Jabier Altuna

Erredakzioa 2023ko mai. 24a, 17:18
Jabier Altuna

Maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan EAJren Azpeitiko alkategaia izango da Jabier Altuna.

1. Zein proposamen dituzue Azpeitiko sektore industriala bultzatzeko? Jakinik ez duela garai batean zuen pixua...
Jon

Arratsalde on Jon.
Azpiegitura aldetik Landetan lan handia egin behar da hutsik dauden pabiloiekin aukera berriak emateko. Larrin daukagu beste aukera paregabe bezala, 2.003-2.007 legealdian bultzatu genuen. Gaur arte geldik egon da eta azken orduan, hauteskunde garaian azaldu du Udalak hitzarmena sinatu duela, garapenerako.

Industria modernoarekin lotutako ikasketak bultzatu beharra dago, behar berriei erantzun, etorkizuneko langileak prestatu eta horretarako ezinbestekoa da Eusko Jaurlaritzarekin lankidetza, ikasketa berri horien baitan.

Beste hainbat lekuetan bezala, enpresa habiak sortu dira industria mantendu eta berritzeko ideiarekin eta hori da gure apustua ere, lankidetza industriarekin, beraien beharretan lagundu eta etorkizunerako prestatu.

Bestalde, herri konpetitiboa izan behar dugu enpresak erakartzeko, gure herria aukeratu dezaten beraien proiektua garatzeko.

Milesker!

2. Tenis eta padeleko pistetak estaltzeko proiektu eginda dago aspalditik, martxan jarriko ahaldu duzu datorren urtetan?
Jokin Argoiti

Arratsaldeon Jokin.

Garmendipe gunean, bai futbol zelaiaren inguruan, bai polikiroldegiarekin eta inguruan dituzten kirol instalakuntzekin irtenbide integrala eman beharra dago. Arazoak daude egungo instalakuntza batzuetan, amiantoa uralitan eta abar (Diru laguntza galdu dela horretarako aipatu beharra dago Udalari epea pasa zitzaiolako). Hori konpondu beharra dago. Baina konponketetatik aparte aurrera begirako proiektu sakon, bateratzaile bat egin beharra dago, kirol guztiak kontutan izango dituena.

Proiektu integral horren barne ados gaude estalketarekin, padel eta teniseko pistena, eta noski, aurrera eramango dugu.

Milesker!

3. Garraio publikoan hobekuntzak aurreikusten dituzue?
Xanju

Arratsaaldeon Xanju.

Bilbo, Gasteiz eta Deba bailararekin hutsuneak ikusten ditugu eta Foru Aldundiarekin gai hau jorratzeko asmoa daukagu maiztasunak gehitzeko.

Milesker!

4. EAJ eta PSE edo EAJ-PSE-PODEMOS baturak EHbilduk lortutako zinegotzi kopurua gaindituko balu, talde hauekin udal-gobernua osatzea bilatuko zenuke? Ala oposizioan geratuko zinateke? Mila esker.
andoitz sagarzazu

Arratsaldeon Andoitz.

Aukera hori ezinezkoa da. Halere, gogora dezagun herri honetan behin bakarrik izan dela alkate zerrenda ez bozkatuenarekin alderdi bateko zerrendaburua. Eta beste bat zerrenda bozkatuena izan arren, EAJ alegia, alkatetza "kendu" zitzaiona.

Milesker!

5. Irabazten badezu,esklabatako okupak bialduko dituzu?
Joxe mai

Arratsaldeon Joxe mai.

Besteren etxean baimenik gabe ezin gara sartu.

Udalak bere ardurak beteko ditu, udal eraikinak legez eta arduraz kudeatuko ditu eta denona dena zainduko du. Epailearen esku jarriko dugu eta honek agindutakoa bete.

Milesker.

6. Corrugadosen auzian mantendu zenuten jarrera defendatzen jarraitzen al du Azpeitiko EAJk? 2023an Amueko eremuan enpresa hori irekitzea bideragarria dela pentsatzen al duzue?
Jon Elorza

Arratsaldeon Jon.

2.023an, gaur egun dagoen planeamendu urbanistikoarekin ez (Plan Bereziaren haserako onespena, alegia).

2.021 urtean, eskatu zutenean bai. Enpresak lizentzia zeukan eta Udalak Plan Berezia onartu gabe 2.013 urtez gero. Garatua izan balu ez zen posible izango.

Milesker!

7. Piaspeko proiektu eolikoari buruz oraindik ez duzue hitzik esan. Zein da zuen iritzia eta postura gai honetan?
Itziar Maiz

Arratsaldeon Itziar.

Akaso ez zenuen irakurriko baina hitz egin dugu honetaz, joan den asteko debatean azkena.

