Kontu filosofiko batzuk/Maite 'out'

Kepa Urbieta eta Igor Aranbarri

Kontu filosofiko batzuk (Igor Aranbarri)

Aupa, gizon! Pentsarazi didan artikulu bat irakurri diat... Ez zaukak meritu makala... Estatistikak eta jendearen erreakzioak aipatzen ditik bertan. Dioenez, gizon batek beldurra ziean hegazkinei, baina estatistikek aparatuok oso seguruak direla ziotek. Atentatuen beldur zuan gizasemea, ordea. Hegazkin batean bonba bat egoteko probabilitateak milatik batekoak omen dira; bi egotekoak, berriz, ehun milatik batekoak. Gizonak hori irakurrita bonba bat eman zian berekin hegazkinean; azkarra tipoa. Hegazkinekin jarraituz, lau motorreko hegazkin handiak seguruagoak diren sentsazio orokorra zagok, baina estatistikoki lau motorren artean bat izorratzeko probabilitate gehiago zagok. Beraz, bikoak seguruago. Eta, bukatzeko, honela zioan: “Hegan egitean arriskua oso txikia da normalean; herio-tza kopururik handienak lurrean gertatzen dira”.

Ironiak ironia, seguru senti-tzearren edozeri heltzen zioagu. Beldurrak ateak ixten zizkiguk egunero —beno, geuk ixten ditiagu—, beldurra, azkenean, ilusio bat baino ez duk-eta. Egunerokotasunean sartzen gaituk eta, dena berdin badago, aldaketarik egongo ez den esperantza diagu. Gure Azpeitian erraz betetzen duk hori; Matrix txiki bat duk gurea. Nahi duguna baino gehiago maite diagu daukaguna. Daukaguna baino gehiago nahi badugu, berriz, egunero saiatu behar duk zerbait ezberdina egiten, Erdi kalean gora eta behera betirako ibili nahi ez baduk.

Barka iezadak, gaur filosofiko samar jaiki nauk. Goizean, Euskadi Irratian, eguraldiaren berri Ustaritz aldetik ematen duen Ttittikak horrela esan dik gutxi gorabehera: “Maitasun beharrean denari laguntasuna eskaintzea desertuan egarriz itotzen dagoenari urdaiazpiko ogitarteko bat eskaintzea bezalakoxea da”. Ederra bota dik! Bokadiloak norberak jaten ditik; zenbat jan dituk gaur? Lasai pasatuko zaidak txoro-haizea. Ederki bizi gaituk gero!

**Maite out (Kepa Urbieta)**

Igor, maitea! Umetan amak ahia janarazten zidaan; ba al dakik nola? Koilara pureaz goraino beteta, alde batera eta bestera mugituz, eta esanez: “Han, han, han, badatorabiona, brum-brum, ireki ahoa, aaammm.... aiba!”. Eta askotan mantalera erortzen zuan purea. Balitekek aipatu duan gizon horrek horregatik edukitzea hegazkinei beldurra; trauma moduko bat. Igor, hik ematen dizkidak lanak! Zer nahi duk bada nik esatea... Normala iruditzen zaidak hegazkinean ibiltzeari beldurra izatea, baina gizon horrena haratago zoak. Hala ere, pentsatzen jarrita, milatik bat askotxo duk. Egin ezak kontu Bilbotik bertatik aterako direla egunero ehun bat hegazkin; beraz, hamar egunetik behin hegazkin batek bonba bat eramatea zaukak, estatistiken arabera. Pentsa aireportu handi batean! Ezin dik horrela izan, Igor.

Begiratu aitzakia batek zenbat idazteko ematen duen. Zeren, ez didak esango hegazkinena aitzakia bat ez zenik, ezta? Azken batean, maitasunaz hitz egin nahi huen, eta ez haiz ausartu zuzenean gaian sartzen; langa hori aspaldi hautsi genuelakoan nengoan. “Daukaguna gehiago maite diagu”, diok. Materialki esan nahi duk, eta hotzean ados nagoela esango diat. Baina, eman iezaiok buelta. ‘Daukagun bikotea, eduki ditugunak edo beste inor baino gehiago maite diagu’. Posesio kontuak ahaztuta, zentzu positiboa dik, ezta? Hi aditua haiz kontu horietan; hori ez al da ying-yang efektua? Alde ilun guztiek ditek alde argi bat; interruptorea non kokatu nahi den zagok aldea.

Maitasun beharrean dagoenari eman egin behar zaiok: lehendabizi, zaplazteko handi bat, lasaitzeko; ondoren, maitasuna edo dena delakoa, baita laguntasuna ere. Egarriz ito behar badut, lehenbailehen izan dadila, eta tripa beteta baldin bada, hobe! Hau duk hippy parea! ‘Zabal dezagun maitasuna’ esatea bakarrik falta zaiguk!