuten. Manuel Etxabe arkitektuari idaztea onartu zuten, hark planoak eta aurrekontuak presta zitzan.
- 1906-8-28. Parrokiaren atzean -Usabiagaren alargunak zuen lurraldean-, ganadu hiltegia egiteko asmoa agertu zuten.
- 1906-7-9. Udal Musika Bandaren arautegia onartu zen.
- 1906-7-4. Diputazioko Batzorde Probintzialak herriari idi demak debekatzeaz iritzia agertzeko eskatu zion. Herriak erabaki zuen igande eta jaiegunetan debekatzea ongi zegoela, baina ez beste egunetan.
- 1906-5-28. San Millango markesari parrokiko sakristia eta Santa Ana enparantzatxoko 2. zenbakia zuen etxearen arteko lurraldea erostea erabaki zuten, ganadu hiltegia egiteko. Etxabe arkitektuari planoak eta aurrekontuak egiteko eskatzea onartu zuten.
- 1906-5-9. Urteko aurrekontuko 75.000 pezetatik, 12.011'33 pezeta irakaskuntzan gastatzen zirela adierazi zuen Udalak.
- 1906-4-30. Haragia aztertzeko mikroskopioa erostea erabaki zuten.
- 1906-4-9. Eladio Manuel Odriozolak Urrestillako etxeetan indar elektrikoa jartzeko gogoa aurkeztu zuen. Urbieta errotatik, errepideari jarraituz, toki batzuetan linea botatzeko baimena eskatu zuen. Ontzat harturik, baiezkoa ematea erabaki zuten.
- 1906-4-9. Ondorengo ikasturtean bigarren mailako heziketa martxan jarriko zuten edo ez uztailaren lehen egunerako erantzutea eskatu zieten Anai Maristei.
- 1906-4-2. Idi-dema probak herriko enparantzan jokatzeko, plaza bera itxi eta sarrera kobratzeari buruz hitz egin zuten, probintziako beste herrietan egiten zen bezala. Baina, erabakia hartu aurretik, diputatu batzuen iritziak jasotzea onartu zuten.
- 1906-3-12. Joxe Artetxe Aranburu idazlea jaio zen. Bere lana gehienbat gazteleraz egin zuen; euskaraz, berriz, 'Egan' eta 'Zeruko Argia' aldizkarietan idatzi zuen. P. Goenagaren 'Agurea eta otsoa' lanak Artetxeren hitzaurrea du. Gipuzkoako Biblioteka Probintzialeko zuzendaria izan zen.
- 1906-3-7. Auziari buruz gobernadoreak horrela erabakita, zezen-plazaren kontratista Nikolas Azpiazu jaunak berehala eskatu zuen 8.279'44 pezeta ordaintzeko. Ogasun Batzordera pasatzea erabaki zuen Udalak.
- 1906-2-28. Garin baserritik Oñazko elizara bidea egiten ari zirenei 70 janari zatiko ogia eta ardoa ematea erabaki zuten.
- 1906-2-19. Jesusen Bihotzaren plaka bat jartzea erabaki zuten udaletxeko sarreran, eta aurrez ekintzari behar bezalako ospea emateko elizgizonekin harremanetan jarri ziren.
- 1906-2-7. Erretoreak eta apaizak parrokiaren inguruan ganaduen hiltegirik ez egiteko egindako eskaera erantzunda gelditu zen.
- 1906-2-7. Otsailaren 26ko Nekazari Lehiaketaren egitaraua onartu zuten.
- 1906-1-22. Zelai Luzeko zuhaitzak atera eta berriz ere landatzeko aurrekontua onartu zuten.
- 1906-1-15. Akilino Izagirre Amenabar jaio zen Azpeitian. Errezilgo Zepai baserrian hazi zen eta deitura hori hartuko zuen bertsolari handiak.