Energia berriztagarrien alde gaude, Euskal Herrian kontsumitzen dugun energia ahalik eta gehien sortzearen aldekoak gara. Proiektu honi buruz, gauzak ez daude garbi. Plan Sektorial zaharraren aurrerakina, berria, ... Berrian ez oso egokitzat jotzen du. Esan bezala gauzak ez daude garbi; txosten asko falta dira oraindik (ingurugiroa, hegaztiak, arkeologikoa, eta ez dakigu pasako dituen edo ez). Etortzen denean, etortzen bada, aztertuko dugu.

Milesker!

8. Corrugadosen auzian oposizio buruak mantendutako jarrera nola baloratuko zenuke? Taxuzkoak eta onargarriak iruditu al zitzaizkizun udal plenoan berak botatakoak?
Aitor Zendoia

Arratsaldeon Aitor.

Bai.

Milesker!

9. Lehen sektorea indartzeko zein da EAJren proposamena?
Baserritik

Arratsaldeon Baserritik:

Lehenengo eta garrantzitsuena, lehen sektorearekin hitz egin. Zenbat aldiz jarduten garen sektore baten premiaz edo beharrez hitz egiten eta erabakiak hartzen beraiekin hitz egin gabe.

Programan esaten dugun bezala, guretzat lehen sektorea funtsezkoa da. Etorkizuna zaila da eta erronkaz betea eta hor bidelagun izan behar du Udalak. Gure eskuduntzen barne ditugun azpiegiturak (baserri bideak, ur hornidurak, energia, ...) indartu behar ditugu, esplotazioen errentagarritasuna ziurtatu, ustiategiak modernizatzen lagundu eta balio erantsi handia duten produktuak ekoiztea sustatu.

Ezin ahaztu Foru Aldundia garatzen ari den Interneteko banda zabala garatzeko apustua. Horren baitan gainean izango gara ala izan dadin.

Milesker!

10. Gazteak lehen sektorera hurbiltzeko proposamen zehatzik?
Baserritik

Arratsaldeon Baserritik:

Hiri eremua landa eremura ireki behar dugu, ezagutu behar du hiriak baserri mundua. Hor, gure gazteek ikusi behar dute badutela etorkizuna ere.

Hori esanda, aurreko erantzunean esandakoaren baitan, erakargarri egin behar dugu landa eremuko lana eta bizitza. Beste lan eta proiektu profesional bat gisa. Foru Aldundi eta Jaurlaritzarekin elkarlanean, guri dagokiguna lantzea tokatzen zaigu, azpiegiturak indartu landa eremuko bizitza kalekoa bezain erosoa izan dadin.

Milesker!

11. Euskararen erabilera jaisten ari da gure herrian azken urteotan. Herri euskalduna izanik ere, zuek azken legealdiak elebitasunarekiko apustua egin duzue. Jarrera horrekin jarraitzea da legealdi honetako asmoa?
Leire Ormazabal

Arratsaldeon Leire.

Bai. Azpeitiar askok, zoritxarrez, ez dakite euskaraz, eta euskalduntzea bultzatzeaz aparte, prozesu horretan beraien eskubideak ere errespetatu behar ditugu. Etorkinak euskalduntzea, Azpeitiartzea, euskal hiritar bihurtzea, lehengoak eta oraingoak dugu erronka.

Milesker.

12. Herritik urrun dauden baserri auzoentzat zer asmo eta intentzio?
Joxepa

Arratsaldeon Joxepa.

Hurbil sentiaraztea. Azpiegitura aldetik, garraio aldetik, harreman aldetik. Udalak hurbildu behar du, ez zain egon, eta auzoekin harremana instituzionalizatu, arautu eta goxo zaindu behar dugu.

Milesker!

13. Kaixo Ze asmo daukezute GKS-k okupatuta dauken esklabatako eraikinekin? Utzi, bidali? Eskerrik asko
Kolitza

Arratsaaldeon Kolitza.

Lehen erantzun dugu galdera.

Milesker!

14. Zu alkate bazara, zer gertatuko da esklabetako eraikina okupatuta duten gazteekin? Eta eolikoen gaiarekin?
Nere

Arratsaldeon Nere.

Aurreko galderan erantzun ditugu bi galderak.

Milesker.

15. 1) Zer eskainiko diguzu orain arte Nagorek eskaini ez diguna? 2) Eskuindarra sentitzen al zara?
Kin

Arratsaldeon Kin.

Hasteko, herritarrekin tratu zuzena. Herritarrek irekiak izango dituzte alkatearen ateak.

Besste gauza batzuen artean:

Kale garbiagoak.

Udal eraginkorragoa.

Hitz gutxiago eta ekintza gehiago.

