Zein zen Xaxurre?

Arantxa Aldalur

Danborradako karrozan Juan Gurrutxaga ‘Txokolo’ eta Sebastian Errasti ‘Xaxurre’ omenduko dituzte. Txokolo nahiko ezaguna da. Baina nor zen Xaxurre?

 

Urrestillan jaio zen Sebastian Errasti Xaxurre, Atxaran baserrian, 1883ko uztailaren 27an, eta gazte zenetik izan zuen musikarako zaletasuna, Imanol Eliasen Azpeitia 500... (azpeitiarrak eta herriarekin bat eginak) liburuan jartzen duenez.

Musikako lehen pausoak Urrestillan zeuden apaizen eskutik eman zituen, eta Donostian ikasi zuen solfeoa gero. Dultzaina jotzen abila zen; Inazio Mari Unanue urrestildarrak erakutsi zion, eta Matxinbenta eta Nuarbe auzoetan eta Urrestillan bertan ez ezik, Albiztur, Azkoitia, Andoain, Legorreta eta Azpeitian bertan makina bat jaialditan hartu zuen parte.

Musika eskola. 1923an ezkondu zen, Toribia Salaberria markinarrarekin, eta 1926an Azpeitira etorri bizitzera. Musika Eskola jarri zuen martxan Xaxurrek, eta herritar ugari pasatu zen handik. Musika jotzeaz gain, instrumentuak ere egiten zituen, trebetasun berezia zuelako.

Musika Bandako kide izan zen, eta flauta, bajoa, bonbardinoa, klarinetea eta abar jotzen zituen. "Buruan jartzen zitzaiona aurrera eramateko gai zen, eta Loiola auzoko baserrietako gazteekin txaranga bat osatu zuen, zenbait irteera eginik, eta beraietako bat Iruñera", dio Eliasek Xaxurrez Azpeitia 500... (azpeitiarrak eta herriarekin bat eginak) liburuan.

Egitekoak. Ez zen, ordea, musikatik bakarrik bizi. Iturzaeta altzari fabrikan lan egiten zuen. Tailan ere aritzen zen, ordulariak konpontzen zituen —musika tresnez gain—…

1959ko azaroaren 11n hil zen, Azpeitian. Aurtengo sansebastianetan omendu egingo dute, haurren danborradako karrozan, Azpeitiko Musika Eskolak 25 urte bete dituela-eta.