Hamarkada: 1910

  • 1919-8-19. Alkateak esan zuen batzarraren zergatia ordu batzuk lehenago gobernadore zibilak bidalitako telefonema bat zela. Gobernadore zibilak Granada eta Almerian (Espainia) izurrite arriskutsua zegoela adierazi zuen, baita Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak udal guztiek gaixoak jasotzeko toki bereziak prestatu behar zituztela agindu zuela ere. Azken urteetan gero eta beharrezkoagoa zen hori eta, beraz, toki egokia aukeratzen ahalegindu ziren. Bestalde, aho batez erabaki zuten Lazareto bat egiteko lurraldea lortzeko gestioak egitea eta horretarako beharrezkoa zen desjabetza egitea.
  • 1919-8-11. Zenbait tabernatan erabiltzen zituzten organilloak sortzen zituzten iskanbilen berri eman zuten, herritarren lasaitasuna mozten zutelako. Horrelako tresnak ziren tokietan aparteko ikuskizuna sortzen zen, batez ere Biktor Loinazek zeukan tabernan, eta kexa ugari jasotzen zuten haren aurka. Aho batez erabaki zuten era horretako tresnei urtean 365 pezetako zerga ezartzea. Ordainketa hil bakoitzean eta zatika egingo zuten. Erabakiaren berri ahalik eta azkarren eman zuten.
  • 1919-7-7. Ehun pezetako diru laguntza ematea erabaki zuten Danak-Bat elkarteari, eginiko eskaerari erantzunez.
  • 1919-3-5. Plaza Txikian 8.000 kiloko pisu zintzilikatu bat jartzeko Meñaca y Torner etxeak egin zuen proposamena onartu zuten.
  • 1918-12-22. Oñatin ospatutako batzarraren ondoren, Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako diputazioetako ordezkariek Donostian bildurik Eusko Ikaskuntza Elkartea sortzea erabaki zuten. Arturo Kanpion izendatu zuten ohorezko lehendakari eta Julian Elorza azpeitiarra lehendakari jator. Beste karguetarako: Julio Urkijo, Pierres Broussain, Angel Apraiz, Gregorio Mujika, Leontzio Urabaien eta Victor Artola.
  • 1918-10-12. Esklaben komentuko lehen harria jarri zuten.
  • 1918-9-1. Irigoien eta Arzamendi pilotariak neurtu ziren Berolegi, Salsamendi eta Begaren aurka, eta bikoteak 50-38 irabazi zuen. Arzamendi 1921ean Habanara joan zen, Fronton Nuevo inauguratzera, erremonte pilotarien buru.
  • 1918-8-13. Frantzisko Altunari Azpeitiko udaletxeko eskaileran herriko armarria jartzea ordaindu zioten.
  • 1918-8-8. Parrokiko Juntak adierazi zuen Udalak parrokiari San Inazioren zutoihala oparitzeko asmoa zuela. Zutoihala herritarren artean bildutako laguntzarekin erositakoa zen eta apezpikuak uztailaren 31n bedeinkatu zuen.
  • 1918-8-1. Inazio Perez Arregi herritarrak bultzatuta Diputazioko klarineroek 'Agur Jaunak' estreinatu zuten.
  • 1917-11-12. Anai Maristen zuzentzen zuten Arte eta Ofizio Eskolan eskaintzen zuten ikasketa aztertzeko batzordeak adierazi zuen 80 ikasle matrikulatu zirela, eta 1916ko urriaren 1ean hasi zutela ikastaroa eta 1917ko martxoaren 31n bukatu.
  • 1917-10-28. Joan Egiguren Agirrezabal 'Azpeitiano' pilotaria jaio zen.
  • 1917-10-3. Plaza Nagusian egindako kioskoari buruzko kontuak ikusi ondoren -Ramon Kortazarrek prestatuak; 6.951,90 pezeta ziren- eta, guztiak ongi aztertu ondoren, aho batez erabaki zuten ontzat hartzea eta Frantzisko Larrañaga kontratistari azken zatiaren ordainketa egitea. Herriak 2.500 pezeta aurreratuak zizkion Larrañagari.