...... (Gure programan dituzu ildo nagusiak)


Bigarren galderaren erantzuna: EZ.

Milesker!

16. Kaixo, Corrugados herrian irekitzeko aukeraren bat egongo balitzateke, irekiko al zenuten? Agur bat
aitortxu

Arratsaldeon Aitortxu:

Amuen gaur egun ezinezkoa da Plan Bereziaren onarpenarekin.

Beste eremu batez ari bazara, pozgarria litzateke horrelako proiektu batek herrian kokatu nahi izatea. Zalantzarik ez izan, proiektu enpresarial guztiak goxo hartuko ditugula lanpostuak sortzeko.

Milesker!

17. Kaixo. Piaspe proektuaren inguruan zintzoki, garbi posizionatzea eskatu nahiko nizuke. Benetan proiektuaren alde zaude?
Marta

Arratsaldeon Marta:

Lehen erantzun dut galdera.

Milessker!

18. Kaixo, Plazan Usoak besterik ez daude. Tabernetako mahai gainetara igotzen dira, jendearen geroz eta gertuago pasatzen dira, udaletxe aurrealde osoa kakaz zikinduta dute..... Honen aurrean neurririk hartzeko asmorik bai? Eskerrikasko!
aitortxu

Arratsaldeon Aitortxu.

Entzun dugu arazoak sortzen ari direla eta neurriak hartuko ditugu.

Milesker!

19. Zer pentsatzen duzu esklaben ezkerreko hegalarekin egitea?
Loiolatar

Arratsaldeon Loiolatar:

Eskubikaldeean bezala, alokairu sozialeko etxeak.

Milesker!

20. Zergatik uste duzu babestu behar dugula sokamuturra?
sokamuturra.eus

Arratsaldeon.

Ezagutzen nauenak badaki oso sokamutur zalea naizela. Gure ohitura zahar eta kuttunenetakoa dugu eta herritar gehienak maite dutena.

Milesker!

21. Kaixo, txakurren eta pertsonen elkarbizitza sustatzeko zer asmo dezute?
Joxe ramon beitia

Arratsaldeon Joxe Ramon.

Lehenik, txakurra izateak ardura eskatzen du eta horren arabera, kontzientziatzen jarraitu behar dugu txakurrek ez dezaten elkarbizitza zaildu.

Gauzak errazteko, eremu zehaztuak ezarri beharko dira, txakurrak lasai eta libre ibili daitezen.

Ordenantza 2003-2007 legedian geuk bultzatu genuen eta araudi hori da, guretzat, erreferente elkarbizitzarako.

Milesker!

22. Kaixo; Azken herriko auzoetako festetan, Loiolako eta Atzerrekako festetan hain zuzen ere, ezin izan dituzte animaliekin lotutako ekintzarik egin, ez zezen txiki eta ponirik, ezta asto karrerarik ere. Hau guztia Abuztuan kaleratutako lege gogaikarri baten ondoriz. Izan ere, ordea, karnabaletan legeari ez zitzaion jaramonik egin eta egon ziren zezen txikiak. Bestetik, beste hainbat herri eta auzotan egiten ari dira horrelako ekitaldiak. Nire galdera da, ea zergatik ez diren egiten horrelako ekintzak orain, karnabaletan egin ziren bezala.
Azpeitiarra

Arratsaldeon Azpeitiarra.

Legea aplikatu beharra dago, baina egia da batzuetan oso irakurketa zorrotza egiten dela eta besteetan malgua. Gu beti izan gara malgutasunaren aldekoak, legea errespetatu behar da, noski, baina legeak elkarbizitzarako dira eta hor, esan bezala, legeak eskaintzen duen malgutasuna eskuetan izan behar dugu.

Adibidez, Loiolako asto lasterketa ezin egin izana ez dut ulertzen.

Milesker.

23. Kaixo! Nire galdera osasunarekin lotuta dago. Anbulategian, herritarroi etzaigu zerbitzua bermatzen %100ean. Ez dit balio udalaren esku ez dagoela entzuteak. Zer egiteko asmoa duzue kontu honekin? Ez dago eskubiderik, herritarron ongizatea nola ari den txikitzen ikusteko. Udalak zerbait egin beharra dauka. ZEIN IZANGO DIRA ZUEN PAUSOAK HONEN AURREAN?
Miren

Arratsaldeon Miren.

Udalak bere eskuduntzak landu behar ditu, eta eskuduntza horien ardura du.

Ez nago ados ongizatea txikitzen ari dela esaten duzunean. Osakidetzako aurrekontua urtero hazi da, baina Covidaren ondoren, honek sorturiko arazoak medio eta mediku faltaren aurrean zer egin dezake Udalak?