- 1906-1-8. Musika Akademia martxan jartzea erabaki zuten, nahi zutenek inolako ordainketarik gabe ikasketak egin zitzaten, baina gero Musika Bandan parte hartzera derrigortuz, baldin eta zuzendariari baliagarria zela iruditzen bazitzaion.
- 1905-12-13. Alkateak herritar batzuen eskutik jasotako proposamena izan zuen hizpide. Proposamena San Tomas ondoko egunean -abenduaren 22an- ganadu lehiaketa antolatzea zen. Gaiari buruz hitz egin ostean, lehiaketa hurrengo urteko inauteri astelehenera atzeratzea erabaki zuen, antolatzeko nahiko astirik ez zutelakoan.
- 1905-11-27. Dionisio Soroetak Azkoititik Zumarraga bitarteko zatian Urolako tranbia elektrikoaren enkantea egitear zela esan zuen gutun baten bidez. Ondoren, beharreko neurriak hartuko zituela agindu zuen, ahal zen azkarren tranbia martxan jartzeko.
- 1905-9-6. Joxe Egigurenek eta beste herritar batzuek, herriak lagunduta, eskatu zuten bigarren mailako heziketa martxan jar zezatela Anaia Maristen Ikastetxean, eta horretarako batzordea izendatzea. Horrela egitea erabaki zuen Udalak.
- 1905-8-23. Alkatearen mozioa ontzat hartu eta batzordea izendatu zuten, ura etxebizitzara sartuta zeukatenek egindako gehiegikeriak nola moztu aztertzeko.
- 1905-7-25. Parrokiko dorrean egindako lanak inauguratu zituzten, azpiko pasabidean jarritako Lourdesko haizpearekin batera.
- 1905-7-17. Urrestillara ura emateko egin behar ziren lanak enkantean jartzeko baldintzak onartu zituzten.
- 1905-6-19. Pedro Maiztegiri agindu zioten ordulari publikoaren esferari elektrika indarra jartzea.
- 1905-5-15. Herriari elektrika argia eskainiz, Anastasio Beloki eta Klaudio Manuel Odriozolak eginiko proposamenak ikusi ondoren, bigarrenarekin tratua egitea erabaki egindako.
- 1905-4-19. Alkateak Aurrezki Kutxa Probintzialarekin 28.000 pezeta aurreratzeko eginiko kontratua onartu zuten.
- 1905-4-14. Dionisio Soroetak Urolako tranbiari buruz eginiko konbenioaren berri eman zuen. Herriak aho batez erabaki zuen alkateari Kutxa Probintzialean 28.000 pezetako diru aurreratzea lortzeko ahalmena ematea, herriari tokatzen zitzaion ordainketa egiteko.
- 1905-4-10. Ganadu hiltegi berria egitea erabaki zuten.
- 1905-4-10. Urrestillara ura eramatea onartu zuten.
- 1905-4-3. Herritar merkatarien eskaerari erantzunez, merkatari ibiltariei Enparantza nagusian postuak jartzea debekatu zieten. Santiago kaleko frontoitik lorategi sarrerara bitartean izan zuten tokia.
- 1905-4-3. Herriko Osasun Juntak salatu zuen ganadu hiltegia anti-higienikoa zela, eta Udalak erabaki zuen Ogasun Batzordeak horren txosten bat egitea.
- 1905-4-3. Urrestilla ur gutxirekin zegoela-eta, hara ura eramateko batzorde bati txostena egiteko agindu zioten.
- 1905-3-6. Alkateari herriarentzat mesedegarriak ez ziren apustuak ezerezean uzteko eta enparantza nagusian jokatzen ziren apustuetan bitartekoei %25 kobratzeko eskubide osoa eman zioten.
- 1905-2-27. Aldakaiz ermitatxoan konponketa lanak egitea erabaki zuten.
- 1905-2-20. Urrestillara ura ekartzeko proiektua onartu zuten.
