Masajistaren sekretuak

Enekoitz Esnaola

Hogei urte pasan ari da Juan Mari Olaizola masajeak eman eta eman. “Psikologo” lana egiten ere bai. Nahikoa da hari hitza ematea eta...

Ohatilan
Ohatilan.  Zenbat lagun etzan ote dira Juan Mari Olaizolaren masaje gelako ohatilan? Gehien, Diego Garcia zena, dudarik gabe: azkoitiar atleta hura 17 urtean ibili zen Olaizolarekin masajea hartzen, astean bi aldiz; beraz, 1.700 bat aldiz eman zion Olaizolak masajea. Eta Diego pertsona, oso ondo ezagutu zuen. Argazkian, masajista bera, ohatilan.  (Enekoitz Esnaola)

Gu, azken batean, masajistak baino gehiago gaituk; psikologoak ere bagarelako. Batzuetan deitu izan zidatek, ‘aizu, Juan Mari, bihar libre? Bai? Orduan joan egingo naiz, hitz egitera; gauza batzuk kontatu nahi dizkizut’. Hori niri, masajistari... Eta guk jende hori hartu beharra diagu. Etortzen dituk eta, normalean, etxe batean egoten diren arazoak kontatzen zizkigutek. Egia esan, gauza asko zakizkiagu, eta kalean jende hori ikustean, zera bat ere sartzen zaik.

Diego Garcia zenak esaten zian: ‘Juan Mari? Juan Mari nire mekanikoa eta psikologoa da’. Mekanikoa eta psikologoa, hortaz. Sufritu egiten duen jende asko etortzen duk masaje gelara, jende hori umila izan ohi duk, jende ona, eta gauzak kontatzen ditiztek. Hala, haien problematikaren parte sentitzen haiz eta lagundu beharrean aurkitzen. Pentsa, Diego bera urduri jartzen zuan maratoi garrantzitsuren bat zuen bakoitzean, eta auskalo nora bakarrik joaten bazen, gauza asko han ahaztuta bueltatzen zuan. ‘Juan Mari, arropa harrapatu’, esaten zidaan itzultzen zenean, bere euskara berezi harekin, eta ‘Diego, harrapatu ez, hiri han ahaztu zaik’. Urduri jartzen zelako. Eta orduan lagundu egin behar hioan. Bartzelonara, Rotterdamera, Amsterdamera, Berlinera… leku askotara lagundu nioan, eta maratoiko ibilbidean han egoten ninduan ur botilarekin, edo dena delakoarekin, laguntzen. Eta masajista nauk!...

Diego hil baino pixka bat lehenago (2001ean hil zuan), madrildar kazetari bat maratoilarien bizimoduari eta prestakuntzari buruzko liburua egiten ari zuan eta Diegorekin berarekin egin zitian elkarrizketa batzuk. Diegok kazetariari esan zioan neuri ere hotsegiteko, kontatuko nizkiola-eta berari buruzko gauzak. Diego hil eta berehalaxe irten zian liburuak, eta halako batean, behintzat, haren amari heldu zitzaioan, eta bertan, besteak beste, semearen adierazpen hauxe irakurri zian (gazteleraz): ‘Juan Mari Olaizolari kontatu izan dizkiot neure gauza batzuk, ezta neure amari berari ere inoiz kontatu ez dizkiodanak’. Ba, hori leitu zian ama horrek eta behin, haien etxera joan nintzenean —maiz joaten nauk—, ‘Juan Mari, zuk zenbat gauza ote dakizu Diegoz, nik ez dakidanik?’, galdetu zidaan. Barruan zera bat zuela nabaritzen nioan, eta han jardun nian ama hori lasaitzen, ez dela gauza handirik eta abar esanez. Baina, bai, gertatzen duk guk gertukoek baino gehiago jakitea.

Kontu intimoak zakizkiagu. Begira, behin honaxe, gelara, etorri zuan kazetari bat, Diego hemen zela, hari elkarrizketa egitera, eta Diegok: ‘Gelako horma hauek hitz egingo balute...’. Kazetariak, inozo antzean edo: ‘Zer esango lukete?’. Ez gaituk hasiko kontatzen, ezta? Ezin diat.

Alde emozionala ere bazagok. Oraintxe dela gutxi, haurra izan berri zuen emakume bat etorri zitzaidaan; etapa gogorra pasatzen ari zela, bizitza emozionalki blokeatuta zeukala, ez zuela espero umea izatea hain gogorra egingo zitzaionik, eta han jardun nioan azalpenak ematen, gauetan nolako arnasketa ariketak egin behar dituen esaten...

Orain, besteetan gertatzen duk geuk, masajistok esan behar diogula bezeroari zerbait. Batzuk etortzen dituk beraien ustez giharretako lesio batekin-edo, gu hasten gaituk masajea ematen eta ohartzen gaituk lesio serioagoa duela edo gaitzen bat. Ez zieagu esaten zer duen, seguru-seguru ez dakigulako, baina bai esaten diegula, ‘aizu, badaezpada joan zaitez medikuarengana, esaiozu non duzun mina eta ea zer esaten dizun’. Eta taka, joan eta, uste genuena edo antzekoa.

Pozgarria ere baduk lan hau, jendeak eskertzen duelako hire lana. Nuarbeko sokatirakoak dituk halakoak. Edo beste detaile humano batzuen berri ere izaten duk. Diego Garcia aipatuko diat berriz ere —hi, gainera: gaur urriak 12 duk eta gaur 44 urte egingo zitian—: behin, Donostiako maratoian masajista nengoela, afrikar atleta bat etorri zitzaidaan, ni ezagutzeko gogoa zuela, Diegoren masajista izan nintzelako; Diego ordurako hilda zegoan, eta afrikar hark kontatu zidaan behin hotel batean zegoela nola esan zuen jateko dirua falta zitzaiola, Diego hantxe zegoela, hau isilik geratu zela hura entzutean, eta ordu erdira han azaldu zitzaiola jatekoz betetako pare bat poltsarekin; gero afrikar hori enteratu zuan ni nintzela Diegoren masajista, eta asko gustatu zitzaidaan hura nigana etortzea. Bete egiten haute horrelako detaileek.

Jokin Ormaetxea zenaren amak izandako detailea ere, pozgarria eta emozionantea. Zortzi urtean eman nioan Jokini masajea, eta neure urtebetze egunean beti oparitzen zidaan zeozer. Hura ere hil zuan —ona zetorrean txirrindularia!...—, gero iritsi zuan nire urtebetetze eguna eta haren amak: ‘Lehen Jokinek egiten zizun oparia, Juan Mari, eta orain neuk egingo dizut’. Jokinen koadro bat. Diegoren amarekin bezala, harreman estua diat Jokinen gurasoekin. Hi, eta begira, eh: Jokinek karreratan maillotaren azpitik Diegoren argazkia zuen elastikoa erabiltzen zian, ‘lagundu’ egiten ziolako...”.

GAURKO ARAZOAK

“Gaur egungo arazo asko, psikologikoak dituk, baina baita lanak eragindakoak ere. Eta hori nabaritzen diat nik. Adibidez, orain lantokietan tentsioa handiagoa duk, katean egiten delako lan: batek torlojuak lotu behar ditik egun osoan, beste zerbait zehatza besteak... Eta posturek-eta arazoak sortzen ditiztek. Egunean ordenadora aurrean zortzi ordu pasatzen dituen langileak ere baditik horrelako arazoak, baita ordenadora horrek botatzen dituen energi negatiboengatik sortutakoak ere. Gizarteak aurrera egin duela esaten diagu, baina lesio eta arazo berri asko bizimodu honengatik sortu dituk”.