Milesker!

24. Alde zaharreko etxebizitza asko hutsik edo getifikazio arrixkuko alokairuan. Atzerritarrak edo biztale oso zaharrak bakarrik bizi dira hutsik ez daduen etxeetan. Hauen jabeei IBIaren bidez penalizazioa aplikatzen zaie. Eta zer egin behar dute? Saldu? Nori? Iñork ez ditu etxe zahar horiek nahi. Gai honi lehen bait lehen heldu behar zaio. Ze asmo duzue? Ez dit balio orain arte egin duzuena aipatzeak, hori badakigu. Aurrera begira, etxe jabe horiekin hitzegiteko asmorik badago? Gazteak erakarriko dira alde zaharrera? Alde zaharra biziberritzeko asmorik baduzue? Zuen asmoen berri jakin nahiko nuke.
Iñaki

Arratsaldeon Iñaki.

Alde zaharra eta beste eremu degradatuak (Soreaasu-Madalena, Landeta, Urrustilgo hirigunea, Errebala, ...) birgaitzea gure lehentasuna dira.Oso erraza da lur berriak eraikitzea baina ezin dugu ahaztu orain arte eraikia dagoena, eta gutxiago gure Alde Zaharra eta eremu ez egokienetan dauden eremuak. Udalak indartsu sartu behar du prozesu horretan, ez ikusle moduan egon eta esan dudan bezala ez da ez prozesu motza, ezta erraza ere, baina bai beharrezkoa.

Milesker!

25. Kaixo, Zuen udal taldeak ze iritzi du Hezkuntza Legeari buruz? Eskerrikasko,
aitortxu

Arratsaldeon Aitortxu.

Ados gaude. Prozesu luzea izango da legeak bere ontasun guztiak eman ditzan. Hanka sartzeak egin dira gure herrian ere, ezagutu ditugu, eta konpontzeko gure esku dagoena egin dugu.

Milesker!

26. Egunon, Beste gauz batzuen artien bat zeazki ez ziten garbi geldiu aurreko mahai inguruen. Zuk esan zenun Jabier, Santutxun oiñ etxiek ein ber dien terreno hori 2005in EAJ alkatetzan zala erosi zala, ta Nagorek berriz aste hontan eskriturau ditula, argitzerik izango zenuke, ze kontra esan haundi bat dao hor. Eskerrik asko!
Xabin Algaiu

Arratsaldeon Xabin.

Eremuak 4.500 metro karratu ditu.

4.200 metro karratu 2.005 urtean, gu udal gobernuan ginela, erosi genituen.

18 urte ondoren, 300 metro karratu erosi ditu Udalak.

Zeuk atera zure ondorioak.

Milesker!

27. Plazako baloiekin egun batean zoritxarrez zeoze gertatuko da,erorketa larri bat, burun golpe txarren bat jasotzea,eta abar ,orduan eskuak buruan jarriko ditugu eta esango deu "zeoze egin behar da" Adineko pertsona asko pasatzen dira plazatik ,baina berayekin hitzegiten badezu beldur handia azaltzen dute baloiarekin, erortzeko ez dutelako asko behar. Errespeto bat sor diegu ,gure guraso eta aitton-amonagatik hemen gaude eta daukagun bizia beayen esker da ,eta neri behintzat hori erakutsi zidaten ,zahartzaroai errespetatu egin behar tzala. Nik ustet herrian hainbat toki badadudela baloiakin jolas egiteko eta nere ustez baloia plazan debekatu egin behar dezue,hainbat herritan bezela. Eta ere bai plazan dauden komertziota ere baloi horiek iristin dira, eta eskaparateak zartada earrak jasotzen dute. Pentsa al dezue zer egin asunto honetan?
Maijo

Arratsaldeon Maijo:

Plaza ez da futbolean aritzeko/jolasteko/ibiltzeko tokia.

Milesker!

28. Aurrez aurrekoan, zure agerraldia hasi zenuen esanez aurreko legealdian Bilduk egindakoarekin ados zaudela, bi puntutan kenduta. Horietako bat Corrugados auzia zen eta esan zenuen zure ustez herri erdian ez irekitzea akatsa izan zela. Bestea, Ekindarren proiektuarekin ados zaudela baina ez kokalekuarekin, eta orain martxan den judizializazioan ez zenutela parterik eta gainera “udalak auzia irabaztea espero” zenutela. Kontuan hartuta bat jada pasa dela eta bestean udalaren alde posizionatu zarela, zer dela eta iruditzen zaizu aldaketa bat egon beharko litzatekela?
Indezisue

Arratsaldeon Indezisue.

