Azpeitia datutan

Kepa Urbieta

Herriko ekonomia zertan oinarritzen den, euskara maila, edota biztanleria nolakoa den jakin daiteke Internetez

Azpeitian enplegatuen artean erdiak baino gehiagok industrian egiten dute lan. 

Azpeitiko arlo ezberdinetako datuak eskuratzeko aukera berria zabaldu da Internet bidez, honako helbidean: www.datutalaia.net. Gaindegiak osatu du webgune hori. Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia da Gaindegia, eta urtarrilaren 21ean aurkeztu zuten, Donostian. Alfonso Etxeberria azpeitiarra zuzendaritzako kide da.

2001-eko datuak. Eskaintzen diren datu guztiak 2001ean hartutakoak dira. Herriko datu batzuk:

Demografia. Azpeitian 13.708 biztanle bizi dira. Aurreko datuak ikusita, 1981etik 2001a arte 750 biztanle gehitu dira. Bestalde, alde handirik ez bada ere, gehiengoa gizonezkoa da, 6.881 biztanlekin.

Adina. Adinari dagokionez, %59 20 eta 59 urte bitartekoa da. Hortik beherakoek edo gorakoek %20,5 osatzen dute bakoitzak.

Ekonomia. Arlo horretako datuetan 5.953 biztanle enplegatuak direla dio datutalaiak, eta hortik 3.506 (%58,9) industria sektorean aritzen da. 2.344 (39,4) zerbitzu sektorean eta 103 (%1,7) besterik ez lehen sektorean.

Etxebizitzak. Ekonomiaren baitan agertzen dira etxebizitzen datuak ere. Gaindegiak dioenez, Azpeitian 5.841etxebizitzetatik 1.354 hutsik daude. Horrek ehunekotan 23,2 esan nahi du.

Euskara. Euskarari buruz datu osasungarriak eskaintzen ditu. Biztanleriaren %87,8k euskaraz egiten badakite. Erdaldunek %5,2 osatzen dute, eta tartean diren %7 euskara ikasten dabiltza. Datuek adierazten dutenez, haurren eta gazteen artean ia erabat euskaraz egiten da. Ez da berri txarra. Helduen artean dago euskaraz egiten ez dutenen kopururik handiena.