  • 1917-10-3. Alkateak jakinarazi zuen nahiz eta enkantean jarri aurreko uztailean Azpeititik Tolosara bitarteko garraioa autoz egiteko aukera -egunean bi bidaia eginez, eta urtean sei mila pezeta kobratuz-, inork ez zuela zerbitzu hori hartu. Tolosak, Azpeitiak eta tarteko herriek, ordea, zerbitzua martxan jartzeko gestioak egiten jarraitu zutela adierazi zuen alkateak, eta Danborenea eta Konpainia enpresarekin harremanak izan ondoren, hura zerbitzua egiteko prest zela, urtean zortzi mila pezeta ordaintzen bazioten. Diru kopuru hori era honetan osatuko litzateke: Espainiako Estatuak sei mila pezeta, Diputazioak mila, Tolosak 330, Azpeitiak berrehun, Errezilek 250, Albizturrek ehun, Bidaniak ehun eta Goiatzek 50 pezeta. Udalak aho batez erabaki zuen berari tokatzen zitzaiona ordaintzea, eta alkateari ahalmena ematea agiria sinatzeko.
  • 1917-7-23. Botere publikoen aurrean autonomia handiagoa eskatzeko asmoa zutenez euskal diputatuek, hil honen 27an udal guztiekin batzarra ospatzeko Diputazioak egindako deialdiaren berri adierazi zuten. Alkateak jakinarazi zuen agintaritzan ez zen edonor aukera zezakeela herriak ordezkari bezala batzar horretara joateko, eta Kruz Mari Etxeberria eta Tirso Olazabal proposatu zituzten. Biak ontzat hartu zituzten, aho batez.
  • 1917-6-27. Loiolako Obra Elkartea eta Gipuzkoako Junta Probintzialak herritik Loiolara bitartean egin nahi zen errepidearen proiektuaren berri eman zuten. Herriak 15.000 pezeta ematea erabaki zuen ideia aurrera bultzatzeko.
  • 1917-6-13. Antonio Gurrutxaga 'Txokolo' txistulari bigarrena jaio zen.
  • 1917-6-4. Alkateak jakinarazi zuen Diputazioak bere jauregian Jesusen Bihotza tronatzeko erabakia hartu zuela. Erabaki horri jarraituz herriak ere antzeko zerbait egin zezakeela proposatu zuen. Alkatearen ideia aho batez onartu zuten eta Jesusen Bihotzaren egunean -ospe handiz- egitea erabaki zuten.
  • 1917-5-30. San Luis eta Mariaren Alabak kongregazioetako buru Inazio Oruesagasti eta Eujenia Oiarzabalen diru laguntza eskaera jaso zuten, San Agustin elizako erretaula nagusia garbitu eta eliza zuritzeko. Derrigorrezkoa zen horrelako zerbait egitea. Udalean bat egin zen, eta 250 pezetako laguntza ematea erabaki.
  • 1917-4-25. Manuel Senante, gortean zen lurraldeko diputatuak, hilaren 20an agindu erreal bat sinatu zela esanez idatzi zuen, honetarako: Tolosa, Albiztur, Bidania, Goiaz, Errezil eta Azpeitiaren artean autoen bidez posta zerbitzua egiteko baimena eman zen, egunean joan-etorria eginez, eta urte bakoitzean sei mila pezeta ordaindu behar zirela.
  • 1917-3-12. Aurkeztutako planoak ikusi ondoren, etxe bat egiteko baimena eman zioten Luzio Aizpururi, Trinkete deitutako orubean.
  • 1916-12-27. Enparantza Nagusian egindako kioskoaren lanen zuzendari Ramon Kortazarren kontuak ikusi ondoren, Frantzisko Larrañaga kontratistari 2.500 pezeta ordaintzea erabaki zuten.
  • 1916-11-13. Euskal Lore Jolasen Kontsistorioak idatzitako gutunaren berri eman zuten, Udala zorionduz, Unamunok euskararen aurka eginiko adierazpenak salatu zituelako.
