Joxe Mari Aranbarri: «Estatutuaren defentsak eta ETAk indar metaketa eragozten dute»

Iban Arregi

Abenduaren 1ean eta 2an egin zuen ELA sindikatuak X. Kongresu Nazionala; Joxe Mari Aranbarri ELAko idazkari nagusi Jose Elorrietaren alboko izendatu zuten. Azkoitian jaioa, ume-umetatik bizi da gure artean.

  (Iñaki Uranga)

San Sebastian hurrengo egunean egin dio Uztarriari bisita Joxe Mari Aranbarrik, horretarako denbora apur bat harrapatu duen bezain pronto. Konturatzerako hasi gara hainbat gai ukitzen.

ELAko zuzendaritza berrian ardura handia hartu duzu, gora iritsi zara.

Ez dakit hori gora iristea den, baina beste ardura bat bada behintzat. Orain arte diruzain izan naiz, eta aurrerantzean ikusi egin behar...

Animatuta behintzat?

Bai, bai... Eginbehar asko dago. Eta ez da animoaren kontua bakarrik; egoerak berak bultzatzen du gauzak egitera.

Sindikatuari berari dagokionez, kongresu ondorengo giroa ikusita, ELA sendo dagoela dirudi, ezta?

Bai. Eta diskurtso aldetik eta antolakuntza aldetik ere berrikuntza bat izan du. Antolakuntzari dagokionez, 58 urtetik gorako batek ezingo du ardura sindikalik izan, eta horrek eragin handia dauka. Diskurtsoari dagokionez, sindikatuak helburu nagusiak zehaztu ditu: 35 orduak, batetik —lana, hala nahi duenarentzat—; eta beste gizarte eredu baten aldeko apustua, bestetik.

35 orduak aipatu dituzu. 1999ko maiatzaren 21ean greba orokor esanguratsua egin zen. Emaitzarik lortu al da?

Greba orokor hura izan zen orain arte langileok izan dugun berrespenik handiena. Hego Euskal Herrian sindikatu guztiek bat hartu genuen. Hasiera batean emaitzak lortzea ez da erraza izaten, baina erreferente garbi bat jartzea lortu genuen. Lehen 35 orduen inguruan zalantzarik bazegoen, orain erreferente argia jarri dugula esan daiteke. Aurrerantzean lana egitea tokatzen da.

Alde horretatik, patronalaren jarrerarekiko oso kritiko agertu zarete. Zergatik?

Patronalaren jarrera oso gogorra da, ez du 35 orduen inguruan ezer jakin nahi; gehienera jota, enpresa bakoitzean negoziatu behar dela diote. Baina guk diogu 35 orduak guztientzat izan behar direla, langabezia gainditzeko beharrezkoa delako.

Enpresa txikien kasuan, eta Azpeitian halako kasurik badugu, 35 orduak legez jartzeak galera handiak ekarriko lituzkeela diote enpresariek. Ados al zaude?

Garai batean langileak 84 orduko astea ezagutu zuen, asteko egun guztietan egunero 12 ordu lan eginez. Eta orduan ere argudio bera erabiltzen zuten enpresariek. Europan hori gainditzea lortu zen, baina berriz ere argudio bera erabiltzen dute enpresariek.

Langileak gero eta ordu gutxiago lan egin, orduan eta konpetibitate txikiagoa, enpresariek diotenez. Horrekin ere ez al zaude ados?

Hala diote, bai, baina hori gezurra da. Gaur egun 39-40 orduko lanastea dugu, eta historian sekula irabazi den diru gehien oraintxe irabazten da.

Azpeitian bertan, eta gizartean oro har, zeresana eman duen gaia lan istripuena da. Horiek saihesteko nahikoa ez dela egin garbi dago. Zeinena da ardura?

