Diskoteka irekitzear

uztarria

Hilabete barru bukatuta izatea nahi omen dute Landetako dantzalekua; bitartean, bizilagunak eta tailerretakoak zain daude, gertatuko denaren esperoan

Diskoteka aurrean lanean, Landetan. Uztarriari ez zioten barrura sartzen utzi.  (Uztarria)

diskoteken mamua ere iritsi da Landeta auzora, laster irekiko dutelako berria, bertako langile batek Uztarriari esan dioenez, eta inguruko jendeak badu kezkarik, giroa baldintzatuko duelakoan. Akotei kotxe garajearen ondoan kokatuta dago lokala, Zubi-zar jatetxearen aurrean. Obretan hasteko baimen es-kaera Azpe Ocio S.L. Tolosa-ko enpresak egin zuen, 2002-ko abenduan, baina 2003ko maiatzean jaso zuen lizentzia. Ordutik ari dira, nahiz geldirik ere egon izan den.

Dena omen da “zelebrea”, Uztarriak han inguruan galdezka jardun eta batzuek esan diotenez. “Langile guztiak kanpotarrak dira eta dena erdi isilpean daramate. Guk herrian entzun genuen zurrumurrua, inguruko batzuk elkartu egin ginen eta udaletxera jo genuen, lokalean zertan ari ziren jakitera”, diote auzokoek. Obretako baimena emanda zutela esan zieten udaletxean, besterik gabe.

NORBAIT KARGU. “Hori ikusirik, guk, gure tailerrak arazoren bat izango balu, norbait kargu egitea eskatu genien, eta baietz esan ziguten. Orduan paperak bete genituen. Ikusiko dugu kasurik egiten diguten”. Han ondoko tailerretako langile batek dio kotxeak-eta kanpoan uzten dituztela, “eta gero ere horrela jarraitzea nahi dugu”.

Elgoibarren ere diskoteka dago, eta han kezkatuta daude herritarrak, “giro txarra” sortzen delako asteburuetan. Bada pentsatzen duenik Azpeitian ere horrelakoa gertatuko dela. Kontrakoa uste duenik ere bada: “Horrela, gazte jendea herrian bertan geldituko da eta nik ez diot alde txarrik ikusten, momentuan behintzat”, dio auzoko batek. Kotxeen tailerretako langile batek ere alde ona ikusten dio: “Guk autoak saltzen ditugu, eta hona etorriko den jendeak horiek ikusi eta agian salmentarako ona izango da diskoteka, batek daki”.

Orain, hilabete barru obrak bukatu eta Udaleko eta Osasun zerbitzuko arduradunen onespena baino ez da falta irekitzeko. l