Estitxu Elduaien: "Nik 27 urte ditut eta oraindik gazte sentitzen naiz"

Kepa Urbieta

 
 
 
 

Berria-k gazteentzako astekaria atera du lehen aldiz: Matraka. Estitxu Elduaien azpeitiarra arduratzen da astekaria zuzentzeaz.

Zergatik Matraka izena?

Nahiz eta izen hori aipatu eta orokorrean esanahi batekin identifikatzen den, eskandalu edo buila, baditik beste batzuk ere, neskazahar, lotsagabe esaterako. Guk bi ezaugarri horiek nahastu nahi genitian.

Hi, Matraka buru. Agian, matrakazalea haizelako?

Horri ezin ba nik erantzun. Berria-ko zuzendariek hartutako erabakia duk. Niri arduradun izatea nahi nuen galdetu zidatenean baietz erantzun nian. Beldurra ere banian, erronka bat zelako baina proba egin gabe ezetz esatea koldarkeria hukek. Baina ez zakiat zergatik aukeratu ninduten.

Nolako funtzionamendua izango din astekariak?

Ideia besterik ez zenean proiektua gauzatzeko prest egongo ziren gazteak aurkitzeko aukerak tanteatzen hasi gintuan. Unibertsitateetan zaudek taldeak, baduk bestelakorik ere, eta bakoitzak koordinatzaile bat dik. Ni koordinatzaile horiekin jartzen nauk harremanetan, eta lanak banatzen ditiagu. Talde bakoitzari eginkizunak jarri eta gero horiek arduratzen dituk lanak egiteaz.

Gazteak zuzentzeko ardura ez al da zaila izango?

Ez pentsatu. Ni ere ez nauk zaharra, ustez. Sortu den taldea gustura eta gogoz zagok. Orain artean ondo zoak, eta hutsegiten badugu ere dagoen anbienteak umorez hartzen lagunduko ziguk.

Eta 28 urteko gaztea naizela esaten badinat.

Sinesten diat. Nik 27 ditiat eta gazte sentitzen nauk. Azken batean, karnetean agertzen den zenbakiak ez dik ezertarako balio.

Txikitako ametsa.

Estitxu Elduaienek ume garaietan neurriekin egiten zuen amets: “Txikitako neure ametsa handia izatea zuan. Beti izan nauk txikia, eskolako jaialdietan-eta beti lehenengo iladan jartzen nindutean. Hazi egin nahi nian, baina ez nauk asko aldatu”.