  • 1916-10-4. Alkateak jakinarazi zuen Musika Bandaren zutoihala egin zuten Jesus eta Mariaren lekaimeek ez zutela ezer kobratu nahi eta, ikus zitekeenez, izugarrizko lan egokia egin zutela. Bide batez, lekaimeek agertu zuten eurentzat pozgarria zela herriaren aldetik horrelako lan bat egiteko eskaera jasotzea. Hori dena akta liburuan idatzirik uztea erabaki zuten, eta haien buruari gutuna idaztea eskerrak emanez.
  • 1916-8-21. La Vascongada autoen enpresak herriak udaltzain bulegoaren ondoan utzitako lokaletan obra batzuk egiteko baimena eta luzapena eskatu zuen. Baiezkoa ematea erabaki zuten.
  • 1916-8-7. Herriko Lehen Heziketa Juntak eginiko txostena ontzat hartzea erabaki zuten.
  • 1916-6-13. Enparantza Nagusiko kioskoaren enkantea egin zuten.
  • 1916-6-5. Udalak ontzat hartu zituen Ramon Kortazar arkitektuak enparantza Nagusian kioskoa egiteko prestatu zituen planoa eta aurrekontua, enkanterako baldintzekin batera.
  • 1916-5-8. Enparantza Nagusian kioskoa egiteko, Ramon Kortazarri planoak prestatzeko eskatu zioten.
  • 1916-3-27. Udaltzaingoaren gela eta atxilotuentzako beste hiru gela egitea ordaindu zizkioten Frantzisko Altunari.
  • 1916-1-17. Udaletxe zaharreko beheko lokalean Udaltzaingoa jartzeko egin behar ziren lanen aurrekontua onartu zuten.
  • 1915-9-14. Igaraterako bidean, 'Urkamendi' edo 'Makaztialdea' deituriko zelaian eta soroan aurkitutako ur iturriez jabetzea erabaki zuen herriak, Joxe Zubiaurreri 250 pezeta ordainduta.
  • 1915-9-6. Alkatearen proposamena ontzat harturik, Barrena zinegotziari eskatu zioten Musika Bandarentzat kioskoa enparantzan egiteko planoak eta aurrekontuak prestatzeko.
  • 1915-7-9. Zirilo Astigarraga Amenabar jaio zen. 'Carnicerito de Azpeitia' deituraz ezagutu zen zezen munduan.
  • 1915-7-5. Kasiano Garaialde erretoreari parrokiaren kontra erretore etxea egiteko baimena eman zioten.
  • 1915-5-31. Musika Bandaren zuzendaritza eskuratu nahi zuten zazpi lagunen eskaerak irakurri zituzten baina, adostasunik izan ez zenez, bozketa egin zuten. Sebastian Perez Clavijok bost boto lortu zituen eta Hilario Bereziartuak lau; lehenena izendatu zuten.
  • 1915-5-17. Remigio Egigurenek eraikin bat egiteko baimena eskatu zuen Iturriza inguruetan, bertan organo fabrika jarri nahi zuela-eta. Aurkeztu zuen planoa onartu egin zuten eta baimena eman zioten, materiala Astigarraga zinegotziak esandako tokian uzten bazuen.
  • 1915-5-5. Plaza Txikiko 1. zenbakian Azpiroz alargunaren etxearekin bat eginik ziren harrizko aulkiak kentzea erabaki zuten.
  • 1915-4-26. Herriko kaleak baldintza onean edukitzeko kontratua egin zuten Frantzisko Altunarekin eta Nikolas Arrietarekin.
  • 1915-2-22. San Joxe deituriko fabrikako horma batzuek erortzeko arriskua zutelako eta neurriak hartzeko eskatuz, fabrikako administrariari idaztea erabaki zuten.
  • 1915-2-21. Gauean, aurrez suak erretako San Joxe deituriko fabrikaren zati bat bota zuten.
  • 1915-2-1. Udaletxeko balkoietako burdin lanak egin zituen Frantzisko Xabier Lapeirari aldaketa batzuk egitea agindu zioten.
  • 1915-1-18. Galo Barrenari askatasun osoa eman zioten udaletxearen kanpoko obrak egiteko, batez ere lehen solairuko leihoak zabaltzeko, beste batzuk irekitzeko eta abar.
