Ordurik gabe

Ihintza Agirretxe

Parrokiko erlojua matxuratu egin da, orratzak kendu dizkiote, eta uztaila bukaera bitartean ordularirik gabe izango da kanpandorrea

 

Parrokiko erlojua maiatzaren erdi aldera ez aurrera, ez atzera gelditu zen goizeko zazpietako kanpaiak jotzear zela, eta ordutik ez da denborarik pasatu parroki atarian.

Ordularia maiatzaren erdi aldean kendu zuten, eta harrezkero ezin da ez ordulariaren orratzik ikusi, ezta ordueroko kanpairik entzun ere. Mezatarako kanpaiak, hala ere, entzun daitezke, horiek ez dute matxurarik.

Erloju zaharra da parrokikoa eta ez da, ez, eskumuturrekoak bezain erraza konpontzen. Parrokiko arduradunek, lehenik, herriko ordulari konpontzaile batengana jo zuten erlojua konpondu nahian, baina honen matxura ez zenez nolanahikoa, beste etxe batzuekin jarri behar izan zuten harremanetan. Azkenean, Gasteizko erloju etxe batek konponduko du.

Parrokian aspaldidanik dago erlojua, baina ez da beti bera egon; izan ere, idatzi batzuetan agertzen denez, 1533. urtean ere ordulari bat bazegoen kanpandorrean. Orain dagoena, berriz, 1974an jarri zuten, eta Gasteizko Murua etxearena da hain zuzen ere.

Gastuak. Santioetarako konponduko dutela agindu diete parrokikoei, eta hamar mila euro inguru kostatuko da matxura konpontzea, betiere konpontzeko gauza gehiago ez badira azaltzen. Izan ere, erlojua kendutakoan konturatu dira Santiago kalera begira dagoen esfera ere konponketa beharrean dela.