Egoitzako familia

Ihintza Agirretxe

Zaharren egoitza handitzea da helburua, baina ez dira ados jartzen non handitu eta nola. Uztarriak egoitza barrutik ezagutzea nahi izan du

Meriendatu ondoren, San Martin egoitzako lagun batzuk mahai-inguruan berriketan. 

Azkenaldian bolo-bolo dabil zaharren egoitzaren gaia... Edo afera. Batek han nahi duela, besteak hemen, besteak era batekoa, hurrengoak alderantzizkoa... Baina ba al daki norbaitek benetan nolakoa den zaharren egoitza? Nolakoa da bertan bizi direnen bizimodua?

Esther, Maria, Faustino, Josepa, Juan, Joxe eta beste hainbat lagunek osatzen dute San Martin egoitzako familia. Haiek diotenez, 50 laguneko familia handia osatzen dute, eta denak elkarrekin gustura bizi direla diote.

Batzuk etorri berriak dira; bi hilabete eskas daramatzate. Beste batzuek, berriz, pare bat urte daramatzate. Badira 32 urte daramatzatenak ere. Baina guztiek diote oso gustura bizi direla; “etxean baino hobeto”, zenbaitek esaten duenez.

Antolaketa. 50 lagunentzako lekua dago San Martin egoitzan, eta dena beteta dago. Gainera, bertan sartzeko eskaera eginda, 18 bat pertsona daude momentu hauetan. Beraz, ematen duenez, estimu handia du San Martin egoitzak.

Eraikin berria egin zutenetik –orain dela 25 urte– beti izan da horrela; hau da, beti egon dira 50 lagun inguru egoitzan, eta beti egon da jendea bertara sartzeko zain.

Bertakoen artean denetik dago, baina hiru multzotan bana daitezke orohar. Badaude autonomoak direnak, eta horiek euren kabuz mugitzen dira, bai egoitzan bertan, baita kalean ere. Beste batzuk dependentzia pixka bat dute; horiek laguntza behar dute eguneroko gauza batzuk egiteko, eta fisikoki eta mentalki dependentzia dute. Eta azkenik, erabat dependenteak direnak daude; horiek behar duten laguntza erabatekoa da.

Multzo bakoitza egoitzako solairu banatan banatua dago, eta solairu bakoitza bertan daudenen beharretara egokituta dago.

.18 gizonezko daude, eta gainerontzekoak emakumezkoak dira (32). Normalean 60 urtekoak dira; batez besteko adina 75 urtekoa da.

Eguneroko bizitza. Inor ez da berdina, eta San Martin egoitzan ere bakoitza ezberdina da. Juanek dioen bezala, “hemen errespetatu beharreko bakarra, ordutegia da. Gainerantzean, nahi duguna egin dezakegu”. Juan erabat independentea da: “Nik gosaldu eta gimnasia pixka bat egin ondoren, kalera joaten naiz txikiteora. Han herriko esames guztiekin enteratzen naiz, eta gero hemen kontatzen dizkiet besteei”, jarraitzen du bere eguneko zeregina zein den azaltzen. Eta hori besteentzat “oso garrantzitsua da”, kontatzen dutenez, “guretzat ere ona delako herriko kontuak jakitea”.

Baina denek ez dute Juanen zorte bera, eta ezin dute kalera irten laguntzarik gabe. Horiek ekintza ezberdinak egiten dituzte egoitza barruan, bertako animadora, hezitzaile eta beste hainbat lan egiten duen Arantxarekin.

“Goizean jaiki, dutxatu, gosaldu eta prestatu ondoren, gauza ezberdinak egiten ditugu —dio Arantxak–. Eta arratsaldeetan ere bai. Denen egoera fisiko eta mentala zaintzen eta lantzen dugu. Horretarako, gimnasia egiten dugu. Eta matematika, irakurri eta beste gauza asko ere bai”.

Baina bada San Martin egoitzako biztanleek oso gustoko duten tailer bat: musikoterapia. Bertan beraiek egindako musika instrumentuak jotzen dituzte, dantza egiten dute... Azken batean, ederki pasatzen dute.

Baina gauza hori guztiez gain, bertakoek herrikoen bisitak oso gustuko dituzte. “Asteartero eta ostiralero boluntarioak etortzen dira gurekin egotera. Umeak ere etortzen dira bisitatzera, eta jaialdiak-eta egiten dizkigute. Bisita horiez gain, festetan ere txarangak, erregeak... festan dabilen jendea etortzen da, eta guk ere gure festak egiten ditugu hemen. Oso polita izaten da”, esan dute.