  • 1915-1-11. Enparan zubitik Harzubira bidean gurdiei pasoa debekatzea erabaki zuten, egiten zuen kaltea ongi neurtu ondoren. Bide horretan ziren lantegi eta biltegietara bakarrik utziko zuten sartzen.
  • 1914-11-16. Udaletxearen kanpoko obrak egiteko baldintzak onartu zituzten.
  • 1914-11-10. Parrokiko juntak ezagutzera eman zuen Ziriako Azkarate parrokiko apaizaren oinordeko Miguel eta Joxe Sesma Bustinduik eginiko eskaintzaren berri; elizaren ondoko lurraldea, alegia.
  • 1914-11-8. Parrokiko eliza kontsakratu zuen Nissako apezpiku Laureano Veres jesuitak.
  • 1914-11-4. Erretoreak egin zuen gonbitearen berri eman zuten: hurrengo igandean Udalari parrokiko meza nagusira korporazioan agertzeko eskatzea, elizkizunean eliza kontsakratuko zela-eta.
  • 1914-10-5. Urrestillara eta Nuarbera oinezko baten bidez posta zerbitzua egiteko oinarriak onartu zituzten.
  • 1914-7-22. Diputazioak Udala Olazko ermitara gonbidatu zuen, bertan ospatu ziren Gipuzkoako Batzar bereziak gogoratuz jarri nahi zen plakaren aurkezpenera. Musika Banda eta umeen abesbatza prestatu zuten egun horretarako. Korporazioan joatea erabaki zuen Udalak, ezinezkoa bazen ere umeen abesbatza horretara egokitzea.
  • 1914-7-13. Udaltzaingoaren arautegia gobernadore zibilak onartu zuela jakinarazi zuten.
  • 1914-6-24. Juan Goikoetxea jaio zen Akotei-Orkazarre baserrian, 'Akotei-Orkazarre' bertsolaria.
  • 1914-6-8. Orbegozo zinegotziak adierazi zuen gazte batzuek zezen-plaza denboraldi baterako eskatu ziotela futbolean jokatzeko. Erantzuna eman aurretik ondo aztertzea erabaki zuen Udalak.
  • 1914-5-11. Gauzainei uniforme bat ematea erabaki zuten.
  • 1914-4-27. Herriko Udaltzaigoaren arautegia onartu zuten.
  • 1914-4-15. Parrokiko dorrearen ondoan ziren komunak txukuntzea eta Azoka plazatik kanpo zirenak kentzea erabaki zuten.
  • 1914-3-16. Udal zinegotzi eta idazkari lanetan ari zirenen alde herriko Musika Banda hiletara joatea erabaki zuten.
  • 1914-3-16. Eskerrak eman eta alkateari askatasun osoa ematea erabaki zuten ganaduen hiltegia egiteko eta Ziriako Azkarate parrokiko erretorearen oinordekoek inolako ordainketarik gabe eskaini zuten lurraldearen eskritura sinatzeko.
  • 1914-3-2. Bilboko Udalaren eskaera jaso zuten, Lege Munizipalaren 49. artikulua ezerezean uzteko erabakia hartzeko zioena. Hau da, Udalak izan zezala alkatea eta tenienteak aukeratzeko ahalmena. Eskaerari hauxe erantzutea erabaki zuten: Udalak aurreko urteko abenduaren lehen egunean hartu zuela ontzat hori, eta Espainiako erregeari bidali ziola horren berri.
  • 1914-2-4. Azpeitian herri laborategi bat martxan jarri zela adierazi zuten. Ramon Nazabal botikaria zuzendari izendatu zten, urtean 1.500 pezeta ordainduz.
  • 1914-1-19. Katekista Damak Olatzen zuzentzen zuen eskolarentzat urtean ehun pezetako laguntza ematea erabaki zuten.
  • 1914-1-12. Diputazioaren eskaerari erantzunez, Afrikan zeuden herritar soldaduen zerrenda osatzea erabaki zuten.
  • 1914-1-5. Margarita Urrestillak utzi egin zuen Olazko eskolako maisutza, eta haren ordezko Alberta Alberdi izendatu zuten.
