Maite Rey: "Betidanik izan dut gustukoa Italia; etorri egin nintzen"

Ainitze Oruesagasti

 

Maite Rey psikologia ikasketak egiten ari den gazte azpeitiarra da. Aurtengo ikasturtean Erroman ari da bere ikasketak egiten, Erasmus beka lortu ondoren.

Noiztik zaude Italian?

Irailean etorri nintzen hona. Lagun bat nuen hemen eta haren bidez lortu nuen Erroman bizitzeko pisua.

Eta nolatan joan zinen Italiara?

Hasieratik nahi nuen Italiara etorri. Betidanik gustatu izan zait eta herrialdea ezagutu nahi nuen. Eramus beka batekin etorri naiz ni hona. Beste herrialde batzuk ere bazeuden aukeran baina nik ingelesa ez zen beste hizkuntza bat nahi nuen ikasi.

Zer moduz pisuko bizimodua?

Ikasle pisu batean nago. Bost neska gaude hemen: bi irlandar, suediar bat, frantziar bat eta ni. Oso esperientzia ona da. Etxean italieraz hitz egiten dugu.

Eta zer moduz moldatzen zara?

Nik italiera hemen ikasi dut. Etorri aurretik ez nekien, baina erraz moldatu naiz. Lehen bi hilabeteak pasatu zirenez geroztik, ondo moldatu izan naiz.

Eta italiarrekin?

Italiarrek (batez ere mutilek) latoso fama dute, eta nik fama bakarrik ez dela uste dut, benetan horrelakoak direla esango nuke.

Noiz bueltatuko zara Azpeitira?

Hamar hilabeteko beka da; beraz, saninazioak aurretik etxean izango naizela uste dut.

Zer da Euskal Herritik faltan botatzen duzuna?

Etxea faltan botatzen dut batik bat. Gabonak Azpeitian pasatu nituen eta Italiara bueltatzeko eguna iritsi zenean ez nuen etorri nahi. Baina Erromara etorri eta oso gustura nabil berriz ere.