Hamarkada: 1920

  • 1929-11-7. Ildefonso Gurrutxaga alkateordeak maiatzean, ekainean, uztailean, abuztuan eta irailean Loiolara iritsitako autoen berri eman zuen: 359, 370, 1.090, 1.335 eta 710, hurrenez hurren.
  • 1929-10-3. Herriko frontoia egin zeneko mendeurrena betetzean, hura konpontzea eta urtea adierazten zuen harria garbitzea erabaki zuten. Urteurrena zela-eta jaialdiak prestatu nahi zituen batzordeari diru laguntza ematea ere erabaki zuten, urteurrena garrantzitsua zelako.
  • 1929-9-9. Anaia Frantzisko Garate jesuita hil zen, Bilbon.
  • 1929-6-26. German Alberdi sendagile eta herriko osasun inspektore izendatzea erabaki zuten.
  • 1929-6-20. Martzial Uzini baimena eman zioten pabilioi berria egiteko. Pabiloiak aurrez zituenekin bat egingo zuen.
  • 1929-4-18. Altzari fabrika bat jarri nahirik, Domingo Lizarraldek Harzubiko bere baratzan pabilioi bat altxatzeko baimena eskatu zuen. Udalak Martzelo Gibert arkitektuak eginiko planoa aurkeztu eta ematea erabaki zuen.
  • 1929-4-15. Miguel Arozena eta Konpainia enpresak herria eta Nuarbe auzoaren artean autobus zerbitzua jarri zuela adierazi zuen. Horretarako, 900 pezetako laguntza eskatu zuen. Udalak urtean 500 pezeta ematea erabaki zuen.
  • 1929-4-13. Joxe Agirre bertsolaria jaio zen, Oranda baserrian.
  • 1929-4-11. Hutsik zegoen Lazaretoaren egoera kaskarra ikusirik, bertarako zaindari baten postua jakinaraztea erabaki zuten. Soldata gabekoa zen eta Osasun inspektoreak prestatutako baldintzak zituen.
  • 1929-2-7. Bezperan Maria Cristina Espainiako erregina hil zela-eta, Azpeitiko Udalak erregeari telegrama bat bidaltzea erabaki zuen. Besterik gabe amaitu zen batzarra.
  • 1929-1-21. Periko Odriozola 'Munatei' futbolaria jaio zen. Lagun Onak futbol taldean hasi zen, Real Union taldera pasatuz 1947-48 denboraldian. Gero Realera eta handik Madrilera irten zuen, Atletico Madril taldeak fitxatuta. Andujargo Oliturgi taldean egin zuen 1950-51 denboraldia eta urte bat geroago Eibar taldera pasatu zen, Murtzian eginik 1952-53 denboraldia. Zarautzen hil zen, 1978ko uztailaren 2an.
  • 1928-12-20. Alkatearen proposamena ontzat hartuta, eskerrak ematea erabaki zuten Ildefontso Gurrutxaga alkatearen tenienteari eta Modesto Madariaga apaizari. Izan ere, bi horiek udal artxiboan zeuden agiri zaharrak irakurtzen ahalegindu ziren azken uztailaren 11n Espainiako Gobernuko Barne Ministerioak emandako ordena errealaren aurka egiteko datuak aurkitzeko.
  • 1928-12-16. Keixeta (47 urte), Inazio Iriarte Igartza urrestildarraren aurka neurtu zen, 45 ontzako zortzi enbor ebaki eta 8.000 metro lasterka egitera. Keixetak bere lana 54.20an egin zuen; Igartza, berriz, erretiratu egin zen hamaseigarren biran.
  • 1928-12-10. Joxe Martin Goenaga 'Atxunberria' aizkolaria hil zen, Azpeitian.
  • 1928-9-29. Julian Elorza eta Inazio Perez Arregi abokatuek Azkoitiko eta Azpeitiko herrien arteko mugei buruz eginiko txostenaren berri eman zuten, eta erabaki zuten herriak aho batez helegitea jartzea Espainiako Auzitegi Gorenean, orduan Madrilen zegoen Francisco Freiguero Gonzalez abokatuarekin harremanetan jarririk.
  • 1928-9-29. Udalak Donato Aristi izendatu zuen Urrestillako telefono lokutorioko arduradun, haren aita Joan Kruz hiltzean. Urtean 365 pezeta ordainduko zizkioten.
