“Kondenatu ez dituzte egingo, baina behintzat jendeak jakitea beste bertsio bat badagoela

Pasaian gertatutakoaren 20. urteurrena dela eta, liburua argitaratuko dute laster. Rosa Jimenori elkarrizketa egin diote, eta hango pasarteak dira ondorengoak. Poliziak bahituta eta torturatuta eduki zuen orduan Jimeno, honek esan zezan noiz iritsiko ziren lagunak Pasaiara.

 

Gogoratzen al duzu zein egunetan izan zen atxiloketen eguna?

Ni detenitu ninduten martxoaren 18an. Nahiz eta sumarioan beti 19an jarri, martxoaren 18an izan zen, arratsaldean. Hemen Donostian kotxe bat tokiz aldatzera joan ginen, aldatu nuen eta aparkatutakoan eta hori bi tipo etorri zitzaizkidan esanez poliziak zirela, plaka batzuk erakutsi zizkidaten eta eurei laguntzeko eskatu. Kotxetik atera eta komisariara eraman ninduten, eta hasieratik ezer esan gabe, ostiako bat eman zidaten, eta paretan kontra jarri. Hasi ziren segituan galderak egiten, komandoa non neukan, zita non neukan, nik ez neukala inongo zitarik (...). Lehendabizi etxera deituarazi zidaten esateko non nengoen, Donostian, edo Orion edo non, eta esateko lagun bat neukala Donostian haurdun, gaizki zegoela eta bera zaintzen geratuko nintzela (...).

Orduan zure atxiloketa ilegala izan zen, inori ez zioten esan atxiloturik zinela?

Ez, inori ez. Garai hartan (Orion) udaletxean lan egiten nuen, hara ere deituarazi zidaten esanez lagun batekin nengoela eta ez nintzela joango eta hau eta bestea. Nire etxean, nola nik deitu nuen, ba sinistu egin zuten, nahiz eta nire gurasoei arraroa iruditu. Hola de repente haurdunaren kontu hura, pixkat moskeatu egin ziren, baina hainbeste ere ez (...).

Egun hori Martxoak 22 izan zen?

Bai, 22a bai. Martxoaren 22an, nahiko pasada eman eta gero joan ginen, komisarian nengoela kriston mugimendua ikusten nuen polizien artean, armak hartzen... Ikaratu egin nintzen. Esan nien poliziari atxilotu egin behar bazituzten ea zergatik hainbeste mugimendu. *“Eso es para precaución, pero no te preocupes que vamos a detenerles a todos”* (...).

Zein espetxeetara eraman zintuzten?

Pasaiakora, eta gero, Madrilgo bidean ez ninduten gehiago ikutu, gainera oso sinpatiko zeuden, beraiek esaten zuten: *“Te vamos a llevar de excursión a Madrid, no te quejaras”*. Lehendabizi Pasaiakora eta gero Donostiara eraman ninduten, eta hurrengo egunean Madrilera. Madrilera eraman ninduten eta ez ninduten sartu kalabozora, sala handi batera eraman ninduten, argazki pilo bat zegoen, ETAko jendearenak edo. Han, espetxera eraman aurretik denbora guztian polizi batekin egon nintzen. Irrati bat zeukaten jarrita albisteak emateko. Orduña irratia kentzen zuten.

Zein espetxeetan egon zara?

Barruan lehendabizi Yeseriasen egon nintzen, eta gero Carabanchelen. Espetxean pasatu ditut 4 urte eta 4 hilabete gutxi gorabehera.

Orain kasua ireki dutela, nola ikusten duzu, itxaropenik ba al duzu?

Niri esan zidatenean kasua berriz irekitzen zela eta ea zer iruditzen zitzaidan, nik deklaratzea eta hori, pozarekin hartu nuen. Iruditzen zait kondenatu ez dituztela egingo, hori konbentzituta nago. Baina behintzat jendeak jakitea beste bertsio bat badagoela eta gauzak ez zirela beraiek kontatutako moduan gertatu. Ilusio horrekin aurrera.