Ideiak eta hormonak

Koldo Aldadur

Bada gure herrian guztion esker onaz gain agintarien saririk preziatuena ondo irabazia duen elkarte bat. Nahiz eta normalean herriko elkarteetako kideak kultura eta herrigintzan mugarriak baino gu-txiago mugitzen diren, hauek ez daude geldirik egoteko.

Horren harira ariketa txiki bat proposatu nahi nizueke. Nik elkarte honek azken boladan antolatu dituen ekintzak aipatuko dizkizut, eta zein elkartez ari naizen asmatu behar duzu zuk. Gertakarien kronologiak, badakizu, ez du azken mezuaren balioa aldatzen.

Antolaketa. Bizitza jan festa soilik ez delako, Urbasa ingurura ibilalditxoa antolatzea bururatu zitzaien egun batean elkartea osatzen dutenei. Hango nekeak arintzeko, sagardotegira bidaia geroxeago. (Zer moduz, irakurle, aztarnarik bai?). Kubaraino erraz hurbiltzerik ez dagoenez, Kuba, hi-tzaldi baten bidez, bertara ekartzea otu zitzaien geroxeago. Eta, jakina, ekarri zuten. Begiak ere erne dituztenez elkarteaz kanpo zer dagoen ikusteko, haurrentzako ekitaldiak antolatu zituzten orain hurrena, triki-poteoa, bertso saioak, antzerki emanaldiak, kolore eta erritmo ezberdineko hamaika musika emanaldi, mus txapelketa, eskalada lehiaketa, Saharari buruzko jardunaldia, flamenko eta gitarra ikastaroak. (Honezkero bai, ezta?). Azpeitian dugun etxebizitza arazoari buruz aritzeko juntadizoa, herritarrok aisialdian gozatzeko dugun arazoari buruz mintzatzeko juntadizoa, ekologiari buruzkoa. Zine emanaldiak, filmak ikusteko eta zer ikusi dugun eztabaidatzeko. (Jadanik asmatu ez baduzu, asmatuko ote duzun zalantza sortzen ari zait). Erratza nola astindu behar den ikasteko, eta ondo ikasitakoa erakusteko, txapelketa ere antolatu dute. Txotxa trikitiaren infernuko doinupean eta trikitia sagardotan itota. Ideiak habaneraren neurrian nola sar daitezkeen erakusteko bertso finala. Eta beste hamaika ekitaldi interesgarri. Zorionak, asmatu baduzu. Oraindik nori buruz ari naizen ez badakizu, bi posibilitate:

A Ez zara Euskal Herrian bizi.

B Txikitan harrapatutako katarro izugarriak,begiak eta belarriak itxi dizkizu betiko.

Beno, besteek egiten duten lana ez onartzeko ahalmena litzateke hirugarren posibilitatea, baina ziur Azpeitian ez dagoela inor horrelakorik.

Gainera, ez pentsa, nahi duten guztientzat daude zabalik elkarte horretako ateak. Zuretzat eta niretzat. Ez dago bazkide izan beharrik. Ordaindu beharreko kuota bakarra: parte hartzea. Eta baldintza bakarra: errespetua. Besterik ez. Egindakoa aztertzeko ajez betetako bilera luzeak. Noizean behin dozena erdi bat orritxo kaleratzeko ohitura sanoa, zertan ari diren jakin nahi duten guztiek jakin dezaten. (Badakizu: kanpoan bizi direnak, katarro kronikoa dutenak eta norberaren zilborrari begira bizi direnak).

Elkarte horretan, gainera, jakitun dira hainbeste ekintza antolatzeak gertu bizi direnen kontzientzia eta lo gozoa aztora dezakeela. Eta horregatik, aurretik abisuak jartzen dituzte karreretan, eta bilera irekiak antolatzen dituzte gero, norbaitek beste ideiaren bat gehitu nahi badu ere.

Ekimena. Ez dute beti asmatzen, jakina. Baina aitortuko didazue okerrik handiena eginda ere barkamena inoiz eskatzen ez duen herri honetan harrigarria dela horien joera. Gureak badira okerrak, gaitzerdi. Gure ondorengoak badira okerra egin dutenak, orduan erabat ezinezkoa da errealitatea onartzea, gure porrota aitortzea. Eta gertatzen da. Uste dut niri ere mertzedarioetan hartutako moralina kiratsa antzeman zaidala azken lerro hauetan. Beraz, bukaera eman baino lehen, esan diezazuedan asmatu duzuela: Gaztetxeko neska-mutilak dira hainbeste ekintza interesgarri antolatu dituztenak. Beraz, haientzat saririk preziatuena: gazteak izatea, sasoikoak, konplexu guztien gainetik jarri nahi izatea, borondatea, ideiak eta hormonak gainezka. Jode, hori suertea!