- 1905-2-20. Zumaiatik Zumarragara jarri nahi zuten tranbiaren proiektuari buruz interesa zuten herrietako ordezkariekin Azpeitian eginiko bileran erabaki zena adierazi zuen alkateak: herri guztiei eskatzea ahalik eta azkarren kontzesioa lortzeko, legeak agintzen zuen diru alderdia osatzeko ekarpenak egitea eta Azpeitiko herriari 28.000 pezeta tokatzen zitzaizkiola. Diru kopuru hori onartzea erabaki zuten.
- 1905-2-13. Anaia Maristen zuzendariaren eskaerari erantzunez, euren instalakuntzak sortutako gastuak ordaintzeko, sei hilabeteko diru laguntza aurreratzea erabaki zuten: 1.000 pezeta.
- 1905-2-6. Manuel Etxanizen marmol lantegitik kartzelara bitartean karel bat egitea eta handik Perdillegi baserrira bitartean hesi bat jartzea erabaki zuten.
- 1905-1-11. Inazio Goenaga Alberdi jaio zen. Jesuitekin egin zituen ikasketak, eta Orixeren ikaslea izan zen. Euskal olerkari eta idazlea izan zen, 'Seaska ondoan' deitutako olerkia izanik haren lanetako bat. 'Zeruko Argia' eta 'Jesusen Biotzaren Deia'-ko laguntzailea izan zen.
- 1905-1-9. Gernikako arbolaren landarea ekarri zuen Aurelio Ortizek erabilitako 'land' deituriko gurdiaren akura ordaindu zuten.
- 1904-12-5. Alkateak proposatu zuen, txistulariak lagun zituztela, zinegotziek ongi-etorria egitea Aurelio Ortizi. Hura zen Gernikako zuhaitzaren jatorrizko landareak ekarriko zituena.
- 1904-11-28. Gortean lurraldeko diputatu Teodoro Aranak Gernika-Lumoko jatorrizko zuhaitzaren landare bat eskaini zuen, gutun bitartez. Udalak eskaintza ontzat hartu zuen, eta eskerrak eman zizkion.
- 1904-11-28. Zinegotzi batek Andre Maria Sortzez Garbiaren eguna urte hartan ospatzea proposatu zuen, herriaren askatasunaren sinboloa zen zuhaitza aldatuz meza nagusia amaitzean; agintariek ez ezik, apaizak ere lekuko zirela eta, nahi izanik, azken foru diputatu Juan Bautista Azilona gonbidatuz. Horrela egitea erabaki zuten, eta gainontzeko ekintzen antolaketa alkatearen eskuetan utzi zuten.
- 1904-11-21. Ramon Mari Lilik idatzi zuen gutuna aipatu zuten, eta hark eskerrak eman zituen herriak zoriondu egin zuelako Gipuzkoari alkoholen legea ezartzean gobernadore zibilaren postua utzi zuela-eta.
- 1904-11-21. Alkateak proposaturik, foruen sinbolo Gernikako zuhaitzaren jatorrizko landare bat Kristina enparantzatxoan jartzea onartu zuten. Tokia egokitu zuten horretarako.
- 1904-11-15. Inazio Fort alkatearen proposamena onartuz, Ramon Mari Lili zoriontzea erabaki zuten. Izan ere, Alkoholen Legea euskal probintziei ezartzean, probintziako gobernadore zibilaren postua utzi egin zuen eta, horrela, betidanik zeukan abertzaletasuna agertu zuen.
- 1904-11-15. Zinegotzi baten proposamena onartuz, herriko enparantza nagusiari 'Plaza Mayor' deituraren tokian 'Plaza de los Fueros' jartzea erabaki zuten.
- 1904-10-31. Herriari tokatzen zitzaion zutoihal egoki bat egitea erabaki zuten.