  • 1928-8-31. Gobernadore zibilak uztailaren 17an sinatutako gutun baten berri eman zuten, hil bereko 11n Espainiako Gobernu Ministerioak Azkoitiko eta Azpeitiko herriek zituzten mugak finkatzen emandako ordena errealarekin batera. Ordenaren aurka administraritzako baliabidea jar zitekeen eta, Udala emandako erabakiarekin konforme ez zenez, Herri Estatutuaren 156. artikulua bete nahirik baliabide hori aurrera eramatea merezi zuen edo ez jakiteko Julian Elorza eta Inazio Perez Arregi herritar eta abokatuei txostena eskatzea erabaki zuten.
  • 1928-8-31. Urrestillatik Aratz-erreka auzora bitarteko errepidea egitea erabaki zuten, eta interesatzen zitzaien jabeei 20.000 pezetako diru laguntza ezarri zieten.
  • 1928-7-11. Azkoitia eta herriaren arteko mugez Felix Ortizek egindako txostena ontzat hartu zuen Espainiako Gobernu Ministerioak, erreal agindua sinatzeko.
  • 1928-5-31. Azkoitia eta Azpeitia arteko mugen akta sinatu zuten, Lete eta Larrume baserrien inguruan Munategi edo Arrupe errekarekin topo egiten duen tartean.
  • 1928-4-26. Azkoitia eta herriaren arteko mugekin gertatu ziren eztabaidaren berri eman zuen alkateak. Felix Ortiz ingeniariaren aurrean bi herrietako batzordeel beraien arrazoiak agertu ondoren, Ortizek hartutako erabakia irakurri zuten ondoren, eta esan zuen XV. mendetik ezagututako mugaketa aldatzea ez zela komenigarria. Herriak ontzat hartu zuen.
  • 1928-4-26. Diputazioak lehen mailako errepidetzat hartu zuen Urrestillatik Aratz-errekara egin nahi zena, eta herriak batzordea izendatzea erabaki zuen, Diputazioaren aurrean gestioak egin zitzan, honek lanen %65 ordaintzeko.
  • 1928-4-11. Azkoitiaren eta Azpeitiaren arteko mugak ikusi eta Felix Ortiz ingeniariak txostena aurkeztu zuen.
  • 1928-4-3. Euskal Ikaskuntza Elkarteak antolaturik, Karmelo Etxegarairi omenaldia eskaini zioten herrian.
  • 1928-4-3. Urrestildar Inazio Iriarte Igartza eta Miguel Ibarbia Mendiola aizkolariak neurtu ziren; lau enbor 60 minututan ebaki behar zituzten eta azken aizkorakada biek batera eman zuten. 'Atxunberria' zen epaile, eta bigarrena izendatu zuen garaile.
  • 1928-3-22. Loiola hiribidean hotel bat egiteko Leon Egigurenen eskaera ikusi ondoren, eta Martzelo Guibertek eginiko planoak zituela, herriko inspektoreari hari buruz bere iritzia eman zezan eskatzea erabaki zuten.
  • 1928-3-21. Azkoitiko eta Azpeitiko ordezkariak bildu ziren Institutu Geografiko eta Katastraleko zuzendari Felix Ortiz ingeniariarekin, bi herrien arteko mugak jartzeko.
  • 1928-2-10. Joxe Mari Altuna musikaria jaio zen.
  • 1928-1-12. Udalak Urrestillatik Aratz-errekara bitartean bidea egiteko biztanleen eskaera aintzakotzat hartu zuen.
  • 1927-12-12. Ramon Garate Urrestillako kaminerua hil zen. Pultsolari aritu zen munduko onenekin; besteak beste, Raku japoniarrarekin. Horrez gain, herrira itzuli zenez geroztik, 1920tik aurrera harrijasotze erakusketak ere egin zituen.
  • 1927-10-9. Amezketa eta 'Iperzelaite' neurtu ziren plazan lasterka, 11.300 metrotan. Aurrena atera zen garaile; 49 urterekin 44 minututan eta 10 segundotan egin zuen lana. Bigarrena 96 bira egitean gelditu egin zen.
  • 1927-10-4. Lorentzo San Julian 'Ijito Txikia' eta 'Maiordomo' neurtu ziren lasterkan zezen-plazan 8.000 metrotan. Lehenengoak irabazi zuen, 29 minutu eta 29 segundotan; bigarrena erretiratu egin zen 66. biran.
  • 1927-9-8. Patxi Altuna jaio zen. Jesusen Lagundikoa, hizkuntzalaria eta gramatikoa izan zen, EUTGko Filosofia eta Letretako dekano izana. 'Euskera', 'Egan', 'Jesusen Bihotzaren Deia', 'Zeruko Argia' eta beste zenbait aldizkarietako laguntzailea izan zen. Euskaltzaindiako kidea ere bai.