Bilduk ez eginiko gauza asko daude guk egin izango genituenak. Gauza bat da egitea eta bestea ez egitea. Ez diren egin gauza askorekin ez gaude ados, aukera asko eta garrantzitsuak galdu dira.

Herri erdian ez irekitzea akatsa izan zela esan nuela uste baduzu, akaso ez zenuen behar bezala entzun mahi ingurua. EZ IREKITZEA izan zen akatsa, aukera horrek Trukutxora, epe motzean, pasatzea ahalbidetzen zuen, horren ondoren Amue garatuz. Bitarte hori planeamendua garatzeko erabiliko zukeen Udalak, mahai ingurua jarraitu bazenuen, ikusi duzu epe berdintsuak izango zirela.

Beraz, egun, Corrugadosik ez da, ez Amuen, ez Trukutxon. Eta Amueko Planeamendua garatu beharra dago bertan ezer egin baino lehen.

"Udalak auzia irabaztea espero”. Ez genuke Udalaren izaan litekeen hanka sartzearen ondorioz, Udalak berak, edo kooperatibistak kaltetuak izatea. Hori esanda, ez gaude ados, beste kokaleku batzuk ahalbidetu baino lehen, (industri pabiloien teilatuak adibidez) landa eremuko babestutako lurrak erabiltzearekin.

Milesker!

29. Zer plan duzue Esklabetako ezker hegalerako?
Indezisue

Arratsaaldeon.

Beste galdera batetan erantzun dugu.

Milesker!

30. Ze iritzi dezu azkottiarrai buruz?
Handikualdekue

Arratsaldeon.

Ama Azkoitiarra dut.

Aupa lagun!

31. Azpeitin benetan ber alda lanbide heziketie? Axkoitin ta Elgoibarren eukita neuk ez diot billatzen bate logikaik egiye esan… Inguruko empresak zer diyobe ??
Joxeluix

Arratsaldeon.

Gaur egungo lanbide heziketak ez du urte batzuetakoekin zer ikusirik.

Ikasketa asko daude ez Azkoiti, ez Elgoibarren ez Zarautzen, ematen ez direnak.

Proiektua landuta daukagu eta industri moderno eta berritzaileak behar dituen ikasketak dira,

Milesker!

32. Alkate ateratzen bazara, konprometitzen al zara Munategiko rotondan AZKOITIA jartzen duen letrero bat jartzera?
Handikualdekue

Arratsaldeon:

Hori Azkoitiako alkateari utziko diot.

Milessker!

33. Mahainguruan, kulturan enpresa polo bat sortzearen ideia plazaratu zenuen, baina ez zenuen gehiegi sakondu. Azalduko zuen kulturarako proposamen zehatza?
Maitane

Arratsaldeon.

Amets bat zela esan nuen, eta amesten ditudanak egi bihurtzen saiatzen naiz. Saiatuko gara, epe motzean, zerbait zehazten.

Milesker!

34. Zezen txikiak itzuliko al dira herrira?
Gorka

Arratsaldeon.

Nire esku bada, bai.

Milessker!

35. Kaixo, Jabier: Zuen herri programa jaso dut etxean, eta harrituta ikusi dut kultura, euskara eta hezkuntza, esaterako, ez dituzuela aipatzen. Kirola aipatzen da, baina soilik azpiegitura jakin bati lotuta. Hain justu, eremu horietan herritar askok parte hartzen dugu, eta jakin nahi genuke zein izango den zuen norabidea gai horietan. EHBilduren ildokoa? Eskerrik asko.
Julen

Arratsaldeon.

Jaso duzuena, hamar lan lerro dira, ez dira denak, eta ez du esan nahi ez daudenak ahaztuak daudenik, ezta gutxiagorik ere. Mahai inguruan, zehaztu nituen lan lerro gehiago.

Kirolari buruzkoa aurreko galdera batean erantzun dut.

Milesker!

36. Kaixo! Debatien bukaeran galdeu zitzaizun kultur ereduen inguruen. Ulertu nunez, aipau zenun “amets bat” litzekela kultur mugimendu horri zuzeneko etekine ateatzie. Kulturaz kooperatibak iye 30 lanpostu zuzen sortzeitu herriyen, eta beste hainbat zeharkako lan eta irabazi. Hori eztezute ikusten herriyen gelditzean onura ekonomiko bezela? Kooperatibie baino beste eredun bat egokiyo ikustezute? Zein da ametsa? Eta zer esan nahi zenun “kulturako polo” esanakin? Aurrez, mertzi erantzuteatiken.
Jaki jakes

Arratsaldeon Jakes:

Handitzeko aukera ikusten dut eta landu beharreko arloa. batak bestea ez du kentzen, batura bat da eta kultura, ekonomi arlotik ere ikus behar dugu, aberastasuna sortzeko, lanpostuak sortzeko eta abar.

