Behin ere ez da nahikoa

Jose Luis Otamendi

Urte mordoa da Azpeitiko organeria itxi zela, baina ekainak berri pozgarria ekarri digu organo zaleoi. Hilaren 14an, azoka egunez, Azpeitiko plazan mahaia jarri dute jendeak organoak eman ditzan. Gaia oso serioa den arren, hizkuntza jolaserako ere badela ikusteko lagin bat dakart. Hitza-k zekarren informazioa manipulatu dut pixka bat, hitz batzuk jan eta letra bakanen bat erantsiz, han hemen. Begira: “Giltzurruneko gaixoen elkartekoak, atzo, mahaiaren bueltan eserita zeuden Azpeitiko udaletxe azpian. Astearteroko azoka aukeratu zuten jendea organo ematera animatzeko. ‘Batzuk galdezka etorri zaizkigu eta organoa hartu eta etxera eraman dute, gero gutakoren bati eman edota postaz bidaltzeko asmoarekin. Beste batzuk zuzenean, mahaian bertan, utzi dute organoa’, kontatzen zuten. Ekainaren 1ean Organo Eguna ospatu zen, eta orduz gero herrietan organoak emateko mahaiak jarri dituzte. ‘Urtero moduan ondo erantzun du jendeak, baina guk beti gehiago nahi dugu’, zioten. Atzo mahaian zeuden gehienek giltzurruna jaso dute. ‘Gu giltzurruna hartuta gaude, baina organoren baten zain daudenak gehiago dira’. Organo guztiak emateko azken mahaia, aurtengoz, larunbatean Azkoitian jarriko dute, eliz atarian”.

Lerrook, horrela, txistea, estilo ariketa txarra osatzen dute. Inor mindu badute barkamena eskatzen dut, baina hitzen erabileraz gogoeta gai ere izan daitezke zeharka. Gainera, Loiolan noiz da hastekoa organo zikloa?