- 1904-10-31. Inazio Font alkateak kargua utzi egiten zuela adierazi zuen, gauza guztien gain euskaldun sentitzen zela, eta gobernadore zibilaren eta beste herri batzuetako alkateen jokaera jatorra imitatzen zuela. Korporazioak aho batez txalotu zuen abertzaletasun jokaera hori, aktan idatzirik uztea erabakiz. Udalen korporazioari eragiten zion mozioa aurkezteko asmoa zuenez, Clementek batzar sekretu batetan udal berria osatzea eskatu zuen, eta horrela erabaki zuen Udalak.
- 1904-10-24. Diputazioko Batzordeak eginiko idatzia gustura jaso zuten, eskerrak emanez Udalari Espainiako Gobernuaren aurrean protestatu zuelako azkenaldian alkoholen zerga igo zutelako, Gipuzkoak zituen eskubideen kontra.
- 1904-9-19. Alkateak esan zuen ganaduen hiltegi berria egiteko lurraldea erosteko osatutako batzordeak San Millango markesarekin harremanetan jarri ondoren prezioa eta baldintzak ontzat hartu zituela -parrokiko sakristiaren inguruan kokatuko zuten-. 1.775 pezeta ordaindu eta eskritura sinatzea erabaki zuen Udalak.
- 1904-8-17. Santiago Agirre Segurola 'Txikuri' pilotaria jaio zen.
- 1904-7-4. Santo Domingo eta Santiago kaleak ez ezik, Kristina plaza txikia ere asfaltatzea erabaki zuten.
- 1904-6-13. Batzordea izendatu zuten ganaduen hiltegia egiteko lurraldea erosteko parrokiaren atzean.
- 1904-5-16. Diputazioaren gutunari erantzunez zera adierazi zuen herriko Ogasun Batzordeak: herrian ez zegoela langileen etxebizitzen beharrik. Udalak haren iritzia onartu zuen.
- 1904-5-16. Gauzainek orduetan eta erdietan kantatzen zutenean esaten zuten 'Alabado sea Dios' hitzei, 'y la Purisima Virgen' gehitzea eskatuz zinegotzi batek aurkezturiko mozioa onartu zuten.
- 1904-4-30. Parrokiko dorrean eta aurreko enparantzatxoan berrikuntza lanak hasi zituzten.
- 1904-4-11. Leon Lopetegi, S.J. historialaria jaio zen.
- 1904-3-14. Dionisio Soroetak bidalitako gutun pozgarriaren berri eman zuten. Zumaiatik Zumarragarako tranbia elektrikoaren eskubideak bereganatu zituela zioen Soroetak gutunean, eta ahal zuen guztia egiteko prest zegoela ahalik eta azkarren lanak hasteko.
- 1904-3-5. Errukietxeko juntak eginiko eskaera kontuan izanik, bertan kirofanoa edo ebakuntzarako gela bat egokitu nahirik, Udalak 300 pezetako diru laguntza ematea erabaki zuen.
- 1904-2-22. Plaza Txikiko 1. zenbakia zuen lehen eta bigarren solairuko errenta izendatu zieten (500 pezeta urtean) Marista Anaiei.
- 1904-1-11. Xebastian Camio arkitektuak azaldu zituen Azoka plazako obren diru alderdia onartu zuten.
- 1904-1-4. Sebastian donearen eguneko eta inauterietarako zezenak ez ezik, tarteko igandeetarako ere zezenak aukeratu eta tratua egiteko batzorde bat izendatu zuten.
- 1903-12-26. Joxe Martin Goenaga 'Atxumarriaga' eta Pedro Mari Otaño 'Santa Ageda' aizkolariak neurtu ziren herriko plazan. Atxumarriagak irabazi zuen.
- 1903-10-26. Ramon Nazabal, Xalbador Bengoetxea eta Galo Barrenak karlista mitin bat egiteko Azoka plaza edo zezen-plaza eskatuz eginiko eskaeraren berri eman zen. Agintarien artean eztabaidak sortu ziren eta bozketa egin zuten. Clemente, Arozena, Orbegozo, J.I. Azpiazu, Aztiria, Uranga, Belaustegi eta Iriartek baiezkoa eman zuten. Ezezkoa, berriz, Iarza, Alberdi eta alkateak.