  • 1927-6-9. Luis Lopetegi 'Agerre I.a' kirolari handia jaio zen.
  • 1927-4-25. Aho batez onartu zuten Solfeo Akademia eta Udal Musika Bandaren arautegia.
  • 1927-4-13. Herritarren artean eginiko diru biltzeari esker Azpeitiko lehen instantziako epaileari egin behar zioten omenaldian emango zioten makila berak zeukala jakinarazi zuen alkateak. Beizamako hilketa garbitzeko egin zuen lana eskertu nahi zioten. Udalak erabaki zuen bilera amaitu ondoren haren bulegora joan eta eskaintzea.
  • 1927-3-10. Joxe Lizaso bertsolaria jaio zen.
  • 1927-3-10. Zezen-plaza Peña Taurina Usabiaga elkartearen eskuetan jarri zuten, bertan antolatzen ziren jaialdi guztien berri zortzi egun aurrez alkateari adieraztekotan. Udalari ordaintzeko sarrerak %10 osatzen zuten, gainontzeko zergak beraren kontura izanik, baita gobernadorearen baimena lortzea ere.
  • 1927-2-24. Loiola auzora ura ekartzeko lanak onartu zituzten. Joxe Luis Lopetegik egin zituen lan horiek, enkantean hartu ondoren.
  • 1927-1-20. Loiola auzora ura ekartzeko proiektua eta aurrekontua onartu zuten.
  • 1927-1-20. Musika Akademia eta Herri Musika Bandaren arautegiak onartu zituzten.
  • 1926-12-17. Ramon Zubizarretak, enkantean, Nuarbe auzoko garbitokia egitearen ardura hartu zuen.
  • 1926-12-9. Alkateak adierazi zuen Beizaman gertatutako krimen bikoitzak eta, batez ere, horren argitzea guztiz zaildu zuen misterioak sorrarazi zuen kezka. Bestalde, kasuaren argitze lanetan buru-belarri aritu zen Pedro Marroquin epaileari omenaldia egitea proposatu zuten. Horretarako, Espainiako Gobernuko Epai ministroari idatzia bidaltzea proposatu zuten lurraldeko herriak sinaturik, eta kopia bat epailearen guraso zaharrei bidaltzea ere bai. Horrez gain, epaileari agintari makila eskaintzea erabaki zuten, aho batez.
  • 1926-11-18. Udalari abenduaren 15ean amaituko zitzaion epea lurraldeko epaitegiari buruz hartuko zuen erabakia agertzeko, Espainiako Gobernuko Ministerioak bidalitako telegrama irakurri ondoren gogorarazi zutenez, eta aurrekontuak prestatzeko iritzia berehala aurreratzeko ere eskatzen zioten. Telefonema baten bidez erantzun zuten: datorren urtean bere gastuak ordaintzen jarraitzeko asmoan zela herria.
  • 1926-11-11. Enkantearen baldintzak eta aurrekontua onartu zituzten, garbitoki bat Nuarbe auzoan egiteko.
  • 1926-10-21. Martzial Uzinek eginiko eskaera eta planoak ikusi ondoren, baimena eman zioten altzari fabrika jartzeko pabilioia egiteko Ibaieder ibaiaren gainean.
  • 1926-9-23. Alkateak bere esker ona agertu zuen, hilaren 20an Alfonso XIII.a eta Victoria Eugenia Espainiako erregeak Loiolan izan zirenean herritarrak euren etxeetako balkoiak apaintzen ahalegindu zirelako, denda eta lantegiak itxi zituztelako eta Loiolara joan zirelako. Gobernadorearen esker ona jaso zuen herriak.
  • 1926-9-23. Serafin Tapia herritarrak 1910eko abenduaren 14an eginiko testamenduaren bidez herriarentzat utzitako probintziako 67 obligazioen berri eman zuten, eta astoaren esnea hartu behar zutenentzat, arroparik gabekoentzat eta doterik gabeko neskatxentzat dirua banatu.
  • 1926-9-20. Alfonso XIII.a eta Victoria Eugenia Espainiako errege-erreginek bisitaldia egin zuten Loiolara.