  • 1913-12-22. Damaso Azkuek Txanplandin-soro lurraldearen ondoan eraikin bat egiteko baimena eskatu zuen. Zumitz altzariak lantzeko fabrika sortu eta Urola ibairen gainean zubia egiteko zen eskatutako baimena -Aranburu, Azpiazu eta Konpainiak zuen fabrikaren aurrean-. Aurkeztu zituen planoak onartu eta baimena ematea erabaki zuen Udalak.
  • 1913-12-22. Alkatearen mozioa onartuz, Santo Tomas alderdiko enparantzako arkupea asfaltatzea erabaki zuten.
  • 1913-12-15. Herrian ikastetxea izateko akordioa sinatu zuen herriak Anaia Maristen probintzialarekin, eta horren berri eman zuten.
  • 1913-8-25. Anai Maristen Probintzialak idatzi zuen, ikastetxean jarraitzeko herriak egindako eskaintza ontzat hartu zuela esanez.
  • 1913-8-25. Txarabarrena baserrian izandako sutea itzaltzen lagundu zutenei ogia eta ardoa ematen egindako gastua ordaintzea erabaki zuten.
  • 1913-8-20. Herrian zuten ikastetxeaz Anaia Maristek aurkeztutako baldintzen berri eman zuten, eta aldaketa batzuk egin ondoren onartu egin zituzten. Maristek, eskatzen zituzten urteko 2.500 pezetako laguntzaren ordez bi mila pezetakoa jasoko zuten; lehen ikasketak hilean 1'50 pezeta ordainduko zituen ikasleak; 2'50 pezeta goi mailakoak; lau pezeta gorakoko ikasketak; eta sei pezeta Komertzio ikasketak. Bost urterako kontratua egin zuten, Maristek hamarrekoa eskatzen bazuten
  • 1913-8-11. Diputazioak herri sarrera eta irteeretan autoen abiadura hamar kilometro ordura mugatu zuten kartelak jartzeko emandako agindua betetzea erabaki zuten. Udaltzainei agindua zaintzea eta betearaztea eskatu zieten.
  • 1913-8-11. Ikastetxean jarraitzeko Anaia Maristek egindako proposamena irakurri zuten, maiatzaren 14ko batzarrean erantzunik gabe gelditu baitzen. Ahalik eta azkarren irtenbidea topatzeko batzordea izendatu zuten.
  • 1913-8-6. Sute handia izan zen Txarabarrena baserrian.
  • 1913-7-28. San Agustingo arkupean postontzia jartzeko lanak ordaintzea erabaki zuen Udalak.
  • 1913-7-7. Harzubiko errebalean edo beste puntu batean postontzia jartzeko eskaera egin zuten zenbait herritarrek. Udalak postontzia San Agustin arkuen ertz batean kokatzeko asmoa zuela erantzun zien.
  • 1913-6-20. Jesus eta Maria komentuaren lehen harria jarri zuten.
  • 1913-6-9. Jakoba Macia y Mir lekaimeak egin zuen baimen eskaera Jesus eta Maria ordenako mojak eraikin bat herrian egiteko. Baiezkoa eman zioten.
  • 1913-5-19. Gobernadore zibilak esan zuen Inazio Perez Arregik zinegotzi postua eta Azpeitiko Udaleko alkate ordezkaritzakoa uzten zituela, Gipuzkoako probintziko diputatu gisa aurkeztean.
  • 1913-5-14. Batzorde batek prestaturiko Anai Maristen Ikastetxeari buruzko txostena mahai gainean gelditu zen, beste batzar batean erabakia hartzeko.
  • 1913-4-28. Urrestillako garbitokirako ura zeraman bustinezko hodieria kendu eta bere ordez burdin hodieria jartzea ordaintzea erabaki zuten.
  • 1913-3-31. San Inazio jaietarako zezen-plaza enkantean jartzea erabaki zuten.
  • 1913-3-26. Hileroko feriara etortzen zen ganadua lotzeko, enparantza aldetik eta Azoka plazaren beheko aldean burdin bat jartzea erabaki zuten.
  • 1913-1-31. San Millanko Markesari Bikuña etxea bere baratza eta lurraldearekin ordaintzeko, 50.000 pezetako kreditua lortzea erabaki zuten; ordaindu behar zen guztiaren erdia.