- 1903-10-19. Berrasoeta-barrena baserrian izandako sutea itzaltzen lagundu zutenei afaria ematean eginiko gastuak ordaintzea erabaki zuten.
- 1903-9-21. Pozik jaso zuten Hego Euskal Herrian Obra Publikoen zuzendaria ingeniariak bidali zuen albistea: Azkoitia eta Zumaiaren arteko Urola tranbiaren kontzesioa.
- 1903-7-31. Zezen-plaza berria inauguratu zuten.
- 1903-7-27. Alkatearen mozioari esker, Elgoibartik Donostiarako trenak herriko festetarako zerbitzu berezia jarri zutenez, herrian kotxeak zituztenei tren horiekin bat eginda zerbitzu bereziak eskaintzeko eskatzea erabaki zuten.
- 1903-7-20. Alkateak aurkeztutako mozioa onartuta, Bilbotik Donostiarako trenaren konpainiari San Inazio festetan prezio merkeagoak jartzea eskatu zuten.
- 1903-7-13. Apezpikuak Anaia Maristak herrian gelditzeko eman zuen baimenaren berri adierazi zuen. Herriak pozik hartu zuen erabakia.
- 1903-7-6. Herriko Osasun Juntaren eskaera ontzat hartu zuten, eta Kristina enparantza txikiko pixatokiak botatzea erabaki zuten.
- 1903-7-1. Herriak Anaia Maristekin egindako kontratua onartu zuten.
- 1903-6-8. Herria eta Anai Maristen arteko konbenioaren oinarriak onartu zituzten ikastetxe bat herrian jartzeko.
- 1903-5-25. Bustinzuri errebaleko biztanleen eskaerari erantzunez, iturria jartzea erabaki zuten Sagastizabal baserrirako bidea hasten den tokian.
- 1903-4-27. Zezen-plaza berria inauguratu behar zutela-eta, saninazioetarako zezenketak antolatzeko batzordea sortzea erabaki zuten.
- 1903-4-22. Usabiaga jaunaren alargunari zezen-plazarako lur zati bat erostea erabaki zuten.
- 1903-4-22. Herrian ikastetxe bat ireki nahi zuten Anai Maristekin harremanetan jartzeko, batzordea izendatu zuten.
- 1903-3-23. Arana errebalean behar zen lurraldea libre uztea erabaki zuten, beharrezko zuzentasuna eta zabalera emateko Azkoitira abiatzen zen errepideari.
- 1903-3-23. Ontzat hartu zuten zezen-plaza berria egiteko Nikolas Azpiazu Olaizolarekin eginiko enkantea. Hamar egunen barruan beharreko bermea osatuko zuen agiria aurkezteko gelditu zen.
- 1903-3-16. Elosiaga auzoko alkateari 225 zatiko ematea erabaki zuten, Nuarbe auzora bitartean bidea zabaltzeko.
- 1903-3-16. Joxe Luis Beristaini bi lur zati erostea erabaki zuten, bi horiek zezen-plaza egiteko behar zen zatiarekin trukatzeko.
- 1903-3-9. Egin zuen eskaerari erantzunez, Felix Ortiz y San Pelayo herritar izendatzea erabaki zuten, Udal Legearen 16. artikulua gogoan izanik.
- 1903-3-9. Alkatearen mozioa ontzat hartuta, udaletxeko elektrika argia gehitzea erabaki zuten.
- 1903-3-4. Zezen-plaza berria egitea enkantean jartzeko baldintzak irakurri eta onartu zituen herriak.
- 1903-3-4. San Sebastian egunean eta astearte karnabalera bitarteko igandeetan kaleratu ziren zezenak ordaindu zituzten.
- 1903-3-4. Alkatearen mozioa onartuz, udaletxeko balkoietarako esekiak eginaraztea erabaki zuten.
