“Del Olmoren autoaz hitz egitean, logikaz kanpoko zerbaitetaz ari gara

Iban Arregi

Azpeitiarra da Egunkaria S.A. enpresaren lege ordezkaria. Gertutik jarraitzen dihardu, horrenbestez, ‘Egunkaria’-ren kontrako auzia

 
 

Batetik bestera dabil azken bolada dagoeneko luze samarrean, lanean, jo eta su. Orain Madrilera, hurrena bilera bat beste abokaturen batekin... Tartean badu Uztarriarekin egoteko astirik ere.

-Hasteko, Eneko: erabakia “erabat politikotzat” jo denean, autoaz hitz egiteak ba al du zentzurik?

Abokatu bezala esango dizut erabat harrituta nagoela ni ere. Nik ezagutzen eta ikasi dudan zuzenbidean behintzat, ez nuen inoiz horrelako egoerarik ezagutu. Ikusi dudana zera da: juridikoki inpotentzia izugarria sentitzen dela.

-Zer zentzutan?

Autoa irakurtzen baduzu, ez dago datu zehatz bat, ez dago egoera zehatz bat non esaten duen: “Hau eta hau gertatu da”, “halako erlazioa gertatu da…”. Dena da literatura, erabat modu zikinean eginiko literatura gainera, eta ikusten dena da horren atzetik intentzionalitate politikoak egon behar duela, derrigorrez. Bestela ezin uler daiteke.

-Autoa hankamotz al dago, beraz, arlo juridikotik begiratuta?

Autoak beti izan behar ditu datuak. Alegia: “Delako hark, egun hartan, ordu hartan, lotura bat egin zuen ez dakit zeinekin, eta hau, hau eta hau egin zuen…”. Baina auto hau hartzen badugu, ETAri buruz hitz egiten du orokorrean, orokorkeria asko esaten ditu, baina datu zehatzik ez.

-Eta zertan oinarritu da Egunkaria ixteko?

Bi oinarri ditu autoak: bata, oinarri ekonomikoa, zeinek esaten duen Egunkaria Sortzen-en eta Egunkaria-ren oinarria diru zuriketa egitea dela. Dena dela, epaileak berak azkeneko autoan esaten du hori frogatu beharra dagoela; berak onartzen du, beraz, ez dakiela ezer, eta euskalgintza eta Egunkaria ezagutzen duenak badaki herriak jarritako diruarekin egin zela Egunkaria (herritarrek, ikastolek, udalek, tabernek, harpidedunek…). Guardia zibilek ezin zuten hori ulertu. “Yo no pondría un duro por el idioma español”, esan zion batek atxilotuetako bati. Ezin dute ulertu jendeak euskararen alde dirua jartzea.

-Eta zein da autoaren bigarren oinarria?

Oinarri mediatikoa. Alegia, Egunkaria ideologikoki ETAren estrategiaren barruan dagoela dioen oinarria. ETAren ideiak zabaltzeko dela Egunkaria, horixe da autoak dioena. Jakina, beraiek egiten duten analisia oso-oso sinplea da, eta hauxe da: ETA euskararen eta Euskal Herriaren independentziaren alde dago; beraz, helburu horiek dituen edozeinek ETArekin lotura dauka.

-Zuzenbideaz ezer ez dakienak ere badaki delituak pertsonek egiten dituztela. Nola uler daiteke Joan Mari Torrealdai Administrazio Kontseiluko presidentea, Txema Auzmendi idazkaria eta Martxelo Otamendi Egunkaria-ko zuzendaria kalean izatea, eta Egunkaria-k itxita segitzea?

Ikusten dena da logikaz kanpoko zerbaitez ari garela hitz egiten. Txema Auzmendiren kasua oso-oso argia da, esate baterako. Auto osoan behin baino ez da aipatzen haren izena. Eta oso-oso gauza orokorrak esaten dira atxilotuez. Haien atxiloketak ere ez du batere zentzurik, gainera. Haien adina eta bizimodua kontuan hartuta, edozein zitazioren aurrean Espainiako Auzitegi Nazionalera beraien kasa aurkeztuko lirateke. Absurdoa da hau dena.

-Asko aipatu izan da auto horrek oinarrizko eskubideak urratu egiten dituela, batere frogarik gabe (informazio eskubidea, besteak beste). Espainiak urteak daramatza enpresak ixten, komunikabideak ixten, abertzaleak atxilotzen, erakundeak ilegalizatzen… Horren aurrean ezer egin al dezake abokatu batek?

Espainiako Auzitegi Nazionalean ez dago ezer egiterik. Auzitegia bera fisikoki ikusita ere, bunker handi bat da, eta berehala ikusten da han ez dagoela ezer egiterik. Kasurik garbienean ere (duela urtebete Jon Abril kazetariarekin gertatu zena, adibidez), galtzeko beldurra dago. Lehen bazen gaineko auzitegiren batera jotzeko aukerarik; baina gaineko auzitegiak ere erabat politizatuta daude Espainian (Auzitegi Gorena, Auzitegi Konstituzionala), eta ez dago botere banaketarik.

-Eta Europan?

Europakoa izan daiteke aukera bakarra, baina Europako auzitegia ere ez da independentea, estatuek parte hartzen dutelako. Eta han zer gertatuko den, auskalo! Gainera, asko luza daiteke kasua.

