Hauteskundeak

Joxin Iturriotz

Deritzat errepresioa urrutiegi eraman dutela. Eta ez dauka zerikusirik ETArekiko lotura hipotetiko batekin. Pentsaera eta ideologia zehatz bat baztertu nahi dute. Milaka herritar utzi dituzte, utzi gaituzte, iritzirik gabe, iritzia emateko aukerarik gabe.

Deritzat jendea sistematikoki kartzelaratzea ideologia eta iritzi konkretua azaltzeagatik biolentzia dela, biolentzia izugarria, atxilotuen eta ingurukoen bizitzak apurtzen dituena. Deritzat ez dagoela gizartearen aldetik horren aurkako jarrera eraginkorrik, eta hitzez aurka dauden alderdiak euren artean eskuak igurtzen ari direla aterako dituzten etekinak irudikatuz.

Deritzat, egoera horretan, zilegi litzatekeela pentsatzea boikot, sabotaje eta subertsio ekintzak zilegi direla, are gehiago, beharrezko direla, ematen ari diren injustizia egoerak zuzentzen saiatzeko.

Deritzat ekintza horiekin sor daitezkeen kalteak txikiagoak direla dagoeneko jasaten ari garen kalte izugarriak baino. Zenbat bizitza eta familia apurtu behar dira erantzun egokia emateko?

Deritzat, egoera honetan, hauteskundeak deslegitimatzea beharrezkoa dela gizarte normalizatu batean bizi ahal izateko, bazterketa bidea irauliz. Kaltegarriago litzateke hauteskundeak normaltasunez burutzea, injustizia egoera larri hori legitimatuz. Zergatik errespetatu behar ditugu bereziki gu propio bazter-tzen gaituzten hauteskundeak?