Xapo maiteok

Iņigo Aranbarri

Azpeitiko seme zen Ildefonso Gurutxagari esker dakigu elizaren patronatuaren inguruan izandako istiluak tarteko, Iruņeko Artzapezpikuak azpeitiar guztiak eskomikatu zituela 1392an. Bai, xapo maiteok, elizaren fededunen elkartetik bereiziak izan zinetelako zarete zapo, inpernuko txikitoaren morroi. Euskal Herrian, badira gutxienez beste bi zapoerri ere: Durango da bat eta Goizueta bestea. Herexeak izan ziren batean, sorginak bestean. Horra hiru zapoerri Euskal Herriaren gozagarri.

Baino nago zuek, herri baino, kontinentea izan zaretela beti handikaldekoentzat. Loiolatarrak zarete, nuarbetarrak, oņaztarrak, Elosiagakoak, Arauntzakoak, Lasaokoak, landetarrak, kaletarrak... eta beren Ibarretxe plana aurrera atera arte, baita urrestildarrak ere. Bada hainbeste herri, etnia, nazio batzen dituen kontinenterik munduan?

Baina kontinentea ere txiki, eta mundua bera hartzea erabaki zuen bere armada beltzarekin ama azkoitiarra izanagatik, azpeitiar jator jaiotzea erabaki zuen gure patroi handiak.

Don izan zarete gure aldean, eta saiatu zarete erakusten. Golden Gateren pare, mutur ba-tetik bestea ikusten ez den zubia duzue; eta ingeniari edo ekonomisten ordez, bertsolariak atera dituen unibertsitatea. Zezen-plaza mo-numentala, munduan berbena saio gehien eman duen taldea, eta asmo txarrenez egina, larrialdian bagara, azkoitiarrok sartzeko La San-téren adinako kartzela. Agintariak, PRIkoak izatea mereziko luketenak. Kirolean, berriz, Amazonia osoa eraisteko moduko aizkolariak, sokatiralariak, gizaneurrian, inongo futbolistarik onena, eta orain, guk Curro Romero bat ateratzerako, baita pilotariak ere.

Jaiak, Donostiako guztiak eta gehiago. Ez da munduan beste herririk izango inauteri igandea ospatzeko markesen pare janzten denik. Eta badakit ez duzuela nahita egiten, berez ateratzen zaizuela. Halakoak zarete. Zuek, gizon-emakume prestuak; gu, barriketako urak gizajotutako xakel xanoak. Eta xanoak garelako erabaki zenuten orduko Enrique Villarren laguntzaz 1930ean Txalintxo zeuontzat hartzea... Izan ere, gure aldean beti eman duzue gipuzkoar jatorren irudia. Homologatzen erraza den ahoskera duzue. Gu, aldiz, nora goaz gure xe-xe-xe honekin. Esan dizuet, zuek kontinentea zarete; gu, berriz, zer gara mendi artean itotako halako bizkaitar moduko basakristau ojuzaleen tribu bat besterik.

Handi hotsak liluratuta joan izan da azkoitiarra zuen Donostia-Txikira bizitzera. Zuek ez bezala.

Pats gozotan ohitua, urteak dira zapoari inpernu usainak joan zaizkiola. Harroa zaio xakelari errekan xapoaren kli-klua. Haizea zarete. Eramanezinak. Baina zuerik gabe, ezin bizi. Egixe. Niri esan.