Konpromisoko gizona

Ihintza Agirretxe

Azpiazuk bizitza besteei laguntzen pasatu zuen; adibidez, Argentinako lehendakari ohiaren bahiketan familiaren bozeramaile izan zen

 

Iñaki Azpiazu (1910-1988) apaiz azpeitiarraren izena azaldu da azkenaldian egunkarietan. Izan ere, Buenos Airesen, Argentinan, omenaldia egin diote Unión Demócrata Argentina eta Agrupación Cruzada Conservadora elkarteek Pedro Eugenio Aramburu presidente ohiari eraila izan zen 35. urtemugan, eta harekin badu zerikusirik Azpiazuk.

Hau da, Argentinako presidente ohia Montoneros talde militar peronistak bahitu egin zuen 1970eko maiatzaren 27an, eta bi egunera hil egin zuten. Aramburazo deitu zioten ekintza horri, eta talde militar haren lehen ekintza izan zen. Azpiazu, Arambururen lagun-mina zen, eta bahiketan familiaren bozeramailea izan zen.

Konpromisoa eta ihesa. Bi hitz horiekin ederki defini daiteke Azpiazuren bizitza osoa. Bizia guztiei laguntzen pasatu baitzuen.

.1936ko irailaren 19an Espainiako Gobernuko Gerra Batzordea Azpeitian sartu zenean, bertan gelditzea erabaki zuen Azpiazu. Irailaren 24an bere etxean atxilotu egin zuten. Bere “delitu” bakarra Solidaridad de los Trabajadores Vascos-en alde lan egitea zen alkatearen hitzetan, “langileen alde eta euskaraz gehiegi” hitz egitea. Aske gelditu zen, baina Andaluziara (Espainia) erbesteratu zuten. Bigarren Mundu Gerran iheslariei laguntza ematen egin zuen lan, kontzentratuta zeuden milizianoei laguntza espirituala eman zien eta errefuxiatutako haurrei ere lagundu zien hainbat lekutan. Gernika batailoiko kaperaua izan zen, Gestapoko biktimei ere lagundu zien, Bordele (Frantzia) askatzeko ere borrokatu zen... Bordelen eginiko lana medio, Frantziako Gobernuak aitorpen sari gisa, Gerrako gurutze handia eman zion.

Frantziatik Argentinara, gerrako aliatuek Francoren erregimenaren alde egin zutenean joan zen; 1947. urtea zen.

Argentinan ere pertsona ezaguna eta maitatua izan zen hasieratik Azpiazu; bai euskaldunen artean, baita bertakoen artean ere. Politika munduko pertsona askoren lagun izan zen, kazetari lanetan ere ibili zen. Gaur egun han oraindik ematen diren euskaldunen hilabeteroko meza ematen ere bera hasi zen, Argentinako ia Euskal-Etxe guztiak bisitatu zituen...

Ez zen geldik egotekoa izan azpeitiar apaiza.