Emakumea lanean: etxean gozo, kanpoan larri

Nerea Uranga

Azpeitian langabetu gehien emakume gazteak dira. Sartu erakundera zerbitzu bila joaten diren %90-95 emakumeak dira. Emakumearen diru iturria familian bigarren mailakoa da.

  (Uztarria)
Langabezia herrian
Langabezia herrian.    (Josu Azpillaga)

Martxoaren 8an ospatuko da Emakumeen Nazioarteko Eguna, eta Azpeitiko Emakumeen Taldeak urtero aldarrikatu bezala, «oraindik badira makina bat arrazoi borrokarako». Esaterako, oraindik lan arloan desberdintasunak nabariak dira gizon eta emakumeen artean. Datuek, errealitateak eta emakumearen egoerak hala azaltzen du.

Azpeitian, Gipuzkoa eta Euskal Herriko zenbait herrirekin alderatuz, langabezia ez da horrenbestekoa. Hala ere, INEMeko iazko abenduko datuen arabera, Azpeitiko lau langabetutik hiru emakumeak dira. Gainera, emakume gaztea da langabezia gehien jasaten duena.

Sartu-k, langabetuentzako formazio eta orientazioan diharduen erakundeak, Azpeitian bulegoa du, herriko eta bailarako langabetuen zerbitzura. Bertara zerbitzu eske joaten diren %90-95 emakumeak dira.

Sartuko teknikari Nerea Azkoitiaren esanetan, emakume langabetuen artean talde desberdinak bereizten dira: «Lehen taldea, ikasketak bukatu dituen emakumearena da: lehenengo lanaren bila dabil eta zailtasunekin aurkitzen da. Bigarrena, 29-34 urte bitarteko emakumeena da: lan egin dute, baina kontraturik gabe. Formazio baxua dute, eta birziklatu beharra daukate lan munduan sartzeko. Ordea, arazoa ikastaroen ordutegian dago, batzuek haurrak dituzte edota bestelako lantxoak egiten dituzte. Hirugarren taldea 1980-85 inguruan lana utzi zutenena da, enpresa itxi zelako edo bestelako arrazoiengatik. Askok umeak jada haziak dituzte. 40 urte ingurukoak dira, eta birziklatu beharra daukate. Laugarrena, berriz, lanera bueltatu nahi duten emakumeena da, ordu batzuetarako, familiako diru sarreran gehigarri gisa».

Independentzia ekonomikoa

Azkoitiaren esanetan, oraindik emakumearen diru sarrera familiako ekonomian gehigarri bezala kontsideratzen da: «emakumeen lana askotan bigarren mailakoa da. Ez independentzia ekonomiko bezala, eta hau eskubide bat da. Familiaren karga oraindik emakumearen gain dago. Ordea, formatu diren emakumeetan ez da hori hainbeste ikusten, indepentzia gehiago bilatzen dute ekonomikoki».

Nerearen ustez, lan egin beharra dago administrazio, enpresa eta gizartearen kontzientziazioan. «Lanerako orduan gehiago balio du kapaz izateak, sexuak berak baino. Biztanleen %50 ezin dira kalean utzi». Bestalde, Emakundetik eta Udaleko Gizartekintzak antolatu ikastaroak baliagarriak direla uste du, baina aukera zabalagoa eman behar delakoan da: «Josteko ikastaroak-eta ondo daude, baina emakumeari zuzenduta elektrizitateko ikastaroak-eta egiteko aukera eman beharko litzateke».