Milesker!

37. Atsaldeon Kanpaxa, Urrestillarako proiektu zehatzik bai? Eskerrik asko!
Sinberguentzako zubikue

Arratsaldeon:

Lehen esan dugun bezala, guneko egoera kaxkartzen ikusten dugu eta biziberritu beharra dago, adibidez, eraikinak birgaitzen lagundu (Kale Txiki eta sarrera)

Baita Udalareki harremana instituzionalizatu ere, arautu eta indartu.

Milesker!

38. Atsaldeon! Ez dakit neu despistaute nabilen, baiño osteguneko mahai ingurun ulertu nun Corrugados gaiekin Plan Generalak ez zuela Amuen aktibitate industriala baimentzen, eta hori zala argudiyo nagusiye Lealen proposamenari ezetz esateko. Baiño Plan Generalak ere esateu babestutako nekazal lurrek ezin direla nekazaritza ez den beste edozein aktibitaterako erabili eta planta fotoboltaiko bat montau da. Alkategai bezela ze iritzi daukezu?
Planazo

Arratsaldeon.

Plan Orokorrak egin gabe zegoen Plan Berezia eskatzen zuen (aurten eman zaio lehen onarpena). Honen aurretik enpresak ahal zuen aktibitatearekin jarraitu, bazuelako aktibitate lizentzia. Ados planta fotoboltaikoari buruz diozunarekin. Nik ez nuen hor egingo, beste hainbat leku egokiago daudelako, eta diozun bezala, eremu horrek landa eremurako balioa duelako.

Milesker.

39. Arratsaldeon! Osteguneko debatien zentruekin, industriarekin, etab. luzau zineten, baiño Xanjuandei bezelako auzo baten zer hobetu leiken pentsau al dezue? Mertzi!
Gloria Bendita

Arratsaldeon.

Mitinean esan nuen bezala, komun publikoak berehala jarriko ditugu. 3.500 pertsona inguru bizi dira Xanjuandegin eta auzo indartsu eta biziz betea da. Hausnarketa bat egin beharra daukagu Xanjuandegiko eta bertako biztanleen egungo eta etorkizuneko beharrei erantzuteko. Lantzen ari gara aukera ezberdinak eta legealdi honetan garatu nahi dugu.

Milesker!

40. Gabon Jabier, Merkataritzari buruz hitzein dezu PNVren bi aurkezpenetan, baiño Sanagustiñen ez zenuten ezer esan. Nola pentsatzezu herriko merkatariyei laguntzie? Eskerrik asko!
Azpeitin bizi ta erosi

Arratsaldeon.1

Mahai inguruan ez zen posible izan gai guztiak aztertzea, denborak mugatu gintuen.

Aurkezpenean azaldu nuen bezala, merkataritzaren etorkizuna ez da xamurra. Bizi ohiturak aldatzen doaz. Interneten eraginak guztiz kolpatzen gaitu eta Udalak ezin du ezer asko egin. Baina ezin dugu geldirik egon ere. Merkataritza modernizatzeko Europatik etorri den dirua erabiliko dugu, tasak jeitsi eta, merkatariekin elkarlanean, bide berriak urratu.

Nire aita dendaria zen eta badakigu ongi, zer den salmenten gorabeherak, erosleen ohitura aldaketak eta abar.

Milesker!

41. Gabon Kanpaxa, Ulertu nun Garmendipeako zerbait pentsaute zeundela, baiño etxea aileau dan panfletuen ez du ezer jartzen. Zuen asmue argitzerik bai? Mertzi!
Aupa Lagun!

Arratsaldeon.

Beste galdera batetan erantzun dugu.

Milesker!

42. Galdera hau bi hautagaientzat da. Herriko ikastetxe bateko irakaslea eta gurasoa naiz. Oso kezkatuta nago euskararen erabilera gure herrian hartzen ari den norabidearekin. Gero eta gehiago entzuten da gaztelaniaz kalean, batik bat, haurren artean. Benetako erronka bat dugu herri bezala, euskarari heldu nahi badiogu. Nahikoa da belaunaldi bat hizkuntza bat galtzeko edo oso bazterreko bihurtzeko. Horren aurrean zer iritzi duzue? Herri mailan zer egin daitekeela uste duzue? Ikusi dut zuen programa euskaraz eta gaztelniaz modu orekatuan egin duzuela. Udalera iritsiz gero, hori da jarraituko zenuketen irizpidea? Euskarari garrantzia eta zentralidade handiagoa emateko eskatu nahi dizuet hautagaiei. Orain da zerbait egiteko unea, beranduegi izan aurretik. Mila esker.
Herritarra

Arratsaldeon.