  • 1926-8-26. Bixente Gibertek eta Juan Etxezarretak Loiolako zelaietako kioskoetan hamar urtean opari erlijiosoak saltzeko baimena eskatu zuten. Aho batez erabaki zuten haiei sei urterako baimena ematea eta urtean bakoitzari 50 pezeta kobratzea. Bide batez, adierazi zieten sei urteko baimena amaitzean Udalak, Giberti eta Etxezarretari inolako ordainketarik eskatu gabe, kioskoak ezerezean uzteko ahalmena izango zuela.
  • 1926-7-29. Diputazioak herriko epaitegiari heltzeko nola jokatu behar zen adierazi zuen: Udalak bost mila pezeta probintziaren Altxortegi Nagusian sartzea, bi mila pezeta Udalak ordaintzea eta hiru mila pezeta lurraldeko udalen artean banatzea erabaki zuen.
  • 1926-7-1. Herriko Lehen instantziako Epaitegia berriro zabaltzeko gestioak egin zituzten Julian Elorza, Manuel Senante eta gainontzekoei eskerrak eman eta zoriontzea erabaki zuten.
  • 1926-6-23. Alkateak jakinarazi zuen ezerezean utzi ziren lehen instantziako 40 epaitegietako bat Azpeitikoa zela. Kontuan izanik nolako kalteak ekarriko zituen erabaki horrek herriarentzat, gestioak egiteko ahalmena eman zioten alkateari. Julian Elorza Gipuzkoako ahaldun nagusia Madrilen zen eta berak ere ahalegin guztiak egingo zituen.
  • 1926-5-23. Aurreko eguneko egunkarietan Espainiako Ministerioak emandako ordena erreala agertu zen. Lehen instantziko 40 epaitegi bertan behera utzi zituen; tartean, Azpeitikoa. Horren aurrean, Gipuzkoako diputatu nagusi Julian Elorzarekin harremanetan jartzea erabaki zuten, aho batez, gestioak egiteko. Elorza aukeratu zuten horretarako, unean Madrilen zegoen herritarra zelako eta gaia gogo handiz hartuko zuelako. Bide batez, Ministerioari gutuna bidaltzea onartu zuten.
  • 1926-5-6. Elkarrekin inolako simetriarik ez zutenez eta itxura berriz ere nahiko kaskarra, Loiolako zelaian ziren kioskoak egokitzeko Probintziako Batzordeak ematen zuen baimena ikusirik, ikerketa egitea erabaki zuen Udalak.
  • 1926-3-4. Alkateari ahalmena eman zioten San Agustingo arkuetan zen kioskoa kentzeko, bukatuta zegoelako Albara Aistarani horretarako emandako epea.
  • 1926-2-27. Musika Bandari 125 pezeta ematea erabaki zuten, 'Plus Ultra' deituriko pilotoek Buenos Airesera (Argentina) iritsi zireneko ospakizunean parte hartu zutelako, baita Urola trenaren inaugurazioan ere.
  • 1926-2-27. Jakin ezinezko helburua zuten jaialdi eta omenaldietan zenbait herritarren jokaera salatu zuten agintariek. Askotan egiak ez ziren albisteak zabaltzen ahalegintzen zirela egotzi zieten, elkarren artean haserrea eta iskanbila sortuz.
  • 1926-2-22. Urola trena inauguratu zuten, Alfonso XIII.a Espainiako erregea bertan zela.
  • 1926-2-18. Damaso Azkuek eta beste herritar batzuek herriko industriari eta merkatarien izenean egiten zuten eskariaren berri eman zuten udalbatzarrean, Urola trena inauguratzean, hil honen 22rako, zenbait ekintza proposatuz. Baina inolako erabakirik ez zuten hartu agintariek.
  • 1926-2-11. Ibaieder gainean zuen lurraldean errementaria pabilioi bat altxatzeko baimena eskatu zuen Martzial Uzinek, eta baiezkoa eman zioten.
  • 1925-12-31. Posta eta Telegrafoak zeuden eraikineko lehen eta bigarren solairuan Anaia Maristen Ikastetxea jartzeko egindako obren likidazioa onartu zuten.
  • 1925-11-9. Alkateak esan zuen herri osoaren izenean telefonema bidali ziola Karmelo Etxegarairen alargunari, eta ondoren historialaren eta idazlearen lan handia aipatu zuen. Alkateak eginiko proposamena onartuz, hauxe erabaki zuen Udalak: 1. Azpeitiar ospetsua hil izanak agintarien artean sortutako nahigabearen berri aktan jasotzea. 2. Karmelo Etxegarairen oroimenez herriko enparantza batean irudia jartzeko azterketa guztiak egitea. 3. Horren guztiaren berri ematea haren alargunari eta semeei.
