San Juan, suaren festa

Udala

Ekainaren 23an, Azpeitiko baserri eta auzo ugarietan udako solstizioa ospatzeko suak piztuko dira. Batik bat, herriko neska-mutikoek prestatuko dituzte suak. Garai batean, herrian su bakarra pizten zen, plazan.

Udako solstizioarekin batera argia, udaren gorespena eta garbi izatearen erritoak berpizten dira indar osoz. San Juan Bezperan, ekainaren 23an, Euskal Herriko herri, baserri eta hiri guztietan suak pizten dira. Tradizioz, deabruak eta gaiztakeria uxatzeko bitartekoa zen sua. Aspaldida-nik, herrietako neska-mutilek gozatzen duten festaren oinarria bihurtu da.

Baserri bakoitzak bere sua pizten bazuen ere, garai batean, azpeitiko herrian, enparantza nagusian, su bakar bat pizten omen zen. Gerora, ohitura herriko auzo ezberdinetan zabalduz joan omen zen eta, pixkanaka suak auzo guztietan edo ia guztietan pizten hasi ziren. Gaur egun, kontrako joera gertatzen ari da, hots, sua pizten duten auzoak gutxitzen ari dira, gero eta zailagoa baita San Juan sua prestatzeko leku egokia bilatzea. Dena dela, ohiturak bizi bizirik darrai Azpeitian, herriko neska-mutilen ahaleginari esker, pizten direnak garai batekoak bezain ederrak direlako. Horren lekuko dira, nola ez, Azpeitiko kale inguruan, Soreasu eta Euskal Herria auzoetan, Ikasberri Ikastolan, Polikiroldegi ondoan eta garai bateko Institutuaren gainekaldean pizten diren suak, besteak beste. Gainera, ohi bezala, Udal Bandaren kalejirak azpeitiko kaleak girotuko ditu.

Gaztetxoen gau majikoa

Urtero bezala, gaztetxoek aurrez jo ta ke lanean ibiliko dira ilusioz beterik, egunean bertan nork gehiagoka latzean aritzeko, su ederrena eta indartsuena euren auzokoa izan behar da!.

Sua piztu ondoren eta auzoen arteko suen hasierako konparaketak bukatuta, lehia ahaztu eta suaren inguruan kantatu, jolastu eta saltoak egiteko ordua izango da.

Etxera itzuli eta gero ere, gau erdian esnatzen diren neska-mutikoek, lehiotik behera begiratuko dute sua piztuta dagoen ala ez ikusteko, suaren festa amaitu dela sinetsi nahiko ez balute bezala.