Programa euskara hutsez egiteak euskara eta bere erabilera bermatuko balu, gure gizartea euskaldunduko balu, aspaldi genuke arazoa konponduta.

Gure gizarteak erronka berri asko ditu, horien artean euskararen erabilpenarena, zoritxarrez, eta diozuna egia da, baina horren konponbideak diozun neurriak baino sakonagoak eskatzen ditu.

Etorkinak euskaldundu eta euskal herritartzean dugu erronka handia ere, eta hori dagoenekoz nahiko arazo dituzten etorkinen hizkuntza eskubideak urratuz ez dugu lortuko, erakarriz baizik.

Milesker!

43. Zergatik eman behar dio botoa EAJri zalantzati dagoen azpeitiar batek?
Zalantzati

Arratsaldeon.

Talde ona, programa egokia eta erabaki estrategikoetan asmatu izan dugula erakutsi dugulako.

Milesker!

44. Kaixo, Alkate bazara zer egingo duzu esklabetan bizi diren gazteekin? Agur bat
aitortxu

Arratsaldeon.

Beste galdera batetan erantzun dugu.

Milesker!

45. Kaixo, Oso kanpaña eskaxa egiten ari zaretela iruditzen zait. Ez naiz ari edukiengaitik, baizik presentziagaitik. Kalean eta sare sozialetan presentzia oso exkaxa, zuen hautagaien aurkezpen eza, beste alderdiei kritikarik ez, eztabaidan ere oso konformista.... Galtzera atera zarete? Agur bat
patxi

Arratsaldeon.

Denen gustoa ez dago egiterik.

Hori esanda, ez nago ados diozunarekin, hautagaiak ez ditugula aurkeztu?

Milesker!

46. Kaixo, Noiz utziko dio zuen alderdiak kanpaña bakoitzean ETA-ren gaia ateratzeari? Badakit ez dela ahaztu behar gertatu zena, baino interes elektoralekin gai hau erabiltzea lotsagarria iruditzen zait. Agur bat
eukeni

Arratsaldeon:

Santos Juliá, Atotxako abokatuen erahiltzailea Bilbon Falanjetik aurkeztea kritikatu dutenek beraien zerrendak aurkeztu dituzten bezala aurkeztu dituzte. Legezkoa zela zioten hasieran eta ni ados nago. Gero atzera bota ziren, ez oso konsekuente izanik.

Debatea legeari buruzkoa edo etikoa da?

Orain dela 80 urte, eta ustez ahaztu behar diren astakeriak, orain 10 urte pasa direnak, eta ustez ahaztu behar direnak estaltzeko erabiltzen dituzte batzuk.

Noiz da garai ona zerrendei buruz hitz egiteko zerrendak aurkezten direnean ez bada?

Milesker!

47. Kaixo Jabier. Gustatuko litzaidake jakitea zure iritsia gaur egun dagoen Okupazioaren arazoarekiko. Hau da, okupazio konfliktiboa. Azpeitian gertatuez gero horrelako arazoren bat, nolan eta noren aldeko egongo zinan? Eskerrik asko eta sorte!
Joxe Armentia

Arratsaldeon.

Beste galdera batetan erantzun dugu.

Milesker.

48. Aurtengoan aurkezten duzuen zerrendak 2007-2011 legealdian jada zinegotzi izan zineten hiru lagun daramatza. Ez al dauka Azpeitiko EAJk odol berririk?
Lurdes Goenaga

Arratsaldeon.

Ez nago ados zurekin, guztiz kontrakoa ikusten dut.

Milesker!

49. Duela lau urte aukeratuak izan ziren EAJko zinegotzietatik bat berak ere ez du errepikatzen aurtengo zerrendan. Zer dela eta aldaketa nabarmen hau?
Naiara Plazaola

Arratsaldeon.

Ahalik eta talde sendoena aurkezten saiatu gara datorren legealdirako eta proposamen sendoa, indartsua eta ilusioz betea dakarkigu.

Milesker

50. Kaixo Jabier. Esklabetan talde batek beraganatu egin ditu lokalak beraientzako. Gazte talde eta kuadrilla askori gustatuko zitzaigun horrelako espazio bat edukitzea. Ez dago aukerarik besteentzako bertan zatiketa bat egitea? Loiolako estazioko eraikina ere, ezin da gazteentzako orientatu eta txukundu. Zuek zer proposatuko zenuten?
Martxel

Arratsaldeon.

Esklabetako lokalei buruzkoa lehen erantzun dut, beste galdera batetan.

Loiolako geltokia Loiolako beharrak asetzeko erabiliko dugu.

Milesker!

