Etorkin 'tsunamia'

Xabier Aranburu, Mikel Aizbitarte eta Haitzkurgi Uzin

Zuria, horia, beltza, marroia... Kolore ezberdinak guztiak, baina zer gertatzen da koloreok pertsonen azala margotzen dutenean? Etorkinez eta arrazakeriaz aritu dira oraingoan hiru gazteak, bakoitza bere rolean

Mikel. Horiek dituk begi zuloak, Xabier! Bart gauean ere izarapean jo eta su aritu al haiz emaztegaiarekin, erosi berri duzuen habian?

Xabier. Une honetan, txortan jotzen pentsatzea baino buruhauste handiagorik badiagu. Etxe madarikatu hau erosteko bankuarekin adostu dugun mailegua ordaindu ahal izateko, bota beharko ditugun negar malkoak gutxi ez eta orain, gainera, beldurrez eta kirioak dantzan ditugula bizitzea egokitu zaigula uste diat ditugun auzolagunak izanda. Jakin izan bagenu, ez genian inolaz ere etxerik erosiko auzo honetan.

Mikel. Auzo polit askoa duk ba! Nik dakidala, gainera, Jako Erraldoia, Etzeita burugorria eta Jon Pitti ere inguru horretara bizitzera joatekoak dituk. Oso jatorrak dituk eta laster egingo zarete lagun, hago lasai. Ezagutzen dituk, ezta?

Xabier. Horixe ezagutzen ditudala; haiek euskaldunak dituk, ordea! Auzoan lur hartu bezain pronto konturatu gaituk azal kolore desberdina duten familia ugari bizi dela gure etxe inguruan, eta oso arduratuta nagok. Egun hauetan begirik ere ez diat bildu gauetan.

Haizkurgi. Egoera arduratuta egoteko modukoa duk, eta iritsi duk garaia arriskua adierazten duen argi gorria piztuko duen botoiari emateko. Azpeitia herri txikia den arren, etorkinen arazoaren hatzaparretatik ez zagok libre. Egoera honen aurrean besoak gurutzatuta jarraitzen badugu, hiri handietan ohikoak bihurtzen ari diren ‘gaizkileez’ eta bortxakeriaz betetako ghettoen sorreraren aurrean gaudek Azpeitian ere.

Mikel. Ezin diat sinetsi entzuten ari naizena. Arrazista eta xenofobo galantak zarete zuek biok. Etorkinenganako duzuen gorrotoaren jatorria ez duk pertsona baten azala beltza, horia edo morea delako, baizik eta zera: jabetza pribatuan oinarritutako zuen ‘bakea’ hausten duten orban ilunak direla. Zuen funtsik gabeko aurreiritzi eta gorrotoa dituk, izatez, etorkinen eta gure arteko elkarbizitza pozoitzen dutenak. Pertsona orok merezi dik aukera bat, duen azal kolorea izanda ere, baina bistakoa duk zuek lehenengo harria botatzen duzuela eta gero galdetu nor jo duzuen.

Haizkurgi. Deituidak arrazista nahi baduk, baina ni, gure herriaren eta herritarren etorkizunak arduratzen naik. Gure herriak azken bi mendeotan jasan behar izan duen etorkinen uholdeak, gure nortasuna eta kultura kinka larrian uztera iritsi duk. Orain, bigarren uholde bat jasoko bagenu, ez diat pentsatu ere egin nahi gertatuko litzatekeenaz.

Xabier. Egia esan behar badiat, neure burua ez diat arrazistatzat jotzen. Ados nagok edozein pertsonak merezi duela aukera bat bizitza honetan, baina ez dezagun geure burua engaina. Kontrolik gabeko etorkinen uholde batek bere baitan zekartzak lapurretak, bortxaketak eta beste mila arazo sozial. Arrazista izatea al da hire familia, lagun eta gainontzeko auzolagunen txarrik nahi ez izatea? Burua makurtuta eta beldurrez bizi behar al dut hik niri arrazista ez deitzearren? Ez litzaidakek gustatuko nire semeren bat makila eskuan hartuta etorkinen ehizan aritu beharrean suertatzea, Ejidon edo Donostian gertatu den bezala.

Mikel. Egia duk Donostian egoera larriak bizi izan direla, baina ezin ditiagu etorkin guztiak zaku berean sartu. Azpetiarra eta euskalduna den pertsona batek ez al du ba inoiz lapurretarik edo bortxaketarik egin akaso? Ados nagok lehenbailehen neurriak hartu behar direla, eta horretarako ezinbestekoa duk berdintasunean eta errespetuan oinarritutako hezkuntza bideratzea. Elkarrekin bakean bizi gaitezkek, bai bertakoak eta bai etorkinak, eta gauzak dauden bezala ikusita hobe gaurtik hastea.

Haizkurgi. Etorkinen inguruko arazo honek, Asiako makina bat herrialde ‘ukitu’ zituen tsunamia ekartzen zidak gogora. Hasiera batean, inor ez duk ohartzen datorrela, baina isil-isilik indarra hartuz zoak. Azkenean, bere ibilbidean elikatzen joan den olatu erraldoia lehertzen denean, herri eta gizarte baten habeak hausterainoko indarraz kolpatzen dik aurrean harrapatzen duen guztia.