- 1903-2-18. Zezen-plazaren proiektua onartu zuen gobernadorearen gutuna jaso zuten.
- 1903-1-27. Zezen-plazako obrak zatika ordaintzeko egindako aurrekontu berezia onartu zuten.
- 1903-1-12. Udalak, Inazio donearen jaietarako zezen- plaza amaiturik egon zedin, tramite guztiak ahalik eta azkarren aurrera eramatea erabaki zuen.
- 1903-1-5. Azoka plaza iparraldetik ixten ari zen Joxe Antonio Juaristi, eta hari agintariek bermea erabat osatzea ezinbestekoa zela gogoraraztea erabaki zuten.
- 1902-12-23. Sebastian Camio arkitektuak zezen-plaza berriko obren likidazioa aurkeztu zuen, eta Udalak hori aztertzeko batzordea izendatzea erabaki zuen.
- 1902-12-23. Uranga zinegotziaren proposamena onartuz, hilaren 22an ospatu zen ganadu feriaren sortzaile Iarzari eskerrak ematea erabaki zuten.
- 1902-12-15. Domingo Ezeizak prestatutako zezen-plazaren aurrekontua aurkeztu zuten. 59.295,50 pezetakoa zen, eta jaitsiera batzuekin 47.848,50 pezetatan gelditu zitekeen. Eztabaidatu ondoren eta iritzi desberdinak agertzean, bozketa bidez ontzat hartu zuten: zazpi baiezko eta lau ezezko.
- 1902-11-17. Azoka plazaren iparraldea ixteko obrak enkantean jartzeko baldintzak onartu zituzten.
- 1902-10-6. Domingo Ezeizak prestatutako zezen-plazaren hiru proiektu aztertu zituzten, eta nahiko eztabaida sortu zen gastatu beharreko diru kopuruari zegokionez. Azkenean, 50.000 pezeta eta lurra inbertitzea erabaki zuten.
- 1902-9-15. Eztabaida baten ondoren Azpeitiko Udalak Domingo Ezeiza maisuari zezen-plazaren planoa eta aurrekontua prestatzeko agintzea erabaki zuen, beharko zen lurraldea kontuan izan gabe baina 35.000 pezetatik gora pasatu gabe.
- 1902-9-10. Arte eta Ofizio Eskola herrian jartzeko proiektua aurkeztu zuen Joxe Iarza zinegotziak, eta hiru arlotan banatu zuen egitasmoa: 1. Artistikoa. 2. Komertziala. 3. Nekazaritza eta Abeltzantza.
- 1902-8-23. Ildefontso Gurrutxaga historialaria jaio zen. Euskadiko fiskal nagusia ere izan zen 1937an.
- 1902-8-4. Azkoititik Zumaiara bitarteko tranbiari buruz Gipuzkoako Obra Publikoen ingeniariburuak egindako idatzia irakurri ondoren, Udalak proiektua onartzea erabaki zuen, baina ezarritako baldintza batzuk bete beharko zituen. Horrela, tranbiak kalearen ezker aldetik joan beharko zuen, bera eta etxebizitzen artean 0'75 metroko tartea utzita. Tranbiaren martxa abiadak herria igarotzean, berriz, pertsonaren pausokoa izan beharko zuen. Azkenik, etenik gabe kanpaitxoa joko zuen bide guztian, eta alanbrea eta errailak jartzeko lanak eta kalean egin zitezkeen kalteak kontzesionariak ordaindu beharko zituen.
- 1902-8-4. Alkateak, Alberdik eta Urangak osatutako batzordea izendatu zuten, herriz kanpo zezen-plaza egiteko lurraldea erosi eta aurre gestio guztiak egiteko.
- 1902-8-1. Plazan altxatzen zen egurrezko zezen-plazan azken zekorketa ospatu zuten. Beriain semeen zezenekin Tomas Alarcon 'Mazzantinito' toreatzailea neurtu zen.
