Harpidetzak eta bonoak lortzea xede

Ion Aranburu

Euskal Herriko beste hainbat herritan bezalaxe, Azpeitian ere lanean ari da ‘Egunkaria’-ren aldeko batzordea

 

Azpeitian ere sortu da Egunkaria-ren alde lan egiteko herri batzordea. Taldea zabala da eta herriko eragile desberdinez gain, norbanakoz osatuta dago. Azpeitian eragile hauek daude une honetan lanean: Ikasberri Azpeitiko Ikastola, Azpeitiko Karmeko Etxegarai Ikastola, Iraurgi Ikastetxeko Normalkuntza taldea, EHE, AEK, Uztarria Kultur Koordinadora, Baite Euskara Elkartea, Sozialista Abertzaleak, ELA, LAB, EHNE eta Azpeitiko gazte mugimenduko hainbat talde.

“Euskarari eraso egin diote, gogor egin ere, euskaldunon euskarazko egunkari bakarra itxi dutelako, eta horren aurrean Azpeitian ere antolatu beharra dagoela ikusi dugu”, diote herri batzordekoek.

Egunkaria-ren ixtea salatzea eta euskarazko egunkari berriaren proiekturako lan egitea —harpide berriak eginez eta bono laguntzak bilduz— dira herri batzordearen egiteko nagusiak. Euskal alfabetatuen %5 harpide egiteko helburua dute euskarazko egunkari berriaren proiektuko arduradunek, eta Azpeitian, beraz, 450 harpide inguru lortu nahi dira. Egunkaria itxi aurretik herrian egunero 120 bat ale saltzen ziren.

BESTE HIRU LAN ARLO. Harpideak lortzeaz gain, herri batzordeak beste hiru lan arlo ditu: harremanak, materiala eta diru bilketa. Harremanetan dabiltzanak, herriko beste eragileekin harremak izateaz arduratzen dira, sare bat osatuz. Materialaren arduradun den taldea, berriz, Egunkaria-ren aldeko materiala saltzeaz arduratzen da; hala nola, txiskeroak, elastikoak eta intsigniak.

Egunkaria-ren aldeko herri batzordea asteazkenero bildu ohi da Aitonena I-en, 20:30ean. Batzordeak herriko edozein eragile nahiz norbanakoentzat ateak zabalduta ditu. “Izan ere, zenbat eta jende gehiago izan Egunkaria-ren alde lan egiteko, ekintza gehiago egiteko eta antolatzeko aukera izango dugu”, diote batzordekoek.

UDAL MOZIOA. Azpeitiko Udalean martxoko udalbatzarrean Kontseiluak Egunkaria-ren itxiera dela-eta aurkeztutako mozioarekin guztiz ados ez zeudelako, EAJ eta EA alderdiek beste mozio bat aurkeztu eta onartu zuten. Azpeitiko SA abstenitu egin zen. “Egunkariaren berehalako irekiera eskatzen du” onartutako mozioak, “atxilotuek jasandako torturak gaitzesten ditu; euskara eta euskal kultura indarkeriarekin etengabe lotu nahi izana salatzen du; Egunkaria-ko zuzendaritza eta langileei elkartasuna adierazten die eta euskarazko prentsa mantentzeko eta sortzeko konpromisoa adierazi du”.