51. Zezenzalea zara. Herrian gero eta jende gehiago sumatzen da sokamuturra kendu edo ordutegi eta egunak mugatzearen alde. Festetan, haurrekin gero eta gehiago molestatzen du. Zu alkate bazara, zer egingo duzu? Sokamuturra dagoen bezala mantenduko duzu? Gehiago jarriko duzu edo kendu?
Maialen

Arratsaldeon.

Mantendu eta ahal bada gehitu. Kalean izugarrizko giroa sortzen du, neguko igande tristeak alaitzen dizkigu eta tabernariei asko laguntzen die.

Milesker!

52. Kaixo, Elkarrizketan diozu ikasketa berrien foku bat sortzea nahi duzuela. Baino foku hau non irekiko duzue? Herriko ikastetxeren batean? Hau eskeintzea posible duten hitzegin duzute beraiekin? Agur bat
mikel

Arratsaaldeon.

Bai, hitz egin dugu eta lantzen ari gara aukera ezberdinak.

Lekua non? Aztertzen ari gara kokaleku ezberdinak eta ikus egin beharko da.

Milesker.

53. Zure adierezpenetan industria izango dela zuen lehentasuna aipatu duzu behin eta berriz. Udalaren eskumen zuzena ez izanik, gaur egun egiten dena baino zer gehiago egingo duzu?
Ander

Arratsaldeon.

Beste galdera batetan erantzun dugu.

Milesker.

54. Industria dabilkizu behin eta berriro ahoan. Enpresen alde eginda ez dira langileon baldintzak hobetzen. Langileon baldintzak duintzeko zein da zuen proposamena?
Markel

Arratsaldeon.

Aukera gehiago izatea, enpresa indartsu eta lehiakorrak izatea, balio erantsi handikoak izatea, non nabarmen lan baldintzak hobetzen diren, langile prestatuak eta lanpostu duin eta baldintza onekoak. Ikasketa berriak bultzatzea honen baitan dator.

Milesker!

55. Zure elkarrizketa irakurri berri dut. Ekindarren eta eolikoek proiektuak gustuko dituzu baina kokapenak ez. Zein eremutan egingo zenituzke zuk bi proiektu horiek?
Luken

Arratsaldeon:

Pabiloi industrialen teilatuak ditugu adibidez fotoboltaikoentzat. Landu al du Udalak aukera hau?

Milesker!

56. Zer diozu azken egunotan zuen alderdia egiten ari den kanpaina zikinarekin? Zer deritzozu Oskar Matuteren inguruan atera diren Fake New horien inguruan? Joko mota horren alde zaude? Mila esker
Axier

Arratsaldeon:

Ez nago ados diozunarekin. Joko zikina guk sufritu dugu urte askotan eta ez gaude ados, ez gure aurka denean ezta Oskar Matuteren aurka denean ere.

Milesker!

57. Goizean, eguerdian... ikasberri / loiola kotxez igarotzea bi aldiz pentsatu behar da. Zerbait pentsatu duzue gai horren aurrean?
patxi

Arratsaldeon.

Esaten dugun bezala, Azpeitiar asko Azkoitira lanera joaten delako. Hau esanda, sahiesbidea baztertuta dago eta aukerak garraio publikoa sustatzea da.

Milesker!

58. Zer proposatzen dezute Soreasu-Magdalena ingururako?
Unai

Arratsaldeon.

Gure lehentasuna da degradatutako guneak biziberritzea.

Eremu hau aspalditik dago Plan Orokorrean aurreikusita eta ezer gutxi egin da.

Berehala helduko diogu, 2.013ko Plan Orokorrak agintzen duen Plan Berezia landu eta onartuz, ingurua berrantolatu eta egokituz.

Milesker!

59. Jakin nahi genuke merkatariyei tasak jatxi esate zutenien ze porzentaje jaisteko aukera daon eta tasa hoyek zein izengo zien. Mila esker
Merkatariak

Arratsaldeon.

Udalaren esku dauden tasak.

Zoritxarrez badakigu horrek ez duela dituzten arazoak konponduko, baina laguntza bat izango da zalantzarik gabe.

Milesker!

60. Saski baloiak Azpeitian duen zaletasuna ikusita eta entrenatzeko eta partiduak jokatzeko dituen arazoak ikusita posible ikusten al duzuen kantxa berri bat egitea? Eskertuko genuke
isb zalea

Arratsaldeon.

Aztertu beharko da aukera hau lehen esan dugun antolakuntza integral horren baitan. Gune horretan hainbat kirol instalazio ditugu eta denen beharrak uztartu beharra dago.

Milesker!

Agurra

Eskerrik asko zuen galderengatik.
Denak egoki erantzun ditudala espero dut.
Nahi duzunean zuen esanetara egongo naiz.
Ondo segi