- 1902-7-23. Etxebizitzatarako ura banatzeko herriak prestatu zuen arautegia eta tarifa zerrenda Probintziako Batzordeak ontzat hartu zituela adierazi zuten.
- 1902-7-23. Herriko Osasun Juntak egindako proposamena egokitzat hartu eta komunak estolderiara bat eginda zituzten herritar guztiak etxeetara ura sartzera derrigortzea erabaki zuten.
- 1902-7-14. Azoka plaza estalia inauguratu zuten.
- 1902-7-9. Azoka plaza estaliaren arkitektu zuzendariak adierazi zuen lana amaitu zuela. Udalak igande arratsaldean bedeinkatzea eta ondorengo igandean inauguratzea erabaki zuen.
- 1902-6-30. Zinegotzi batek adierazi zuen Azoka plaza estalia amaitzear zirela eta herriaren eskuetara pasatuko zela uztailaren lehen egunean. Inaugurazioa ospe handiz egitea proposatu zuten eta, beraz, aurrez kontratistari agindu zioten ibaiko oztopo guztiak kentzea eta Harzubitik Ibaiederren gainean zen zubirako bidea egokitzea, baita zelai txikia ere. Ahalmena eman zioten alkateari kontratista eta erretorearekin harremanetan jartzeko eta zerbait antolatzeko inaugurazio egunerako.
- 1902-6-25. Azoka plaza estalirako arautegia onartu zuten.
- 1902-6-16. Bizkortze Batzordeari Azoka plazako arautegia prestatzea eskatu zioten.
- 1902-6-16. Jorratu ondoren, erabaki zuten hamabost mila pezeta ematea Zumarragatik Zumaiara bitarteko tranbia elektrikaren proiekturako.
- 1902-6-9. Etxebizitzetara ura zabaltzeko arautegia onartu zuten; hau da, argitaratu eta zabaltzea erabaki zela.
- 1902-6-2. Azoka plazan iturri bat jartzea erabaki zuten eta bertako komunetara ura sartzea.
- 1902-5-7. Azoka plaza estaliaren kontratista Martin Altunak egindako eskaerari erantzunez eta obra zuzendari maisuarekin harremanetan jarri ondoren, ekainaren 30era arteko azken luzapena eman zioten guztia amaitzeko.
- 1902-5-7. Zumaiatik Zumarragara jarri nahi zuten tranbian interesaturik zeuden herrietako ordezkariekin eginiko azken bileraren berri eman zuen alkateak. Sansineneak eginiko proiektu berria aztertu zuen, eta herri bakoitzaren gai nagusia herritarrek ordain zezaketena zela adierazi. Udalak herritar berezien iritziak jasotzea erabaki zuen, eta hilaren 14rako bilera deitu zuen, goizeko hamarretarako.
- 1902-4-7. Joxe Mari Gurrutxaga 'Txokolo Zaharra'-k eginiko proposamena Udalak ontzat hartu zuen: Musika Bandari ordainketa egitea, bera osatzen ahalegintzen zelako.
- 1902-3-24. Azoka plaza estaliaren obren zuzendariaren agiriari erantzunez, Martin Altunari hogei mila pezeta ordaintzea erabaki zuten.
- 1902-2-10. Azoka plaza egiten ari zen zuzendariaren txostena jaso zuten. Han adierazten zuenez, elurteak lanean atzerapen handia sortu zuen. Udalak hari erantzutea erabaki zuen, atzerapenean zerikusia langintza alde batera uzteak izan zuela esanez. Hala ere, luzapena eman zion lana bukatzeko, baina herritarren kexak gogoan hartu gabe. Bestetik, Azoka plazak maiatzaren lehen egunerako amaituta egon behar zuela agindu zioten.
- 1902-2-10. Plaza Txikiko 1. zenbakia zuen etxea saldu nahian, bera enkantean jartzeko baldintzak onartu zituzten, eta beheko solairu gabe egin zuten enkantea.