  • 1925-11-4. Karmelo Etxegarai hil zen, Gernika-Lumon.
  • 1925-8-17. Inazio Perez Arregi enparantzan eta Urola ibaiaren ertzean jarritako barandaz Bizkarrondo ingeniariak aurkeztutako likidazioa onartu zuen Udalak. Joan Joxe Iriarteri 4.180 pezeta ordaintzea erabaki zuten; beste 1.045 pezeta berme bezala geldituko ziren.
  • 1925-7-25. Herrian ospatutako ekintza akademikoan sartu zen Karmelo Etxegarai Euskaltzaindian.
  • 1925-7-5. Nuarbe auzora ura eramateko obrak adjudikatu zituzten.
  • 1925-7-5. Zezen-plazan tendido lerro bat gehiago ateratzeko obren diru kontua onartu zuten.
  • 1925-7-5. Udalak Nuarbe auzoko ermita zaharra lurreratzen egindako gastuen zati bat ordaindu zuen.
  • 1925-7-1. Jesusen Bihotz Sakratuaren Esklabei komentura ura sartzeko baimena eman zieten.
  • 1925-6-15. Euskaltzaindiko lehendakariak adierazi zuen Karmelo Etxegarai jauna bertako kide izendatzeko eguna atzeratu zeneko arazoak alde batera gelditu zirela. Hilaren 25eko arratsaldeko zazpietan ospatuko zen ekintza, eta aho batez onartu zuen Udalak.
  • 1925-5-20. Perez Arregi enparantzatxoa lauzatzeko inor agertu ez zenez, administrazio bidez egitea erabaki zuten, uztailaren erdira bitartean amaitzeko.
  • 1925-5-17. Joxe Aranburu 'Keixeta' eta Joxe Inazio Elorza 'Kortaberri I.a' neurtu ziren hamabi enbor 60 ontzakoekin. Lehenenak irabazi zuen 63.41rekin. Bigarrena zortzigarren enborrean erretiratu zen.
  • 1925-5-6. Enparan kaleko 2. zenbakia zuen etxearen behean zumitz tailerra zabaltzeko baimena eman zioten Anastasio Egigureni.
  • 1925-5-6. Harzubiko plazan gasolina hornitegia jartzeko baimena eman zioten Inazio Irureri.
  • 1925-5-6. Perez Arregi enparantzatxoa lauzatzeko baldintzak onartu zituzten.
  • 1925-4-27. Juan Joxe Iriartek Perez Arregi enparantzan 70 metroko burdin baranda jartzea proposatu zuen, eta aho batez onartu zuten.
  • 1925-4-27. Perez Arregi enparantzan bertan gasolina hornitegia jartzeko baimena eman zioten Bixente Giberti. Urtean 50 pezeta ordaindu beharko zituen honek.
  • 1925-4-20. Zezen-plazako toriletan eta txikeroetan egindako lanen gastuak onartu zituzten.
  • 1925-3-16. Martzelo Guibert arkitektuak Lazaretoa eraikitzearen likidazioa aurkeztu zuen; hain zuzen ere, 20.009'16 pezetakoa guztira. Udalak ontzat hartu zuen aurkeztutakoa.
  • 1925-3-16. Madalena kalean altzari tailerra eta biltegi bat egiteko baimena eman zieten Segurola eta Errazti jaunei.
  • 1925-2-9. Alkateak, eskolara joaten ez ziren umeen gurasoei ezarritako isunen berri jakinarazi zuen, 148 pezetan jarriz isuna. Ondoren, diru hori eskola 'nazionaletako' umeen artean sariak banatzeko erabiliko zela erabaki zuten.
  • 1924-12-15. Gregorio Segurola kontratistaren eskaerari erantzunez, Lazaretoko lanak amaitzeko epea otsail bukaera arte luzatzea erabaki zuten.
  • 1924-11-29. Bikuña etxea botatzean plaza handi bat zabaldu zutela jakinarazi zuen alkateak, eta Urola ibaia igarotzeko zubia egin eta trenaren geltokira bidea egitean pasealeku egokia sortuko zela. Bata eta besteari 'Inazio Perez Arregi' eta 'Julian Elorza' deiturak jartzea proposatu zuen, bi haiek izan zirelako Urola trenaren bultzatzaileak. Horrela egitea erabaki zuten.
