«Oraindik gehienek behiaren txuleta eskatzen dute»

Urtarrilean ireki zuten aurtengo sagardoaren denboraldia Añotan. Bezeroak berdin eskatzen dute zaharraren txuleta.

 

Noiz ireki zenueten aurtengo sagardoaren denboraldia?

Urtarrilaren 12an ireki genuen sagardo denboraldia, eta iraila arte irekita dugu. Urrian berriro sagardoa egiten hasiko gara.

Behi eroen kontua dela eta, sagardotegian bezeroak kezkarik agertu al du?

Kezka nabarmentzen da, baina dabilkigun haina ez. Iaz astean gaztearen bi zinta gastatzen genituen, orain bost edo sei gastatzen dira astean. Behiaren txuleta berriz, zaharrarena, jeitsi egin da. Dena den, oraindik ere gehiena behiarena eskatzen du jendeak.

Jendeak komentariorik egiten al du?

Bai, anekdota bezala kontatuko dizut, txuleta eskatu eta esaten dutena: ‘lehen bezala ez ekarri txuleta hezurrarekin’; noski, zaharrarena.

Jendearengan izan du orduan eraginik kontu honek?

Bai, telebista asko ikusten du jendeak, eta nabaritzen da eragiten duela behi eroaren kontu honek denak. Aste honetan bertan ikusi dut argitalpen baten azalean, behi baten irudia agertzen zen eta beronek galdetu balu bezala zera idatzita zegoen: ‘egunen batean jakingo duzue oilaskoak zer jaten duten’.

Nondik ekartzen duzu haragia?

Aspalditik haragia Danimarkatik ekartzen dut. Danimarka kontu honetatik kanpo gelditu da. Gainera, uste dut aurrerantzean ere, eta denbora luzean, betiko txuletarekin jarraituko dudala.

Zuk zeuk ze iritzi duzu behi eroen kontuaz?

Kontu hau iruditzen zait gehienbat politika dela, batik bat badutelako nahiko janari ganaduei emateko euren burua janarazi gabe. Alimentu edo gehigarri bezala elikaduran animalientzat sustantzi berdinak dituena eta hobea.

Sagardotegiko menuaren tradizioa mantenduko al da?

Baietz uste dut. Kalitatea ona bada mantenduko da, ziur. Gehiago esango nuke: behi haragia jan behar bada, oraintxe jan beharko litzateke, kontrola benetan oraintxe dagoelako.