Non dago tranpa?

Joxe Luix Aizpuru

Azketako ura probatzeko eskatu zidaten orain urtebete inguru. Ordungo hartan, etxe batean sartzeak zenbat burukomin eman zizkidan kontatu nizuen. Urtebete ondoren berriro nahigabeak, izan ere, Azketako urak ez du oraindik, bederen, Balneariokoaren dohainik.

Urte, mende eta milurteko berriarekin batera, hilero 20.000 pezeta gehiago eskatu dizkit Gestion-Gestioa bulegoko neska irribartsuak: Euriborraren kontuak, interes tasek gora egin dutela, korrituaren lehen urtea bukatu zaidala... Bitartean, etxeen salneurriak gora eta gora, saldu eta saldu. Konstruktore-eraikitzaileek(?) saldutako pisu berri bakoitzeko hamar milioi pezeta irabazten dutela garbi, esan didate. Gora ekonomia! Azpeitian diru beltz asko omen dago, jendeak ordu-estra ugari sartzen omen ditu, enpresa txikiak bapo omen dabiltza, eta ez dakit zenbat gauza gehiago. 30, 35 edo 40 milioiko etxeak barra-barra egin, eta berehala saldu!

Azpeitian 1.492 etxe huts ditugu (1998 bukaerako datuak), eta 4.196 beteak. Aldiz, etxeak eraiki eta eraiki ari zaizkigu herrian; ekonomiaren martxa onaren seinale omen da.

Zenbakiek diote gure herria ez dela hazten ari (13.600 lagun inguru), beraz, zerbaitek huts egiten du. Hau da ekuazioa: Gero eta etxe gehiago eraiki X gero eta garestiago + denak saldu= biztanleria ez da igotzen. Norbait edo norbaitzuk tranpatan ari dira.