-Kanpotik begiratuta, botere banaketaren urraketa hori disimulatzen saiatu ere ez direla egiten ematen du, eta Espainiako Barne Ministerioak eta Juan del Olmo kasu honetako epaileak elkarrekin egin omen zuten ohar horretan egon daiteke adibiderik garbiena.

Ohar bateratu hori ikertzeko eskaera egin genuen, baina erantzun ere egiten dute: fiskalak epaitegiko faxa erabili zuela, deskuido bat izan zela, Espainiako Barne Ministerioak halako edo bestelako ulertu zuela... Ohar bateratu hori ez ikertzea erabaki dute. Kasu honetan gertatu den gauzarik asaldagarriena da, beharbada.

-Zuk zeuk, gainontzerakoan, nolako giroa sumatu zenuen Espainiako Auzitegi Nazionalean. Del Olmo epaileak nola tratatu zaituzte?

Ni bi aldiz egon naiz Del Olmorekin, bietan Egunkaria S.A.ren lege ordezkari moduan. Lehenengo aldian, Egunkaria-rekin lotuta zer itxi zuten, zergatik itxi zuten, horrek zenbaterainoko eragina zuen... jakin nahi genuen. Zurrumurruak entzuten genituen: enbargoa, kontuen blokeoak... Baina autorik ez genuen, eta lege ordezkari moduan autoa eskatu nion Del Olmori. Baina erantzun zidana izan zen atxilotuei eman ziela jada, eta hauek bazutela errekurtsoa egiteko aukera. Atxilotuak, ordea, inkomunikatuta zeuden. Lehenengo aldi hura oso gogorra izan zen. Handik gutxira autoa eman zigun.

-Eta bigarren aldia nola joan zen?

Gaizki. Hamar egunera-edo joan ginen Iñigo Iruin eta biok, bere aurrean agerraldi bat egitera. Ni enpresaren lege ordezkari moduan hitz egiten hasi nintzenean, Del Olmo jaiki egin zen eta alde egin zuen, “porque tengo que hacer algunas gestiones…”. Iñigo Iruin ari zenean ere alde egin zuen, eta bukaeran zera eskatu zigun: “¿Me pueden hacer ustedes un resumen?”. Oso jarrera prepotentea erakutsi du.

-Azken urteotan Baltasar Garzonek zuzendu ditu halako operazioak, eta Espainiako Polizia aritu da lanean; oraingo honetan, lehenengo aldiz Juan del Olmok zuzendu du operazioa, eta Guardia Zibila aritu da lanean. Modus operandi berri horrek zerbait esan nahi al du?

Ez dakit. Nik dakidana da Madrilen badirela gorputz polizial ezberdinen arteko haserreak, jeloskorkeria kontuak. Guardia Zibilak ez zuen halako operazio batean sekula parte hartu. Guardia Zibila txosten hau 2001etik ari zen prestatzen, eta Garzoni aurkeztu ziotenean, honek ez omen zuen onartu. Ondoren, Del Olmori aurkeztu zioten sekretupean dagoen txosten hori, eta honek bai onartu zuela, ederki ikusi dugun moduan. Beste adar baten aurrean egon gaitezke.

-Eta nondik nora joan daiteke adar hori?

Auskalo! 14.000 orrialdeko txosten bati buruz ari gara. Galdeketatik jasotako datuek erakusten dutenez, “fronte mediatiko-kultural” hori ari da ikertzen Guardia Zibila. Orain, hortik nondik nora joko duten, hori zaila da esatea. Euskal kulturarekin eta komunikabideekin zerikusia duten denak, herri aldizkariak barne, ez dira ikerketatik urruti ibiliko.

-Behin eta berriro ari gara esaten babeserako aukerarik ez dagoela, juridikoki behintzat. Maila politikoan erantzun behar al da, beraz?

Bai, honi maila politikoan eman behar zaio erantzuna, bestela alferrik ari gara. Nire ustez, euskal herritarrok zenbat eta garbiago izan denok batera erantzun behar dugula halakoen aurrean, orduan eta hobeto. Eta erantzun ez ezik, eraiki ere egin behar da. Edo hasten gara benetan gure komunikabideak eraikitzen, gure komunikazio esparrua eraikitzen, prentsa lokala sustatzen, edo alfer-alferrik gabiltza. Eta politikoei esan behar zaie hori dela beraiek bultzatu behar dutena.

-Bai, baina sortzen den hori nolabait blindatu al daiteke gauden egoera honetan? Hala utopia batez ari gara?

Hori oso zaila da. Argi dagoena da Egunkaria bezalako enpresa bat horrela itxi dutenean, urtero auditatzen zen enpresa bat horrela itxi dutenean, bere kontuak urtero Eusko Jaurlaritzari aurkezten zizkion enpresa bat horrela itxi dutenean, horretarako gai direnean beste edozer ixteko gai direla. Eta argi eta garbi esan behar da: Espainiako Auzitegi Nazionalaren azpian gauden bitartean, oso zaila daukagu.

-Beste esparru baten beharraz ari zara?

Argi baldin badago esparru honetan sortzen dugun edozer gauza arriskuan dagoela, beste egitura politiko bat behar da, Espainiako Auzitegi Nazionalaren konpetentziatik kanpo egongo dena, horrek denak esan nahi duenarekin.