Behi eroen gaitzak herriko gizartea ere zoratu du

Nerea Uranga

Ardien dardarizoaren gaitzetik behi eroen gaitza datorrenaren hipotesia nagusitu da. Nekazal mundua, harakinak, baserritarrak eta kontsumitzaileak kezkatuta daude. Harakinak, txuletari hezurra kentzearen aginduarekin kezkatuta agertu dira, hiltegiak horretarako prestatuta ez daudelako.

  (Juan Joxe Agirre)

Behiak erotu zaizkigun gizarte zoroan, kezka nagusitu da. Herriko belardietan, ez da behi, txahal eta txekorren aztarnarik ere, badirudi desagertu egin direla. Ez da horrelakorik gertatu, ordea; eta baserritarrak du erantzuna: «azaroan abereak etxeratu edo ikuiloratu egiten dira, eta martxoaren erdialdera berriro aterako dira».

Behi eroen gaitza edo entzepalopatia espogiforme bezala ezagutzen denak, bazterrak aztoratu ditu. Herriko harakinak, albaitariak eta ganaduzaleak ere gaiari eman zaion tratamenduarekin ez dira batere ados agertu.

Gaitzaren nondik norakoa, zenbait ikerlarik azaldu bezala, ardien scrapie edo dardarizoaren gaitzarekin lotuta omen dago. XVIII. mendean atzeman zen Britainia Handian scrapie gaitza, ardietan. Juan Mari Rezabal albaitariaren hitzetan, «garai hartan Espainiatik eraman zen Britania Handira Merino arrazako ardia; arraza jatorriz Andaluziakoa da. Ardiak gaixotzen hasi ziren, eta orduan atzeman zen gaitza. Ordea, inoiz ez da eman kontagiorik arditik pertsonara».

Beranduago, 1980ko hamarkadan, behi eroen gaitza edo Creuztfeld Jacob gaitza atzematen hasi zen pertsonetan. Juan Mariren esanetan, «pertsona nagusiak harrapatzen zuten gaitza, edadeko jendeak». Eta Creuztfeld Jacob Berria bezala ezaguna den gaitzak jotako lehen pertsonak berriz, 1994an atzeman ziren; kasu hartan gaisotutako pertsonak gazteak ziren batik bat: «gaitza asentatuta dagoen nazioa Bretainia Handia da». Gaitza behiengandik harrapatu dutela diote zenbait ikerlarik.

Behiak gaitza harrapatu eta pertsonari kutsatzeko arriskua zalantzan jarri dute beste zenbait ikerlarik Juan Mari Rezabalen hitzetan: «batzuk prioia edo eraldatutako partikula proteiko honen infektabiliatatea zalantzan jarri dute, beste azido nukleikoren bat-edo egon behar dela diote».

Animalien hondakinen pentsoa

Behiek gaitza harrapatzearen arrazoia, animalien hondakinekin egindako pentsoarekin euren burua janarazi zaiela argudiatzen da. Era honetako pentsoekin ganadua elikatzea debekatu egin zen 1994an. Ordea, gaitzarekin kutsatu diren animalia bakarrak ez dira behiak izan, Rezabalen azalpenen arabera: «200 katutik gora atzeman dira gaitzarekin. Kontua zera da: ganadua, katua eta gizakiaren prioia antzekoagoa da beste espeziekin alderatuz. Txakurretan esaterako, ez da gaitza atzeman, hauen prioia oso desberdina delako».

Eraldatutako prioia erresistentzia handikoa da, eta deuseztatzeko 600 gradutik gorako labeetan erre beharra dago.

Gaitzak, jaten dugun haragia nondik datorren ziurtatzera bultzatu gaitu kontsumitzaileok. Herriko harakinen hitzetan ordea, eman den informazioak «jendea nahastu» egin du. Behiaren bizkarrezurra jatearen arriskuaz hitz egin dute politikoek. Kontua arautu dute, martxoaren 31tik aurrera lege bihurtuko baita. Harakinen ustez, «hiltegiak ez daude prestatuta bizkarrezurra kentzeko. Eta beldur gara, haragia nola iritsiko den harategietara; eta lehen unetik hezurra kenduz, haragia mermatu egingo da».