  • 1913-1-31. Trenaren geltokira bideko Urola ibaiaren gaineko zubiaren likidazioa onartu zuten.
  • 1913-1-13. Olazko ermitako koruan zen eskolako gela zerbait handitzeko baimena eskatzea erabaki zuten elizbarrutiko apezpikuari.
  • 1912-12-30. Anaia Maristen Ikastetxean ez zela behar bezala erakusten eta ikasleak zigortu egiten zituztela adierazi zuenez Esteban Elzaurdik, gaiari buruz gestioak egiteko izendatutako batzordeak zioen ez zela horrelakorik gertatzen eta Elurzaundiri horixe adieraztea erabaki zuen Udalak.
  • 1912-12-16. Abeta urtegira Agustin errekako urak ekartzeko eginiko lanen likidazioa onartu zuten.
  • 1912-12-2. Zinegotzi batek eginiko proposamenari jarraituz, Udalak Gernikako arbolaren jatorrizko landarea frontoiaren inguruan aldatzea eta burdinazko hesi batez inguratzea erabaki zuten.
  • 1912-11-11. Esteban Elzaurdik adierazi zuen Anaia Maristen Ikastetxean ez zutela behar bezala erakusten eta, gainera, gogor zigortzen zituztela ikasleek. Horren berri jakitea erabaki zuen Udalak.
  • 1912-11-4. Udalak herri ordenantza berriak onartu zituen.
  • 1912-10-28. Musika Akademia eta Musika Bandaren arautegiak onartu zituen Udalak, iragarkiek ezagutzera ematen ziren lekuan zintzilikatzea erabakiz, batean eta bestean parte hartu nahi zutenek horrela jakin zezaten.
  • 1912-10-28. Alkatearen mozioa ontzat harturik, hurrengo urteko lehen egunetik etxebizitzetara emandako ura hilean behin kobratzea erabaki zuen Udalak.
  • 1912-10-20. Akilino Amezua organo-egilea hil zen, Donostian.
  • 1912-10-14. Joxe Agirrek eta Joxe Antonio Lesakak aurretik herriak hartutako erabakia ezerezean utz zezatela eskatu zuten, gurdi handia Enparan eta Harzubia bitarteko bidean ibiltzea debekatzen zuena. Horrela egitea erabaki zuten.
  • 1912-9-23. Hilaren 19an Musika Bandaren zuzendaria aukeratzeko eginiko azterketaren berri adierazi zuen epaimahaiak.
  • 1912-9-19. Herriko Musika Bandaren zuzendariaren aukeraketa azterketak egin zituzten.
  • 1912-9-11. Zinegotzi batek azaldu zuen Enparan eta Harzubiko zubien artean igarotzen ziren zama handiko gurdiek errepidea erabat galtzen zutela. Udalak era horretako gurdiei errepide horretan ibiltzea debekatzea erabaki zuen, bi zubien arteko etxe edo dendetarako zerbait eraman beharrik ez bazuten behintzat.
  • 1912-9-2. Herriko ordenantza berriak argitaraturik zirenez, Udalak hilaren 15ean indarrean jartzea erabaki zuen, eta aurrez pregoiaren bidez ematea erabakiaren berri.
  • 1912-8-26. Gustavo Hastoy margolariak egindako San Inazioren pintura bat erostea erabaki zuten, 300 pezetan, udaletxeko areto nagusian zintzilikatzeko.
  • 1912-8-5. Uztailaren 29an datatutako gutunean, Karmelo Etxegaraik agertutako sentimendua aktan idatzita uztea erabaki zuten. Etxegaraik jakinarazi zuen ezinezkoa zitzaiola gonbidatuta zen herriko festetan partaide izatea.
  • 1912-7-22. Gonbitea ontzat hartu eta herriak egindako gonbitea erantzun zuten Donostiako Santa Maria, San Bixente, Artzain Ona, Antigua eta San Inazio parrokietako erretoreek ez ezik, Irun, Urretxu eta Alegikoek, eta Hondarribia, Hernani, Zestoa, Oñati, Orio, Ataun, Altza, Alegia, Legorreta eta Elduaingo alkateek.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan