Etenaren ondorioa

Enekoitz Esnaola

Azpeitiar bertsolariak
Azpeitiar bertsolariak.  1. BEŃAT LIZASO. 18 urte. Ez da sailkatu txapelketako azken fasera. 2. URKO EGAŃA. 21 urte. Ez da sailkatu azken fasera. 3. IMANOL LAZKANO. 65 urte. Ez du parte hartu. 4. ANGEL LARRAŃAGA. 55 urte. Ez du parte hartu. 5. JOXE LIZASO. 74 urte. Ez du parte hartu. 6. LEIRE OSTOLAZA. 23 urte. Ez da sailkatu. 7. JOXE LUIS GORROTXATEGI. 56 urte. Ez du parte hartu. 8. JOXE AGIRRE. 72 urte. Ez du parte hartu. 9. XEBAXTIAN LIZASO. 43 urte. Finaleko txartela eduki arren, ez du parte hartuko. 10. HARITZ ETXEBERRIA. 21 urte. Ez du parte hartu. 11. ANDONI LARRAŃAGA. 27 urte. Ez du parte hartu. 12. JOKIN URANGA. 21 urte. Ez da sailkatu, ozta-ozta. 13. XABIER EUZKITZE. 35 urte. Ez du parte hartu, bertsolaritzatik erretiratuta dagoelako.  (Arenas)

Aurtengo Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa arraroa izango da azpeitiarrentzat, 1980an berriro txapelketak jokatzen hasi zirenetik beti izan delako Azpeitiko bertsolariren bat finalean eta aurten ez delako inor ere izango abenduaren 16an Donostian Belodromoko azkenean –Xebaxtian Lizasok uko egin dio–; izan ere, azken faseko kanporaketetarako inor ez da sailkatu edota aurreko faserako ez ziren batzuk aurkeztu –goian daude azalpenak–.

Eta hau guztia zergatik gertatu da? Adituen ustez, Xabier Euzkitzetik hurrengo bertsolariak arte eten handia egon delako –hamabost bat urtekoa–, tartean inor ez delako atera. «Etenaren ondorioa da, bai», aitortu dio Uztarriari Imanol Lazkano, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakariak –elkartea 1985ean sortu zenetik da lehendakari Imanol–. «Lehen ere egon zen etena, Joxe Agirretik eta neuregatik Xebaxtian Lizaso arte [Angel Larrańaga eta Joxe Luis Gorrotxategi ez dira berez azpeitiarrak], baina ikusten zen irteten zirela bertsolariak, Euzkitze ere sortu zelako, eta onak gainera. Orain gazteak badatoz, baina inor ez dago azken fasean, eta, beraz, finalean ere ez. Horrek begi-bistakoagoa egiten du etena».

Azpeitian bertso eskolak martxan berandu jarri izana izan liteke arrazoi bat. Laxaro Azkune gai-jartzaileak eta Erniarraitz Bertsozale Elkarteko lehendakariak uste du herrian «berandu» ibili direla alde horretatik. «Euzkitzek perretxiku batek bezala irten zuen, nahikoa kasualitatez, baina Xebaxtianek ere bai aurretik. Gero eten handia egon da. Bertso eskola aldetik beste herrien aldean berandu ibili da Azpeitia, lehen behar hori ez zelako ikusten, bertsolariak bazeudelako».

Imanol Lazkanok ez du uste, hala ere, «konfiatu» egin zirenik. «Lehen Santa Ageda egunez kantuan irteteko joera handia zegoen hemen. Santo Tomasetan ere balkoitik bertsolaririk onenak aritzen ziren. Orduan bazegoen giro bat, guk, bertsolari beteranook, ez dugu eskola beharrik izan, eta ez genuen behar hori ikusten».

Hala ere, orain hamar bat urtetik egin izan da ahaleginik eskola aldetik, «baina esango nuke –dio Imanolek– agian gu ez garela eskolak emateko edo eskolak sortzeko aproposenak, ez garelako mentalitate horretako jendea. Hernanin-eta jende gazte iaioagoa aritu da lan horretan, arrakastaz. Eta aitortzen dut batik bat jende gaztearentzat garrantzitsua dela giro bat egotea».

Jokin Urangak ederki daki hori. Jokin da azpeitiar bertsolari gazteen belaunaldiko kideetako bat, eta Euskal Herriko Txapelketako azken fasera ia-ia ere heldu da, puntu gutxirengatik geratu delako kanpoan. Jokinen ustez, oso beharrezkoak dira eskolak: «Azpeitiko jendea saioetara-eta joaten da, tarteka zerbait egin izan da, baina bertsolaritza bultzatzeko orduan ez da herrira begirako plangintzarik egin. Pentsa, Udalak orain urte batzuk sortu zuen bertso eskolan maisu Idiazabalgo bat genuen, herrian hainbeste bertsolari izanda! Kalean bertan bertso giroa desagertzen joan da; garai batean, orain dela aspaldi, tabernatan bertsotan egiterik bazegoen, ongi ikusia zegoen, baina gizartea aldatzen joan da, gaur egun tabernan ezin da bertsotan egin musikagatik-eta, eta ikusi da zer gertatu den Azpeitian».

Dena den, Jokin Urangaren iritziz, herrian zaletasuna egon badago. «Azpeitian bertso saio bat dagoenean, bukatutakoan kanpotar bertsolariak gurekin tragoren bat hartzera etorri eta harrituta geratzen dira, gazte asko ikusten dutelako belarrira kantuan, eta hori ez omen da beste herrietan horrenbeste gertatzen. Beraz, zaletasuna badago, baina hori egituratu egin behar da».

Oraindik «potentziala»

Hasi dira egitura hobearekin lanean, batik bat iaz bailaran Erniarraitz sortu zenetik. Herriko ikastetxeetan ikastorduetan ematen da bertsolaritzaz zerbait, eta ordu horietatik aparte taldeak daude eta ikastaroak ematen zaizkie. Helduentzako eskolarik ere bada. Laxaro Azkunek dio bertso eskolek ez dutela ziurtatzen «puntako bertsolariak» aterako direna, «baina Erniarraitzek lan hori behintzat egiten du, etenaldiak ez gertatzeko».

Nahiz eta aurten txapelketan azpeitiarrik egongo ez den, Laxarok uste du «Azpeitiak potentzial handia» izaten segitzen duela. «Joxe Lizaso, Joxe Agirre eta hauek puntakoak dira oraindik, urtean hainbat plaza egiten dituztelako, eta hor gazteek ez dituzten errekurtso hobeak dituzte, hobeto egokitzen direlako, tokiak eta jendea ezagutzen dituztelako... Txapelketan, ordea, zaharrek gazteek baino gehiago dute galtzeko».

Laxarok ez daki ona edo txarra den azpeitiarrik ez izatea finalean, baina badu penarik: «Izan ere, gaur egun bai baitirudi Xebaxtian Lizaso eta Xabier Euzkitze direla Andoni Egańari itzal pixka bat egiteko gai diren bakarrak, eta biak ez dira izango».