Ilazki Goenaga: "Itsasoari ez zionat beldurrik baina bai errespeturik"

Ihintza Agirretxe

 
 
 

Ilazki Goenaga itsas zetazeoak aztertzen dabil orain dela bost urtetik AMBAR gobernuz kanpoko erakundean. Ez du munduaren beste puntan egiten lana, Getarian (Gipuzkoa) baizik, eta nahiz eta askotan ez sinetsi, balea, izurde eta beste itsas animalia askoren artean ibiltzen da.

Nolatan lan honetan?

Biologia ikasten ari nintzela lagun batek eman zitenan talde honen berrri, eta hiru lagun animatu gintunan proiektuan parte hartzera.

Zer moduzko esperientzia da?

Oso ona, gauza asko ikasi ditinat. Alde batetik, adin ezberdinetako jende askorekin bizi behar izaten dun itsasontzian, eta horrek errespetua eta tolerantzia izaten erakutsi zidan. Bestetik, eta nire ustez garrantzitsuena, itsasoa gaizki dagoela eta lehenbailehen zerbait egin behar dugula ikusi dinat.

Nola gogoratzen dun aurreneko lan eguna?

Lehenengo Igeldon ibili nindunan lagun bati laguntzen. Ondoren Getarian, eta Getariara joan nintzen lehen egunean ‘arratoitik’ 50 metrora izurde talde bat zagonan jaten. Zortea izan ninenan lehen egunean.

Pasatu al dun beldurrik itsasoan?

Beldurrik ez. Itsaso zakarra izan den egunetan ibili naun itsasoan, baina ez naun beldurtu. Errespetua zionat, baina beldurrik ez.

Nolatan daude zetazeoak Kantauri itsasoan, hain gertu?

Kantauri itsasoan itsas fosa bat zagon, eta horrek arrainak ekartzen ditin. Horien atzetik etortzen ditun zetazeoak.

Pasadizorik bai?

Tarifan (Espainia) egin ninenan itsas-irteera batean zetazeo handi bat ikusi genuela uste ginenan, baina azkenean urpekuntzi bat zela ohartu gintunan.

Txikitako ametsa

Hasieran ez zuen garbi zein lanbide zen berak ikasi nahi zuena. “Hasieran albaitaria izan nahi nuela esaten ninenan, baina nik ez ninenan animalia denekin lan egin nahi”, dio. “Gero biologoa izan nahi nuela erabaki ninenan, eta gaur egun hein handi batean nire ametsa bete dinat”.