Sistema beraren diseinu orokorrarena, batetik. Izan ere, ahalik eta malgutasun handiena bilatzen da, eta horrek prekarietatea dakar. Bestetik, enpresariek erabaki estrategikoa hartua dute: produkzioak duen katea planta batean sortu beharrean, hori guztia banatu dute, eta horrek ere azpikontratazioa eta prekarietatea bultzatzen ditu. Bi osagai horiek bultzatzen dute edozein lan edozein baldintzatan egitea.

Eta zer gertatzen da Administrazioarekin eta politikariekin?

Utzikeria. Utzi egin zaio merkatuari bere martxan joaten, malgutasunari eta prekarietateari ere utzi egin zaio, ez da behar bezala arautu. Politikarien esku dago, hein handi batean, merkatu eredu horren aurkako politikak bultzatzea.

Gaiz aldatuz, zer moduz doa 1997an ELAk eta LABek abiatu zenuten elkarlana?

LABekin arlo sindikalean ondo konpontzen gara. Hainbat interferentzia daudenean, interes politikoei lotuak, orduan ibiltzen gara gaizki. Baina guztiaren gainetik lan munduan dugun batasuna indartu nahi dugu, baita EILAS eta ESK sindikatuekin ere.

Zalantzarik gabe, ordea, arlo sindikaletik harantzago joan da ELA eta LABen arteko elkarlana, eta Lizarra-Garaziren sorreran ere zeresana izan zenuten. Orain, aurrera begira, zer giro ikusten duzu?

Langileok gara lehenengoak sufritzen halako egoera politikoa ematen denean. Lizarra-Garazi-ren garai hartan, langileak elkartu eta hau konpondu egin behar dela eskatu genuenean, horrek ardura bat eragin zuen politikoengan eta ETArengan, eta borondate bat azaldu zen. Baina berriro berean gaude.

Zein da ELAk gaur egungo egoeraz egiten duen diagnostikoa?

Nik uste dut demokrata eta abertzale guztiok ados gaudela diagnostikoa egiterakoan, eta etsai nagusia zein den esaterakoan; une honetan, gainera, PP-PSOE akordioarekin forma politikoa eman diote.

Beraz, behin diagnostikoa eginda badago, nola jokatu behar da ELAren ustez?

Behin etsai nagusia definituta baldin badago, horren aurka hainbat osagai jarri behar dira martxan. Baina horretarako indar metaketa bat behar da, eta indar metaketa lortzeko hainbat estrategik ez dute balio: [EAEko] Estatutuaren defentsak ez du indar metaketa bultzatzen, zatitu egiten du, eta demokraziaren beste estadio bat sortzeko ez du balio. Baina beste hainbat estrategik ere ez dute balio metaketa horretarako, eta horietako bat da borroka armatua. Estatutuaren defentsak eta ETAk indar metaketa hori eragozten dute. Bi horiek gainditu behar dira, baina beste bi baldintza ere ezinbestekoak dira: beste eredu sozial bat eraikitzea, eta presoen eskubideak onartzea. Indar metaketa edota prozesu bat eraikitzeko, beharrezkoa da lau ildook betetzea: ETA desagertu, estatutismoa gainditu, eta beste eredu sozial baten eta presoen alde lan egitea.

Epe motzera ikusiko al da berriro indar metaketarik?

Gu ari gara lanean, baina herri honetan zaila da epeen inguruan hitz egitea. Balio duena da norberaren gogoetak mahai gainean jartzea, norberaren lan egiteko gogoa mahai gainean jartzea, eta gero ikusiko dugu zer erritmo edota denbora izango ditugun.

Eta egoera zail hau gainditzeko borondaterik ikusten al duzu gaur egun?

Borondatea badago, nik baietz uste dut, eta hori ondo erakutsi zuen su-etenaren garaiak. Baina ikusi duguna izan da formulazioetan daudela halako zailtasunak, lehengo estrategi zaharrak oraingo estrategi berriekin bateragarri egin nahi izan direlako, eta hori ez da posible.