  • 1924-11-28. Zezen-plazara joandako jendearentzat sarrera gutxi zeudela-eta, alkateak azkeneko San Inazio festetan nolako iskanbilak sortu ziren adierazi zuen. Martzelo Gibert arkitektuari plaza handitzeko proiektua eskatu ziotela ere bazioen alkateak, eta aurrekontua prestatzeko. Kontuan izanik, ordea, 93.896,80 pezetara iristen zela, iruditu zitzaien orduan ezinezkoa zela aurrekontuari aurre egitea, eta alde batera utzi zuten proiektua. Madrazo eta Segurola zinegotziek zezen-plazan egokitze lanak egitea proposatu zuten, tendidoari lerro bat gehiago ateraz eta abar. Hala, 800 eserleku gehiago izateko bidea ikusi eta lan horiek aurrera eramatea erabaki zuten.
  • 1924-11-17. Nikolas Bizkarrondo ingeniariak Urola trenaren geltokira egiten zen bideari buruz zenbait xehetasun eman zituen txostenean, eta herriari eskatu zion Diputazioari esateko amaitutzat eman zezala bere lana. Horrela egitea erabaki zuten.
  • 1924-8-25. Martzelo Gibert arkitektuari zezen-plaza handitzeko proiektua eskatzea erabaki zuten.
  • 1924-7-11. Urola trenaren geltokirako errepidea ordaintzea erabaki zuten.
  • 1924-6-23. Lazaretoa zerbait aldatzea erabaki zuten; altuera handiagoa eman zioten.
  • 1924-6-23. Probintziko inspektoreak ikastetxea ixtean, Anaia Maristen Probintzialak beraien egoerari buruzko txostena aurkeztu zuen. Ixtearen erabakia beharrezko baldintzak ez zirelako betetzen hartu zuten; batez ere, osasun aldekoak. Udalak beharrezko gestioak egiteko erabakia hartu zuen, eraikin egokia aurkitzeko.
  • 1924-6-9. Lazaretoa egiteko obrak adjudikatu zizkioten enkantean Gregorio Segurolari.
  • 1924-5-2. Gurutz Ansola jaio zen. Lege eta Ekonomia Zientzietan lizentziatu zen. Ekonomiako gaiez euskaraz idazten aitzindarietakoa izan da; bi liburu ditu idatziak. Politikan ere aritu izan da. Esaterako, 1980-1987an Eusko Legebiltzarreko parlamentari izan zen, EAJtik. EA sortzean, horra pasatu zen eta EAko kide gisa Gipuzkoako Batzar Nagusietan presidente izan zen 1987-1991n. Uztarria Azpeitiko Kultur Koordinakundeak 2005ean ohorezko bazkide izendatu zuen.
  • 1924-4-28. Urola trenaren geltokirako errepidearen enkantea ontzat hartu zuten. Gregorio Segurola arduratu zen.
  • 1924-4-28. Lazaretoa egiteko baldintzak onartu zituzten, eta enkantean jartzea erabaki zuten.
  • 1924-4-12. Tren geltokirako Urola ibaiaren gainean egindako zubiaren likidazioa onartu zuten.
  • 1924-4-10. Lazareto bat egiteko aurrekontua eta baldintzak onartu zituzten.
  • 1924-3-6. Herriko Osasun Juntak herriko higieneari buruzko arautegia onartu zuen.
  • 1923-11-7. Alkateak suhiltzaile talde bat martxan jartzeko arautegia aurkeztu zuen, eta aho batez onartu zuten. Joan Joxe Iriarte izendatu zuten buru.
  • 1923-10-31. Ingeniari nagusiak Zumarragatik Zumaiarako trenari buruz eginiko txostena aurkeztu zuten. Bertan elektrika zentrala eta trenaren kotxeak gordetzeko tokiak Azpeitiko geltokian egiteko nahia agertzen zen, eta horren ondorioz Enparan etxetik Odria auzora abiatzen zen bidea moztu zuten. Bide berria egiteko bi aukera agertu zituen ingeniariak, plano baten bidez. Udalak bigarren aukera onartu zuen eta toki batzuetan bidea zabaldu egin zuen.
  • 1923-10-17. Probintziako Batzordeak bere nahigabea erakutsi zuen, Zuzendaritza Militarrak emandako aginduen bidez Espainiako Estatuko beste udalak bezala hartzen zituztelako Gipuzkoakoak ere, aurreko agintariak ezerezean utzirik, eta zera eskatu zen: herrien aldetik udalak osatzean eginiko aktak gobernuaren aurrean agertzeko ez zutela Gipuzkoako udalek gobernuaren inolako babesik behar.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan