Euskal Eskola Nazionala aldarri

Nerea Aranburu

II. Euskal Eskola Nazionalaren festa martxoaren 30ean ospatu zen, Ikasberri Azpeitiko Ikastolak antolatuta. Euskal “hezkuntza sistema osoa” aldarrikatu zuten berriz ere

Herri bazkaria
Herri bazkaria.  Goizean goizetik hasi ziren Euskal Eskola Nazionalaren aldeko ekitaldiak. Beste herrietatik etorri ziren kideei lehen ongi etorria egin ondoren, eguardi aldera denek batera herri bazkaria egin zuten Azoka Plazan.  
'Egunkaria'ri omenaldia
'Egunkaria'ri omenaldia.  Atxilotuen senitartekoei eta 12 azpeitiar langileei aitorpen berezia egin zitzaien.  
Danbor hotsak
Danbor hotsak.  Goizeko lehen orduetatik Ikasberri Ikastolako ikasleek giroa alaitu zuten euren danbor hotsekin. 

Martxoaren 30a, Euskal Eskola Nazionala aldarrikatzeko eguna izan zen. Bigarren urtez antolatu dute Ikasberri Azpeitiko Ikastolakoek. “Gure ekimenez hasi ginen Euskal Eskola Nazionalaren eguna ospatzen orain bi urte. Ez da izugarrizko ekitaldia, ez da jendetza asko biltzeko festa, baina bai aldarrikapen argi bat egiteko eguna”, dio Mirari Bereziartua, antolatzaileetako kideak.

“Euskal Herriari dagokion eskola propioa” da Euskal Eskola Nazionalaren eguneko aldarrikapen nagusia. “Gaur egun ez daukagu Euskal Herri osorako administrazio propiorik. Lurraldetasun oso horri erantzun behar dion hezkuntza sistema osoa aldarrikatzen dugu, bai eskola eta bai unibertsitate propioaren planteamendua egiteko”. Antolatzailearen hitzetan, “garrantzitsua da une hauetan herritartasunean oinarritutako proiektuan segitzea. Eta epeka horretan hausnartzen joan beharra daukagu. Ikastolak 40 urte hauetan lan horretan dabiltzanez, ikastolei zor zaien aitorpena aldarrikatu nahi dugu, eta bide batez, duintasunezko tratamendua ematea”.

ORDEZKARITZA. Euskal Esko-la Nazionalaren aldeko festara Euskal Herriko lurralde bakoitzetik ordezkaritza bat etorri zen: Iparraldetik Hazparneko ikastola, Nafarroatik Tuterako Argia ikastola eta Altsasukoak, Arabatik La Pueblako ikastola, eta Bizkaitik Betiko ikastolakoak. Udalbitzakoak eta Kontseilukoak ere gonbidatu zituzten. Egunkaria-ko azpeitiar langileei omenalditxo bat ere egin zitzaien goizeko ekitaldian.

II. edizioarekin lotuta, Nabarralde elkartearekin batera hitzaldi sorta antolatu zuen Ikasberrik, Euskal Herriaren historia ezagutzen izenburupean.