- 1902-2-3. Joxe Frantzisko Etxanizek eginiko eskaera onartuz, Urrestillan elektrika indarra sartzeko egiten ari ziren lanak amaitzeko 20 eguneko luzapena eman zioten.
- 1902-1-27. Ramon Nazabali Urrestillako biztanleen etxeetara elektrika argia eramateko baimena eman zioten.
- 1902-1-27. Julian Ortizek eginiko proposamena onartu zuten. Proposamenak zioen otsailaren 2rako Musika Banda osatuko zela, eta egun berean eta karnabaletan kaleratuko zela.
- 1902-1-25. Urrestillan jaio zen Donato Aristi, urteetan Urrestillako parrokiko organojolea izan zena.
- 1902-1-22. Azoka plaza estali berrian kalte batzuk gertatu zirela jakin zenean, hura guztia aztertu ahal izateko udalbatzarrean batzorde bat izendatu zuten.
- 1901-12-30. Azoka plaza estaliaren obren bigarren zatia ordaintzea erabaki zuten, lanen zuzendariak aurkeztutako likidazioa onartu ondoren.
- 1901-12-9. Alkateak jakinarazi zuen Joxe Frantzisko Etxanizi Urrestillako argikuntza egiteko urtarrila arteko zeukan epea motz gelditu zitzaiola. Hori zela-eta, Udalak epea luzatzea erabaki zuten otsailaren 1era arte.
- 1901-11-25. Udalak, Azoka plaza berriaren obren zuzendariak egindako proposamena irakurri ondoren, maiatzaren 1a jarri zuen obra amaitzeko epe bezala.
- 1901-10-1. Euskal Festak amaitu ziren herrian.
- 1901-9-28. Euskal Festak hasi zituzten herrian, urriaren 1era arte.
- 1901-9-16. Aztiriak proposatu zuen bigarren mailako heziketa ikastetxea ezerezean uztea, eta bozketa baten ondoren erabaki zuten proposamena ontzat hartzea.
- 1901-6-3. Frantzisko Altuna izendatu zuen Udalak Azoka plazako obrak zaintzeko ikuskari.
- 1901-6-3. Azoka plazako kontratista Martin Altunari baimena eman zioten zelai txikiko sei zuhaitz ebakitzeko. Baina lanak amaitzean berriak sartu beharko zituen.
- 1901-6-3. Alkateak adierazi zuen udaletxea txukuntzeko garaia iritsi zela. Lehenik arkupea egokitzea erabaki zuten.
- 1901-4-1. Martin Altuna kontratistak Azoka plaza estalia egitearen eskaeraren berri eman zuten. Amu baserritik obrak egingo zituzten tokira trenbide estu bat jartzeko baimena eskatu zuen, eta aipaturiko baserritik Amuko zubira bitartean, obrak amaitzean, bidea lehen bezala utziko zuela agindu zuen. Herriak baiezkoa eman zion.
- 1901-3-11. Martin Altunarengan Azoka plaza estalia egiteko errematea onartu zuten.
- 1901-2-25. Gauzainei longainak eta farol berriak ematea erabaki zuten.
- 1901-2-11. Urrestilla eta Aratz-Erreka bitarteko bidea konpontzeko herriak 240 errazio edo zatiko, bolbora, metxa eta abar, eta hargin ofizial bat eman zituen.
- 1901-2-4. Arkuak egokitu eta udaletxearen aurrealdea txukuntzeko proiektuak aurkezteko gonbitea egin zuten.
- 1901-1-23. Iristaioko urak aztertu ondoren, Emilio Azarolari eskaini zioten berak herriratzeko ikerketa egiteko.
- 1901-1-6. Inazio Orbegozo 'Arriya' aizkolaria jaio zen. Deitura bereko aizkolari handien hasiera izan zen.
Emaitzak: 226 | Orriak: 1 2
