Motorzalea-Azpeitia eta topikoak 2

Kepa Urbieta

Motorzaleak ote dira azpeitiarrak? Hala diote askok, bai herritarrek, baita kanpotarrek ere. Eta hala da

Azpeitia eta topikoak atalaren bigarren zatia da honakoa hau. Oraingoan motorzaletasunaren topikoa egia den edo ez ondorioztatzera hurbildu nahi da.

“Azpeitiarrak zoratuta zaudete, kotxeak gehiago maite dituzue beste edozer baino”. Behin baino gehiagotan entzun behar izaten dira era horretako aipamenak. Eta ez dabiltza egia gordinenetik urruti, ez behintzat datuei begiratuz gero.

Esaterako, Azpeitian hainbat auto lasterketa egiten dira: Urrakiko igoera, Azpeitiko Rallya, eta Ikasberrik antolatu ohi duen rally-sprinta. Horiek auto handiei dagokionean; izan ere, San Inazio festen inguruan kart-en txapelketa egiten da. Eta horiek guztiak antolatzeak dakarten lanarekin, gainera. Adibide bat jartzearren, baimenak-eta lortzen bi hilabete aurretik hasi behar dute.

Baina lasterketen ingurutik sortutako kexak ere behin baino gehiagotan izan dira. Hona behin Iņaki Arrietak uztarria.com-en esana: “Ondo dago motor mundua gustatu eta hainbeste balbulako automobila erostea. Ondo dago rally eta halakoetan parte hartzea ere. Baina, kontxo, karrera bera baino astebete lehenagotik karrera jokatuko den lekuan gora eta behera ibiltzea, jesukristoren abiadan, beste guztiok sustoz akabatu beharrean garela... Ondo dago, bai, automobilarekin halako eta besteko egitea, bizia jokatzeraino. Baina besteoi, kotxea halabeharrez hartzen dugunoi, utzi lasai bizitzen”.

Gidariak. Baina antolatu bakarrik ez. Parte ere hainbatek hartu dute. Hamar bat gidari badira gutxienez herrian: Jon Agirre Oanda, Joxe Frantzisko Labaka Xague, Xabier Lasa, Iņaki Araneta, Jorge del Cid, Antonio Juaristi, Iņaki Alberdi Txikiye... eta ez dira gutxi. Batzuk garai batean ibilitakoak dira, besteak oraindik dabiltzanak.

Autoez gain, motorrak ere hor dira. Tailerrak bi badira ere, gazteen artean gorakada nabarmena izan dute ibilgailu horiek. Horren adierazle izan daitezke herrian hainbat lekutan motorrentzako aparkalekuak jarri izana. Udan izaten den motor zarata ere...

Oraingoan ere motorzaletasunaren topikoa betetzen da. Izan ere, azpeitiarren % 58,2k ibilgailu motorizaturen bat dute euren izenean.